Aihenatuta nabil sasoi honetan, urtero legez, fruitu gozoen lurrinetan. Lepotik aihenatuta, motzean... Zoratuta, neure onenean, fruitu gozoak ardotzeko lepo gaineko lana lepo izaten den egun hauetan.
Sagarrondoen adarrak soinean dagoeneko mardul, umatze punttuan dituzten sagarrak oparo elikatu dituen lurra esker onenez musukatzeraino makurtu dira, aspaldiko partez, aurtengoan. Sagarrondoak hagaz moildu, aleak kaxka-kaxka kixkiaz zareratu, gutti goiti beheiti 50 kiloko zakuak bete eta hauen seinakako kargak jotzera; matxakan sagarra jo eta dolarera, zanpatu eta muztio gorria tinatik barrikotera, barrikara, bukoira edo kupelera.
Mahatsondoen aihenetako hostoak gorritu, larotu eta arretze artean hauen pean hilabetetan gizenduz borobildutako mordoetako aleak azukreak pilatzearen poderioz lehertzear daude, dolarerako bidean. Moildu ordez, mahatsondoari goxo-goxo guraizez mozten zaion mordoak plastikozko otarretik ittutirik ez izateko toldoz estalitako gurdira eta lehen hartzidura burutuko duen lago edo askatzarrerako bidea egingo du.
Sagardi eta mahastien ipularretan aihen zuriaren (Clematis vitalba) aihenak luze hedatu dira inguruko edozein landareren gerriko gisan. Uzta biltzaileen lanaldi gogorra bere fruitu gandorrekin alaitzen du. Aihen zuria aspaldi loretu zen, erlea ere bereganatzerainoko usain ederrez. Toscanan ikasi bezala puja berriak barazki finenen gisan jan genituen. Eskaleen belarra deitu izan zaio, garai batean, bere aihenekin igurtziz beso eta zangoetan zauriak eginda aienea benetakogotuz errukia areagotzen omen zuten eta. Garaitsu haietan bikotearen armonia eta fideltasuna adierazten zuen... gaur egun jakin ezazu... Bera bai sagarrondoari eta mahatsondoari fidel...
Jabier Agirre
Matthew Baumber umeak 22 hilabete besterik ez ditu, eta itxura guztien arabera zoriontsu bizi da. Baina orain arteko bere bizimodua ez da batere erraza izan.
Isabel ama haurdun zegoela, kontroleko ekografian fetuaren bihotzaren eskuinaldea ez zela modu egokian osatu ikusi zuten medikuek, eta bihotzak odola behar bezala ponpatzen ez zuenez, bikoteari haurdunaldia eteteko gomendatu zioten, umearen bihotza konpontzeko egin beharreko ebakuntza oso arriskutsua baitzen.
Hala ere, David eta Isabel senar-emazteek pentsatu zuten umeak aukera merezi zuela, eta jaio ondoren 4 orduko ebakuntza gogorrari esker, umeak bizirik iraun zuen. Zazpi hilabete zituela, berriro ere beste ebakuntza bat egin behar izan zioten umeari, bere osasuna asko hondatu baitzen, eta operatu ezean, ez baitzuen bizirik jarraitzeko aukerarik.
Geroztik, hamalau hilabete joan dira, eta gaur egun Matthew umeak bizimodu ia normala egin dezake. Haurtzaindegira joaten ere hasi da. Amak dioen bezala, "ikaragarria da korrika ikustea. Betiko galduko genuen beldur ginen, ebakuntza arrisku handikoa zelako, baina bihotz-erdi horrek lagunek egiten duten guztia egiteko aukera ematen dio. Diferentzia bakarra da, Matthew errazago nekatzen dela".
Erresuma Batuan ez dira asko umeari egin zaion kirurgia konplikatua burutzeko gai diren osasun-zentroak. Adituek, bestalde, jakin-min handia dute era horretako gaixoen eboluzioa zer-nolakoa izango den ikusteko. Birmingham-eko haur-ospitalean Matthew-en kasua gainbegiratu zuen John Wright kardiologoak esan bezala, "umearen osasun egoera oso larria zen, eta ebakuntzarik gabe, zinez, hil egingo zatekeen. Operazioei esker, eskolan moldatzeko gai izango da, eta baita bere adineko beste umeek bezala jolasean aritzeko edo gorputza lantzeko ere. Ez dakigu bere etorkizuna zein izango den, baina 20 urte barru, bizimodu aktiboa egiteko kapaz izatea espero dugu".
Joxerra Aizpurua
Anfibioak arriskuan
Igelak, tritoiak, salamandrak eta beste anfibio batzuk desagertzeko arriskuan daude. Ondorio hau, 500 zientzialarik baino gehiagok 5.743 anfibio espezie aztertu ondoren iragarri dute. Anfibioen espezietatik %32 desagertzeko arriskuan dagoen bitartean, ugaztunen artean %23 baino ez dira, Science aldizkariaren arabera.
Beherakada joan den mendeko 80ko hamarkadatik aurrera areagotu egin da eta eman diren arrazoien artean hauexek aipatuko ditugu: ingurumen naturalak desagertu izana, poluzioa, klima aldaketak eta gaixotasunak. Gainera, kontuan hartu behar da espezietatik %43an populazioa jaisten ari dela, beraz, epe laburrean espezie gehiago egon daitezke desagertzeko arriskuan.
Estatu batetik bestera datuak asko aldatzen dira baina une honetan egoera txarrenean daudenak Kolonbia eta Haiti dira. Lehenengoan espezien %60 inguru arriskuan daude eta bigarrenean %92.
Etxean soinu onena
Garatu berri den teknologia baten arabera, audio/bideo sistema bateko entzule denek audio kalitaterik onena jaso dezakete, edozein eserlekutatik. Teknologia hau interesgarria da, batez ere etxean zinema dutenentzat, zeren eta horrela, gehienez zortzi pertsonak soinurik onena jaso dezakete. Sistemak "logika difusoa" delakoa erabiltzen du bere baitan eta horri esker soinu-datuei arauak ezarri eta prozesatzaile bati aginduak ematen dizkio informazioa lehenesteko garaian.
Etxeeko zinema ekipoa tamaina ertaineko gelan kokatuta baldin badago, soinurik onena erdiko entzuleak entzuten du eta gainerako entzuleek, eszena bateko efektu bereziak, adibidez, hainbat intentsitatetan entzuten dituzte eta beraz, eszenaren intentsitatea txikitu egiten da.
Gizakiak duen entzuteko erari buruz urte luzeetan ikerketak burutu ondoren, audioko ingeniariek software berria instalatu dute anplifikagailuetan eta horren bidez gelan dagoen akustika, bozgorailuen kokalekua eta beste hainbat datu automatikoki detektatzen dituzte, beti ere zortzi puntu erreferentziatzat hartuz. Sistema MultiEQ deitzen da eta Audyssey Laboratories, Inc-eko Chris Kyriakakis zuzendutako lantaldeak garatu du. MultiEQ-k entzun nahi den lekuan jarritako mikrofonoak igorritako informazioa lantzen du eta ondoren kalibratu egiten da proba-tonu bat igorriz. Entzuleak entzun nahi den leku guztietatik errepikatuko du prozesua, adibidez, sofaren hiru eserlekuetatik.
Laburbilduz, entzuketa normalean, posizio bakoitzak soinu-espektro desberdina jasotzen du; honek kalibrazioa eragingo du posizio bakoitzaren bereizgarrien arabera eta azkenik soinu-emisio pertsonalizatuak egingo ditu. Sistema hau beste alor batzuetan ere erabili nahi da, adibidez, orkestratik kilometro askora dauden musikariek aukera izango dute orkestrarekin batera ariko balira bezala entzuteko.