Inma Errea
Haur eskola batzuetan, Loris Malaguzzi pedagogo italiarraren eredua segitzen dutenetan kasu, ispilu handi batek hartzen du ikasgeletako pareta oso bat. Ikusi nuen lehenengoan, hezitzaile batek material hauskaitzez egina zela esan zidan, eta izugarri baliagarria zela, umeekin lanean aritzeko. Harrezkeroztik, ikasgela batera sartzen nintzen orotan beti ikusten nuen ume bat edo bi, batzuetan hiru, ispiluari so.
Jolasa antzekoa zen beti. Haurra bere buruari begira ispiluan, keinuka, balantzaka, besoak altxaturik edo kukubilko paratuta. Batzuetan bikoteka egoten ziren, haien buruari beha, eta, batera, kidearen islari ere erreparaturik, elkarren arteko eragina biderkaturik edo, bi beharrean, lau zirela baitzirudien.
Haur eskola horietan, bestalde, funtsezko tresnak jotzen dituzte senideen zein ikasgelako lagunen argazkiek eta 'nire historia' izenburua daramaten liburuak. «Nire historia» delako albuma gurasoek osatzen dute etxean, familiako argazkiekin eta umeak gustuko dituen marrazki eta kontuekin. Ikasgelako ipuinetan eskatuena izan ohi da. Umeek elkarri erakusten diote, haien aitona-amonen eta lehengusuen berri ematen diete besteei. Askoz geroago ere, neska-mutilek haur eskola gibelean utzi dutenean, liburura jotzen dute, noiz edo noiz, etxean. Haurrek erakusten digute zein garrantzitsua dugun gizakiok historia pertsonala, eta zein inportante, historia hori eta gu garena besteek ezagutu eta aintzat hartzea.
Fermin Etxegoienek Neurona eta Zeurona saiakeran dioen bezala, "euskaldun ia denok gara erdaldunak". Gure inguruko erdaldun gehienak, berriz, ez dira euskaldun. Hori da gure errealitatea, gustukoa izan edo ez. Errealitate hori haur eskolako ispilura eramanda, honela irudikatzen ahal da: bi haur ispiluaren aurrean daude, eta horietako batek, euskaldunak, bere isla eta bere lagunarena ikusten ditu ispiluan, baina bere lagunak, euskaraz ez dakienak, isla bat baino ez du ikusten, berea, ez ordea, bere adiskide euskaldunarena.
Euskaldunok aspalditxo ohartu ginen literatur itzulpenen muntaz. Lehenik, literatura unibertsaleko obrak euskaratzeak gure kulturari ekarriko zion onuraz jabetu ginen, eta konturatu berriak gara gure literatur lanak beste hizkuntzetara eramatea funtsezkoa dela, bizirauteko. Euskarazko literatur lan mordoxka itzuli dira, eta gero eta gehiago itzuliko dira. Baina lan horiek liburutegi eta liburu-dendetako apaletan gelditzeko arriskuan daude, ez urruneko arasetan, baizik eta Euskal Herrikoetan beraietan. Hemen berean ispiluan beren burua baino ikusten ez duten adiskide piloa baititugu, erdaldun hutsak, haiek. Batzuek ez dute izanen inolako asmorik euskaldunon isla hautemateko, baina isla hori ikusi nahi dutenek ere ez dute horretarako aukera handirik. Erdarazko hedabideetan euskal literaturaren berri emanez gero, euskaraz ematen baitute, ia inoiz ez gaztelaniaz edo frantsesez, eta horren ondorioz ohartu gabe pasatzen dira, ez euskaraz egiten diren gauzak soilik, baizik eta horien itzulpenak ere. Zenbat erdaldun euskaltzalek daki, Nafarroan, Aingeru Epaltzaren Rock'n'Roll nobela, besteak beste, edo Jon Alonsoren Idiaren eraman handia saiakera, Paciencia de Buey hori, gaztelaniaz leitzen ahal dituztela, bi idazleak nafarrak izanda ere? Are gutxiagok jakinen dute Arantxa Urretabizkaia eta Anjel Lertxundi gipuzkoarren El cuaderno rojo eta Un final para Nora, hurrenez hurren, edo Miren Agur Meabe bizkaitarraren El código de la piel irakurgai dituztela. Doi-doi ezagutuko dituzte Bernardo Atxagaren eta Unai Elorriagaren nobelen itzulpenak. Nafarroan esan dut, baina egoera ez da hobe izanen, beste euskal herrietan. Noizko, Sautrelaren erdarazko bertsio birziklatua, ETB2an, noizko, euskal idazlanen erdarazko bertsioen gaineko iruzkinak, erdaraz, gure inguruko erdarazko komunikabideetan?
Jose Ignazio Ansorena
Gerra zibilaren inguruko urteetan, euskal dantzak abertzaletasun borrokalari eta garbizalearen agerpena ziren. Gure eredu plastikorik handiena, gure gazteriaren eskola, gure herri izaeraren ispilu gardena, gureà Urte haietan, euskal gazteak dantzari talde edo koru batetik pasa behar zuen, jatortasun seinale izateko.
Azken hamarkadetan, aldiz, pattalaldi nabarmena bizi izan dute eta ia bakarrik gureak direlako onartu edo jasan izan dira hainbatetan. Haurren alor kupidagarrian baztertu dira, oztopo egin ez dezaten.
Dantzari gazteak bilatzeko arazoak, saio gutxi, eginkizun protokolario errepikakorretarako ûezkontzak, omenaldiakàû ia beste deirik ezà Kaleko dantzari buruz, zer esanik ez. Noraezeko urte batzuk pasa ditu euskal dantzaren alorrak.
Baina euskaldunok badakigu dantzan. Historian jakin dugu. Eta balio ugari eta mardulak dituen dantza eskola sortu dugu. Azken garaietan krisian egon den arren.
* * *
Krisi honen eragileak zein diren aztertzea luze joango litzateke. Ezbairik gabe, aspalditik zetorren eredua gaurkoa ez den beste gazte euskaltzale tankera batekin lotzen zen ûmendigoizalea, bulartsuaàû. Eredu hori bera dago krisian, ia beste muturrera joan dela esan liteke.
Euskal dantzarien artean ez da sortu lidergo guztiz onartu eta bateratzailea. Euskal Dantzarien Biltzarreak ez du itzal hori lortu. Ezta alor honetan dabiltzan bestelako talde eragileek ere. Batzuetan oso lan interesgarriak egin dituzten arren.
Beste arazo sakonagoa ere bada kontu honetan. Gure egunetako antropologo edo soziologoek "pertsona publikoaren gainbehera" deitzen dutena. Bizitzaren pribatizazioa, nor bere zulotxoan gorderik bizitzea, bere arazoetan bakarrik murgildua, gure garaietako ezaugarri kaskarra da. Bizi dugun aroan kalea, gune publikoa, arrisku gisan gehiago sentitzen da, guztion agertoki zabalaren itxuran baino. Eta gure herrian, politikaren eraginez, bizi dugun erreten sozialak arazo hau, noski, areagotu egin du.
* * *
Dantza eta bereziki euskal dantza maite dugunok kezkatuta bizi izan dugu denbora latz hau. Baina, zorionez, zerbait aldatzen ari dela esango nuke. Hobera.
Inoiz ez bezalako dantzari ederrak dauzkagu. Jon Maya edo Aiert Beobide bezalako dantzariak beren onenean ikusten direnean, zirrarak goitik behera astintzen du ikuslea. Emankizunek ere maila garrantzitsua gainditu dute: 1937 Gogoaren bidezidorretatik, Jon Mayaren azken emanaldia ikusi baduzue konturatuko zineten. Jada euskal dantzaren balioa ez da aldarrikatzen beste zerbaiten aitzakian: gureak direlako, halako mito zahar baten agerpena direlakoà Alderantziz, euskal dantzak, berezkoa duten balio estetikoan oinarrituta, beste ideia artistikoen mesedetan erabiltzen dira ûgerra garaian erbesteratutako haurren dramaû eta laguntza paregabea ematen diote. Balio artistiko autonomoa du euskal dantzak. Bazen konturatzeko tenorea!
Bestetik, esandako egoeraren inguruan kezka zabaldu da eta alde askotan zerbait egin beharraz ari da jende dantzazalea hitz egiten eta han-hemenka ekitaldiak eratzen.
* * *
Garai egokia Soka dantza berriro zabal dezagun. Soka dantza modu asko daude gure herrian ûIngurutxoak, Larrain dantza, Ttun ttunak, oker deitutako Aurreskuaàû. Baina sakonean denek esanahi bera dute. Soziedade batek ongi mamitua bizitzeko, barne trabantza egokia izateko behar dituen baldintzak era plastiko, partehartzaile eta liturjikoan agertzen dituzte. Soziedade horretako pertsonek senti eta barnera ditzaten.
Atalka zehaztuta. Plaza leku publikoaren ordezkari nagusia da eta horrelakoen aldarrikapena egiten da aurreko ibilaldian. Bi muturretan sokatik tira egiten duten dantzariak ûGipuzkoa eta Bizkaian aurresku eta atzeskuaû, soziedade guztietan dauden indar kontrajarrien adibide dira. Eta beren arteko oreka beharrarena. Batera edo bestera antzezten diren zubiek, elkarrekin bizi ahal izateko, arau batzuei men egin beharraren agerpen ikusgarria osatzen dute. Sokatik kanpoko jende gehiago bertan integratu ahal izateak ere elkarbizitzarako ideia ederra gogorarazten du. Eskutik ibili beharraren sinbologia ezin garbiagoa da. Eta beste aldeko arrazoia: garai bateko Gizon dantza, Etxekoandre dantza, Neskatxa dantza, Mutil galaien dantza horiek etnologiarako utzita, gaur egun berez, era naturalean, Soka dantzak ûedo Dantza sokakû jenero bereizketarik gabe zabaldu dira herri askotan. Hasieratik gizon-emakumeak dantzan eta sartzen direnak ere berdin. Tradizioan bada berrikuntzarako tartea, borondatea dagoenean.
Euskal dantzak, krisi latza pasa ondoren, abiatu duen olatu txiki hau aprobetxatu beharko genuke Soka dantza, dituen balio sozial eta metaforikoak ondo adieraziz, berriro gure herrietako plazetan sarri agertzeko. Botika garesti asko baino eragingarriagoa izan daitekeela iruditzen zait.