Hasier Etxeberria / David De Jorge
Osagaiak:
8 amuarrain ertain
Urdaiazpiko serranoa edo iberiarra, 8 xerra
Irina
Gatza
Oliba olioa, frijitzeko
2 baratxuri ale
Ongi garbituko dizkigute amuarrainak arrandegian, tripak kendurik. Gatz pixka bat eman eta urdaiazpiko xerra bana sartuko diegu sabel barruan. Oliba olioa isuriko dugu zartaginean, bi hatzeko neurria harturik. Su eztitan gozatuko ditugu baratxuriak, erre gabe olioa ongi kutsa dezaten. Minutu gutxi batzuen ostean, baratxuriak atera, sua biziagotu eta amuarrainak sartuko ditugu, irinetan azala igurtzi eta gero. Buelta eta buelta frijituko ditugu ondoren. Minutu bat alde bakoitzeko, tamainaren arabera. Bizpahiru txandatan egingo ditugu amuarrainak, olioaren tenperatura apal ez dadin. Xukatu eta berehala zerbitzatu egingo ditugu, gorri eta kraskatsu. Gaiarrek bere Erronkariri «uskaraz» kantatzen zionean baino gusturago geldituko gara gu amuarrainak jandakoan.
Onintza Irureta
1921ean jaio zen Martin Ugalde Andoainen eta 2004ko urriaren 4an hil zen, Zarautzen eta Orion Kilometroetan milaka lagun euskaltzale bildu eta hurrengo goizaldean. Urte asko zeramatzan Ugaldek Hondarribian bizitzen, baina 82 urteko bizitza luzean egin zuen salto bakarra ez zen izan Andoaindik Hondarribirakoa. Kazetaritzan, literaturan eta politikagintzan uzta oparoa eman zuen euskaltzale amorratua 36ko Gerrak 15 urterekin harrapatu zuen. Eta alde egin behar izan zuen. Frantziatik bueltan 1947. urtean Venezuelara abiatu zen familiarekin elkartzeko asmotan. Hemengoa utzi eta han bizitza berria hasi zuen, eta 48 urte zituela, hango bizitza utzi eta hemengoa abiatu zuen, urriaren 4an ahitu zitzaion arte.
guztia irakurri
Pilar Iparragirre
Zer dela eta hartu dituzu bikoteen arteko komunikazio arazoak gaitzat?
Egia esan, giza harremanetan sortzen diren arazoak azaldu nahi izan ditut, eta gertatu zait bikote harremanetan aurkitu dudala komunikazio arazoen harrobi emankorrena. Baina nire helburua gehiago izan da bi pertsonen artean esan gabe gelditzen diren esaldi horiek azalaraztea, edota emakume baten hasperen baten atzean egon daitezkeen pentsamenduak hitzen bitartez irudikatzea. Burutik pasa baina esan gabe geratzen zaiguna eta hor barruan zauria sortzen diguna ekarri nahi izan dut azalera.
Giro urbanoa hautatu duzu horretarako. Zergatik?
Nik bizi dudan garai eta tokiko giroa da. Nahiko urbanoa naizenez, ezagutzen dudan giroan kokatutako gauzak idazten saiatu naiz. Nolanahi ere, kanpoaldeko paisaiak baino gehiago azpimarratu nahi izan ditut barrukoak, alegia pertsonen sentimenduak.
Amaren eskuak nobelaz zer edo zer aurreratzerik?
Nire asmoa da nobela horretan bi emakumeren istorioa agertzea. Bata ama eta bestea alaba izango dira. Hauen bidez, erakutsi nahi ditut bi gizarte, bi testuinguru eta bi garai: batetik, ama gazte zenekoa, orain dela 50 urte ingurukoa; eta bestea alabarena, gaur egunekoa. Agertu nahiko nuke batak eta besteak bizi izan dutena zein ezberdina izan den, baina aldi berean azpimarratu zein berdina den dena. Azkenean, lege berdinen pean gaudela gizakiak, kasu honetan emakumeak, nahiz eta garaia eta gizartea oso ezberdinak izan.
Pilar Iparragirre
Tortura Euskal Herrian. 2003ko txostena
Batzuen Artean
Torturaren Aurkako Taldea
270 or. / 15 euro
Iaz torturatutakoen lekukotzak
CD batez lagundurik plazaratu du Torturaren Aurkako Taldeak 2003ko txostena. Iazko urtean zehar torturatuak izan ziren 78 euskal hiritarrek bere garaian egin zituzten lekukotzen laburpena jasotzen du. Kontakizun horiei beste hainbat datu gehitu dizkiote, hala nola atxiloketak non eta noiz egin ziren, zein polizia taldek burutu zituen, atxilotu bakoitza zenbat egunez egon zen inkomunikatuta, epaileek atxilotuaren egoerari buruz zer erabaki hartu zuten eta kontu horiek guztiak erabakitzeko ardura zein epailek izan zuen. Tortura Euskal Herrian. 2003ko txostena lanak baditu atal gehiago ere: adibidez, tortura metodoak deritzana; edota Auzitegi Nazionala, auzitegi-medikuak eta tortura; Gasteizko Gobernuaren Protokoloa; elkarrizketak...
Hadzi Murat
Lev Tolstoi
Txalaparta
200 orrialde
14 euro
Txetxeniako gerra Tolstoik idatzitako azken lanean
Lev Tolstoi idazle errusiar ospetsuak burututako azken nobela dugu Hadzi Murat, Errusia Handiak piztu zuen Txetxeniako gerraren inguruan idatzitako lana. Bederatzi bat urte inguru huraxe idazten egon ondoren, 1904an amaitu zuen Tolstoik Errusiaren zein gizakiaren porrota islatzen duen narrazio sakon hau. Zoritxarrez, ez zuen argitaratua ikusterik lortu, 1910ean hil baitzen Ana Karenina, Gerra eta bakea eta beste idazlan askoren egile itzaltsua, eta handik pare bat urtera kaleratu zen Hadzi Murat lehenbiziko aldiz. Gaztea zenean ezagutu zuen Tolstoik Txetxenia, hogeita hiru urterekin, eta bertan borrokatua zen ere. Berrogeita hamar urte geroago egindako gogoetaren ondorio da honako lan hau.
Fauna salvaje de los Pirineos
Juan Carlos Muñoz
Sua Edizioak
176 orrialde 37 euro
Pirinioetako animalia basatiak
Juan Carlos Muñozek eginiko koloretako argazki ikusgarri bezain ederrekin dago osatua Fauna salvaje de los Pirineos, mendilerro horietan zehar oraindik bizirik dirauten pizti basatien portaera agertzen duen formatu handiko liburua. Bertan ikus daitezke hartzak, ugatzak, sugegorriak edo dortokak bezalako animalia asko bizitzea egokitzen zaien une erabakior ugaritan ûgosea ase ahal izateko egiten duten ehizean, esate baterako; edo etsairen bati aurre egiteko momentu larrianû, baina baita ondo patxadan daudenean ere. Lau ataletan banatuta dauka liburuak bere mamia. Basoa dago, batetik; harana, bestetik; leku hezeak datoz gero, eta mendia agertzen du azkenik. Animalien argazkiekin batera, haien izen zientifikoa adierazten duen fitxa dator.
Eusko Ikaskuntza. Memoria 2003
Batzuen artean
Eusko Ikaskuntza
46 orrialde+CD
Eusko Ikaskuntzaren Memoria
Ohi duen eran, 2003ko Memoria plazaratu du Eusko Ikaskuntzak idatziz eta CD-an. 25 urte bete ziren iaz erakunde honen jarduera osoki berrezarri zenetik, lau hamarkada luzetan frankismoak ezarritako legepean zeharo debekaturik egon ondoren. 1978an, Jose Migel Barandiaran lehendakari zutela ekin zioten erakundeko kideek urratsak emateari Eusko Ikaskuntza euskal ikerketa eta ikasgaien gune eta bertako zein mundu osoko euskalarien bilgune bihurtzeko. Eta orain ere horretan dihardute, baina gizarteak eta errealitate kulturalak izandako aldaketa sakonak Eusko Ikaskuntzaren proiektuaz berriro gogoeta egitera behartu ditu, XXI. mendean ere lehen mailako erreferentzia kultural eta zientifikoa izaten jarrai dezan. Emaitzak, datorren urtean jakingo ditugu.
Geneak, herriak eta hizkuntzak
L. Luca Cavalli-Sforza
Gaiak
265 orrialde
Gure arbasoen mapa genetikoa
Luigi Luca Cavalli-Sforza Stanford Unibertsitatean genetikako irakaslea da, eta gai horren gaineko makina bat saio eta artikulu idatziak ditu. Geneak, herriak eta hizkuntzak liburuan Colège de France delakoan bere garaian eskaini zituen irakaspenak bilduak daude. Neandartal gizakien ondoren sortu ziren gizaki modernoen hedapenarekin gertatutako mapa genetikoa daukate hizpide, geneak historian, nola lortzen den eboluzio-zuhaitza, populazio batetik bestera asko aldatzen diren geneak eta asko aldatzen ez direnak, migrazio txikiak eta handiak, Eva afrikarraren istorioa, teknologia-iraultza eta geneen geografia, hizkuntzak eta geneak eta beste horrelako hamaika gai aztertzen direlarik.
Toto eta Otsoto
Antton Kazabon
Desclée De Brouwer
63 orrialde
5 euro
Askatasuna zeinen eder den irakasten digun otsoa
Etxeko txikienentzat Antton Kazabonek idatzi eta Javier Erostarbek marraztutako kontakizun honen protagonista askatasuna ezeren gainetik maite duen otso bat da. Gose da Otsoto bere mendiak utzi eta herria bisitatzera jaisten denean. Gizakiak sabela bete ahal izateko ezer gabe utzi du, eta haren baserriak eta etxaldeak dira orain bere salbazio bakarra. Herrian, Toto zakurra aurkituko du, betiko moduan, haragiz eta hezurrez lepo, baina kate lodiz lotuta. Otsotok ez du maite haren bizitza, ordea.
Hamabost zauri
Karmele Jaio
Elkar
136 orrialde 11 euro
Binakako bakardadearen alde ilun horiek
Amaren eskuak izenburuko nobela baten proiektuarekin berriki Igartza Saria eskuratu duen idazle gaztea dugu Karmele Jaio, Hamabost zauri ipuin liburuaren egilea. Eta hain zuzen ere, hamabost bihozmin irudiztatzen dituzten beste hainbat narrazio laburrekin osatu du Karmele Jaiok bere aurreneko argitalpen hau. Gaien artean, inkomunikazio arazoak daude: bikoteak utzi duen mutilaren amorrua, nola seme-alabek zapuztu dezaketen bakardadean bizi den emakume edadetuaren maitemina, guraso kaskarin baten ezustekoa semeak andregaia aurkezten dionean, hamabi urteko mutiko baten itxaropenen deuseztapena, batak besteari gauzak garbi esatera ez ausartzeagatik senar-emazte batzuren arteko desengainua, gauero lanera doan eta egunez lo egiten duen senarrak bere emaztearekiko daukan kezka, senarra beste emakume batekin bere ohean aurkitu duen emakumearen erabakia, munduko emakumerik zoriontsuena izateko gazte batek egin behar duena, bakardadeak beste bakardade baten bila eramaten duen gizasemearena, senarrak utzi ondoren lagun baten babesa bilatzen duenaren desilusioa...