Jabier Agirre
Duela 30 urte, Gerra Hotza puri-purian zegoela, zientzialari errusiar batek sintesi bidez laborategian lortu zuen produktuak arrakasta itzela izan du AEBetan. Bezperako gehiegikeriak eta mozkorraldiaren ondorenak nolabait orekatu nahi dituztenek bi milioi dolarretik gora gastatu dituzte hilabete eskasean, zurrumurruek diotenez pilula horrek biharamuna edo ajea errotik kentzen baitu.
C bitamina, karbohidratoak eta aminoazidoak nahastuz sintetizatutako konposatuak azetaldehidoaren produkzioa gutxitzen du. Horrela, alkoholaren metabolizazioaren emaitza gutxitzean -eta beraz, biharamuna edo ajea arintzean-, gorputzak askoz ere lasaiago jasango ditu bezperako gehiegikeria guztiak.
Yevgeny Mayevsky kimikariak asmatutako pilula horiek urte luzetan ahaztu samartuta egon ziren, baina 2000. urtean hedatzen hasi ziren, hasieran Errusian eta 2003ko maiatzetik aurrera baita AEBetan ere, Spirit Sciences USA konpainiaren bitartez. Herrialde horretan alkohola kontsumitzen hasteko adin legala 21 urtekoa denez, RU-21 izenez bataiatu zituzten pastilla horiek, eta urtebeteko kanpaina komertzial erasokorrari esker izugarrizko salmentak izan dituzte -36 milioi dolar baino gehiagoko irabaziak, mundu osoan-.
Gauzak, dena den, ez daude hain argi. Colorado-ko Estatu Unibertsitateko droga kontuetan aditua den Pam McCraken andreak dioenez, "segurtasun-sentsazio ustela ematen diote erabiltzaileari; jendeak uste du pilula horiek hartuz gehiago edan dezakeela, ondorio kaltegarriak baztertuz. Baina ez da ahaztu behar gure gorputzak alkohol-kopuru jakin bat bakarrik jasan dezakeela".
Eztabaidak eztabaida, produktua hamabi herrialdetan dago salgai, eta urte bukaera baino lehen gure artean komertzializatuko da.
Joxerra Aizpurua
Argiaren abiadura moteltzea lortu da
Kontraesana badirudi ere, AEBetako Berkeley-n dagoen University of Californiako zientzialari-talde batek, argiaren abiadura moteltzea lortu du transmisio optikoko sareetan komunikazioak azkartzeko asmoz. Horretarako erdieroaleak erabili dituzte.
Argi-uhin batean garraiatzen den laser-pultsuen abiadura 10 kilometro segundoko jaistea lortu da. Ez da oso abiadura motela baina bai argiak berez duen abiadurarekin alderatuz, hots, 300.000 kilometro segundoko abiadurarekin.
Aurrez egindako beste ikerketa batzuetan ikusi zen, argiaren abiadura moteldu edo azkartu zitekeela lurrin atomikoa erabiliz, baina ez erdieroaleak erabiliz.
Erdieroaleak erabiltzeak ahalbidetzen du, teknologia hau hainbat zirkuitutan inplementatzea. Horrela, besteak beste 3 dimentsioko grafikoetan, eta bereizmen handiko bideokonferentzietan erabiltzerik izango da.
Zuntz optikoetan zehar higitzen diren seinale optikoak 100.000 kilometro segundoko baino abiadura handiagoan higitzen dira, bidean dauden errepide-gurutzaketetara ailegatu arte. Hemen argi-seinaleak datu elektroniko bihurtzen dira router-ak irakurri ahal izateko eta ondoren berriro argi-seinale bihurtzen dira. Argi/elektronika/argi bihurketa oso garestia da eta asko moteltzen du sarea.
Argia moteltzea lortuz gero, posible da argiaren direkzioa kontrolatuko duen teknologia garatzea eta beraz, butxadura-guneak saihesteko aukera dago.
Argiaren abiadura kontrolatzea oso urrats garrantzitsua da argian oinarritutako transmisioak hobetzeko, zeren eta orain argia bideratuko duen teknologia garatzea eta probatzea posible da.
Termitak etxeak eraikitzeko eredu
Afrikako termitek eraikitzen dituzten menditxoak lagungarri izan daitezke, eredu gisa, ingurumenarekin orekan dauden eta mantenu merkea duten eraikinak altxatzeko.
Termiten menditxoetako gelak kanpoko eta barneko baldintzen arabera autoerregulatzen dira.
Ingeniari eta entomologo-talde bat, ahalik eta zerbitzu mekaniko gutxien -adibidez, bero eta aire sistema- behar izango duten eraikinak diseinatu nahian dabil eta horretarako Namibiako hainbat termiten menditxoak eskaneatuko dituzte.
Aipatu menditxoak tunel eta aire-hodien sare korapilotsuez osaturik daude tenperatura eta hezetasuna kontrolatu ahal izateko. Gainera termitek digestioarekin zerikusia duten hainbat funtzio onddoei delegatu diete, hauei zura-zuntz xehekatua emanez eta emaitza gisa jaki elikagarria lortuz. Menditxoaren egiturak onddoak iraun ahal izateko ingurune aproposa eskaintzen du etenik gabe.
Menditxo adimentsu hauen baliokide lirateke gizakiarentzat, behar energetikoak, gestiokoak, hondakinekin zerikusirik dutenak eta abar, bere kargu hartuko luketen eraikinak. Termiten menditxoak digitalki eskaneatzeak lagun dezake inoiz lortu ez den hiru dimentsioko arkitektura ekoizten, eta menditxoaren barneko funtzionamendua hobeto ulertzen ere bai. Honek zientzialariek egin beharreko estrapolazioetan datu interesgarriak eskaini ditzake.
Dena den, oraindik teoriaz hitz egiten ari gara eta saiakera amaitu arte ezin izango dugu jakin etorkizunean praktikan zer lortu ahal izango den.