Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-10-24 -- 1963.zenb

Koldo Izagirre

Buruaz beste egitea zer den, alegia, esamolde lazgarri horrek zertan duen sorrera eta funtsean zer adierazi nahi duen, Hondarribian ikasi dugu oraindik orain: Jokin Z. ez zen izaten ahal nahi ez zuen hura, ez zen izaten ahal bestek izatera kondenatu zuten hura -kakatia, salataria-û eta horregatik egin zuen beste buru batera. Hura ez beste nor bat zen Jokin, eta hura ez baina bera zen beste nor horren bila hegaldatu zen harresitik beheiti.

Harresitik beheiti.

Ez da besteak bezalako lekua, inork bere burua botatzen duena.

Ez naiz amonareneko ganbaran urkatuko, ez dut pilula meta bat irentsiko ohean sartuta, ez ditut zainak ebakiko bainugelan itxita, ez dut monoxido karbonoa arnastuko etxeko garajean. Agerian eta plazako burutuko dut zuen krimena. Hor daukazue haragi hori, egizue nahi duzuena. Nire haragi kolpatua nire gogo kolpatuagoaren truke. Harresitik beheiti, belardian geldi daitezen burua mokoa lepoa bizkarra hegoa... eta nire kantua.

Harresiaren orpoan.

Emakumezkoak ertzainek babestuta desfilatzen duen bazterrean.

Denok esaten genuen hura ez zela bera frogatzeko utzi zuen Jokin Z.k bere sufrikarioaren lekukotza eremu publikoan, denok geundela oker adierazteko: zipriztinak gure bermutean, eguzki beteko igandean mutikoak eskopeta hartu eta Marina erdian garuna zapartatu izan balu bezalaxe.

Denok akusatzen gaitu zure kantuak hor.

Hamalau urteko ume batek gorputza belardi munizipalean utzi duelarik ezin baitugu serioski baieztatu "denok" esatea "inor ez" esatea bezala dela. Denok akusatzen gaitu, alegia, "gutariko bakoitza". Pedagogiaz espantuka hitz egin eta baliabiderik ematen ez duen politikaria da bakoitza, gelan gertatzen ari dena zuzentzeko gauza izan ez den hezitzailea da bakoitza, semearen ubeldu moral eta fisikoak eztitzeko gai izan ez den gurasoa da bakoitza, bere burua amildu duena bera da bakoitza... baina batez ere tradizioaren izenean edo eguneroko epelean herrian eredu matxomerkea nagusitzen utzi duen oro da bakoitza.

Kantu garratza guztion entzungarri.

Belarriak gortu ditugu.

Noizbait serotonina molekularen garrantziaz ariko zaigu biologoren batek, joera suizidak aipatuko ditu gure arrangura izpirik ahulena itzaltzeko. Bitartean, biktima bera errudun bihurtu artean, soziologoek, psikologoek eta pedagogoek "eskoletako indarkeriaz" jardun dute, eta hamalau urteko umeengana egin dugu hatz urriki handirik gabe: bide judiziala zabaldu da, ertzainek galdekatu dituzte, bereizi egin ditugu, kriminalizatu egin ditugu. Zertarako ari gara eraikitzen, bada, gaztetxoen kartzela Zumarragan? Birusa isolatu da, lasai joan gaitezke Marinara bermuta hartzera. Berriro ere, "inor ez" izanen gara "denok".

"Sonia, Miren, Begoña"

"Maite, Natalia eta Ireneren partetik".

"Xebe, gure ondotik joan zara baina ez gure bihotzetik".

Eta euriak irakurtezina bihurtu duen euskarazko testu bat, eskuz egina. Ez da izanen irakurgarri dauden erdarazkoak baino txarragoa. Genero zaila da hildakoentzako literatura, hori ez da eskolan ikasten.

"Prontxio taldea: Cristina, Nekane, Jokin, Ariane, Marta, Ander, Olatz".

Jokini hitz gozoren bat sinatzeko gai mutikoak bi, neskatoak hamar.

Gogorra, txol gogorra mutikoa izatea Hondarribietan: zakildar mandoak izan behar dute, bikingo bortitzak izan behar dute, kalearen jabe izan behar dute. Halakoak dira matxokeriaren balio moralak. Eta balio horietan sartzen ez dena iraintzea eta jipoitzea "anitz bakoitzek" induzitutako gertakaria da. Azken finean, Jokin Z.ren biktimatzaile bezala salatu ditugun mutikoak gizarte eredu bateko ikasle aurreratuak besterik ez dira. Forman bakarrik egin dute huts.

Hori salatzen du Xebe xoxoak hor, belardi munizipalean.

Esku asko, esku asko mutiko berriak harresitik beheiti bultzaka.

Rosa Martin Sabaris

Amaiaren aita tipo jatorra eta kementsua izan da beti. Duela 25 urte mugida anitzetan ibili zen. Egia da orduko zurrunbiloan geldirik egotea zaila zena, baina berak beste askok baino ekimen gehiagotan hartu zuen parte. Adierazpen askatasuna, errealitatearen lekuko izatea, egia zabaltzea, komunikabideak herriaren hobebeharrez erabiltzea..., honelakoak ziren Amaiaren aita gaztetan mugiarazi zituzten errekinak. Horregatik sartu zen burubelarri kazetaritza ikasketak Euskal Herriko Unibertsitatera ekartzeko asmotan jardun zuen taldean. Leioan ikasten hasi eta berehala sortu zitzaion ETBn lan egiteko aukera, aukera ezin hobea kamara operadore gisa aritzeko, guzti-guztion telebistan, gure telebistan. Ikasketak utzi, kamara lepoan hartu eta ordurarte beste inon ez ikusitako irudiak grabatu zituen berak. Deustuko zubian Euskalduna ontzioletako langileen borroka, esaterako. Amaiaren aitari aitzindariaren papera egokitu zaio maiz.

Igaro dira urteak. Amaiaren aita ETBko enpresa-batzordekidea izan da sarritan. Berari eta bera bezalako beste lauri esker, adibidez, antzinakotasunaren plusa kobratzen du hainbat langilek. Edo jaiegunetako plusa. Edo gauekoa. Eta aparteko orduak egitekotan, urreak beste balio dute, berari esker.

Igaro dira urteak. Agian berak ikasketak amaitzeke utzi zituelako sentitu zen hain harro Amaiaren aita, alabak Ikusentzunezko Komunikazioa ikasi nahi zuela esan zionean. Zeharo pozik, Leioako Fakultatean Amaia kamara lepoan hartuta gora eta behera ikusi zuen lehenengoan. Nahiz eta irudiak ez ziren oso onak izan. Eta udan telebista lokal batean kamara operadore modura hartu zutenean, Amaiaren aitak programazio guztia grabatu zuen. Amaiak zentimorik kobratu ez zuen arren. Eta azkenean, ETBn praktiketan hasi zenean, hiru hilabetetarako bakarrik bazen ere, aitarik harropoztuena izan zen Amaiarena.

Igaro dira urteak. Amaiak ikasketak amaitu zituen, eta horrekin batera, praktiketan jarduteko aukera desagertu zen; inguruko telebista lokaletan ikasle gazteagoak sartu ziren. Aurtengo uda Decathlon-eko kutxetan eman du eskaintza berezien barra-kodeez inguratuta. Komunikabide guztietara bidali du curriculuma. Eroski-ren erantzunaren zai dago, gabonetako kanpainarako jende asko hartuko dutela esan diote.

Ernegatuta dabil azkenaldian Amaiaren aita. Gaur goizean Pertsonal Buruaren bulegora igo da alabak zenbat balio duen esatera. Baina mahaiaz bestaldeko tipoak ez du lotsarik, eta zera esan dio, errazago topatuko duela lana produktora batetan. Amaiaren aita eskarmentu handiko langilea da, eta ondo daki, horrelako tokietan ez dagoela ordutegirik, soldata berearen laurdena dela, eta jaiegunak eta gauak badirela, baina plusik ez.

Eta atsekabetuta jaitsi da platora. Egunero bezala Esta es mi gente grabatzera. Eta bere amorrua mamurtzen jarraitu duen bitartean, lehen gonbidatua sartu da. Horrenbeste irudi hunkigarri igaro da Amaiaren aitaren objetiboaren aurrean... eta batek ere ez du orain bisorean ageri zaionak beste kolpatu. Hantxe ageri zaio Amaia, besaulki gorrian eserita. Oso urrutitik zetorren ahotsa entzun du orduan. Gaurko saioaren izenburua Quiero tener mi propia vida dela, eta lehen gonbidatuak sorpresa eman nahi diola bere aitari, eta bapatean, ondoan egon den operadore berri horrek kamara biratu eta bera azaldu da platoan zehar sakabanatuta dauden pantailetan. Amaiaren aita, lur eta zur, biluzik, babesik gabe, oinutsik, begirada non jarri ez daukala, mugitu ezinik, ahituta. Aste honetako saio guztietan agertuko da bere aurpegi lelotua.

Orainaren haziak atzo erein genituelako. Etorkizuna gaur ari garelako eraikitzen.

Aurelia Arkotxa

Joan den irailaren 20tik 24ra, Normandiako Ardennes-etako Abadian, Frantzian, ikastaro bat antolatua zuten duela hogeita hamar urte "kritika genetikoa" sortu zutenek. "Eskola tematikoa" arras baliagarria izan zaie joan direnei. Kritikari genetikoak obren genesian enfokatzen du bere interesa, erran nahi baita, usaian gordean geldituko den sortze-mugimenduan. Nolabait errateko "garbi" eta "txukun" ez den guztia, editorearentzako on ez dena, kritikari genetikoarentzat dokumentu preziatua da.

Hastapenean XIX. eta XX. mendeetako eskuizkribuen ikerketarako muntatua zen lan-tresna honek urteetan zehar sekulako zabalkundea lortu du. Lehenik, geografikoki, Frantziatik Europako bertze herri batzuetara heldu da -Alemania, Italia, Errusia- eta Amerikara ûBrasil, berrikitan AEBetaraû gero. Bigarrenik, historikoki antzinaraino joan da, antigoaleko testu zaharrak ere kontuan hartuz. Hirugarrenik, kritika-eremuak zabalduz, arte ederrak, arkitektura, musika, zinema, filosofia, zientzia gogorrak, bere aztergai egiten dituela.

Ulertu behar da sortzea ez dela gehiago perfekzioari buruzko bide bat bezala ikusia, baizik eta bidaia baten gisan: heltzen zara norabait baina bertze norabait joan zintezkeen, ezker hartu duzu, baina bazen zuzen zihoan bidea, eskuin zihoana ere, baita trebeska zihoana ere. Bertze bide horiek, idazlea noizbait tentatu duten bide horiek argi eta garbi zikin ontzia kolkoraino betetzen duten zirriborroetan ikus daitezke.

Kritikari genetikoa Sherlock Holmes-en lehengusu edo lehengusina da, zirriborroetan diren erresto, hatz guztiez interesatzen dena. Harentzat borratze edo ezabatzeak, oharkabean paper bazterretan egiten diren marrazkiak, bi lerroen artean diren gehitzeak, marrak, gurutze batez markatuak diren pasarteak eta abar, denak dira sorkuntzaren ispilu. Argi da idazlearen zikin ontzia liburu argitaratua bezain begietan duela, baita idazleak bota ez dituen zirriborroak ere. Papera bera interes handikoa izanen da.

Kodifikatzaileak material horren azterketa eginen du. Claire Bustarret ikerlariak dioen bezala, azterbide horren funtsa kodearen zientziaren printzipioak XVIII. mendetik hona agertzen diren idazteko mota modernoei aplikatzea izanen da. Lehenik, laneko den eskuizkribua mintzarazi, ontsa begiratuz, bai begi hutsez, bai tresna berezi batzuei esker. Horrek erran nahi du anitzetan kolekzio publiko edo pribatuetara joan beharko dela objektua materialki ikusteko, haztatzeko, neurtzeko. Idazleak bere gibelean material asko utz baitezake: eskuizkribu, makina-izkribu, karnet, kaier, fitxero... Ustekabeko anitz informazio aurki daitezke azterketa sistematiko honetan biltzen diren okurrentziei esker. Paperaren analisiak, adibidez, anitz agertzen du. Ur-markek, paper-motek -ikusi behar da ea larria, xehea, garratza, leuna ote den- XIX. mendeko data gabea den testu baten sortzea argi dezakete. Paperaren fabrikatze indizeak eta erabiltze indizeak elkartuz ikusten ahalko da idazleak nola erabili duen materiala. Lehen urrats hori eman ondoan, testua bera bere bariazioekin hartuko da.

Michel Contat-ek Sartre-ren Les Séquestrés d'Altona antzerkia aztertzean agertzen du zer intzidentzia duen, adibidez, egoera sozialak idazle baten izkiriatze prozeduretan. 1958an, Sartre kezkatzen duen arazoa: biolentzia politikoa. Sartrek azpiz Aljeriako Gerlako sarraskiak ditu salatu nahi. Azterketa genetikoak, Sartrek zentsurarekin daraman dialektika agerrarazten du, baina ez hori bakarrik, zeren eta eskuizkribuen azterketek agertuko dute ere ezberdintasun handia badela publikatu zen testua eta antzezlariek errepresentatu zuten testuaren artean. Anitz eszena kenduak izan baitziren antzezteko momentuan. Bertze puntu bat usaian kritikariek kontuan hartzen ez dutena: testuaren egiterakoan gertatzen diren akzidente edo istripuak. Daniel Ferrer-ek aztertzen duen eremu honetan genesia arrastatzen edo inarrosten duten elementu guztiak biltzen dira. Akzidente biografiko edo politiko handiak, zein akzidente grafiko ttipienak. Eskuizkribuaren azterketak agertzen du akzidentea eta sorkuntza ezin bereiziak direla.

Azterketa genetikoa gure garaiekin ontsa doan azterbidea: mugimendua, efimerotasuna, galtzea, ezabatzea, bukatua ez dena kontuan hartzen dituen begirada.

Arantza Urkaregi


Galindo jeneral ohia kalean ikusteak legea aplikatzeko bi era ezberdin daudela nabarmendu du. Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten hiru alderdi politikoak bat etorri dira lehenengo eta bigarren mailako presoak daudela salatzearekin.

Baina ez dute gauza bera egin Maixabel Lasak euskal presoen familiei egindako eskaerarekin. Presoak hurbiltzeko bidean, "beren senideek oker jokatu dutela" onartzeko eskatu die Biktimen Arretarako zuzendariak. Legeak adierazten duen presoek beren senideekiko hurbil egon beharraren aplikazioa Presondegien Zuzendaritzari eskatu ordez, presoen senideei zuzentzen die eskaera, presoen sakabanaketa leporatu nahian. Presoen senideak ez al dira gatazkaren biktimak ere?

Bitartean, Maixabel Lasak defendatzen dituen biktimak buru belarri daude presoak UPV/EHUn berriro ikasten egotea ahalbideratuko duen hitzarmena oztopatzen. Eskatu al die beraiei, hitzarmenaren alde agertzea? Argi eta garbi sufrimendurako bi neurri ezberdin erabiltzen ari dira.

Arlo instituzionalean ere sumatzen dut bi neurkera ezberdin. Ikasturte politikoaren hasieran kristoren oihartzuna hartu dute zenbait zinegotzik jasotako eskutitzek. Mehatxu egin omen dute.

Nik dakidanez, eskutitz horiek jaso dituzten zinegotziak, azken udal hauteskundeetan baliogabetzat hartutako bozei dagozkienak dira eta beraien dimisioa eskatzen zaie. Eskutitza pertsonala da eta egiten den interpelazio -ez mehatxua- zuzenak ez du inoren gustukoa izan behar. Horrelako eskutitza jasoko banu, ziur nago ez nintzatekeela eroso sentituko eta nire buruari galdetuko nion zergatik jaso dudan horrelako eskutitza.

Eta erantzuna argia da: laster urtebete t'erdi beteko da Udal eta Batzar Nagusiak ezkerreko eta abertzaleak garenon ordezkaritzarik gabe osatu zirenetik. Baina baliogabeturiko milaka eta milaka bozei zegozkien ordezkarien lekua beste batzuek hartu zuten -salbuespenak salbuespen-, herritarren borondateari muzin eginez.

Hilabete hauek guztietan zehar, Udalak eta Foru Aldundiak gobernatzen dituzten alderdiek, ezer gertatuko ez balitz bezala jokatu dute, egoera guztiz demokratikoa izango balitz moduan. Bilboko Udala horren eredu: EAJ, EA eta EB alderdiek osaturiko Udal Gobernuak muzin egin die Herria Aurrera Plataformak bere udal jarduera bermatzeko egindako proposamen guztiei. Ez dute tutik ere egin beraiek hitzez salatzen duten egoera antidemokratiko hori konpontzeko. Berdin da dagokigun ordezkaritza eskatzea edota Batzordeetan eta Udalbatzan parte-hartzea eskatzea: aho-bateko ezetza jaso dugu behin eta berriro, bai Alderdien Legearen egileen aldetik, bai bere kontra omen dauden EAJ, EA eta EB hirukotearen aldetik. Eta Azkuna jaunak esaten dionari erreparatzen badiogu, beraiek legea aplikatzen dute, eta kitto. Alderdien Legea, noski!

Ibarretxe Lehendakariak, Berdintasun-Legearen aurkezpenean, "hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia" dela esan berri du. Baina ez bakarrik gizon eta emakumeon arteko berdintasunari dagokiolarik. Aukera politiko guztien parte-hartzea bideratzeko neurriak hartzeko garaia da, Alderdien Legearen aurkako hitzetatik Alderdien Legea gainditzeko urratsak emateko garaia.

Baina horrek, herritarren borondateari muzin eginez hartutako zinegotzien dimisioa eskatzen du, Udalak herritarren bozen isla izan daitezen. Dimisioa pertsonala den heinean sortutako egoera ez da erosoa, baina laster izango dugu antzeko adibide bat: Berdintasun-Legea onartzen bada, datozen hauteskunde autonomikoetako zerrendek parekideak -seinaka, bederen- izan beharko dituzte. Gizon askok beren eserlekuak utzi beharko dituzte, emakumeek bete ditzaten eta alderdi ezberdinetan liskarrak sortuko direla konbentzituta nago, baina ez dut uste gizon horiek mehatxatuta sentituko direnik. Ala bai?

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan