Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-08 16:30:26
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2004-10-31 -- 1964.zenb

Nagore Irazustabarrena

Picasso ezkutua erakusketa margolari andaluziarraren bi obratan oinarritzen da: Rue de Montmartre, Pariseko kale horretako eszena agertzen duena, eta Le Moulin de la Galette, izen bereko kabaretaren irudia. Biak 1900ean pintatu zituen, Erakusketa Unibertsalaren aitzakian Picassok Parisera egin zuen lehen bisitaldian. Baina hirugarren lan bat da erakusketaren protagonista: Rue de Montmartre koadroari kontserbatzaileek eginiko radiografia. Koadroaren azpian beste irudi bat ageri da, kabaret bateko eszena, Le Moulin de la Galetten oso antzekoa. Guggenheimeko erakusketan, kontserbatzaileen lanaren emaitzaz gain, prozesu osoa dago ikusgai, analisi zientifikoak azaltzen dira eta dokumentazio ugariz dago osatua ūmarrazkiak, argazkiak, eskutitzak...ū. Erakusketak, beraz, Picasso ezkutuaz gain, gehienetan ezkutuan geratzen den museotako kontserbatzaileen lana erakusten du.

Picassoren paleta X izpietan

Lane Levyk Rue de Montmartre lana 1950ean dohaintzan eman zion San Frantziskoko Arte Modernoko Museoari. 1958an pinturaren behaketa zehatza egin eta azpian beste konposizio baten arrastoak hauteman zituzten. Baina 1997an Ann Hoenigswald Washington National Galleryko kontserbatzailearen eskuetatik pasa arte, ez zen hori egiaztatu. Hark ikusi zuen garbi kabareteko eszena bat zegoela atzean, Le Moulin de la Galetten oso antzekoa. San Frantziskoko museoko kontserbatzaile buru William Shankek hartu zuen ikerketaren ardura. X izpien bidez, Picassoren benetako koloreak erabiliz irudia berregitea lortu zuen. Irudi digitalen bidezko teknologia erabiliz, gainazaleko krakeladuratik ikusten ziren koloreak zuri-beltzeko erradiografia batera transferitu zituen. Ondoren, pazientziaz eta arretaz, egilearen kolore konposizioa berregin zuen.

Baina, artelan bat berreskuratzeaz haratago, kontserbatzaileen lanak margolariaren lan egiteko prozesua uzten du agerian. Ann Hoenigswalden hitzetan, «Picassok bere koadroen gainean pintatzen duenean, agerian jartzen du bere koadroak ez daudela inoiz amaituta». Bere hasierako ideia etengabe aldatzen zuen pintoreak eta hori, kontserbatzailearen ustez, «bere maisutasunaren erakusgarri da».

XX. mende hasierako Pariseko gauak

Carles Casagemas artista kataluniarrarekin batera lehen aldiz Parisera iritsi zenean, bertako kabaretekin liluratuta geratu zen 19 urteko Picasso gaztea. Rue de Montmartre salbu, egonaldi oparo hartako koadro guztiek Pariseko gaua dute oinarri. Erakusketan, Picassok kabaretetan jasotzen zituen zertzeladak eta garai hartako eskutitzak bildu dituzte. Sexu, alkohol eta prostituzio gauen testigantza jaso dezake, modu horretan, bisitariak.

Baina heriotzak ere izan zuen bere tokia XX. mende hasierako Paris hartan. Picassoren bidaide Carles Casagemasek, 1901eko otsaileko egun batean, bere lagunak bazkari oparo batera gonbidatu zituen. Han zen Germaine ere, Casagemas maitemindu zuen neska gaztea. Ederki jan eta edan ondoren, pistola atera zuen artistak eta Germaineri tiro egiten saiatu zen. Ez zuen bere lehen helburua lortu. Bigarrena bai, ordea: bere buruari tiro egin eta hortxe hil zen Casagemas. Gertakari horren arrastoak, berriki, Guggenheimetik 100 kilometrora topatu dira ustez, Donostiako galeria batean.

Picasso ezkutua Bilbon. Eta Donostian?

Joan den uztailaren 20an Donostiako Articuario galeriak Picassoren ustezko bi lan jarri zituen salgai: gaztetako ustezko autorretratu bat eta kafetegi batean dagoen emakume baten marrazkia kartoian, biak 1901. urtean eginak. Hurrenez hurren, 50 eta 0,5 milioi euroko prezioa jarri die Juan Castresana galeristak. Castresanak badaki inork ez duela horrelakorik ordainduko, baina beste helburu bat du: Picassoren familiaren erreakzioaren zain dago, haiek lanok Picassorenak ote diren baieztatu edo ezeztatu zain. Bitartean, azken lau urtetan Castresanak hainbat ikerketa enkargatu ditu artelanak egiazkoak direla frogatzeko.

Kartoian eginiko marrazkiak Pablo Ruiz Picasso sinadura darama, Malagako margolariak gaztetan erabilitako sinadura. Rafael Martin Ramos perito kaligrafikoak aztertu du firma eta ondorio garbia atera du: «Egiazko sinadurek eta aztertutakoak izaera grafiko bera dute». Horrez gain, Bartzelonako Pica-sso museoaren baimenarekin analisi kimiko konparatiboa egin dute, Picassoren egiazko lan bat eta bere ustezko autorretratuarekin. Enrique Parra Kimikako doktoreak lortutako emaitzak argiak dira: bi koadroak paleta beretik irten ziren, mihisearen prestaketa, lan metodoa eta koloreen nahasketa konplexua berdinak direlako. Azkenik, egunotan Guggenheimen erakusten den prozesua ere enkargatu zuen Castresanak. Autorretratuari erradiografiak egin eta, azaleko irudiaren atzean, beste lau pintura agertu dira. Horietako batean Carles Casagemasen gorpuaren irudia ageri da, Parisen bere buruaz beste egin zuen lagun minarena. 1904ean, La vida garai urdineko lan ezagunean, Picassok Casagemasen erretratua egin zuen eta Castresanaren esanetan, erradiografiak deskubritutako irudian «Casagemasen aurpegiaren ezaugarriak erraz antzematen dira».

Bi lanok Donostiako banku bateko segurtasun kutxa batean daude gorderik, Picasso sendiaren baiezkoaren ūedo ezezkoarenū zain, ezkutuan.

Hasier Etxeberria / David De Jorge

Osagaiak:


l800 gramo potxa zuri, aletuak
lomate heldu bat
lPiper berde bat
Tipulin bat, bitan egina
2 koilarakada handi oliba olio birjina estra
Ura
Gatza

Ongi garbitu ondoren, eltzean ipiniko ditugu potxak. Ur hotzez estaliko ditugu ondoren, bi hatz gainetik. Olio gordina erantsiko dugu ondoren eta haren ondoan gatza, ximiko bat, tipulina bitan egina, piper berde garbia eta hazirik gabea eta tomatea, osoak biak ere. Estali eta su eztitan jarriko dugu eltzea.
Garrantzitsua da borborka hasi arteraino gutxienez 25 minutu igaro izatea; halatan, irakinaldia hasi eta ezti-ezti eutsi ahal izango zaio berotasun horri beste 25/35 minutuan.
Azalean eratuko diren aparrak eta lohiak kenduko ditugu aldiro-aldiro bitsadera batez. Garrantzitsua da irakinaldian gorabeherarik ez izatea aleak ezti eta berdin egos daitezen, lehertu eta larrutu egin ez daitezen.
Denbora-tarte horren ondoan, barazkiak ūtipulina, piperra eta tomateaū eltzetik atera eta irabiagailuaren ontzian irauliko ditugu, egosariko salda apur batekin. Indar gorenean eragingo diogu irabiagailuari. Iragazkitik pasatuta erantsiko diogu salda hori dagoeneko egosirik dauzkagun potxei. Su eztitan edukiko dugu guztia beste 15 minutuan, itxuraz lodi dadin. Gatza neurtu eta zerbitzatu.

Pilar Iparragirre

Noiz ekin zenion poemak idazteari?
Egunerokotasunak eta egungo gizarteak eta bizimoduak ito egiten naute. Injinerutza ikasten ari naiz, eta horretan hasi nintzenean, bada, hainbeste zenbaki, formula eta ordenagailu kontuekin nekatu bezala sentiturik, denbora librean bestelako gauzak egiten hasi nintzen, batik bat irakurtzen eta idazten. Barruko urduritasunak edo kezkak apaltzeko idatzi nituen nire lehenengo poemak, eta gero lagunei-eta erakusten nizkien. Halako batean Jose Luis Otamendiri erakutsi nizkion, eta nire sorpresarako idazten jarraitzera gonbidatu ninduen. Horrela sortu zen Birika zatiak. Urtebete eman dut poema horiek idazten.

Zer aurkituko du irakurleak zure lehen liburu honetan?
Guztira berrogeita hamasei poema, batzuk laburregiak eta beste batzuk oso laburrak. Banaka-banaka egin nituen poema horiek, era independientean, liburua itxuratzerakoan progresio baten arabera ordenatu eta antolatu baditut ere.

Horregatik agertzen al dira bost ataletan banaturik?
Bai. Gai aldetik ez dut uste berrikuntzarik dakardanik., beti ibili izan diren gaiak eta gogoetak daude liburuan. Maitasuna izan liteke gai nagusia ūmaitasuna edo elkarren ondora bildu beharraū, eta, horrekin batera, bakardadea. Betiko maitasun idiliko horretatik aldentzen eta gauzak neuk bizitzen ditudan eran ematen ahalegindu naiz. Horregatik, maitasunarekin lotuta distantzia agertzen da ūnola askotan elkarren beharra baldin badugu ere, hainbat arrazoirengatik ezin hurbil gaitezkeenū eta horien guztien gainean, denbora eta heriotza.

Pilar Iparragirre

Ipuin izugarriak
Batzuen artean
Elkar
175 orrialde
12,30 euro

Zazpi idazleren kontakizunak

Zazpi euskal idazleren ipuin zirraragarriak bildu ditu Xabier Mendiguren Elizegik Ipuin izugarriak liburuan, joan den hamarkadan kaleratu ziren istorio onenetakoen antologia delakoaren uste osoan. Literatur lehiaketa ezberdinetan sarituak izan ziren gehientsuenak ūhala nola Begońa Bilbaoren Isuritako ura ez da batzen, Zorion Zamakolaren Ez dut biharko egunik ikusiko, Jesus Mari Olaizola Txilikuren Etxerako bidea, Luis Fernandezen Kontaktua edota Ana Moralesen Adibidezū. Legenda urbanoak gai dituen Julen Gabiriaren FOAF tale ez da orain arte sekula argitaratua izan. Bai ordea Harkaitz Canoren Briko-higuina: egizu etxean konplikaziorik gabe Napartheid aldizkariak feismoari eskainitako alean agertu zen.

Gipuzkoa y el poder real en la Alta Edad Moderna
Susana Truchuelo Garcķa
Gipuzkoako Foru Aldundia
716 orrialde

Gipuzkoak Goi Moderno Aroan izan zituen eskumenak

Gipuzkoak entitate politiko gisa Goi Moderno Aroan izan zuen bilakaera aztertu du Susana Truchuelo Garcķak Gipuzkoa y el poder real en la Alta Edad Moderna izenburua duen bere doktorego tesian. Aipatu garaian Gaztelako Koroaren barnean probintzia honek zerga, armada eta merkataritza arloetan eskubide besterenganaezinak lortu zituela azaltzen du Susana Truchuelok ikerlan honetan, Gipuzkoako eta beste hainbat lekutako artxiboetan gordeta dauden iturri dokumentalen azterketa sakona egin ondoren. Erakundeen arteko aginte harremanen ikuspegitik, berriz, ikerlanak erakusten du errege jurisdikzioaren eta probintziarenaren arteko tentsio aldietan ere, negoziazioaren bidez moldatzen jarraitu zutela bi aldeek.

Tlapalerķa
Elena Poniatowska
Txalaparta
127 orrialde 12,50 euro


Gizakion bizitzaren bilbea

Parisen jaio baina kazetari, irakasle eta zinegile gisa duen bizimodu profesionala Mexikon burututakoa dugu Elena Poniatowska, idazle bezala ere makina bat lan kaleratu dituen emakumea. Zortzi narrazio laburren bilduma den Tlapalerķa Txalaparta argitaletxearekin plazaratzen duen hirugarren liburua da. Egoera bakoitzak behar duen hizkera maisuki jasoz , kontatzen dizkigu bertan Mexikoko kaletan bizitzera derrigorturik dagoen neskato baten gorabeherak, neskame eta jabeen arteko borroka isilak, alkatxofa baten bihotza gordetzeko beharrezkoak diren hostoen benetako zeregina, urteak nola joaten zaizkion etsiturik ikusten dagoen agure baten azken amodioa, zakurrak gizakiak baino askoz gehiago maitatzen jakin zuen emakumearen bizitza eta beste.

Testu bidezko syllabus- diseinua
Susan Feez
HABE
195 orrialde
9,27 euro

Hizkuntzak hobeto ikasteko

Ana Isabel Moralesek euskaratu duen Testu bidezko syllabus-diseinua lana Susan Fezzek Helen Joyceren laguntzarekin egina da eta, berez, Australiako testuinguruan dago kokatua, eta ingeleseraren irakaskuntza du erreferentzia. Baina azalpen gehienak edozein hizkuntzaren irakaskuntzari aplika dakizkiokeenez, HABEk plazaratutako bertsioan adibide asko egokitu egin dituzte euskararako eta euskal gizarterako. Aspaldi hasi ziren ingelesaren irakaskuntzan diskurtsoari lotutako trebetasunak arretagune bihurtuz, eta hain zuzen ere Testu bidezko syllabus-diseinua irakasleek testu osoak irakatsi beharrari eman zaion erantzuna da, ahozko testuen eta testu idatzien egitura eta ezaugarri gramatikalak modu esplizituan irakatsiz, eta euren testuinguru sozial eta kulturalekin lotuz.

Laneko osasunaren desafioak
Lucķa Artazcoz Lazcano
Manu Robles-Arangiz Institutua
40 orrialde

Laneko osasun politiken desafioak

Bartzelonako osasun publikoaren Lan eta Inguruneko Osasun Zerbitzuko arduradun nagusia den Lucķa Artazcoz Lazcanok egindako lan honen izenburu zehatza Laneko osasunaren desafioak gizartearen eta lan merkatuaren aldaketak direla eta da. Ikuspegi transbertsalarekin garatu du egileak, emakume eta gizonen osasunean eragina duten faktoreak sakonean aztertu nahi izanez gero beharrezkoa delako horrela aztertzea, emakume asko gaizki ordainduta eta prekarioak diren lan motetan ari direlako, eta horrez gain beraiena izaten da etxeko lanen ardura ia guztia, eta bistan da, horrek beren lan baldintzetan eta lan arriskuetan ondorioak izaten ditu.

Bi otso zuri
Antonio Ventura, Teresa Novoa
Ibaizabal
32 or./ 11,50 euro

Lau urtetik aurrerako neska-mutikoentzat

Juan Kruz Igerabidek euskaratu duen otso zurien gaineko istorio eder hau Antonio Venturak sortu eta Teresa Novoak marraztua izan da, negu gorrian nolakoak diren haran eta mendiak lau urtetik aurreragoko haurrek ikas dezaten. Lozorroan dago ingurune guztia, errekak izozturik daude eta dena da zuri han, baita zortzi pausoren arrastoak elur gainean uzten ari diren bi otsoak ere. Bat-batean, otseme zauritu baten uhuria entzuten da urrutian, eta hari laguntzera abiatzen dira beste otso biak.

Birika zatiak
Xabi Borda
Susa
86 orrialde 10 euro

Xabi Bordaren lehen olerki emaitza

1981ean Azpeitian sortutakoa dugu Xabi Borda, Susa argitaletxearen bidez Birika zatiak, bere lehen olerki emaitza plazaratu duen gaztea. Bost ataletan banatuta dago liburua: Goizaldeko hozkirria biriketan, Basamortu arrastoak zainetan, Esku bete negu, Haize apur bat aurpegira eta Udaberria hankapean. dira atal horiek, eta guztietan bere ikuspegi pertsonalarekin agertzen zaigu Xabi Borda, gauzak berak bizi izan dituen eran azalduz. Bi klabe erabili ditu liburu hau osatzerakoan. Batetik, nitasun fisiko bat agertzen du, harriz, burniz, porlanez, asfaltoz eta abarrez osatuta dagoen mundu materialaren aurrez aurre jarrita. Hor ez dago nitasun espiritualik. «Ni» eta «zu» horiek begiak, zainak, hezurrak dituzte, horiek gabe ez dagoelako ez ni, ez zu. Horiek dira liburuan min daudenak, erasanda. Gero bigarren klabea agertzen da, nitasun indibiduala. Talde txikietan ibiltzen ahalegindu da olerkaria, ni eta zu-ren artean ia-ia, kolektibotasuna saihestuz, nahiz eta jakin ni eta zu horiek ere kolektibotasun baten parte direla, baina kolektibotasun hori gehiago da jazartzen zaien mundu horren parte eta ito egiten ditu baita ere.

Mayi Tolosa


Ehunka koro dira Euskal Herrian mota ezberdinetakoak. Milaka ahots koru horietan kantari. Heltzen al dira baina, euren doinuak nahi adina belarritara? Badirudi Hego Euskal Herrian behintzat, musika korala ez dela sasoirik onenean. Koruak egon badira, baina apurka jendea galtzen ari dira. Krisiaz hitz egiten dute. Arrazoiak hainbat izan daitezke eta koru bakoitzak bereak ditu. Amateurrak izanagatik, norberaren konpromisoak eta koruko jarduera uztartzea zaila izaten da batzuentzat. Beste batzuek dirua falta izaten dute. Arazo horiek orain arte ere nozitzen zituzten, baina orain jendearen falta gehitu zaie, batez ere gizonezkoena.

Heziketa, oinarri sendoa

Garai batean, Elizak indar handia zuen gizartean eta koruak ere Elizari oso lotuak ziren. Apaizak edo maisu-maistrak izaten ziren haurrei kantuan irakasteko ardura hartzen zutenak. Hala, ahotsik onenak hautatu, neskatoenak zein mutikoenak, eta erdi derrigortuta, baina askok parte hartzen zuen parrokiko koruan. Batzuentzat trago txar bat baino izan ez zena, besterentzat bizi osorako karrera baten hasiera izango zen.

Egun, haurrak dira, euren gogoz edo gurasoen eskutik, korura jotzen dutenak. Haur abesbatzak izaten dira helduen koruen harrobia, eta beraz, gero eta gehiago zaintzen dituzte. Haurrekin lanean aritzen direnak, musika prestakuntza berezitua duten pertsonak izaten dira orain. Gasteizko Crescendo musika elkartean esaterako, proiektu pedagogiko berezi bat dute eta bertan, kantu koralaz gain, ahots teknika, musika lengoaia, dantza garaikidea eta afrikarra eta pianoa ere ikasten dituzte haurrek, formazio osoagoa izan dezaten. Elkarte honetan, abesbatza bat baino gehiagok parte hartzen du, baina Luis Dorao Unamuno da ezagunena.

Abesbatza honek bidaia eta elkartruke asko egin du kanpoko koruekin eta baita hainbat sari irabazi ere. Inma Arroyok, abesbatza honetako zuzendariak, Europako iparralde eta ekialdeko herrietan adibidez, tradizio koral handia dutenez, eskola bakoitzak bere korua duela eta kalitate handikoak direla kontatu digu. Hala ere, Arroyoren ustez, badira hemen, bospasei haur abesbatza, haien inbidiatan egon beharrik ez dutenak. Are gehiago, koru horiek, helduen koruak bezain onak izan daitezkeela dio.

Maila horretara heltzeak lan handia eskatzen du noski, bai haurren aldetik, baina baita zuzendarien aldetik ere. Arroyok, haurrei gauza erakargarriak eskaini behar zaizkiela irizten dio, egun duten eskaintza zabal horretan, kantua aukera dezaten. Luis Dorao Unamunokoen errepertorioan adibidez, musika garaikidea, folklorea, jazz eta pop musika nahasten dira. Gaurkotasun handiko errepertorio horrekin, haurrak gustura aritzea eta era berean publikoarekin errazago konektatzea, lortu nahi dute.

Ahotsa aldatzen denean

Haurrak haur diren artean, erraza izaten da haiekin lan egitea. Kozkortzen direnean heltzen dira benetako arazoak. Entusiasmoa galtzen du batek baino gehiagok eta beste batzuentzat, gorputzak izaten dituen aldaketa fisikoak izaten dira arazo.

Nerabezaroa heltzen denean, gorputz osoan gertatzen den hormona aldaketaren ondorioz laringea eta ahots kordak handitu egiten dira eta beraz, ahotsa aldatu egiten da. Oso tarte delikatua izaten da hau kantarientzat. Neskatoen artean ez da oso nabaria izaten, baina mutikoen artean arazo larria bihur daiteke. "Berriro ere ikasi behar dute nola abestu, haurrek oso instintiboki egiten baitute kantuan, baina gero teknika bat landu behar izaten dugu, ahots berri horrekin ohitzeko. Arnasa, diafragma, ahoaą erabiltzen irakasten diet", azaldu digu Gotzon Arrizabalaga, Donostiako Orfeoian ahotsen hautaketa egiteko ardura duenak.

Tarte horretan ez dute taldean parte hartzen eta batzuentzat nahiko traumatikoa izaten da, nahiz eta kasurik gehienetan, teknika berrikasitakoan arazorik gabe aurrera jarraitzen duten. Urtero, gutxi gorabehera, 12 pertsona berri sartu ohi dira Orfeoiaren talde handian. Urte osoan zehar egiten dituzte frogak eta irizpide jakin batzuk jarraitzen dituzten arren, nahi duena aurkez daiteke, nahiz eta musika edo solfeo ezagupen handirik ez izan. "Ahotsen musikaltasuna bilatzen dut, gozoa eta aldagarria izatea, ębelarri ona izateaĘ, esaten dena. Gazteak nahiago ditugu, baina 40 urte dituen bat badator eta oso ahots ona badu, noski, onartzen dugu", dio Arrizabalagak.

Mutilek futbola nahiago

Une honetan, talde asko ari da ahots berrien bila. Bietarik behar dute, baina mutilen falta da batik bat sumatzen dutena. Orokorrean, kultur jarduera guztietan gertatzen ari den zerbait da. "Mutikoek orain beste hamaika gauza egitea nahiago dute. Futbola eta korua aukeran ematen badiezu, futbolera joko dute. Neskek ordea, beste ardura batzuk dituzte, ausartagoak dira horrelakoetan parte hartzeko eta errazago konprometitzen dira gainera", dio Joxe Mari Aierdi, Euskal Abesbatzen Elkarteko idazkari nagusiak.

Koru askotako arduradunak beldur dira, etorkizunean, soilik emakumeen ahotsez osatutako koruak bakarrik izango ote ditugun. Aierdik erakundeek inplikazio handiagoa izan behar luketeela uste du eta haurrek, eskolan, musika heziketa hobea behar luketela: "Haurrek abesten ez, behar bezala hitz egiten ere ez dute ikasten. Horregatik, gero eta haur gehiago bidaltzen dute logopedarengana, ahots kordetan arazoak dituztela-eta".

Bestalde, Euskal Abesbatzen Elkarteko idazkari nagusia kezkatuta dago, Euskal Herrian oraindik abesbatza profesionalik ez dugulako: "Ez da normala. Gaitasun handia duten abeslari askok kanpora jo behar izan dute, hemen bizibiderik ez dutelako aurkitu. Nik uste dut Euskal Herrian behar dugula eta badagoela nahikoa abeslari eta zuzendari on, horrelako bat osatzeko".

Beste batzuen iritziz ez dago koru profesional baten beharrik. Jose Luis Ormazabalek esaterako, Durangoko Doinu Zahar abesbatzako zuzendariak, Donostiako Orfeoiak beharrezkoa den ispilu efektua egiteko paper hori sobera betetzen duela uste du eta Espainian RNEk duen abesbatza baino eredugarriagoa dela. Abesbatza profesionala egingo balitz, amateurren grina ez lukeela izango baieztatzerakoan bat datoz zuzendari asko.

Ilusioz beterik

Ormazabalek zuzentzen duen korua, Doinu Zahar, entusiasmo horren adibide argia da. 20 urte egin ditu taldeak eta hasieran ziren gehienek jarraitu egiten dute oraindik. Hasieran konpromiso handirik ez zuen gazte talde bat zen baina, adinak, lana eta familia eman dizkie: "Taldean bikoteak sortu ziren. Orain, ezkondu eta haurrak izan dituzte. Horietako bat, koruko partaide gazteena da hain zuzen. Gurekin hazi da, koruan", dio.

Bakoitzaren eginkizun eta konpromisoekin betetzen saiatzen dira. Entseguak asteburuetan egiten dituzte eta haurrak zaintzeko pertsona batzuk ere badituzte. Hartara, gurasoek entseguak egiten dituzten bitartean; eurek antzerkia, plastika eta musika egiten dute. Kurtsoaren amaieran gurasoentzat emanaldia egiten dute.

Bidaiak egiteko ere aurretik ongi adostuta egiten dute. 14 partaide baino ez dira koru honetan. Beraz, ia inork ezin du huts egin kontzertu batean, ahotsen jokoa hauts ez dadin. Horregatik aldez aurretik prestatzen dituzte bidaiak. Laster egun batzuk egingo dituzte Santanderren eta dagoeneko uda aurretik antolatu zuten bidaia.

Donostiako Ereski abesbatzaren kasua ere antzekoa da, baina bertako partaideek kontatu digutenez, ez dute arazo handirik izaten horrelakoak antolatzeko. Gustura egiten duten zerbait da eta jai egun batzuk nolabait sakrifikatzeaz gain, ez zaie axola euren poltsikotik dirua jarri behar badute ere. "Diru laguntzak oso murritzak dira, baina ez da abesbatzekin bakarrik gertatzen den zerbait, arazoa orokorragoa da. Frantzian adibidez, arte ekoizpena babesteko funtsa dute, Suedian eta Norvegian diren neurriak ere eraginkorrak dira oso. Hemen ez. Ikusi behar Jaurlaritzak aurkeztu duen Kulturaren Euskal Planak zer dakarren", azaldu digu Migel Zeberio, koruko zuzendariak.

Zeberioren ustez garai txarrak dira oraingoak artearentzat, orokorrean. Ez da erraz artea bizimodu eta ogibide izatea. Abesbatzen kasuan, etorkizunari begira, jarrera aldatu behar dela dio: "Arazoa gurea da, ez dugu kanpoan bilatu behar. Publikoari eskatzen duena eman behar diogu eta ez purua eta tradizionala dena. Ausardiaz, berritzea eta moldatzea da etorkizunari eusteko modu bakarra, ez dago besterik".

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan