Ander Lipus
Azken hilabeteotan gure mundu honetako zenbait bazterretan teatroa egiten eta ikertzen ibili ondoren, nire bizipenak zurekin partekatuko ditut. Ados?
Auszwitch-eko errauts eta garrasiak oraindik Krakoviaraino iritsi arren, hor doa hala ere gure euroa eta gure Europa handikeri eta indarkeriaren bidean harro. Konplize dira ere ûedota izakiaren historian izandakoak diraû, Kairoko piramide gezurtiak, Malabar Hilleko putreen begiradak Bombayn, Chicagoko edifizio erraldoiak, Mexiko Berriko kasino zelatariak. Zera dute amankomunean: Beldurraren, Boterearen eta Inperio izatearen nahia.
Munduan zehar honelakoekin aurkitu naizenean ez naiz eroso sentitu. Nahiago izan dut bide xumeagoak aurkitu. Beste konplizitate batzuk partekatu.
Chicagon bizi den H. Godinez antzerki zuzendari kubatarrak, aspaldi utzi zuen bere amona Kuban edo Euskal Herrian; Bilbok eta Chicagok F. Ghery-ren hilerri gris eta triste bi partekatzen dituzte, eta entzunda daukat, era txiki eta politago batean, pertsona batzuk maitasuna ere partekatu izan dutela; titere eta titiritero nomadak haurrekin batera borrokatzen dira sistemaren aurka; J. Potocki-ren eskuizkribua Kodumburaino iritsi omen zen, eta Heriotzaren Antzerkian gobernatzaile eta hiltzaile guztien kasuak artxibatu dituzte; F. Kafka-ren azken hitzak hauek izan omen ziren: Madril Euskal Herria da. Harrezkero, perretxikoak desertuan bezala ateratzen dira patioetara zenbait faxista, ignorante eta hiru-lau jilgero errugabe. Nik, nire maitalea bahitzeko aprobetxatu nuen gatazka prozesu hura. Orain, Kafkari esker, nire ametsean dago ene maitalea; ontzi piratan, itsaso eta ibaiak zeharkatzeko aukera izan dugu. Ibaizabal. Nilo. Mitxigan lakua. Arabiako itsasoa. Eta oroitzen zara Kiwa, Rio Grande ibaiaren inguruan soka-tiran jolasten zebiltzan haurren barreekin? Zuniak. Apatxeak. Isletakoak. Navajoak. Ogia ematen ziguten baina hizkuntza ezkutatzen. Eta ez zekiten zu Kiwa zinela. Baina bazekiten ni ez nintzela Kimo, ni ez nintzela lehoia; eta ene amak bordatutako txapela oparitu genien; Mohamed Shinagüi musikariak ere, bere simsimeia nire lagunari oparitu dio, berak beste bat egingo duela esanez. Shokran! Alaia da bere irribarrea. Eta bertso bat oparitzen diot. Zortziko nagusian; barruko gauzak ez dira azaltzen, trasmititu eta partekatu egiten dira: Yado hasta tado dristi, Yado dristi tado maná, Yado maná tado bhava, Yado bhava tado rhasa; «eskua duzun lekuan han duzu begirada, begirada duzun lekuan han duzu sentimendua, sentimendua duzun lekuan han duzu emozioa, emozioa duzun lekuan han duzu adierazpena», Natyashastraren hitzak kantatzen dizkit Kalamandalam Haridasan kathakali antzerki-dantzako guruak; itzalak uxatzen trebea da nire maisua; eta gainera, euskaraz bezala berdin-berdin, aitxa, ama, aitxitxe, amuma errepikatzen dio nire amari malayalam hizkuntzan; denbora asko pasa dugu elkarrekin, eta lagun handiak izateaz aparte poliglotak ere bagara, berak euskal ingelesa daki eta nik ingeles indioa; Aryunaren tenplu txikiaren aurrean dagoen zuhaitzak ederki abesten du, eta gure herriak haritz zaharrari kantatzen dio. Ordu asko sartu nituen txikitan Ezpata dantza, Xemeingo dantza eta abarrak ikasten, baina hala ere, maisuak ez ninduen sekula biluztu, ez ukitu, ezta gerripeko soil batekin dantzan jarri, Indiako Kalaripayattuan bezala. Patetikoa naizela eta patetikoak garela onartzea ez da erraza. Maskara gabe, biluzik ibiltzea bezala. Ez da erraza, ez. Ba ote dakigu zer den gurea, eta zer denona? Indian daude gure sustraiak, edota Afrikako Makarin, edo Cintruénigon; Sustraia ezkutuan, barru-barruan gordeta daukagu, baina lorea erakutsi beharra dago. Adierazten dena lorea da. Beti, beti da lorea adierazi beharrekoa. Eta Beldurrek, Botereek, Errealitatearen Inperioek ez dituzte aintzakotzat hartzen eurenak ez diren lorategiak. Lorategi guztiak kontrolatu nahi dituzte. Eta nik ez ditut lorategi ezta lore berdinak inoiz eta inon ikusi nahi; Eta Kairo-ko Al-Jayal al-Shaabi antzerki taldekoak triste daude ezin dutelako kalean antzerkirik egin. Debekatua omen dago; baina, Hildakoen Hirian, hilobien isiltasunaren gainetik, Alaren omenez, estasiaren oihu hedonistak entzuten dira. Gure jota, solte eta irrintzien antzera, dantza erlijioso horiekin, edozein bazter profanatzeko gai sentitzen dira. Mozkorrak, eskuak, sexu usaina, gorputza, dantza, zorabiatu eta lurrera jausi arte. Hutsaren hutsune espiritualean jausi arte. Zulora. Cromlecharen espazio sakratura; Iblish da orain jainkoen Jaungoikoa. Krishna, Ala, Jesus, Iatiko... bere aingeruak bihurtu dira. Infernura kondenatuak. Akerra baino beltzago den mundu erreal honetan, gure hutsuneak betetzeko asmatu genituen jainkoak, goi eta beheko munduak, zeru ilun eta zeru argiak.
Bidaiaren itzuleran, lagunen arnasak partekatu ondoren, gure mundu hau ere, ederra dela iruditzen zait.
Eta etxean jada, periodikoa irakurtzeari ekin diot. Betiko orrialde kopuru berdinekin, betiko atal eta betiko notizi berdinekin, munduaren errealitateak patetikoa bezain latza jarraitzen du izaten. Eta ni ere sarean harrapatuta nago. Zu bezala. Guztiok bezala. Atera nahian; Memoria ahaztuta. Kontzientzia politikorik gabe. Pentsamendu kritikoa landu gabe. Ekintzak kondenatzen eta errudunak bilatzen. Existitzen ez dena eraikitzen. Iblish-en tropoen sarean harrapatuta gaude.
Bizitzan, norberak norbere arnasa aurkitu, sentitu eta partekatu behar du, inongo muga, botere eta beldurrik gabe. Zure arnasan aurkituko duzu poesia.
Juan Joxe Petrikorena
Mikelen antza hartu diote Arzaki. Baita Subijanari ere. Argiñano eta Berasategiri. Egin eta Berria ere Mikelekin bat eginda omen zeudelako itxi zituzten. Ikastolak ere Mikelekin lotu zituzten. Eta nor ez! Antza, antzaà zer dela eta, halako antzekotasuna Mikelekin?
Lagun batek dioen moduan, espainiar trantsizioa bi hitzetan laburbildu daiteke: hasi, Carrero Blancoren aurkako ekintzarekin hasi omen zen. Bukatu berriz, Maria San Gilek PPren azken kongresuan egindako adierazpenekin: "ETAk bataila politikoa irabazi du".
San Gilek gauza bat esan digu: espainiar estatuan lurraldetasunaren inguruan zabalduta dagoen eztabaida politikoan galtzen ari direla. Eta ez zaio arrazoirik falta. Ez da tontoa. Badaki zer datorren. Eta ez da posible. Aldaketarik txikiena, erreforma bat, indarrean dagoen ûgauzkanû estatu ereduaren pitzaduraren hasiera izan daiteke eta, orduan, akabo, ETA txapeldun!
Konturatu dira. Badakite. Hogeita bost urte beranduago herriaren erabakia da gakoa, herriari galdetzea da gakoa, eta ez Estatutua, ez Amejoramendua, eta proposamenak horretara datoz, ez egungo eredua indartzera, gainditzera baizik.
Zera, hogeita bost urteotako bataila politikoa galtzeko zorian ikusten dute. Eta Maria San Gilek ezin du irentsi. Ezin dute irentsi. Nola irentsiko dute, bada, trantsizioaren ereduaren porrota!
Baina errealitatea horixe da: hogeita bost urteotako zikloa amaitu da. Gainditu dugu, Espainiako Entzutegi Nazionaleko estilo liburuan idatzita dagoenez, Mikelen antza omen duten eta dugun guztioi esker!
Aukera guztiak irekita daude, berriro ere, herri honentzat. Ahots guztiak aldaketaren beharraz entzuten dira egunerokoan, egungo ereduaren inguruan kontsentsurik ez dela eta, kontsentsu berri baten premiaz. Patxi Lopez bera ere bai!
Aldaketaren premia, gainera, ez da soilik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herrialdeetan entzuten, gainerako herrialdeetan ere, lekuan lekuko berezitasunak aintzat hartuz, premia bera azpimarratzen duten datuak nagusi dira.
Eta testuinguru honetan, kontsulta edo erreferendumerako deiak gero eta ozenago defenditzen dira batzuen eta besteren ahotan.
Nork esan behar zuen duela hamar urte, Algeriakoa eta gero, Ajuria Enearen motorrak bero-bero zirenean, hemen arazo bakarra "violentos" eta "democratas" artekoa zenean, batzuen deliberoa "Espainian nahiz Frantzian eroso sentitzea" izan zeneanà egungo egoerara iritsiko ginenik!
Orduan espainiar estatuak estrategia prest zuen disidentziarekin bukatzeko. Laguntza paregabea ere bai, «etxekoen» aldetik. Baina, nola diren gauzak, hogeita bost urte eta gero, Espainia bat eta bakarraren autoak bazterra jo du eta motor politikoa kiskali zaio.
Urteotan guztiotan herri honen eraikuntzarako eta gatazkaren konponbiderako konpromisoak antolatzen, indarrak metatzen eta borrokatzen jakin dutenek eta dugunok badugu «istripu» honetan zer ikusirik. Gu guztiona da «errua» eta hori oso ondo dakite estatu espainiar zein frantziarrak. Gonzalezek. Aznarrek. Zapaterok. Chiracek.
Eta horregatik egin gaituzte Mikelen antzeko beren estilo liburuan.
Erakundeak. Pertsonak. Kultur elkarteak. Alderdi politikoak. Plataformak. Egunkariak. Irratiak. Musikariak. Abokatuak. Enpresa gizonak. Eta azkenekoz sukaldariak. Onartu nahi ez dutena, aldaketaren eta konponbidearen bila ari den herri honen bidea estaltzeko, isiltzeko, ezinezkoa egiteko.
Baina, a zer paradoxa! Maria San Gilek ûazken zortzi urteotan herri hau kiskaltzen saiatu den Aznarren kuttunaû esandako "ETAk bataila politikoa irabazi du" horretan egosten ari da, dagoeneko, herri honetako porrusalda politikoa, eta ziur gaude, gehiengoa prest dagoela herri honen etorkizun libreari begira eman beharreko urratsak sukaldatzeko.
Hogeita bost urte beranduago, konponbidea sukaldatzeko ordua heldu zaio herri honi. Horretara goaz.