Astekaria

 Kultura 

Argitalpenak

Irudia

Pilar Iparragirre


1965. alea
2004-11-07
alde 0    kontra 0

Gau ertzekoak

Luigi Anselmi

Pamiela

70 orrialde

12,20 euro

Denboraren errekan goiti igeri

Luigi Anselmi bilbotarraren azkenengo poema bilduma dugu Gau ertzekoak, heriotzaraino garamatzan denboraren iragan sahiestezina oinarri daukan liburu etsitsua. Urteak baino erresuma goibelagorik ba ote den galdezka agertzen zaigu olerkaria, etorkizun zalantzagarrian barna bidaiatuz eta esperantzarentzat zirrikitu gutxi atzemanez, nahiz bakea eskuratuko den unea aurreikusi: «Gurutzea eta urkamendiak oro/ suak, azkenik, kiskaliko dituen egunean». Bitoriano Gandiaga, Fernando Pessoa eta Andolin Eguzkitza dauzka gogoan eta baita «elurra beltza da» esan ohi zion amona ere, beste edonor bezala ordua iritsitakoan udaberrira arte irauterik izan ez zuen emakume hura. Liburuaren azala eta irudiak J. E. Urrutia Capeaurenak dira.

La casa del acantilado

Miren Agur Meabe

Edebé

130 orrialde

6,35 euro

Miren Agur Meaberen Itsaslabarreko etxea gaztelaniaz

Iazkoan Euskadi saria eskuratu zuen Miren Agur Meabek Itsaslabarreko etxea nobelarekin. Eta orain gaztelaniazko bertsioa ezagutu du hamasei urteko neskato baten maitasun eta beldurrezko istorioa kontatzen duen narrazio honek. Bizitzan gehien maitatuko zuen mutila ezagutu baino lehentxeago, zoritxar guztiak ekarriko zizkion doinua entzun zuen neska horrek, aspaldian bertan behera utzitako etxe baten barrutik ateratzen zen harpa-soinua, hain zuzen. Euria ari zuen gogotik, eta etxe hartan babesa lortzeko asmotan gertaturatu zen gaztea, norbait zelatan zeukan sentsazioak handik alde egitera behartu bazuen ere. Bere isileko kontuak gordetzen zituen koadernoa han galdu zuen, ordea.

Ispilu veneziarra

Joan Manuel Gisbert

Ibaizabal

140 orrialde 9,85 euro

Sekula hil ez zen emakumea

Paduako hirian eta XVIII. mende amaieran kokatu ditu Joan Manuel Gisbertek gazteentzat idatzitako abentura eta misterio nobela honen gertaerak. Protagonista nagusia Napolitik etorritako ikasle behartsu bat da. Lo egiteko gelarik alokatzeko aukerarik izango ez duela uste duenean, antigualeko palazzo baten alboan bizi den andre batek bere etxera joateko gonbita egiten dio. Laster jakingo du orain erortzeko zorian dagoen palazzo horretan bizi izan zirenak duela hainbat gizaldi jaso zuten madarikazio mereziaren berri eta, bide batez, Paduako hiritar guztien oroimenean bizirik dagoen legenda. Honen arabera, bereak eta bost jasan behar izan zituen han sendi horren azkenengo alabak, halako batean desagertu zen Beatrice Balzanik, sekula hil ez zen emakumeak.

Jakin

Batzuen artean

Jakin

108 orrialde

9,10 euro

Iñaki Beobideri elkarrizketa

Jakin aldizkariaren azkenengo zenbakian Agurtzane Ortizek Manex Erdozaintzi-Etxarten pentsamenduaren eta literaturaren iturrietan sakonduz egindako ikerketaz gain, Patxi Sarriegik Iñaki Beobide kultur eragile eta sustatzaileari egindako elkarrizketa eta Egunen gurpilean saileko lanak aurkituko ditu irakurleak. Iñaki Beobideri egindako elkarrizketak bere bizitzako urratsik aipagarrienak jasotzen ditu, hala nola Jarrai antzerki taldean izandako esperientzia, prentsan eta irratian egindako kazetari lanak, disko eta liburu argitalpengintzan burututako ekimenak edota euskal telebistaren sorrerari egin zion ekarpena. Eta horiei erantsi behar zaie euskal kulturaren esparruan azken hamarkadetan izan diren aldaketa eta aurrerapenei buruz eskaintzen duen elkarrizketatuaren ikuspegia.

Lizarra

Batzuen artean

Irujo Etxea Elkartea

54 orrialde

Irujo Etxea Elkartearen iazko urtekaria

Irujo Etxea Elkarteak plazaratutako 2003ko urtekariak Lizarra du ardatz. Hasteko, bere ingurune profesionalean eta eguneroko bizitzan hiri nafar honen irudia, kultura eta hizkuntza zabaltzen egin duen ahaleginagatik On Manuel Irujo saria jaso zuen Pedro Miguel Etxenikeri egindako omenaldia agertzen dute. Gero, Toño Rosek, Goyo Monrealek eta Emilio Majuelok iazko azaro kulturalean egin zuten ekarpena azaltzen da. Urtekariaren bigarren atalean, berriz, foruen ikerketa, euskararen garapena eta Lizarraren toponimia eta ezkutua aztertzen dituzten hainbat historiagileren lanak datoz, eta azkenik On Manuel Irujo eta Lizarra Ikastolaren gaineko bi idazlan.

Bat

Batzuen artean

SEI

143 orrialde

10 euro

Euskara eta etorkinak Bat Soziolinguistika aldizkarian

Espainiatik kanpoko etorkinak eta euskararen normalizazioa Hego Euskal Herrian hartu dute aztergai nagusitzat Bat soziolinguistika aldizkarikoek beren azken zenbakian. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren zein Nafarroako Gobernuaren ardurapean dauden lurraldeetan etorkin horiek euskaldun bihurtzeko orain arte egin diren ahaleginak, nolakoa den beren integrazioa eskoletan, eta hizkuntza eskoletan parte har dezaten abian jarri nahi den egitasmoa hizpide dituzten lanak daude bertan.

Pirritx eta Porrotx arrantzan

Mitxel Murua, Julen Tokero

Katxiporreta, Elkar

36 or./ 6,45 euro

Bi ipuin familia harremanen dibertsitateaz

Mitxel Muruak sortu eta Julen Tokerok marraztutako politikoki korrektoegi eta literarioki inkorrektoegi ez diren bi ipuin kaleratu dituzte Katxiporretak eta Elkar argitaletxeak, familiaren egiturak gure gizartean izan dituen aldaketak islatuz. Izan ere, Gipuzkoako guraso bananduen elkarteak, adopziorako laguntza ematen duenak, harrerako familiak biltzen dituenak eta Euskal Herriko gay eta lesbianen elkarteak ohartu ziren eskoletan familiaren nortasuna jorratzeko garaian erabiltzen diren materialen edukiak birpasatu eta egokitu beharra zegoela. Gaur egun familia tradizionalen ondoan, odolezko harremanetan oinarritutako familia horien ondoan, gure inguruan era askotako familiak eta familia harremanak daudela azaldu nahi izan diete haurrei: adopzioan hartutako umeak edo harreran hartutako seme-alabak dituztenak, homosexualen seme-alabak eta gurasoak apartatuta dauzkaten haurrak ahaztu gabe. Horrela sortuak dira Pirritx eta Porrotx arrantzan adopzioaren gainean osatutako ipuina, eta Pirritx eta Porrotx herriko postariak, harreran hartutako haur bati buruzkoa. Ipuin bilduma honek jarraipena izango du.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1964
 
azala1963

1965 zenbakia.
2004ko azaroaren 07a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza