Astekaria

 Luparekin 

Kalitatea, mozorro berria

Irudia

Elixabete Garmendia


1963. alea
2004-10-24
alde 0    kontra 0

Jaiotetxean lo egiten dudanean, ohe eder batean etzateko zoria izaten dut. Brokante batek gustura hartuko lukeen ohea, aberats berriren bati zahar-distira txertatzeko etxean. Laurogei urtetik gora ditu oheak, ez dauka beste akatsik. Lo gozotik esnatzean, beti gogoratzen naiz ohearen egileaz: osaba Guillermo, aitaitaren anaia ebanista. Bere ofizioan ona zela diote, eta hala erakusten dute utzi zizkigun mahai, aulki, armairu eta gainerako altzariek. Gauzak ondo egitearen eskolakoa zen, zalantzarik gabe.

Kalbinista samarra izaki, lan kontuetan gauzak ondo egitearen zentzua oso sartuta eduki du gure gizarteak. Gauzak ondo egiteak, norberagandik, gutxi-asko, zerbait behintzat jartzea eskatzen du, baita maitasuna ere. Jose Castillo sukaldariak etengabe errepikatzen zuen errezeta: kozinaketan "maitasunez" aritu behar dela. Batzuetan, garesti pagatzen da eginkizunak ondo burutu nahia; hori gertatu zitzaion, kontatzen dute, Irundik Madrilerako trenbidea egiten ari zirenean, Aizkorripeko lanak zuzendu zituen ingeniariari; tunelik luzeena zulatzen ari zirela, alde batak eta besteak ez zutela elkar topo egiten ikustean, bere buruaz beste egin zuen. Hurrengo egunean iritsi omen ziren bi aldeak bat egitera. ISO, EFQM eta horrelako ziurtagiririk gabe lan egiten zuten orduan, baina mende eta erdi geroago trenak tunel hartatik pasatzen segitzen du, amandreen sukaldea ondare kultural bihurtu da eta osaba Guillermoren oheak amets politak eragiten ditu. Orain, ez dago modan gauzak ondo egin behar direla sinestea; orain,kalitatea da hitz magikoa. Eta kalitatea partitzeko nazioarteko enpresak daude, Genevan, Bruselan eta hor nonbait dauzkaten egoitzak.

Elhuyarrek sarean daukan zientzia.net aldizkarian aurkitu ditut argibideak, Garazi Andonegik sinatutako artikuluan: "Kalitatearen kontzeptu hori berria da. Hasieran kalitatea produktuen kontrolarekin lotzen zen (...) eta produktu akastunak bezeroarengana ez iristea zen garrantzitsuena". Hori hasieran, eta hurrena: "Produktu akastunak ez egiteko eta produkzioa segurtatzeko egin beharreko urratsak definitzen ziren kalitatean. Azkenik, hirugarren pausoa eman eta erabateko kalitatearen kontzeptura iritsi gara".

Hezkuntza Sailak Lanbide Heziketako ikastetxeetan martxan jarri nahi duen SAREka kalitate-ereduaren harira dator zientzia.net-eko artikulua. Hortaz, banoa SAREkara, beti ere sarean, eta topatzen dut esplikazioa: "Kalitate-sistema azken batean, dokumentu-sistema da; gauzak nola egiten diren ezartzen duen dokumentu-multzoa". ISO-9.000 arauan oinarritutako kalitate-sistema aukeratu du Hezkuntza Sailak, eta EFQM ereduarekin ebaluatu ahal izango da.

Aipu gehiago jaso nezakeen, baina ez dut arriskuan jarri nahi honaino iritsitako irakurle kopurua. Euskaraz oso txukun adierazita baldin badago ere, diskurtsoa ez da plazer denboran irakurtzeko aproposena. Gure lantegian jasan izan dut genero horretako literatura eta masokarena eginez bakarrik irentsi ahal izan dut.

Arantxa Iturbek Berrian (Azkena, 2003-11-30) emandako definizioa errazago ulertzen da: "Eta zer da kalitatea? Zuk lan egiten duzun toki horretan, lan nola egiten duzun kontuan izan gabe edo zure lanak izan dezakeen emaitza alde batera utzita, lan nola egin beharko zenukeen dioten paper batzuk betetzea, haiek erakustea, eta beste gorbatadunen bat galdezka etortzen zaizunean zuk nola lan egiten duzun kontatu beharrean paperean zer jarri duzun kontatzea".

Ulertu ez ezik, Iturberen definizioa frogatzeko aukera izan dut, azken batean enpresa bereko prozesuaz ari baikara. Gertatzen da, adibidez, lan bilerak aipaturiko paper horietan sinadurak biltzeko hitzordu soil bihurtzen direla; edo lanean aurkitu duzun akats horren intzidentzia bete eta azkar batean jasotzea erantzuna dagokionarengandik, bestela ordenagailuak kantatu egiten baitio; akatsa? bere hartan geratzen da normalean, eta gainera justifikatuta. Zero paper sistemaren bidez egiten da bide hori, dena intranetez, era birtualean, baina Larraren "vuelva usted maņana"ko espirituaz. Burokraziarekin nahikoa ez eta teknokrazia etorri zaiola laguntzera.

Kulturaren arloan diharduen adiskide bati entzun nion aurrekoan: "Orain dena kontsultoriei enkargatzen zaie etaā -ahotsa apalduz- ez dakite ezer". Erresuminez baino gehiago etsipenez bota zuen hori. Eta ikusi nituen bat-batean "1.1.2., 1.1.3., 1.1.4.,..." ataletan ordenatutako txostenak, bigarren orria lehenengoaren kopia gehi esaldi berri bat, hirugarrena bigarrenaren kopia gehi beste esaldi batā eta horrela karpeta nahiko lodia eta batez ere hutsalaren hutsalez aspergarria osatu arte. Kalitatearen ziurtagiriak eskuratzeko hautagai lehiakorrak, seguru.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1962
 
azala1961

1963 zenbakia.
2004ko urriaren 24a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

Š 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 ˇ 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza