Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2004-10-24 -- 1963.zenb

Hasier Etxeberria / David De Jorge


Osagaiak
- 5 koilarakada oliba olio
- Baratxuri-buru bat
- 3 piper txorizero edo 5 piper lehor oso, zuztarrik gabe
- 4 piper berde
- Kilo erdia txerri haragi, gizenik gabe eta puskatan
- Oilasko izter bat, hezurra kendua eta puskatan
- Katilukada bat tomate saltsa
- Kilo erdia arroz
- 1,3 l haragi salda edo ur
- Gatza

Baratxuri-burua garbitu eta ale guztien goialdea ebakiko dugu ondoren. Paella-arroza maneatzeko padera berezian edo kazola apal batean ipiniko ditugu ondoren, olioarekin batean. Otordura arte ez ditugu baratxuriak paellatik aterako. Piper txorizeroak edo lehorrak garbitu eta paellan jarriko ditugu txigortzen, baratxurien ondoan. Eginak daudela ikusi orduko, atera eta motrailu batean utziko ditugu, geroxeago erabiltzeko.

Paella berean -bertan dirau betiere baratxuriak- erregosiko ditugu piper berdeak eta, nahi izanez gero, geure gustuko beste barazki batzuk. Puntuan edo daudenean, paellako bazter batean erreserbatuko ditugu -atera gabe- eta libre geratu zaigun aldean frijituko ditugu, su bizian, oilaskoa eta txerrikia, azala txigor dakien. Tomate saltsa erantsiko diegu txigorturiko barazki eta haragiari, eta ongi nahasiko dugu ondoren guztia.

Paella beroa dagoela gaineratuko dugu arroza eta gozatzen edukiko dugu pixka batean. Salda edo ur beroa eransten hasiko gara ondoren. Ura erabiltzen badugu, salda pastilla bat erantsiko diogu. Ongi nahasi eta gatza emango dugu ondoren.

Ongi joko ditugu orduan piper txorizeroak edo lehorrak motrailuan. Iragazki batera pasa eta arrozaren alde guztietara igaroaraziko dugu, saldak haren kutsua jaso eta kolore gorria har dezan. Motrailuaren jogailuaz baliatuko gara piperren kutsua ongi zabaltzeko. Kolore gorrixka bat -marroia edo- nagusitu dela ikusi orduko, 15 minutuan utziko dugu egosten dena, su bizian hasieran eta eztiagoan ondoren, jakia ukitu gabe eta paellari noizean behin eraginez.

Ondoren, arroza saldatsuegi edo lehorregi ez dagoela frogatu eta gero, sutatik aterako dugu paella eta, zatar garbi batez estali ostean, gutxienez 10 minutuan utziko dugu pausatzen, zerbitzatu aurretik.

Mikel Asurmendi

Patri Urkizu, Daniel Landart eta Alaitz Olaizolak, hurrenez hurren, antzerkiaz teorizatu eta antzerti testuak idatzi dituzte. Gutxitan edo askotan, hirurek antzerkiak jokatu edo interpretatu dituzte ere bai. Antzerkiaz eta literaturaz hizketan hasi dugu solasaldia, eta finean, gure solaskideek herri antzerkiaren mundua paratu digute mahaiaren gainean. Atzoko eta gaurko euskal antzerkigintzaren «irriak eta negarrak» ekarri dituzte eszenatoki gainera.
guztia irakurri

Josu Iztueta

«Mendi bat itsasoan». Honela definitu zuen Ratzel alemaniar geografoak Mediterraneoko irla ezaguna. "Bi aldiz jaio naizen sentsazioa daukat" esan zuen Carrington idazle britainiarrak Korsika lehenengoz bixitatu zuenean. Bi esaldi horien arteko zerbait gertatu zait niri oraingoan. Saiatuko naiz esplikatzen:

Sizilia, Sardinia eta Korsika nabarmen agertzen dira Europako mapan. Bi aurrenekoak Italiakoak dira eta Korsika frantziarra omen. Zortzi bat bider etorria nintzen eta beti ferrya kontinentean hartuta (Marsellan edo Nizan), itsasoz Ajaccio, Bastia, Propriano, Calvi edo beste edonora iristeko. Menditsua, oso menditsua dela konturatzeko kilometro batzuk gidatzea bezalakorik ez dago. Arrazoi osoa zuen Ratzelek.

Carringtonek idatzitakoak, berriz, neurriz kanpokoa dirudi, metafora bezala balio dezake, ordea. Oraingoan airez iritsi naiz Korsikara, 30 laguneko talde bateko partaide, gehienak Euskal Herriko hainbat eskualdetako artzainak eta gainontzekoak teknikariak. Ez naiz, noski, berriro jaio baina bai Korsika ezberdin bat bizitzen ari naizela.

Ur gardena eta egoera iluna

Ez da handia Korsika, 8.681 kilometro koadroko azalera du -Nafarroa baino txikixeagoa-, eta milioi laurden bat biztanle inguru bizi da. Erdia pasatxo kostaldeko lau hiri hauetan: Ajaccio, Bastia, Porto Vecchio, eta Propriano. Gainontzekoak 360 herritan sakabanaturik. "Urteko egun bakoitzeko herri bat" diote turismo bulegoek. Batzuk herri koxkorrak dira baina gehienak txikiak, oso txikiak eta erdi hutsak.

Korsikako geografia menditsua ulertzea irlako historia korapilotsua ulertzea baino errazagoa egiten zait niri, zaletasun kontua izango da. Eskolan, Napoleon Bonaparte Ajaccion (1769) jaio zela ikasi genuen. Aurretik gertatutako guztia eta ondorengoa kronologikoki sailkatzea ez da batere lan samurra. Duela 5.000 urteko trikuharriak bixitatu izan ditugu hona autobusez hurbildu naizen bakoitzean. Aste honetan bertan bi lehergailu txikik eztanda egin dute hemen, Korsikan, batak Ajaccion eta besteak Bastian. Tarte horretan gertatu dira historiaurrea, greziarren kolonizazioa, erromatarrena, kristautasuna, pisatarrak, genovatarrak, frantziarrak, bi munduko gerrateak, puffff!

Erregionalismoa, autonomismoa, independentismoa... bereizteko sentsibilitate berezia izango dugu Euskal Herritik begiratuta baina horri klanismoa, kazikismoa, klientelismoa eta antzekoak gehituz gero akabo! Turista bat analisi politikoak egiten hastea baino gauza arriskutsuagorik ez dago!

Korsikak zenbat biztanle dituen esan dugu (250.000 inguru). Irlatik kontinentera joandakoak 100.000tik gora omen dira. Beste hainbeste izango dira etorritakoak. Zenbat dira, orduan, korsikarrak? Zer da korsikarra izatea? Han jaiotakoa, aita edo ama bertako dituena, korsikar hizkuntza erabiltzeko gai dena, irlako sentitzen dena... jatorri multikultural horretan identitateak definitzea ez da inolaz ere lan erraza.

Korsika opor leku da askorentzat, urtero milioi bat turista iristen da irlara eta gehienak uztaila-abuztuan. Euskal Herritik ere mordoa etorri ohi da, paraje ikusgarriak daude hemen: mendia, bizikleta eta kayaka gustuko dituenak non gozatua izango du, gastronomia edo hondartza zaleek non gelditua ere bai eta bikote, lagunarte edo familia planerako leku aproposa da. "Furgoneta" perfileko bisitaria izan da Euskal Herritik etorritakoa eta askotxo "pegata" itsatsita itzuliko dira etxera. Buruan zapi zuria lotuta daraman beltzak salatzen ditu hemen ibilitakoak.

XIII. mende amaieran Aragoiko Erregeen garaian azaldu zen lehen aldiz antzeko irudia, baina Pascal Paoli-k (abertzaletasunaren aitak) Korsikako nazionalismoaren ikur bihurtu zuen. Paoliren arabera, zapiak begiak estaltzen zizkion moroari, baina "Korsikarrok garbi ikusi nahi dugu. Askatasunak aurrera jarraitu behar du eta inork ez dezala esan argia iluntzen dugunik". Belarritakoa ere nabarmen ageri du gure pertsonaiak.

Ardi usainean

Beti Aste Santuan etorri naiz hain erlijiosoa den lurralde honetara, opor garaiak hala direlako eta ez erlijio asuntoak kontuan hartzen ditugulako. Udaberriko lorez apaindua ezagutu dut behin eta berriro Korsika, oraingoan udazkeneko kolorez jantzi aurretik iritsi gara taldea irlara. Gaztainak gaztainondoan daude oraindik eta erori aurretik etxeratuko gara ziurrenik.

CINE 2000 elkarteko kideek Mendiko Zinemaldia antolatu dute bosgarrenez Korsikan. Mendiari lotutako hainbat Zinemaldi egiten da munduan, (Banff-Kanada, Trento-Italia, Torello-Katalunia eta abar). Goi mailakoak lirateke azken hauek eta Korsikakoa bigarren mailakoa.

Antolatzaileak filmak, erakusketak, hitzaldiak, musika emanaldiak eta beste hainbat ekitaldi egitarauan sartzeko ahaleginetan ari zirela zera bururatu zitzaien. "Goi mailako mendizaleak ekartzea beharrezkoa da Zinemaldian baina mendian bizi diren artzainak ere kontuan izango ditugu". Horrela iritsi zitzaidan Korsikara etortzeko gonbitea, munduko artzaintzei buruzko diapositiba emanaldiaren truke pasa dut astea hemen. Euskal Herriko hainbat artzainek azken urteetan bidaia egin dute udazkenean, hau izaten dute urte sasoirik lasaiena beraientzat nahiz eta artzaintzan lanik inoiz falta ez. Oporrak eta formazioa lotuz bixitatu dituzte Extremadura, Portugal, Sardinia... duela bi urte Ipar Amerika, iaz Eskozia eta aurten Korsika.

Ustiakuntza sistema ezberdinak ezagutzea, alderatzea zen bidaiaren helburuetako bat. Ikusiz ikastea bezalakorik ez dagoelako. "Hau paaje hobia ziok basurdiantzat ardiyantzat baino" zioen artzain batek, "Kamiño hauekin eozeiñek eamateik esnia zentralea" zioen besteak, "Hogeita hamar kiloko ardiyak ezin lezake hainbeste esne eman" hirugarrenak...

Urriak 9, larunbaterako zegoen iragarrita artzainen egun berezia. Arratsaldeko ordu bi tÆerdietatik gaueko hamar tÆerdiak arte. Irango Zagros nomaden bizimoduari buruzko filma, Austriako Tirol eskualdeko dokumentala, Euskal Herriko Artzain Mundua asmoaren aurkezpena, gurean eta munduan zehar topa litezkeen artzaintzen azalpena, Korsikako bizimodu tradizionalen berreskurapena, korsikar musika talde baten kontzertua eta amaitzeko... afari legea. Txerrikiak eta gazta nahi adina nahiz eta guztiak denek gustuko izan ez. Zortzi ordutan zortzi mila urte dituen ofizioaren laburpena eta gauza batzuk betiko galduko diren pena.

Etorkizuna ez da noski erraza baina bati gerta dakioken txarrena "pegatina"koari egindakoaren alderantzizkoa da: kopetako zapia begi parera jaistea.

Pilar Iparragirre

Poemak, ipuinak eta marrazkiak bildu dituzu liburuan. Zergatik?
Kontua da liburu bat atera nahi nuela, eta horretarako, hortik zehar neuzkanak bildu eta azala eta izenburua ipini nizkiela. Ez nuen ahalegin handirik egin batasun bat ematen. Piezak ordenatu nituenean buruan nuena gehiago zen ehun bat orrialdeko objektu bat lortzea. Eta beno, egia da nahiko "mix" geratu dela. Dena den, poemak, ipuinak eta marrazkiak nahastea ez zitzaidan problema iruditu. Nik metrora eramateko moduko liburu bat atera nahi nuen, eta halako materiala neukan, estaziorik estazio tarteka irakurtzekoa: harakoan istorio bat, honakoan lau poema...

Poemen nondik norakoak azaltzerik bai?
Bi atal egoteko arrazoia sinplea da. Nongo nor 1999an argitaratu zen Oñatiko Potxon, eta niretzat beti izan da nire lehen lan literarioa. Liburu hau prestatzean ez nuen asko pentsatu, ez zitzaidan okurritu poema guztiak atal batean aurkeztea, nahiz eta nire ustez poema bakoitza berez lan bat izan, bere espazioa hartzen duena, bere hasiera eta amaiera duena. Materiala bildu nuenean, lehen "mini-album" hori bere horretan sartu nuen, eta gero beste poemak beste zaku batean.

Zer alde dago atal batetik bestera?
Nik uste dut, egotekotan, aldea poemen artean dagoela, ez atalen artean. Esangurak eta estiloa, iruditzen zait poema bakoitzean bana dagoela. Filosofia ikasi nuen nik, eta badira poema filosofikoak, adibidez. Sarrionandia eta Kavafis asko gustatzen zaizkit, eta badira horien estilokoak ere.

Pilar Iparragirre

Harrizko pareta erdiurratuak
Patziku Perurena
Euskaltzaindia, BBK Fundazioa
189 orrialde
12 euro


Iazko Mikel Zarate saria

Patziku Perurenaren Harrizko pareta erdiurratuak saioak irabazi zuen 2003an Euskaltzaindiak eta BBK Fundazioak urtero antolatu ohi duten Mikel Zarate saria. Lurra beste libururik izan ez duten betiko umilatuon ahozko iturri bizia eta liburua beste lurrik gabekoen jakintza zaildua izaten ahalegintzen den goizuetarraren lan honetan bere eguneroko arnasa bezain egia biziak diren metafora zaharrak bildu ditu Patziku Perurenak. Hala nola maiteminak gibela belzten duela, eta ez bihotza, asmatu duen senar feminista; errepitita eta papagorria psikoanalizatu dituen doktore budista; iparraldeko atso zahar sorgindua, munduko haize guztia korapilatzen eta ontziko kapitainari saltzen diona, portuan ekaitzak harrapaturiko barkua zorigaitzaren hatzaparretatik libratzeko...

Hego Euskal Herriko fiskalitateari buruzko txostena 2003
ELAko Azterketa Bulegoa
Manu Robles-Arangiz Institutua
60 orrialde


ELA sindikatuaren ondorioa: bidegabekeria handitzen doa

Manu Robles-Arangiz Institutuak kaleratutako Hego Euskal Herriko fiskalitateari buruzko iazko txostenaren ondorioa zeharo erabakitzailea da: bidegabekeria handitzen doa, bai Euskal Autonomia Erkidegoan, bai Nafarroan. ELAko Azterketa Bulegoak 2003an aipatu lurraldeetan hitzartutako zergen bilketa, 2002tik 2003ra presio fiskalak izandako bilakaera, aitortutako errenten jatorria, kolektibo bakoitzak batez beste aitortutako errenta, iruzur fiskala dela-eta egindako zergen ikuskapenak eta zerga ikuskapenen ondoriozko bilketa nolakoak izan diren kontuan harturik iritsi da ondorio kezkagarri horretara. Plazaratu duten liburuxkan aurkezten dituzten datuak publikoak eta ofizialak dira.

Euskal Herria
Batzuen artean
Sua Edizioak
130 orrialde
5 euro

Irati eta Arbailako oihanak

Sua Edizioak plazaratzen duen Euskal Herria bihilabetekariaren azkeneko zenbakian gure lurra alderik alde bisitatzeko aukera emateaz gain, euskal kostaldea inguratzen duen Kantauri itsasoaren azpian aurkitutako hainbat altxorren berri ematen da. Hasteko, Irati eta Arbailako oihanetan zehar egin daitezkeen berrogeita hamar ibilbide eskaintzen zaizkigu. Gainera, Larrun mendiaren tontorrera igotzeko bost aukera, bikingoak euskal kostaldean ustez egindakoei buruz Edorta Jimenezek burututako lana, itsaspeko arkeologoek euskal kostaldea bustitzen duen Kantauri itsasoan aurkitutako hainbat altxor, eta Karrantzako haranetik Ameriketara lanera joan eta, bertan aberastu ondoren, berriro itzulitakoek bere sorterrian egindakoen gaineko erreportajea daude.

Karmel
Batzuen artean
Euskal Herriko Karmeldarrak
127 orrialde
Urteko harpidetza:
12 euro

Augustin Zubikarai gogoan

Euskal Herriko karmeldarrek plazaratzen duten Karmel aldizkariaren azkenengo zenbakian oso gogoan daukate duela gutxi betiko alde egin zuen Augustin Zubikarai idazle oparoa. Berari eskaintzen diote editoriala, Ondarroan sortu zen une beretik heriotzaren ordura artekoak jasotzen dituen Julen Urkiza eta Luis Baraiazarraren idazlana, Andres Urrutiak Augustin Zubikarairen narrazio-teknikoak aztertuz egindakoa, eta horiez gain zendutako idazle ondarrutarrak Karmel aldizkarian argitaratutako idazlanen bibliografia ere eskaintzen dute. Nolanahi ere, bestelako lanak ere badira bertan; Gotzon Garateren Lauaxetari buruzko idazlanaren gainean Aurre-Apraizek burututakoa, Asisko Frantzizko eta Klararen lanak bilduz frantziskotarrek kaleratutako liburuaren ingurukoa...

Txit oilo bitxia Txinatik iritsia eta kanguruak
Marcè Arenaga
Ibaizabal
30 orrialde
5,60 euro

Txinatik iritsitako oiloaren abenturak

Auskalo zenbat abentura bizi izan dituen dagoeneko Txinatik iritsitako oilo bitxiak. Oraingoan, kanguru talde bat ezagutzeko aukera du. Maleta handi bat eramanez dabil mundua ezagutzen oilo hori, eta jakina, noizean behin hura ordenatu beharrean aurkitzen da. Hala ere, beti galtzen du zer edo zer! Lortu du azkenean maleta ixtea eta tontor batean dagoenez, haren gainean jarri eta ekin dio, aldapa behera aprobetxatuz, ziztu bizian kanguruak ikuskatu dituen lekura. Sortu den burrunbarekin zur eta lur utzi ditu besteak, eta haserre samar begiratu diote oiloari. Baina bat-batean, kanguru amak tripan daukan poltsatik, kanguru txiki batek atera du burua, eta oiloaren lagun egin da.

Los demonios de...
Jose Luis Urrutia
Txalaparta
164 orrialde
13 euro

Jose Luis Urrutiaren Los demonios de la guarda

XV. mendearen erdialdean kokatu ditu Jose Luis Urrutiak Los demonios de la guarda nobela historikoan azaltzen dituen gertakizunak. Une horretan, betidanik etsai izandako Abendaño eta Mujica-Butrón leinukoek batu egingo dituzte beraien indarrak Gaztelako erregeari aurre egin ahal izateko. Erregeak, ordea, Haroko kondeak gidatzen zuen armada izugarria bidaltzen du, nola edo hala aipatu leinu matxino horiek zigortu eta garai ditzan, Bizkaia eta Gipuzkoako lurraldeak behin betiko menperatzeko.

Biolinaren jatorria
Jon Aiastui
Elkar
124 orrialde
11,70 euro


Jon Aiastuiren poemak, ipuinak eta marrazkiak


Biolina nola sortu zen kontatzen zuen ijitoen elezahar bat aurkitu zuen aspaldi Jon Aiastui oñatiarrak etxe bateko liburu mardulean, eta huraxe euskaratu eta sartu zuen Elkar argitaletxeak plazaratu dion Biolinaren jatorria liburuan. Baina aipatu elezahar hori kenduta, berak sortutako poemak, narrazioak eta marrazkiak bildu ditu gaur egun Bartzelonan bizi den gazte honek sentiberatasuna eta ironia islatzen dituen argitalpenean. Poemei dagokienez, bi ataletan banatuak daude: lehendabizikoan, Nongo nor izenarekin agertzen den olerki sorta dago eta 1999an Oñatiko argitaletxe batean kaleratu zituen poemak dira. Besteak, berriz, Argia eta itzalaren artean izenburupean agertzen direnak, geroztik idatziak ditu. Horiez gain, marrazkiak eta bi narrazio eskaintzen ditu: Cuencak suspentse handiko mendeku istorioa, non herrenka dabilen gizon bat bizitza hondatu zionarekin elkartzen den hamar urte geroago, eta Eguzkiak jotzen duen aldetik, eroetxe batean gertatzen den intrigazko kontakizuna. Arauak apurtzearen edo haietara makurtzearen gainean idatzi du Jon Aiastui oñatiarrak ipuin horretan.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan