Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-12-02 16:46:18
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Zientzia eta teknologia

2004-10-17 -- 1962.zenb

Jakoba Errekondo


Oreinen makakorroekin nahasirik adarren kinkateko hotsa entzuten da garaitsu honetan mendian. Baina ez dira adar hots bakarrak. Akulamendi edo arkanbele arrek ere adarkadaka bereganatzen dute emeen konfiantza. Akulamendia intsektu izugarri handia da eta beldurtzeko moduko adarrak ditu. Inguruan hegan badoa ederki sentituko duzu. Itxuraz, umatutako fruituen zukua eta zuhaitz eta zuhaixken izerdia zurrupatuz elikatzen dira. Azken honetarako enborreko berezko edo bere matraila indartsuekin egindako zaurietako jarioak baliatzen dituzte. Batik bat ilunabar aldera ikusten dira, uda partean gehiago. Emeek hogei bat arrautza erruten dituzte, banaka banaka, hildako zuhaitzen azaleko zirrikituetan. Hauetatik pare bat edo lau aste bitartean harrak sortuko dira. Har hauek urtebete eta bost urte artean biziko dira intsektu heldua garatu arte. Har hauek usteltzen ari den egurra janez bizi dira. Ihartu berria ere ez dute jaten. Elikadura honen oinarria hesteetako txoko berezi batean apopilo mantentzen dituzten bakterio batzuen laguntza da; bakterio hauek egurraren zelulosa molekula erraldoiak desegiteko gai dira.

Agi denean, batez ere haritza eta bere senide ametza, artea eta abarren egurra dute gustuko har hauek. Europa osoan intsektu hauen etorkizunari buruzko kezka izugarria zabaltzen ari da azken aldi honetan: gero eta pinudi eta eukaliptadi gehiago landatu, basopea erre, basoetan gero eta egur gutxiago usteltzen utzi eta urtetan bizitzeko beharrezkoa duen habitat berezi hau gero eta sakabanatuagoa da. Ondorioz babestutako espezie eta bere habitat berezia babestu beharrekoa den espezie gisa izendatua da. Bestetik merkatu beltzean izugarri ordaintzen da intsektu bitxi hau, Japonen batik bat, 800 eta 20.000 euro artean. Berrogeita hamar urte baino lehenago erabat desagertuko dela dema egin duen zientzialaririk ere bada. Ingalaterran gai honi buelta asko eman dizkiote eta inon baino informazio zehatzagoa dute akulamendiaren benetako egoerari buruz. Akulamendiaren etorkizunarekin kezkatuta dauden tokietan egurra basoetan usteltzen uzten hasi dira. Hemen auskalo noiz...

Jabier Agirre

Britainiarrak, normalean, Europako gainerako herrialdeetakoak baino aurrerago joan ohi dira gai mediko eta sozialetan. Horrela, Erresuma Batuak ernalkuntzari buruzko bere arautegian zuzenketa bat onartu du, jaio aurretik umeak ia-ia nahierara aukeratu ahal izateko. Horrela esanda, zientzia fikzioa dirudien arren, kontua zera da: HFGA erakundeak ûGiza Emankortasun eta Enbriologiarako Agintaritza Gorenakû baimena eman diela medikuei enbrioiak umetokian ezarri aurretik aukeratzeko, lehen aipatutako erakunde horrek erabakitzeko gaitasuna baitauka Britainia Handian. Eta horrek zer mesede edo onura ekar dezake? Bada, emaile egokirik ez dagoen kasuetan, eta betiere gaixotasun genetiko jakin batzuk saihesteko asmoarekin, ume jaioberriak zelulak eman ahal izango lizkiokeela gaixorik dagoen bere anai-arrebaren bati. Prozedura honen kontra daudenek, sektorerik atzerakoienek, beren protesta agertu dute, eta ume jaioberriak botika bat bailitzan erabiliak izango direla salatu dute. Baina HFGA erakundearen lehendakari den Suzi Leather-ek ondo azaldu duenez, prozedura berria ez da edonola erabiliko, kasu bakoitza zehatz-mehatz aztertu ondoren baizik. Azken finean, ez dira ume horailak, begi-urdinak edo ederrak "sortu" nahi; anai-arreba gaixo bat egonik familian, gurasoek ernaldutako obuluak hautatuko lirateke, eta geneak gaixo dagoen umearekin bateragarriak direla egiaztatu ondoren, jaioberriaren orno-muinetik edo baita zilborrestetik ere zelula batzuk hartuko lirateke, gero tratamenduan erabiltzeko. AEBetan bost ume osasuntsu jaiotzea lortu da, eta Diamond-Blackfan-en anemiak jota zegoen ume batek bere anai-arreba jaioberriarengandik inplante bat jaso du.
Gure artean, beste kontu askotan bezala, gauzak motelago doaz, baina era horretako dekreturen bat onartu bezain laster, bikote askok aprobetxatuko lukete bide hori, beren seme-alaben mesederako.

Joxerra Aizpurua

Oxigenoa eta Tibeteko haurrak
Zientzialariek berriki deskubritu dutenez, haur tibetarrek bost aldiz aukera gehiago dute bizitzeko beren amek odolean oxigeno-maila handitzea ahalbidetzen duten geneak baldin badituzte. Kontutan hartu behar da tibetarrak bizi diren herriak oso altu daudela eta, beraz, oxigeno eskasia dagoela.
Horretarako 900 etxetako amak eta seme-alabak aztertu zituzten. Emakumeen oxigeno-maila odolean, hainbat datu ginekologiko, haurdunaldi eta erditze-kopuruak eta beste hainbat datu izan ziren aztertu zirenak.
Azterketa hauekin guztiekin ondorioztatu zen gizakia hain oxigeno gutxi dagoen lekura genetikoki egokitzeko prozesuan dagoela. Pertsona hauen aurrekoek tropikoetatik emigratu zutela uste da eta beraz, oraindik amaitu ez den egokitzapen-fasean daude.

Minutu gutxitan hoztu
Orain aste gutxi iragarritako berri baten arabera 22ºC-tik 2ºC-ra bi minutu eskasean iragan daiteke elektrizitaterik kontsumitu gabe. Oinarrian lurrunketa prozesu natural bat dago eta ohiko hozkailuak baino 70 aldiz azkarrago hozten du.
Gailua Thermagen konpainiak sortu du eta ohiko egoeratan froga arrakastatsua izan dela ziurtatu dute.
Sistema hutsean egindako lurrunketaz baliatzen da eta honela, edozein produkturen bero-energia xurgatzen da abiadura handiz, gainera. Prozesua kontrolatzeko teknologia Ariane kohete europarraren motorrak kontrolatzeko garatutako teknologian oinarritzen da. Thermagen-ek, Europako Espazio Agentziak teknologia transferitzeko duen programaren bidez eskuratu zuen aipatu teknologia eta hozte-sistemaren baitan gertatzen diren eredu fisiko konplexuak modelatzerik izan zuen errendimendua eta fidagarritasuna hobetuz.
Hozteko era hau orain milaka urte ezagutzen da. Garai batean txarro porotsuen bidez hozten ziren edukiak azaleko lurruna baliatuz, eta giza gorputzak ere antzeko metodoa erabiltzen du tenperatura kontrolatzeko. Thermagen-ek erabilitako metodoa 1930eko hamarkadan garatu zen, baina orduz geroztik ez da laborategietatik atera.
Teknika horri lehen erabilera praktikoa 2003ko Dakar-eko Rallyan eman zioten, bertan Thermagen-ek edariak hozteko hainbat ontzi Pescarolo Sports deituriko ekipoari saldu zizkionean. Ur-zentilitro bat hutsean hoztuz edariaren tenperatura 15ºC jaistea lortzen zen.
Kontzeptu bera beste alor erabat desberdinean erabiltzen da une honetan, hots, kosmetikan. Larruazala zaintzeko produktu berri baten osagaiak, hozketa ultra-azkarreko prozesu batekin batera, berehalako "lifting" efektua sortzen du.
Efektu hau kosmetikako ikertzaileentzat ezaguna zen jada, zeren eta lipidoak ûkoipeak, olioak, argizariak...û minutuko 5ºC edo gehiago hoztean, dituzten molekulak uzkurtu egiten baitira eta horrela larruazaleko poroetatik sartzerik izaten dute. Behin barnean, bere tamaina normala hartzen dute eta urez betetzen dira lehen aipatu "lifting" efektua sortuz.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan