Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2004-11-07 -- 1965.zenb

Mikel Asurmendi

Aretxabaletako zinegotzia izaki, udaletxeetan kargu gabe geratu diren hautetsien auzia izan dugu hizpide abiapuntuan Xabier Sarasuarekin: «Alderdi bat herri erakundeetatik at izatea deitoragarria da. Aralar koherentziaz jokatzen saiatu da. Hasieratik arazoari aurre egin genion, hala ere, kargu gabetuek borondaterik ez izatea leporatu digute. Hori ez da egia: ez Leitzan ez Zaldibian, ezta inon ere, eta herri plataformakoek badakite. Leitzako udalean izan ezik, arrazoiak arrazoi, Aralarrek ez du berea ez den kargurik hartu. Aretxabaletan, lehen udal batzarrean, plataformek Aralarrek erakutsitako borondatea onetsi zuten". Arazoa bideratzeko Aralarren jarreraz mintzatu zaigu jarraian: "Egoera konpontzeko erabaki gaitasuna, gestiorako ahalmena eta baliabideak artikulatu behar dira. Eta premisa horiek gauzatzea borondatearen araberakoa da. Guk ezin dugu Alderdien Legea baliogabetu eta estatuak kendu dizkien zinegotzi karguak eman, hori guztia lege kontua delako. Guk udal kontseiluen bidea urratu nahi dugu, arazoa praktikan gainditzeko. Proposamen irekia da eta aipatutako premisak gauzatzeko modukoa. Herri plataformek Hauteskunde Legearen 182. 2 artikuluaren bidetik joan nahi dutela diote, baina ez dute horrela egiten, estatuak ez die-eta bide hori urratzen utziko. Artikulua erabilgarria bada, erabili dezatela. Guk zazpi udaletxetan ez ditugu haiei dagozkien eserlekuak hartu, hala ere, haiek ere ezin izan dituzte hartu. Batasunak berak dauka predikatzen duten bide hori aplikatzeko aukera eta ez du aplikatu. Zergatik ez dute egin eta proposatzen dutena egingarria dela demostratu? Joka dezatela horrela hauteskundeak errepikatu egin behar izan ziren Nafarroako herrietan. Nola eska diezagukete besteoi beraiek egiten ez dutena? Gu arazoa gainditzeko prest gaude, baina Batasunak ez du aurrez aurre esaten diguna gero praktikatzen. Kalean 'apartheid'aren erantzuleak egiten gaitu, baina Aralarren ekimenez eman zaie plataformei udaletan esku-hartze zuzena».

Aralarrek II. Biltzarra burutuko du azaroaren bigarren asteburuan? Zein da zuen helburu behinena?
Ezkerreko polo subiranista zibil anitz eta zabala artikulatzea da gure lehentasuna. Hasteko eta behin, Euskal Herriak gatazkatik atera behar duelako eta ateratzeko ezker abertzalearen beharra duelako. Paradoxaz, ezker abertzalea zatituta eta ahulduta dago, eta, halaber, gizarte mugimenduak eta mugimendu sindikalaren sektore handienak ezkerrekoak eta abertzaleak dira. Ezker abertzalearen ahalmena izugarria da, baina ahalmen hori ez da islatzen hauteskundeetako emaitzetan. Gure helburu behinena, ezker abertzalea artikulatu dezaketen sentsibilitate horiek guztiak bildu eta arazoari erantzuteko modua bilatzea da.

Zer ekarri du Aralarrek ezkerreko polo subiranista zibilaren artikulatze lan horretan, Batasunatik zatitu zenetik?
Aralar inoiz ez da Batasuna izan. Batasunarekikoa, zatiketa baino hautu pertsonala izan zen. Batasunaren barruan ezker abertzalea ez zihoan bide onetik. Ezker abertzalea beste oinarrietan finkatu beharra ikusi genuen. Aralarrek bere bidea urratuz ondorio baikor asko ekarri du. Esate baterako, Batasuna prozesuan nagusitu zen Bateginez ildoa ez da gauzatu. Eta ez da gauzatu, besteak beste, Aralar sortu zelako eta Bateginez ildoa eraman ezina zelako. Aralarrek beste ildo bat jarri du mahai gainean. Eta ez hori bakarrik. Gizartea jabetu da ûorokorrean ezkerrekoa eta abertzalea izakiû ezker abertzalearen aukera bakarra ez dela borroka armatuari onarpen moduko bat ematen dion ildoarena, Batasunaren aukera, kasurako. Egun lehen helburua gatazka gainditzea da eta hori gauzatzeko beste aukeren beharra dago. Ezker abertzalean duela bi urte baino askoz onartuago dago gatazka konpontzeko prozesua lan politiko hutsetik etorriko dela. Une honetan inork ez du pentsatzen borroka armatuaren eraginez ezer negozia daitekeenik. Aitzitik, borroka armatua gelditzeak ekar lezakeen lorpen handiena, presoen askapena lortzeaz gain, ezker abertzalea bateratzea eta independentziarako gizarte-mugimendua sendotzea litzateke.


Horiek horrela, zein dira ezkerreko polo subiranista zibila delako ekimena gauzatzeko eragozpenak eta aukerak?
Hasteko, ekimena beharrezko eta ezinbestekoa da, ez dago beste biderik. Eragozpen handienak gatazkaren beraren inertziak dira, inertzia hauen ondorioz orain arte ez dira beharrezkoak diren pausoak eman. Alabaina, ziklo politiko honen amaierara iristen ari gara. Herri honetako parte bati autonomia eman dion zikloa amaitzen ari da, eta halaber, ziklo honen amaierak borroka armatuaren zikloa bukatutzat jo behar du. Bi ekimen horien amaierak ezkerreko polo subiranista zibilaren aukera edota zikloa ekarriko ditu.

Nola bidera daiteke ziklo berria, ordea?
Ziklo berria abiatzeko estatuarekin negoziatu beharko da, eta horretarako subjektu politiko bezala egituratu nahi duen gehiengo soziala artikulatu behar dugu. Subjektu politiko horrek bere gain hartu behar du ea erabaki ahalmena bere egin nahi ote duen eta erabaki hori gauzatzeko prest dagoen. Gehiengo sozial hori da estatuarekin negoziatzeko ahalmena izan dezakeen bakarra.

Zein da ziklo berria gauzatzeko oinarria?
Oinarria eraikuntza zibila, soziala eta nazionala artikulatzea da. Horregatik ekimenak politiko hutsa eta zibila izan behar du. Artikulatuko den ezkerreko polo subiranista zibila zenbat eta lehenago gauzatzeak lagunduko du negoziazioa estatuarekin bideratzen herri hau indartsuagoa izango delako, bai geure sozietateari begira, baita nazioartean ere.

Oinarri hori gauzatuta, uste duzu ez dela ETAren beste ziklo bat etorriko?
Hori uste dut, bai. Arazoa ez baita ETA. ETA arazoaren ondorioa eta zatia da, nahiz eta gero eta gehiago Espainiako Gobernuarentzat ez ezik, euskal sozietatearentzat arazo den.

EAJ prest al dago autonomiaren aldia gainditu eta Madrili aurre egiteko? Estatuarekin konfrontazio demokratikoan sartzeko moduan ikusten al duzu?
Hain zuzen ere, EAJ bide horretan joan dadin, beharrezkoa da ezkerreko polo subiranista zibila gauzatzea, EAJren alternatiba izateko bokazioa izango duena. Ezkerrekoa eta abertzalea den gehiengo soziala badago, baina ez du guk nahi dugun beste eragiten politikan. Alternatiba hau gauzatzen bada, EAJ estatuarekin konfrontazio demokratikoan sartzera behartuko dugu.

Ibarretxeren planak balio al du ziklo politikoaren amaiera ekartzeko?
Planak Euskal Herriak ziklo politiko honen amaiera eta ziklo berri baterako oinarriak behar dituela adierazten du, eta oinarrietako bat Euskal Herriaren subiranotasuna dela aitortu ere. Hori oso inportantea da eta aprobetxatu behar dugu.

Aralarretik planak gabeziak eta hutsuneak dituela esan duzue, hala ere?
Jakina, planak sinesgarritasun falta nabariak ditu. Batetik, EAJk ez du aliantzarik egin nahi estatuarekin konfrontazio demokratikoan sartu nahi dugun indar eta eragile politikoekin. Ez du prozesu honetan beharrezkoa den indar metaketarako lanik egin, ezta borondaterik erakutsi ere. Bestetik, herri kontsultaren aukera orain egin beharrean gerora egingo dutela esan du Ibarretxek. Eta hori iruzurra da, lehendakariak agintaldi honetan egitea agindu baitzuen. Hori datozen hauteskundeak herri kontsultaren ordezkoa bihurtu nahi izatea da, beldurraren botoa bilatzea. Hori ez da zilegi eta salatu beharra dago. Halaber, hiru hutsune ere baditu, gutxienez. Bat: autodeterminazio eskubidea aipatzen du, baina independentziari ez dio aukera zehatzik ematen. Atxikimendu libreko estatusaren aukera aipatzen du, eta independentziaren aukerak zilegitasun berbera izan behar luke, herri honen gehiengoak horrela erabakiko balu. Bi: ezkerreko hankak huts egin dio planari. Hirukoak ez du ezkerreko eragileekin aliantzarik bilatu. Sindikatuaren gehiengoa oso kritikoa da Ibarretxeren planarekin. Ezinbestekotzat jotzen diren hainbat eskuduntzari ûenplegu eta gizarte asegurantza, kasuû ez die behar bezala heltzen. Hiru: kontsulta egiteko biolentziarik gabeko egoera batean egon behar dugula dio. Hori ez da nahikoa. Bakerako plan bat bideratu beharko luke, indar politiko guztiok gatazka gainditzeko konpromisoa har dezagun.

Plana horrela bideratu ezean, autonomiaren aukera berritu liteke. EAJ PSOErekin erdibideko akordio batera iristeko moduan ikusten al duzu?
Bai. Arrisku hori badago. Baina arrisku hori saihesteko bidea ezker subiranista zibila artikulatzea da. Zentzu horretan, datozen hauteskundeetan ezkerreko bide subiranista landu nahi duten indarrek legebiltzarrean ordezkaritza lortzea ezinbestekoa da. Hala ere, gatazka gainditzeko abertzaleak bilduko dituen baino bilgune zabalago bat beharko dugu. Autodeterminazioaren alde gauden guztiok oinarriak finkatu behar ditugu, eta ondoren PSOErekin negoziatu. Finean, PSOEk badaki abertzaleok ezin dugula arazoa konpondu haiekin kontatu gabe, eta haiek ere badakite gu gabe ezin dutela konpondu. Halaber, EAJk eta PSOEk badakite haiek bakarrik ezin dutela arazoa konpondu.

EAEko hurrengo hauteskundeen ostean, gobernuan sartzeko aukera izanez gero, sartuko al litzateke Aralar?
Ez zait burutik pasatzen ere Aralar EAEko gobernu batean sar daitekeenik. Aralarren nahia ezkerreko polo subiranista zibila artikulatzea da. Abertzale kontserbatzaileen alternatiba horrek joera horrekin jaio behar du. Herri honen eraikuntzan gobernu baten bidez jarduteko aukera geroago iritsiko zaio ezker abertzaleari. Egun, horrelako gobernu batean sartzea akats handia litzateke.

Bestalde, Batasunak gatazka konpontzeko ekarpen berria iragarri du azaroaren 14rako. Zer espero duzue?
Ikusi egin beharko. Ea ez den hileroko proposamen historikoa. Azken aldian hainbat iragarpen egin dute eta gero ez dituzte sortutako espektatibak bete. Guri ez digu mesede handirik egin iragarpena gure Biltzarraren egun berean jarri izanak. Fundamentuzko ekarpenarekin baletoz, gaitzerdi!

Zure ustez nola jokatu behar luke Batasunak?
Gure ikuspegitik, Batasunak EHk hartu zuen bidea hartu behar luke. Eta hori ez da horren konplikatua. Batasunak borroka armatuaren zikloa amaitu beharra dagoela esan behar du. Batasunak erabaki subjektua herritarrak direla onartu behar du, eta ondoren berau gauzatzeko konpromisoa hartu. Ekimen politiko eta zibil hutsetatik bide egingo dugun ezker abertzalea artikulatu behar dugu. Bide horretatik joanez gero gatazka gainditzeko moduko parametrotan arituko gara eta Euskal Herriaren eraikuntza politiko eta soziala eraiki ahal izango dugu.

Batasunak hori esatea nahiko litzateke borroka armatua bertan behera gelditzeko? ETAk aintzakotzat hartuko luke?
ETAren eta presoen kolektiboaren barruan jende asko egoera oso zailean dago. Gehienek aukera berri bat eskatzen dute. Aukera hori euskal herritarrek libreki erabaki behar dutela onartzea da, bai estatuarekiko bai erakunde armatuarekiko independentziaz erabakitzea. Gatazka gainditzeko eta autodeterminazio bidea urratzeko elkarrizketa, su-etena eta distentsioa beharrezkoak direla badaki Batasunak. Lizarra-Garazi Akordio garaian antzeko hitzak erabili ziren, EHk konponbidea bide politiko hutsetik etorriko zela esan zuen publikoki. Gainera Batasunak ez du ETA gaitzetsi behar.

Pello Etxaniz

Liburu honetan euskararen historia laburra ageri da. Euskararen historia luzea da, liburuxka hau aldiz, ttipia. Asmoa zaila zen, mendeetako kontuak irakurketa arinean, ez aspertzeko moduan eskaintzea. Horixe du alde ona. Alde txarra, edozein historia kontatzean, laburra denean batik bat, hautatu beharra izaten da, eta honela zenbait datu eta kontu garrantzizko aipatu gabe gera daiteke.

Euskararen historia da gaia, bai. Eta nahiz eta euskara herri honetako jatorrizko hizkuntza izan, harrigarria da ezjakintasuna, erdaldunek nahiz euskaldunek dutena; bizi izan dugun egoera politikoak ongi azaltzen duen arren, jasanezina eta onartezina da.

Zergatik horrelako ezjakintasuna? Egoera politikoa aipatu dut, eta jaso dugun hezkuntza mota ere aipa nezakeen. Bertzalde bada argitalpenik gai hau jorratzen duenik, baina beharbada ez zaio iritsi jende askori eta zabaltze lanean badago eginkizunik. Hutsune edo leize sakon horixe, pixka bat bada ere, betetzera dator liburu hau, euskaltzale orori bertako jatorrizko hizkuntzari buruz zenbait datu eskainiz.

Hizkuntza ezkutuan

Bai Erdi Aroan, bai hurrengo mendeetan euskara da herriaren hizkuntza. Horren froga hainbat dokumentu dugu. Ezkutatzen saiatu ziren arren.

Nola baztertu jende guztia mintzo den hizkuntza? Lortzen zaila dirudi, ezta? Baina hemen, Euskal Herrian, badugu frogarik lor daitekeela ziurtatzeko. Nola egiten da? Goitik behera eta zeharretara. Euskal Herrian gertatu zen. Hasteko erabilpen administratiboa debekatu zen. Hagitz ongi erran zuen Lizarrako Lakarra zenak, historiagile ezagunak: "àEuskal Herriaren Erdi Aroaren historia aztertzean behin eta berriro ohartzen gara mintzo ez zen hizkuntzan idazten duen herriaren iragana berreraikitzen ari garena eta bere hizkuntza dokumentuen artetik ihesi doakiola".

Administrazioan bezala elizak ere bere "rola" jokatu zuen, batzuetan batera bertze batzuetan bertzera. Garai hartan apez batendako parrokia gaur egun funtzionari lanpostua bezalakoa izanen zen. Lortu ahal izateko borroka handia izaten zen. Lanpostu haiek lortzeko prozesuetan sorturiko auzi ugari dago, aunitzetan euskara jakin beharrik ote zen izan ohi zen erabaki beharreko auzia. Horrelako auzi bat zela medio 1765. urtean Nafarroako herri euskaldunen errolda osatu zuten, 183 ziren guztira zerrenda horretakoak. Har ezazue kontuan zerrenda horretan ez zituztela sartu Etxarri Aranatz edo Arbizu. Hortik neur ezazue zerrendaren fidagarritasuna.

Lizarran bertan ere bada antzeko datu garrantzizkorik. San Juan elizako dokumentu batean ageri denez, 1607an apez euskalduna eskatu zuten, herena euskal elebakarra zelako. Bertze bi herenak ere ez ziren urrun ibiliko. Ez gara gaur egun "euskaldun" hitzak duen erran nahiaz ari. Gaur egun ia euskaldun gehienak "erdaldun" ere bagarelako. Froga horiek bertze zerbait erakusten digute: "euskalduna" erraten zutelarik "euskaldun hutsa" erran nahi zutela, eta "gaztelaua" edo "erromantzeduna" erraten zutelarik "elebidun" ere erran nahi zutela. Ziur aski, aunitzetan, euskalduna eta gaztelaniaz zertxobait, pittin bat, ulertzen zuena.

Berreskurapenerako lehenbiziko saiakera Gerrate Zibila baino lehen izan zen. Ikastola ez, baizik eta "escuela vasca" izenez Foru Enparantzan hainbat haur bildu ziren euskaraz ikasten. Oso urte guti iraun zuen ikastola hark. Ikastola hartan ibili zirenen artetik oraindik ere bizi dira batzuk. Ez zuten hizketan ikasteko astirik izan, baina ia laurogei urte izanagatik oraindik ere gogoan dituzte zenbait hitz. Olazaran txistulariak prestaturiko abestiak baliatzen omen zituzten soinketan aritzeko. Gerrate Zibilak bertan behera utzi zuen saiamen hura. Hango haurrak eskola nazionaletara bidali zituzten. Haietako batek dioenez, "haurrak ez ezik, pupitreak ere eraman zituzten, nik neurea ongi ezagutzen bainuen. Eta jolasorduan, inor ez zegoelarik, neure pupitre zaharrera hurbiltzen nintzen, izan ere hain zen ederra, æescuela vascaÆn argizariz igurtzirik zaintzen baikenuen!". Bigarren saiakerak, berrogei urte igaro ondoren, arrakasta izan zuen, ordea. Lizarra Ikastolak 700 ikasle baino gehiago ditu gaur egun.

Euskararen aztarnak gaztelanian

Hitzak oinetakoak bezala, ibilian-ibilian, gastatu egiten dira, horregatik, ongi uler dadila, "berreskuratu" aditzak lehendik dagoena eta datorrena berriro eskura jartzea erran nahi duenez, segidan, bertze kontu batzuekin batera, zeharo desagertu ez zen euskararen aztarnak biltzen dira Lizarra aldeko gaztelaniazko hiztunen mihietan. Bai, halaxe da, euskara ez zen erabat desagertu eskualde honetan. Eta ez naiz ari abizenez, toki izenez edo inolako "fosilez". Ez horixe. Hiztunen eguneroko jardunaz baizik. Izan ere, oraindik ere hainbat euskarazko hitz entzun daiteke bertako gaztelanian txertaturik.

Batez ere zaharren ahotan. Hondarrak, aztarrenak geratu baitziren, adi ibiliz gero edonork harrapa ditzake hondar horiek. Bai, hitz bereziak dira, geure-geureak, bertakoak direla badakigu, betikoak. Entzun nagusiei, laster jasoko dituzue han eta hemen. "Zaborrica" bat begian, "sardea" belarra biltzeko, "sagundila" harrien artean, "abarrak" piperrak erretzekoà

Badiren eta ezagutzen ditugun arren hitz gehienak nekazal girokoak dira. Guti erabil daitezke gizarte modernoan. Modernizazioak bizimodua erabat aldatu du. Eskolek, alfabetizazioak, goi mailako ikasketek eta komunikabideek hitz egiteko era aldatu dute. Batez ere, gazteen hizkera. Erran dudan eran gertatzen ari da, hala ere badira batzuk, arrazoi ezberdinengatik, denon ahotan entzun daitezkeenak. Bi adibide:

Auzolana: auzo, lan. Tradizio handikoa izateaz gain, oraindik ere, duen mezu positiboagatik edo, indarrean dago. Beharbada, horregatik trantsizio garaian alderdi baten izena izan zen.

Zirikiar: zirikatu. Dirudienez, jendeari atentzioa ematen dion hitza da, grazia duelako edo.

Azken adibide polit bat: zinburruska, zinburrusku. Zanbulua edo kolunpioa esan nahi du. Hitz hau ez da "sardea" bezalakoa, oraindik ere tresna hori gure haurrek erabiltzen dutelako. Oraindik hitz hori ezagutu eta erabili zuten batzuk bizirik direnean, Lizarra aldeko haur batzuek berriro erabiltzen dute. Ez da zaila berreskuratzea. Informazioa eta borondatea behar dira. Eta orain ez naiz hitz bati buruz ari, hizkuntza bati buruz baizik.

Bati behin entzun nion euskaldunak barraskiloak bezala huts-hutsetik sortu zirela. Barraskiloak ez dakit, baina euskaldunak eta euskara Lizarran ez dira arrotz. Ez da azken urteetako kontu hutsa. Ez horixe. Euskara bertakoa da. Lizarraneuskaraz.bai.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan