Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-17 12:24:53
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-10-24 -- 1963.zenb

Katixa Garate


Tolosa, abesbatzen bilgune

Abesbatzen doinuek Tolosako herria hartuko dute urriaren hondarrean. Aurtengoa hogeita hamaseigarren Lehiaketa da. Javier Bello-Portu konpositore tolosarraren omenez egingo den kontzertu batekin emango zaio hasiera Lehiaketari urriaren 27an. Mundu osoko taldeak hurbilduko dira Tolosara, euren piezak eskaintzera. Folklore eta polifonia sailean, hogeita zortzi koruk parte hartuko dute, musika sakratuaren sailean seik eta profanoarenean beste seik. Haur abesbatzen txanda urriaren 31n izango da; hor ere sei talde izango dira taula gainean. Azaroaren 1ean banatuko dituzte sariak.


Bizkaiko bertsolariak lehian

Abesbatzen Maiatza eta ekainean Bizkaiko Bertsolari Txapelketako eskualdetako kanporaketen lehen fasea jokatu zen. 70 bertsolarik parte hartu zuten eta haietatik hogeita zazpi sailkatu ziren bigarren faserako. Hogeita zazpi horiek eta duela bi urteko Txapelketan lehen postuak eskuratu zituzten beste hamar bertsolari ari dira bigarren fasean lehian. Fase horretako bost kanporaketetatik bi jokatu dira dagoeneko eta azkena azaroaren 7an izango da Zianurin. Lehia puri-purian da. Finalaurrekoak azaroaren 21ean, 28an eta abenduaren 5ean jokatuko dira Bermeon, Getxon eta Elorrion eta finala Bilbon abenduaren 19an.



Euskadi sariak erabakita

Sarietako hautagaiek sinatu beharreko agiriaren inguruan sortutako ika-mika gainditu ez bada ere, gauza bat argia da: aurtengo Literaturako Euskadi sariek badutela garailerik. Euskarazko Literaturako Euskadi saria Jokin Muñozek irabazi du Bizia lorekin. Gaztelaniazko literaturakoa, berriz, Eduardo Gil Berak eskuratu du Historia de las malas ideas saiakeragatik. Haur eta gazte literaturako saria Jesus Maria Olaizola Txlikuri egokitu zaio eta itzulpen arlokoa Anton Garikanok jaso du, Leo Perutz idazlearen Bederatzietatik bederatzietara (Zwischen neun und neun) euskaratzeagatik. Sariok azaroaren 23an jasoko dituzte aipatu idazleek Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Kultura Sortu eta Zabaltzeko zuzendari Jose Antonio Arbelaitzek jakinarazi duenez, azken bi urteetan sortutako polemika dela-eta, Kultura Sailak Literaturako Euskadi sarien araudia aldatzea aztertuko du.


Zinemaldi andana

Zinema aretotetako film komertzialez gogaituta dagoenak badu non aukeratu egunotan. Joan den asteburuan Bilbon egin zen Giza Eskubideen Nazioarteko Zinemaldiak asteartean Bilbon hasi zen Gidoiaren I. Euskal Asteari pasa dio lekukoa. Euskal Herriko Gidoigileen Elkarte Profesionalak hainbat gidoigile eta eta zuzendariri egin dio gonbita euren lanak aurkeztera etor daitezen: Juanma Bajo Ulloa, Richard Kwietniowski... Bilbon izango da ere bai Emakumeek Egindako Zinemaren IX. Erakusketa. Hilaren 30a arte, Teresa Villaverderen Os Mutantes, Francesca Comenciniren Mi piace lavorare nahiz Ane Muñozen El Salto de Beamon ikusi ahal izango dira, esaterako. Urriaren 29an zuzendari berrien lehen filmak saritzen dituen Opera Prima Jaialdia hasiko da eta 30ean Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XV. Astea. Azken honetan, Joxe Mari Goenagak Supertramps animazio filma estreinatuko du.


Ipupomamua ipuinaren parkea

Ipuinaren mundua eta haurrak izango ditu ardatz Asteasuko Lamiategi zelaian datorren urtean eraikitzen hasiko diren Ipupomamua ipuinaren etxeak. Gorringo antzerki taldearen ideia izan zen ipuinak, entzun, irakurri, antzeztu, azken finean haiek bizitzeko gune bat sortzea. Ondoren Benardo Atxagaren laguntza jaso zuten eta Tipula ekoiztetxeak eman dio forma proiektuari. Ume eta familiei astialdia euskaraz bizitzeko aukera eman nahi dien proiektuak Asteasuko Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du; bakoitzak 600.000 euro jarriko ditu. Arras bitxia izango da ipuina, poema , ilustrazioa eta fantasia langai izango duen eraikina, mendi muino itxura izango du eta belarrezko estalkiaren azpian antzeztokia, lantegia, jolastokiak, liburutegia... izango dira. Bi urte barru zabaltzeko asmoa dute.
Eta hala bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila herriko plazan.


Zuberoan kultura suspertzeko asmoz eratu dute Hebentik elkartea Tokia antzerki taldeak, Uztaro antzerki atelierrak, La marmite a musique ikusgarri antolatzaileak eta Ainarak mugaz gaindiko harremanak sustatzeko elkarteak. Mauleko su hiltzaileen lokal ohia hartu dute eta egitarau oparoa atondu dute datozen hilabeteetarako: antzezlanak, musika emanaldiak, erakusketak...

Euskal Herria- Catalunya I. Kultur Astea antolatu du Marrodán olerki elkarteak. Bilbon eta Loiun izango dira ekitaldi guztiak, urriaren 25etik 31ra. Kataluniako komunikabideen, hizkuntzaren, hezkuntzaren eta gizarte elkartasunaren gaineko hitzaldiak izango dira Bilboko Domine hotelean; Joseba Gotzonek kontzertua eskainiko du Kafe Antzokian eta bi herriotako gastronomiaz gozatu ahal izango da.

Moda, musika eta arte berritzaileak zertan diren ikusi ahal izango dugu egunotan Iruñea eta Donostian. Urriaren 23ra arte, hamar idazleren eta hamar moda diseinatzaileren lanak uztartuta sortutako Adosados erakusketa ikusi ahal izango da, esaterako, Iruñeko Expresa kultura garaikide jaialdian. Donostiako MID_E nazioarteko erakustaldian (urriak 21-23), bertarako propio aukeratutako artistek moda diseinu, irudi elektroniko eta DJ sorkuntza abangoardistak plazaratuko dituzte.

Koadro lapurreta. Javier Zigaren (1877-1960) Retrato de Emakume oleoa lapurtu zuten pasa den igandean Arabako Arte Eder museotik. Ertzaintza ikertzen ari da kasua.

Katixa Garate

Jesus Maria Olaizola Txilikuk honakoak adierazi zizkion Deiari: «Orokorrean hartuta, inoiz baino gehiago irakurtzen dela esango nuke nik. Badirudi irakurzaletasuna nahitanahiezkoa izan behar duela eta gai obsesibo samarra bihurtzen ari dela iruditzen zait. Irakurzaletasuna bultzatu behar da, baina ez dut uste obsesionatu egin beharko genukeenik».

Txomin Badiolak horrela zioen Euskonews&Median: «Uste dut Arte Eder ikasketak beharrezkoak direla, nahikoa ez izan arren eta txarto antolatuta egon arren. Jendearentzako topaleku izate hutsagatik eta oso noraezean datozenei artearen zenbait alderdi argitzeko balio izateagatik besterik ez bada ere, nahitaezkoak dira».

Fernando Savater Kulturaren Euskal Planaz Diario Vascon: «Nortasun komunaren defentsak apur bat harritu nau, kontuan izanik beti aipatzen dugula hain justu kulturaren aniztasun eta pluraltasuna».

Mari Jose Olaziregi Garan: «Itzulpenarena eta promozioarena agian obsesio txiki bat bihurtzen ari da. Nik uste dut idazle batek, euskaraz edo edozein hizkuntzan, lehenengo bere irakurleak irabazi behar dituela eta gauza onak idatzi».

Katixa Garate

Xalbadorren Odolaren mintzoa liburuaren hirugarren argitalpena karrikaratu dute. Deiadarra elkarte sortu berriak Xalbador Eguna antolatu du bertsolariak utzitako altxorra gordetzearren. Urepelen egingo dute azaroaren 7an eta urteroko zita bilaka dadin nahi dute.

Asun Goikoetxeak azken hamarkadan egindako artelanak ikus daitezke Nafarroako Museoan (Iruñea), azaroaren 14a arte. Lunaritas izeneko erakusketan paper heliografikoaren gainean egindako hogeita hamar koadro eta bi kaiera bildu ditu pintore iruñearrak.

Moare eta Amarauma taldeek Gau bakar bat dantza ikuskizuna estreinatuko dute Irungo Amaia antzokian, hilaren 24an. Ixiar Rozas da testuaren egilea eta laster argitaratuko du.

Iban Zalduak Itzalak liburua plazaratu du Erein argitaletxearekin. Laugarren ipuin liburua du honako hau.

Maialen Errotabehere kantari gazte baina eskarmentudunak estraineko diskoa plazaratu du: Nere mundua (Agorila).

Ortzadar Euskal Folklore Taldearen hogeita hamargarren urteurrena da aurtengoa. Hori ospatzeko, jaia egingo du larunbatean (hilak 23) Iruñean.

Garik bakarkako hirugarren lana erditu du Elkarrekin: O-tik. Jon Benito, Jon Maia, Bernando Atxaga, Kepa Murua nahiz Garik idatzitako letrak dituzte diskoan jasotako hamaika abestiek.

hemeroteka

1962. zenbakia | 2004-10-17
1961. zenbakia | 2004-10-10

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan