ARGIA egutegia: edukiz eta itxuraz berritua

  • ARGIAk lehenengo egutegi takoa argitaratu zuenetik 13 urte igaro dira. 13 tako begiratu ahal izan ditu irakurleak beste hainbeste urteetan. Garbiñe Ubeda lehenengo egutegi hartan lanean aritu zen eta baita oraingoan ere. 2005ekoak itxura zein eduki berrituak izatearen ardura berea izan da.
Gauza guztiek behar dute arnasberritzea eta egutegi takoari ere hortarako garaia iritsi zaio. Itxura zein edukiak astindu dira eta eskuetan jasotzen duenak segituan igarriko dio «betiko» egutegia berrituta datorrela.
Aurrealdeko orrialdean urteroko elementuak aurki daitezke: santuak, Seaskako izendegia, eguzkia eta urteko zein egun den. Iazkoaz gain ordea, orri bakoitzean hilabete osoko erreferentzia dago eta era berean, ilargiaren gorabeherak erosoago jarrai daitezke. Hainbat egunetako ospakizunen berri ere ageri da aurrealdeko orrietan. Bistara ere egingo du kolpea aurrealde horrek lau koloretan baitago eta papera birziklatua baita, (iaz bezala) zuri-zuria. Argitasun berezia eman die aldaketa horrek aurrealdeei.

Tarzan, Lech Walesa eta Corazon Aquino

Atzealdeko edukiak osatzeaz Garbiñe Ubeda arduratu da. Azken urteotan, egunerokoari lotutako gaiak jorratu dira orriotan: barazkiak eta landareak noiz eta nola landatu, negu gogorraren aurrean zein osasun neurri hartu, sabela kontent izateko postre goxoak nola prestatu... Egutegia 2005 berriz, egunerokotasunari lotuta baino egunari lotuago dago. Zer gertatu zen adibidez, 1973ko irailaren 16an? Bada Victor Jara kantari txiletarraren gorpua aurkitu zuten. Garbiñe Ubedak egunerorako aurkitu ditu kontatzeko moduko gertakariak, ezagutzeko moduko pertsonaiak edo bitxikeriak. Kontakizun gehienak XX. mendekoak dira eta mundu zabalekoak. Lehen Tourra aurkituko duzu uztailaren 1ean eta urriaren 5ean Londresen sortu zen PEN klubari buruzko informazioa. 1940ko abuztuaren 20an Trotski hiltzen saiatu zirela jakingo duzu eta abenduaren 13an kukurutxoa 1903ko egun horretan patentatu zutela irakurriko duzu. Mundu zabalekoak eta gai askotako edukiak aukeratu ditu Ubedak, baina berak aitortu digunez gai batzuk kutunagoak ditu eta gehiago nabarmendu ditu; esate baterako, zientzia eta teknologia berriei buruzkoak eta emakumeari buruzkoak, nahiz eta azken honen kasuan ezkutuan egondako emakumea nabarmentzea erraza egin ez zaion. Bitxiak egin zaizkionak ere besterik gabe hartu eta sartu egin ditu egutegi takoan eta berarentzat sekula entzun gabekoak zirenak ere bai. Gutxien jorratu duen gaietakoa izan da Euskal Herriko politika, bere ustez, «egunero nahikoa eta gehiago jasotzen dugulako».

Pertsonaiak ere barra-barra aurkituko ditugu: Tarzan dela, Corazon Aquino, Billie Holiday, Lech Walesa, Charles Chaplin eta Antonio Gaudi, besteak beste. Ubedak egin du ahalegina pertsonaia hauek jaiotegunagatik edo hil zireneko egunagatik ez nabarmentzen, bere ustez, «hori ez da meritua, bizitzan makina bat gauza interesgarri egin dute, baina egun zehatzekin lotzea askotan zaila egin zait».

1992ko egutegia

Urte haietan Arantzazuko egutegia zegoen merkatuan eta baita erdarazkoak ere. Euskarazkoa elizari lotua zegoen eta santutegia lantzen zuen asko. ARGIAk egutegi tako modernoagoa egin nahi zuen, eduki gehiago erantsi, atseginagoa egin. Ubedaren ustez, «bistatik sartzekoa izan behar zuen, edukiaz gain itxurak ere garrantzia izan behar zuen». Tako hura izan zen abiapuntua eta 13 urte ondoren tako eraberritua egunero orritxo bat galtzeko prest dago.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude