Abertzaleen gehiengoa?
Ibarretxe Plana eta herritarren galdeketa medio, gehiengo eta gutxiengoez asko ari da hitz egiten azken boladan. PSOE eta PPren aldetik euskal herritarren bizikidetza ezin dela gehiengo sinplez (51/49) erabaki argudiatzen da. Beraiek bizikidetza gutxiengoa gehiengoaren gainean jarriz antolatu dutela gogorarazten zaie, arrazoi osoarekin gainera, baina, aldi berean, kontraesanak agerian utziz. Batetik, 51/49en gisako argudioak erabiltzean, aldekoak izanik ere, EAE hartzen da oinarri gisa eta ez Euskal Herria; bestetik, eta larriena, orain arte bederen balizko gehiengo horren erabilera taktiko eta estrategikoari uko egitea.
Abenduaren 15erako prest izango da Ibarretxe Planaren azken testua
Ibarretxe Planari jarritako 135 zuzenketak aztertzen ari dira jada Eusko Legebiltzarrean plana jorratzeko sortu zen batzorde berezian. Eztabaidak behar bezala baldin badoaz, abenduaren 15erako bukatua egongo da azken txostena eta ondoren osoko bilkuran bozkatu beharko da. Irailean eztabaida orokorreko osoko bilkuran ikusi izan zen bezala, ez dirudi ezusteko handirik izango denik zuzenketekin, eta interesgarria izango da ikustea EAJk, EAk eta Ezker Batuak zer eratako negoziazioa bideratzen duten ahalik eta adostasunik handienera iristeko. Planaren hitzaurreari buruz SA Taldeak egindako akordio proposamenak ere ezinezkoa dirudi. PP eta PSE-EEri dagokienez, ez dute zuzenketa partzialik aurkeztuko.
Eskolak euskaldundu kanpaina hasi da
Kanpaina hau abian jarri dutenen ustez, hezkuntzaren alorreko hizkuntza politikak agortu dira eta hizkuntza ereduek porrot egin dute. Beraz, hezkuntzarako hizkuntza politika berria proposatzen dute. Uste horretakoak dira segidako taldeak eta berauek antolatu dute 2005eko martxoa arteko kanpaina: AEK, EHE, Euskal Herriak Bere Eskola, EHIGE, Euskal Konfederazioa, Ikasle Abertzaleak, Kontseilua, LAB eta Sortzen-Ikasbatuaz. Kanpaina urriaren hasieran abiatu dute eta erakusketak, hitzaldiak eta mobilizazioak egingo dituzte.
Euskararen VI. Maratoia Lasarte-Orian
Euskararen festak 40 ordu iraungo ditu, hasi urriaren 23ko 8:00etan eta igandeko 24:00etan amaitu arte. Ttakun Kultur Elkarteak eta Udaleko Euskara Batzordeak lau urtez behin antolatutako maratoian, mikrofonoa ez da isildu ere egingo 40 orduotan. Partaideek derrigorrez herritarrak izan behar dute eta elkarte gehienek, koadrilek, familiek zein banakoek hartzen dute parte.
Gipuzkoako udalei laguntzeko programa
Gipuzkoako Foru Aldundiak prestatu du Teknikari izeneko programa udalei euskara zerbitzuetarako aholkularitza eta laguntza teknikoa eskaintzeko. Zazpi lan ildo ditu programak: Kiroletako lan mahaia, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia Gipuzkoako udaletan garatzeko aholkularitza teknikoa, Hizkuntza normalkuntzarako esperientzia berrien laboratorioa, Udaletako euskara teknikarientzako prestakuntza saioak, Udal euskara teknikarien intranet sarea, Hizkuntza normalkuntzaren esparruko ikerketa espezifikoak eta Gipuzkoan hizkuntza normalkuntzarako komunikazio espazio berriak sortzeko proiektua.
Bizindar etnolinguistikoa
Horixe neurtu dute Ibon Usarralde eta Iņaki Martinez de Lunak argitaratu duten Hizkuntza Komunitatearen Bizindar Etnolinguistikoa izeneko liburuan. Bizindar horren eta euskararen erabileraren arteko erlazioaren intentsitatea zenbatekoa den azaldu dute egileek.
25 urte ondoren, ospakizunetarako interesik ez
Gernikako Estatutuaren 25. urteurrena jai egunez ospatzeko arrazoirik ez dagoela erabaki du Eusko Legebiltzarrak, PSE-EE eta PP ezik, gainerako taldeen onespenarekin. EAEko herritarren autogobernu maila Gernikako Estatutuarekin asetuko zela pentsatu zuten bere garaian Espainiako agintariek; aldeko abertzaleek, biderik egingarriena gisa ikusi zuten, baina 25 urtera bere goia jo duela azpimarratzen dute eta alternatiba gisa Ibarretxe Plana eskaini. Ezker abertzaleak antzutzat jo zuen hasieratik eta pozarren ageri da Estatutuarem ehorzketarekin. 25 urteko bideak izan du onurarik EAEko herritarrentzat, itsua beharko litzateke hori ez ikusteko; baina bistan da euskal herritarren autogobernu mailari eta gatazkari irtenbide bat emateko ez duela balio izan, inondik inora gainera. Ziklo bat amaitu da, eta datorrenari gutxienez gatazka bortitzarekin amaitzea eskatu beharko litzaioke.
Daniel Udalaitz
Euskal Herrian, arrantzako eta merkataritzako portuak ditugu. Merkataritzakoen artean, Bilbokoa, Baionakoa eta Pasaiakoa dira nagusiak. Hain zuzen, merkataritzako portu horietan izaten da zona frankoa edo portu frankoa izeneko gunea. Zona frankoa argi eta garbi mugaturiko gune itxia izaten da. Eskuarki, portu-barrutietan egoten dira, eta estatuaren muga-zergen lurraldetik kanpo kokatutzat jotzen dira. Euskal Herriaren kasuan, subiranotasun nazionalik ez baitu, portu horiek Espainiako eta Frantziako estatuek kontrolatzen dituzte -horren lekuko izaten da guardia zibilaren eta jendarmeriaren etengabeko presentzia-. Beraz, zona franko horiek estatuaren muga-zergen lurraldetik kanpo daude. Horien barruan, atzerritik datozen salgaiak inporta daitezke aduana-zergarik ordaindu gabe, eraldatu eta gero atzerrira esportatzeko. Eskuarki, zona frankoetan ez da populazioen egoitzarako baimenik ematen, portu frankoetan ez bezala, horietan izan baitaitezke biztanle egoiliarrak. Gauza bera gertatzen da, adibidez, Txinan 1982az geroztik sorturiko zona ekonomiko berezietan.
Ramon Jauregi, Jesus Egiguren eta Emilio Gebara izango dira PSE-EEren aldetik Gernikako Estatutuaren erreformarako testua idatziko dutenak. Gebara, halaber, Arabako zerrenda burua izango da datorren maiatzeko EAEko hauteskunde autonomikoetan.
Abian da jada "Otano auzia" deitutakoaren epaiketa. Duela zortzi urte atera zen auzia eta orduan Otanoren gobernu anitzaren erorketa ekarri zuen, PSN krisi latzean utziz. Zortzi pertsona epaituko dituzte, baina horietatik Gabriel Urralburu eta Javier Otanok dute lau urteko espetxe eskaera, frogatzen bada Siemens multinazionalak milioi bat euro baino gehiagorekin erosi egin zituela.
Urriaren 2an Madrilen Espainiako armadak egindako ohiko desfilean, legioa ere ikusi ahal izan zen, ahuntz eta guzti gainera. Ahuntzaren izenaz galdetuta, soldatu batek "Caudillo" izena zuela azpimarratu zuen.