Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-11-07 -- 1965.zenb

Gorka Urbizu

Jaun-andreok, entzule irakurle erosleok, Durangoko Azoka badator berriz ere, bizirik gaudela eta merkatuak oraindik ere apur bat gehiago gizentzeko tartea badaukala aldarrikatzeko. Badator, euskaldun xehea kultura aldetik batez bestekoa baino jantziagoa dela uste izateko ûurtean lauzpabost egunetan ez bada ereû, Eguberrien gertutasuna antzematen hasteko eta seme-alabei Euskadi Gaztean gomendatu dieten azken CDa oparitzea eskurago jartzeko. Badator, baita, liburu zein diskoek duten xarma berezi hori hatz puntekin haztatu ahal izateko, zenbait egileren aurpegiak bertatik bertara ikusi eta «bikaina hire azken lana» esan ahal izateko, bostekoa luzatzen dizun bitartean. Badator, baita ere, herri txiki honek besterik ezean sormena baduela berrerakusteko.

Bai, oraindik hilabete baino gehiago gelditzen bada ere, Durangoko Euskal Liburu eta Diskoaren Azokak martxan jarri baitu jada "bisnes"aren inguruko makineria guztia, argitaratze, katalogo, grabazio, promozio eta enparauekin. Gauzak honela, berez antzekoak diruditen arren, sektore bakoitzak bere jokatzeko era dauka urteko hitzordurik garrantzitsuenaren aurrean. Liburugintzaren osasun egoera zehazki zein den jakitea zaila ematen duen bitartean, diskogintzarena orokorrean pattal antza dabilela gauza jakina da, Durangoko erakusmahaietan ikusten duzuena ikusten duzuela. Beti kexuka ibiltzeak baina, susmo txarrak ere altxa ditzake eta horrexegatik diskoak kaleratu kaleratzen dira, sikiera haiei buruz hitz egin ahal izateko. Baina ez, egia da industria txiki hau gainbehera doala, honakoa ez dela artzain gezurtiaren beste adibide bat: otsoaren uluak sekula baino gertuago entzuten dira egun, eta haren oihartzunak bati baino gehiagori iristen ari zaizkio ûegilea, grabaketa estudioak, managerrak, dendak...û. Agian horrexegatik sortu berria da Euskal Herriko Diskoetxeen Elkartea (EHDE), hein handi batean Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak akuilatuta ûbeste edozein tokitan alderantziz izango litzatekeenaû, arazo komunei erantzun bateratua eman asmoz. Izan ere diskogintza ûrocka barneû kultura baita, bati baino gehiagori hau onartzeak buruko mina eragiten badio ere.

Egia esan, gaur egun inork ez luke imajinatuko diskorik gabeko Durangoko Azokarik. Izan ere, zenbait kasutan musika da erakarlerik eraginkorrena. Euskal musikak entzuleria fidela dauka eta erosle kopurua ûgaztetxoa gehienbatû kontuan hartzekoa da oso ûHerrialde Kataluniarretan inbidia hutsa digutela zin dagizuetû. Horrexegatik azken urteotan diskogintzaren alorrean piztu den eztabaida datorkit gogora, Azoka honen araudiari begira. Alegia, erdaraz abesturiko diskorik ezin saltzearena, liburuekin gertatu ez bezala. Irizpideak irizpide, gauza bitxia da mojen sukaldaritza liburua ûurte batean best sellerra bilakatu zenaû salgai jarri ahal izatea eta La Pollaren azken CDa, adibidez, ez. Elorriagaren itzulpena bai ûkanpoko argitaletxe baten bidezû eta Tijuana In Blueren diskoa ez. Edo apur bat zitalago jarriz: Sarri bai eta Alex Ubago ez. Paradoxa hortxe dago eta azokaren antolatzailea pribatua izaki, ez noa ni inongo araua aldatzera, baina bitxia denik behintzat ezin uka. Agian jakintzat hartzen ditugun axioma horiek ez dira berdinak denontzako eta hemen Euskal Musika zer den ûeta zer ezû definitzeko eremu labainkorrean sartzen ariko ginateke. Ez da gai erraza. Uste dut Txillardegik esana dela, gezurra dela erdaraz Euskal Literatura egin daitekeenik. Ados. Orduan Gariren azken aurreko lana ûedo Kortatu, edo Athom Rumbaû ez da Euskal Musika bezala hartzen ahal, edota Sanchez-Ostiz ez da gure arteko idazlea. Ez da erraza, jaun-andreok, badago zer hausnarturik.

En fin, Durango badator, esan bezala, eta hantxe egongo gara beste behin ere, entzuleari bostekoa luzatzeko beti prest, noski.

Joxe Iriarte 'Bikila'

Seattlen, 1999an, globalizazio neoliberalismoaren aurkako borrokak izugarrizko jauzia eman zuen. Zein ziren ûetsipenak eta herdoil gaitzak jota zeuden ezkerreko partidu eta sindikatuak ez bezalaû, «Bestelako mundu bat posible da!» aldarria ikurtzat harturik, munduko nagusiei aurre egiteko gai ziren gazte eltxo saldo ausart haiek? Alterglobalizatzaileak!

Harrezkero, Kontragailurrak (Gotenborg, Praga, Genoa...) eta Gizarte Foroak (Porto Alegre, Munbai, Florentzia, Paris...) bere bidea egin dute, nork bere esparrua landuz. Lehenak mobilizazioa eta kale borroka, bigarrenak hausnarketa. Edozein mugimenduren txanponaren bi aldeak.

New Yorkeko Dorre Bikiei Al-Kaedak egindako erasoaren ondoren, batek baino gehiagok uste izan zuen mugimenduak berea egin zuela. Alabaina, zailtasunak zailtasun, mugimenduak demostratu zuen ez zela modazko edo azalezko fenomeno bat, eta gai zela errepresioari eta toxikazio mediatikoari aurre egiteko.

Jakina, edozein mugimenduk, lasterrago edo beranduago, iraupenaren erronkari eutsi behar izaten dio. Alde batetik, etsaiak eskarmentutik ikasiz taktikak aldatzen ditu ûbatzuei makilazoak, bestei gozokiakû mugimenduaren zatiketa helburu. Bestetik, hazkundeak berak, arazo berriak sortzen ditu, aniztasuna zabaltzen den heinean barruko eztabaidak korapilatu egiten baitira, eta hurrengo ekintza edo ekimena aurrekoarekin neurtzen baita. Garatze eta sendotze prozesu guztiak gora-beheratsuak izaten baitira eta oso gutxitan linealak. Guzti horrek aberastasuna, heldutasuna dakartza, baina baita zailtasunak ere. Hori dena, oso garbi ikusi zen Florentzia eta Parisen, Europako lehenengo eta bigarrengo gizarte foroetan.

Horregatik, formatuaren aldetik, bi eremu desberdindu ziren. Alde batetik, Foroa dago. Gai eta eztabaida librearen gunea, aniztasunari ez zaizkio jarriko mugak ûhura bai ortzadarra!û baina ez da hartuko erabakirik. Beste aldetik, Erakunde Sozialen asanblada, non adostasuna bilatuko zen, bai agiri edo aldarrikapenen alorrean zein mobilizazio mota edo borroka egutegiarekin. Horrek mugak jartzea eskatzen zuen.

Europako hirugarren foroa, Londresen egin berri da. Neoliberalismo gogorraren ûThatcher-ek eskola egin zuenû eta inperialismoaren sorlekua ûatzoko nagusiak eta oraingo morroi leialenakû baina baita gatazka sozialen eta gerraren aurkako mobilizazio indartsuen hiria. Bi aurpegi horiek oso nabarmen azaldu dira Foroak iraun duen bitartean. Stablishment-en aldeko komunikabideetan hutsunea edo mespretxuzko iritziak izan dira bi jarrera nagusiak; alabaina, sindikatuek Londreseko alkatearen ûLivingston, Blair-en aurkaria Alderdi Laboristanû aldetik jarrera oso abegikorra izan da. Zer esanik ez, foroaren eta manifestazioaren antolakuntzan ibilitako boluntarioen aldetikoa.

Formatuaren aldetik, ez da izan berrikuntzarik. Jorratutako gaiak, aurrekoen antzekoak. Hala nola, Gerra eta inperialismoa; ingurugiroaren egoera larria; merkatu "librearen" eta pribatizazioaren ondorio kaltegarriak; Konstituzio tratatuaren kritika zorrotzak; emakumearen bazterketa soziala; sindikalismoaren nondik norakoak... besteren artean.

Hori bai, zirrara eta engaiamendua nagusi. Eta hori oso garrantzitsua da. Izan ere, mugimendua egiteko, ideiak eta egitasmoak trukatzeaz gain emozioak eta ikurrak konpartitzea oso garrantzitsua bihurtzen baita. Eta Foroak hori sortzen du.
Nobedade bat, hurrengo foroa, hemendik bi urtera, 2006an Grezian.

Argi ilunak. Batzuk oso kontutan hartzekoak. Errutina, aldaketa gutxi. Partaidetzaren kopurua jaitsi egin da û25.000-30.000 inguru, Parisekoaren erdia.û Zergatik? Batzuek, Londresek dituen arazoei ûhegazkina hartu behar, hiri garestia, lo egiteko doaneko gunerik eza...û leporatu diote errua; beste batzuk, aurtengo mobilizazio eskasiari; izan dira ere antolakuntzaren burokratizazioari leporatu diotenak. Hots, joera bertikalak nagusitu omen dira ohitura horizontalaren kaltetan eta horrek atzera bota omen du jende asko. Betiko dilema. Antolakuntza hobetzea beharrezkoa da baldin eta demokraziaren kaltetan ez bada. Arau batzuk beharrezkoak dira anabasa gailendu ez dadin, baina mugimendu guztiei beren tokia bermatu behar zaie. Efikazia eta demokraziaren arteko oreka behar da.

Bestaldetik, iaz hain garrantzitsua izan zen emakumeen gunea, aurten ez da gauzatu. Eta horrek protestak sortu ditu. Gizarte talde txiroenak eta baztertuenak zailtasun handiak dituzte presente egoteko eta berezko protagonismoa bermatzeko. "Estatu gabeko nazioen eta nazio gutxituen" aldetik emandako urratsak ûosoko bilkura batean autodeterminazioaren aldarrikapena eztabaidatu izan daû garrantzitsuak izanik ere, oraindik oso apalak dira.

Jose Luis Alvarez Enparantza 'txillardegi'


Aztergai garrantzitsua idazten dugun guztiontzat. Eta idazleei eta liburuei buruz argitaratzen edo entzunarazten diren mahai-inguru eta plaza-aurreko elkarrizketetan, etengabe agertzen ûeta agertukoû den eztabaida.

Artikulu honen titulua hautatzerakoan, zalantza izpi bat izan dut. Gain horretan ez ote nukeen "Literatura eta gizartea" idazpurua hobetsi behar. Ala, alderantziz, murritzago, "Nobelagilea eta gizartea". Euskal Herrian ere, beste leku guztietan bezala, nobelagintzari baitagokio, nik uste, ipuingintzarekin batera, idazleak gizartean eragiteko duen luma-tresna nagusia.
Eta nahiz poesiak, teatroak, saiakerak, eta abarrek, berena zalantzarik gabe izan dezaketen arren.

Hots, niri, filosofoa ez naizen honi, gauza nabarmena zait idazlea eta pertsona bereiztea; alegia, liburuaren egilea eta gizartean bizi den gizakia elkarrengandik desberdintzea, oso dela zaila. Ezinezkoa funtsean; are logikaren kontrakoa ere.

"Nobela egitura ûesan ohi zuen Jean Paul Sartrekû autorearen metafisikara garamatza beti". Obrak, bestela esanda, idazlearen barne-muina salatzen du.

Arte obrak oro ûeta luma-bidezkoak ere baiû bere autonomia du. Idazlearen eta bere izkribuen artean ez dago inolako homologia hertsirik. Noski.

Baina beste muturreraino joaterik ez dago. Edozein idazleri edozein izkribu dagokiokeela pentsatzea ez da bidezkoa.

1936ko euskal gudarien alde bere ahotsa ozenki altxa zuen Nobel Sari hark behin idatzi zuenez: "Bere buruarentzat bakarrik idazten omen duen idazlea, gezurrez mintzo da".

Solipsismo hori ez baita egiaz gertatzen. Amiel-en kasua û17.000 orrialdetako egunkari ezkutuaû patologiaren lekukotzen arloan aztertuko litzateke gaur.

Hau dela-eta, idazleak, bere irakurlegoaren bitartez, konpromisoa hartzen du bere gizartearekiko. Areago maila gorena iristen duenean; orduan gizadi garaikidearekin eta gainerakoekin ere hartzen baitu. Barojaren eta Kafkaren eraginak, esate baterako, ez dira oraino ahitu.

Ezinbestean, beraz, gizarte erantzukizuna du idazleak.

Eta, etxera etorriz, bere erantzukizuna du euskal idazleak. Euskal idazlea ez baita estratosferan bizi.

Artista izatea ala ez, artista dohainei dagokie. Eta ez hautu ideologikoei. Askotan izan da ûeta "errealismo sozialista"ren porrota dugu adibiderik ezagunenaû idazlearen borondate onak eta helburu txalogarriak ez dutela segurtatzen arte obraren lorpena.

Eta hau ongi dakigu idazten dugunok. Kritikak mingarri zaizkigun arren, norberaren mugak eta errakuntzak ezagutzea guztiz beharrezkoa dugu, amets zorotan barrena abiatuko ez bagara.

Baina, beste maila batean, euskal idazle apolitikoak astintzeko garaia da. Eta zapalketa eta ukazio betean bizi garen herri honetan, areago.

James Joyce Dublindar idazle handia, bere herriarekiko jarreraren alde honetatik, nekez izan dakiguke eredu. Eta horrela aldarrikatu behar dugu.

Gizarte konpromisoaren baldintza ez da aski, noski, idazle baten arte maila bermatzeko. Baina beharrezko baldintza bai bere herrikideekiko.

Une honetan premiazkoa iruditzen zait hau gogoraraztea.

Martin Ugalde miresgarria izan da ûorain konturatu omen da Del Olmo jueza Martinen kontuak blokatzeko arrazoirik ez zegoela!û. Euskal Herriarekiko maitasunak eraginda utzi zuen Martinek Venezuelako erdal etorkizun leuna. Eta, militantziaz, euskaraz idazteari ekin zion. Ez zen lotsatu bere barnea biluzten; eta bere herriaren zerbitzari umil jokatu zuen hil arte.

Zer literatur maila lortu duen Martinek? Besteek erantzun bezate. Ipuingintzaren alorrean bikaina, aho-batez diotenez. Nobelagintzaren eta kazetaritzarenean ere, ona.

Ez zitzaian lotsagarri iruditu abertzale agertzea, Martin; ezta heure herria eta heure herriko borrokalariak defenditzea ere. Ohore hiri, bihotzez!

Hots, egun bertsuetan zabaldu da gurean Mikel Albisuren atxiloketaren berria.
Mikel ere, beste belaun bateko lagun, beste pentsaera batean oratua; eta bion literatur ekarpenak inondik inora alderatu nahi ez ditudalarik, euskal idazle gisa agertu zen plazara.

Kazetari gisa aurrenik ARGIAn zazpi urtez, eta euskal teatroaren inguruko izkribuetan ûImanol Muruak xeheki azaldu duenezû. Mikel ere ez zen bere hizkuntzaz eta bere herriaz lotsatu; eta bere gain hartuko zituen arriskuei ez ikusia eginez, konpromisoaren bidetik jo zuen.

Ez dakigu Mikelek luma berriro inoiz hartuko ote duen; eta arra-hartzen badu, zein literatur maila lortuko duen. Geroak erranen. Baina Martinen baldintza betea du. Joseba Sarrionaindia bere adiskideak betea duen bezala.

Beste euskal idazle askok ere bai. Jakina.

Denek ez, ordea.

Gai izkintsua, badakit. Liskar iturri beharbada.

Baina geure ideiak argiro azaltzeko ez bada, zertarako luma hartuko?

Imanol Alvarez

Azken boladan laiko eta laizista izatearen arteko desberdintasunaz hitz egin dute zenbaitzuek. Beraien ustetan estatu espainiarra edo, hobe esanda, oraingo gobernu espainiarra laiko izan beharrean laizista da eta laizista izate hori ez dute, dirudienez, oso gogoko. Berdin antzera esango lukete horiek, ziur aski, Europako beste hainbat gobernuz, eskoletako neska musulmanen shadorraren edo buruzapiaren erabilera saihesteko asmoz eginiko legeen ondorioz, mojek ere ezin izango omen dutelako beren abitua erabili ikasgeletan, azken batean abitua bera ere erlijio-ikurra baita.

Nazio bezala aitortua ez dagoen nazioaren alde borrokatzen duenari esan ohi zaio, nazionalista. Hori horrela bada, logika onean estatua laiko izatearen aldeko lana egiten duenari esan beharko zitzaion laizista, nonbait estatua benetan laiko ez delako.

Baieztapen hauen aurrean, eta guri dagokigunez, burura datorkidan galdera hauxe da: benetan al da laikoa Euskal Herria?

Inguruari gain-begirada bat ematea baino ez da behar gutxienez zalantzan jartzeko. Zer zentzu dauka bada, ustez laikoa den estatu batean alkateek, zinegotziek eta baita lehendakariak berak ere ekitaldi erlijiosoetan ofizialki parte hartzeak, Donostia, Bilbo, Iruñean eta beste herri askotako jaietan gertatzen den bezala? Edo zer demontre egiten du apaiz batek ura noranahi botatzen inaugurazio ofizial batean?

Aipatuak bezalako kontraesanak ugari dira. Erlijio guztiekin eta ez modu horren ofizialean egingo balira, beti proportzionaltasuna errespetatuz, gaitzerdi; herriaren sinesmenari zor zaion begirunea argudiatuz justifika litezke. Baina ez, erlijio katolikoarekin baino ez dira egiten, eta hori laikotasunaren oinarrizko printzipioen kontrakoa izateaz gain, iraingarri ere suertatzen da katolikoak ez diren gero eta jende gehiagorentzat, ni neu kasu.

Laizista izatea, hortaz, guztiz ulergarria bezain zentzuzkoa iruditzen zait, laikotasuna oraindik lortu gabeko helburua ûutopia?û delako. Harrigarria deritzot, ostera, laizismo honi totalitarismo deitzen diotenen azal gogorra.

"Elizarekin egin dugu topo" entzun edo esan dugu denok milaka aldiz. Eliza katolikoa ohituta egon da, antzina-antzinatik oraintsu arte, jaun eta jabe izaten, beti boterean edo boteretik hurbil, baita ustezko laikotasun garaiotan ere, loaldi goxo-goxoan.

Orain hasi da, antza, esnatzen eta gizartea egiaz zelakoa den konturatzen: gero eta erlijio gehiago daude ûbatzuk ez testimonialak eta berdintasun-tratua exijitzen hasiak direnakû; gizarteak oro har gero eta jaramon gutxiago egiten dio ûkatolikoak eurak barneû. Baina, duda barik, boterea ere, itxuraz bederen, gero eta gehiago urrutiratzen ari zaiela da gehien kezkatzen dituena hierarkia katolikokook, urrutiratze honek bestelako ondorioak ekar ditzakeelako, besteak beste, estatutik jasotzen dituzten zuzenezko diru-sarreren murrizketa.

Badirudi, bai, urduri daudela. Urduriegi agian.

Nabaria izan da betidanik eliza katolikoak izan duen sexuarekiko fijazioa, antza denez, plazera sortzen duen edozer bekatuarekin identifikatzen duelako eta sufrimendua, aldiz, jaungoikoagana hurbiltzearekin-edo. Harreman sexualak, haien ustez, seme-alabak edukitzeko baino ez dira izan behar, beti ere senar-emazteen artean jakina, beste guztia naturaren kontra joatea omen da. Hortik etorri bide da bestelako harreman sexual oro ûmodu bortitzagoan homosexualakû gaitzesteko grina. Baina oraingoan akaso urduriegi daudela diot, neurrigabeko erasora pasatu direlako, neurrigabeko irainera eta gezurrera.

Historian zehar eliza askotxotan gelditu da barregarri ez duelako denboretara egokitzen jakin. Berriro gelditzen ari da barregarri. Lurra borobila dela gogorarazi beharko diogu. Ez gaude dogmen garaian, jendea gero eta kultuagoa delako eta, are hobea dena, gero eta anitzagoa delako. Izan gaitezen laizista!

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan