Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-05-15 12:58:53
ARGIAko literatur kantoira lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2004-10-24 -- 1963.zenb

37-33

Bixente Serrano Izko

1979ko apirila. Foru-hauteskundeetako emaitzak: 70 eserlekuetatik, 33 lortu zituzten UCD eta UPNk, Nafarroa EAEtik baztertu nahi zutela ordura arte argi errana zuten bakarrek. Bertze 36 parlamentariok, edo euskal komunitate autonomo batua nahi zuten (Amaiurko batzuk, EAJ, EE, UNAI), edo zaila zuten kontrako botoa (Amaiurko bertzeak, EK, HB), edo zehaztu gabe zuten oraindik kontrako jarrera (PSN). Uda partean, kanpaina bati ekin zion UNAIk, "37-33" goiburuko hura, Konstituzioko Laugarren Xedapen Iragankorra martxan jartze aldera. Garai hartako nire homonimoak, nafar EEko idazkari nagusia zen hark, ez zituen zenbakiak hain garbi ikusten. Aukera hura inoiz ere serio ikertu gabe, oporretara joan zen irailean, Macarelletan hedabide guztiez goxo-goxo ahaztera. Urrian, Iruñean bueltan, sorpresa: gaur bide horri inolaz ere ekinen ez lioketen nafar alderdikide batzuek hautsak harrotuak zituzten, Batzorde Exekutibo nazionala bera ere konbentzitzeraino, Laugarren Xedapen ditxosozkoaz baliatzeko. Helburuak: PSN korden kontra jartzea, HB bortxatzea Gernikako Estatutuaren inguruko haren kontraerranak agerraraziz, Estatutuaren bidea posible zela adieraztea, nafar gizartean euskaltzaletasunari bultzada ematea...
Mikro-historiaren ikerleentzat baizik interesik ez duen detailea da, baina nire homonimoak ez zuen batere gustuko izan ekimen hura. Alta, erabakita zegoen. Baita ETA-k (p-m) ere, iraileko bere Hautsin, bazekien nafar EEko idazkariak ez zekiena. Begirada bat 1979ko sakelako agendari: urriak 7, igandea, bilera, nire izenkidea eta ekimenaren bi alderdikide bultzatzaile. Honako hau utzi zuen idatzia: "Igande arratsaldez: X eta Y: asteartea 9, goizeko 10etan: EE-PTE-HB. Baiezko botoa emanen zutela. PSOE konbentzitu behar genuke. Are, beharrezkoa izanen balitz, laguntza emanen ligukete PSOE konbentzitzen". Interpretazioa: X eta Y-k segurtatu ziotela Bixenteri 9rako hitzartu bileran alde agertuko zirela UNAI eta HB. Nire izenkidea fido ez PSNrekin, baina aurrera joan behar. Urrian bertan, artikulu luze bat argitaratu zuen EEko Arnasa 2.ean, ekimena justifikatzen. Irakurrita, hermeneuta zorrotz batek ikusi zukeen garrantzia handiegia eman ziela kontrako argumentuei horrelako azalpen batek: susmagarria. Lerro artean, egileak bere burua konbentzitu behar zuelako susmoa: mereziko ote luke aste batzuetako protagonismoa, mozioa galtzearen truke?
Urriaren 11n aurkeztu zen ekimena eta 25ean Parlamentuak bertan behera utzi. Baina, txarrena, isolatuago gelditu zen EE: zubiak apurtu zituen Amaiurko batzuekin eta argumentu gehiago eman HBri, honen kontraerranak gora behera, prozesu autonomikoari aurre egiteko. Ez bazen hordagoa izan EErena, hamarreko gehiegi jarri zuen enbidoan.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan