Filipe Bidarten askatasuna aztergai ostiralean
Frantziako espetxe zigorren bilakaera jarraitzen duen Reimseko Auzitegiak hilaren 5ean aztertuko du Filipe Bidartek askatasuna ukatzen dion ebazpenari jarritako helegitearen aurrean zer egin. Bidartek ia hamazazpi urte daramatza preso eta dagoeneko behin-behineko askatasuna eskuratzeko eskubidea du; horretarako Frantziako espetxe sistemak eskatzen dituen oinarrizko baldintzak betetzen ditu, besteak beste, etxebizitza eta lanpostua izatea. Reimseko Auzitegiak berak, Bidartek egindako askatasun eskaera ukatu zionean, urtebetean berriz eskatzeko debekua jarri zion. Filipe Bidart askatzeko plataforma zabala eratu da eta Bidart auzia ezagutarazteko lehen urratsak bideratu ditu jada.
Ińaki de Juana Chaosi ukatutako askatasuna
Ińaki de Juana Chaos euskal presoak urriaren 22an atera behar zuen kalera, espetxean 16 urtetik gora egin eta espetxe zigor osoa bete ondoren. Madrilgo Espetxe Zaintzako Epaitegiak 1.300 erredentzio egun onartu dizkio espetxealdian zehar, baina Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak egun horiek denak errebisatu behar dituela jakinarazi du. Ińaki de Juana Chaos presoa, hainbat arrazoi medio, sarritan agertu da Espainiako komunikabideetan. Ikusten denez, badirudi Espainiako Gobernuak ez duela onartu nahi 30 urteko espetxe zigorra duten zenbait presori erredentzioak direla eta kalera ateratzea dagokiela.
Gonzalez eta bere zaldunak Veraren aldeko erasoan
Bere abokatuak jarritako helegitea medio Rafael Veraren kartzelaratzea atzeratzen ari da, eta denbora horretan, Felipe Gonzalezek eta bere zaldunek ataka larrian jarri dute Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernua, honek erabaki beharko baitu Veraren lagunek egindako indultu eskaeraz. Dagoeneko, PSOEko zuzendaritzak ihes egin dio eskaerari eta erabakia Gobernuarena dela esan du. Gonzalez eta bere zaldunak gogor jokatzen ari dira eta epaileengana ere bideratu dute dagokion presio maila: magistratu eta epaile askok ere jaso du dirua ezkutuko diruetatik eta izenak ere jakin daitezkeela aditzera ematen ari dira.
Aintzat hartu beharreko jarrera
ETAk joan den astean ezagutzera emandako komunikatuak ez du aparteko erreakziorik sortu klase politikoan eta, nagusiki, alderdi gehienek ez dute aintzat hartu bere zilegitasun politikoa eta desagertzea edo su-etena eskatu diote. Publikoan behintzat hori da agertu dena, bakoitza bere ohikoan. Beste kontu bat da pribatuan nola baloratzen diren ETAren agerpen eta proposamen hauek eragile politikoekin pribatuan hitz egiten duen edonork baitaki ETAri benetako protagonismo eta garrantzi politikoa ematen zaiola. ETAren doinua eta hizkuntza kontuan hartu dute askok, eta Batasunak azaroaren 14an egingo omen duen proposamen entzutetsuaren atarian datorrela ere ezin da oharkabean iragan. Mugimendu hauek guztiak Eusko Legebiltzarrean abenduan izango den eztabaida erabakigarriaren atarian direla oharkabean pasatu ezin den bezala. ETAk erakusten duen jarrera aintzat hartzekoa da, eta ondo esploratu beharko litzateke horrek egungo testuinguru politikoan zer esan nahi duen.
Euskarari buruzko azterketa ez zaio gustatu Nafarroako Gobernuari
2003ko martxoan eta apirilean eskatu zion Nafarroako Gobernuak Demoscopia enpresari euskararen inguruko azterketa egiteko. 2.075 biztanlek erantzundako ikerketa erabilgarria dela esan du orain Campoy Hezkuntza kontseilariak, baina ondorio batzuk ez omen daude datu fidagarrietan oinarrituta. Nafarren %55ak euskara erabilgarria dela esan du galdeketan.
Jaurlaritzaren II. eta III. planez
Administrazioaren Euskararen Erabilera Normalizatzeko II. eta III. planei buruz aritu zen joan den astean Miren Azkarate, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua. Bigarren plana oso handizalea izan zela nabarmendu zuen eta jarritako helburuak betetzea oso zaila zela. III. planerako (2003-2007) helburu apalagoak jarri dituzte. Talde parlamentarioek kezka agertu zuten lehen bi planek nahi besteko emaitzak lortu ez dituztelako.
Senez itzulpen aldizkariak 20 urte
Martuteneko Itzultzaile Eskolako itzultzaile talde batek sortu zuen Senez aldizkaria 1984. urtean, eta 20 urte ondoren, 27. alea argitaratu du Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen elkarteak. 20 urteak ospatzeko Senez grafikoa izeneko ale berezia atera dute.
Jardunaldi ibiltariak azaroan Topaguneak antolatuta
Euskara Elkarteen Federazioak euskararen erabilera hartu du oinarritzat azaroan egingo dituen IV. jardunaldi ibiltarietarako.
Lau dira jardunaldiak.
- «Hizkuntzaren erabileraren garrantziaz normalizazio prozesuan». Azaroak 16, Bilbon. Hizlaria: Pablo Suberbiola (SEI elkartea).
- «Kultur aniztasuna, kultur artekotasuna». Azaroak 18, Iruńean. Hizlaria: Agustin Unzurrunzaga.
- «Hizkuntza eskubideen garapena: giza harremanak eta erakundeak demokratizatu beharra». Azaroak 25, Gasteizen. Hizlaria: Paula Kasares (hizkuntza teknikaria).
- «Mugimendu autogestionatua eta elkarlana». Azaroak 30, Donostian. Hizlariak: Josemari Muxika, Koldo Tapia eta Teo Etxaburu.
Hizkuntza gutxituei buruzko web gunea sortu nahian
UOC-ak (Universitat Oberta de Catalunya) hainbat unibertsitate eta aholkularirekin batera, Europako hizkuntza gutxituen gaian aditu direnentzat web gunea sortu nahian dabil. Adum (friuleraz «elkarrekin») proiektuaren asmoa informazio andana biltzeaz gain, Europako adituen arteko elkarlana erraztea da.
Daniel Udalaitz
Joan den astean, interes-tasa terminoa azaldu genuen eta iruzkinaren bukaeran LIBOR eta MIBOR tasak aipatu genituen. Zer dira, ordea, LIBOR eta MIBOR tasak? LIBOR ingelesezko London Inter-Bank Offered Rate terminoaren sigla da. Banku batzuek beste batzuei ematen dizkieten kredituengatik Londresko banku arteko merkatuan egunez egun ordaintzen den batez besteko interes-tasa da. Tasa aldakorreko kreditu eta mailegu nazioartekoetan une bakoitzerako interes-kuota markatzeko oinarri bezala erabiltzen da, eta ia beti LIBOR tasatik gorako frakzio bat gehitzen zaio. MIBOR ere ingelesezko sigla da, Madrid Inter-Bank Offered Rate terminoari dagokiona, eta LIBOR siglaren analogiaz hartu zuten izen hori Espainiako estatuko bankuen sektorean, Madrilgo banku arteko merkatuko diruaren batez besteko interes-tasa definitzeko. MIBOR tasak interes aldakorreko kredituak emateko erreferentzia gisa balio du, eta aldian-aldian zehazten dira interes horiek, ia beti hiru hilabetez behin, haren gaineko frakzio batekin.
Dagoeneko heldu da 2005eko aurrekontuez hitz egiteko urte sasoia, eta Jaurlaritzak ere aurkeztu ditu bere aurreikuspenak: 2005ean 7.117 milioi euroko aurrekontua izango da, 2004koa baino %6,8 gehiago. Dena den, berau aurrera ateratzea izango da zailtasun handiena, eta dagoeneko Eusko Jaurlaritzako hainbat sailetan berriz ere aurrekontu luzatuarekin jarraituko dela aurreikusia dago. Akordioetarako edo ezustekoetarako ateak, dena den, beti dira zabalik, gogoratu besterik ez dago 2003ko aurrekontuak Jaime Mayor Orejaren atzerapen ospetsua medio atera zirela aurrera Eusko Legebiltzarrean.
AHT Gelditu! Elkarlana taldeak manifestazio deia egin du datorren azaroaren 6rako Donostian. Taldeak astean zehar konferentziak eta zenbait ekitaldi antolatuko ditu herri askotan eta Donostiako manifestazioa jendetsua izatea espero du. Manifestazioan trenbide berrien eraikuntza lanak ez hastea aldarrikatuko da, antolatzaileen ustez une honetan horixe baita garrantzitsuena, behin eraikuntza lanak hasita, proiektua geldiarazteko etsipena sortu daitekeelako gizartean.