Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-10-17 -- 1962.zenb

Agustin Errotabehere ( kazetaria)

Epe laburrerako zerumugan hauteskunderik gabe, Dominique de Villepin barne ministroaren bisita izanen dugu Iparraldeko aktualitatearen bihotzean datozen hilabetetan. Aktualitate nahiko isila? Loeria? Krisia? Ala indarberritzeko garaia? Zer nolakoa ote da Iparraldeko egoera? Eta abertzaleak?

Krisi hitza aipatu dute zenbaitek. Gutxienez galdeketa garaia dela onartu behar, norabidea finkatzeko bilana edo balantze garaia dudarik gabe, ABk antolatu agorrileko jardunaldietan agertu zenaren arabera. Zergatik ote?

Azken urtetako hauteskundeetan abertzaleek ez dute aitzinamendurik neurtu, edo arras mugatuak. AB eta Batasunaren arteko zatiketak eraginak izan dituela horretan dudarik ez, lehiaketa batean sartuak direla bi mugimenduak, abertzaleen artean elkarren arteko loturak izoztuz. Europar azken hauteskundeak adierazgarriak izan dira. Berdeekin egin duen aliantzak emaitza hobeagorik ez diola eman ABri. Herritarren zerrendak (HZ), aldiz, euskaldunen boto kopuru borobila bereganatu duelarik.

Orokorkiago abertzaleak ohartzen dira hauteskundeetan zehar, ez dutela euskaldun-euskaltzale boto osoa bereganatzen. Alta azken hamarkadan "euskal herria bi mila hamar" ekimenaren bidez, hausnarketa, proposamen ala mobilizazioetan protagonismo nagusia izan dute abertzaleek. Bizkitartean lan edo mobilizazio horien fruituak ez dituzte hauteskundetan kapitalizatu.

Egoera politikoa bera nahiko loerian sartua dugu Iparraldean. Batera plataformaren inguruan, hizkuntza, unibertsitatea, Laborantza Ganbara ala euskal departamenduaren alde antolatu mobilizazio indartsuen ondotik bazterrak isilduak dira, ilusiorik gabe. Villepin ministroaren bisitaren goaitan edo itxaroten Ezker Abertzaleak Hegoaldean bizi duen egoerak ere eraginak baditu Iparraldean.

Norabide argi eskasa ote? Iritzi ezberdineko militanteak biltzen dituen ABren baitan, galdeketa horiek nabari dira. Kontradikzioak ere ûOGM, mundializazioa eta abarû ezker erradikalarekin lema zenbaitetan bat egiten duen sektoreak gero eta deserosoagoa aurkitzen dela langileen kontrako erabaki patronal gogorrak hartzen dituzten ABko lider zenbaiten joka moldearekin.

Orokorkiago ahal eta hautetsi gehienik lortzearen aldeko hautua egina du ABk instituzional mailan kokatuz bere lanaren ardatz nagusia. Etxe bizitzak, zaborrak, lurraren prezioa, azpiegiturak... Eguneroko bizitzako lemak dira gaurko beren jardueraren minean.

Postu eraginkorrak erdiesteko hauteskundeen bidez, aliantzak beharrezkoak izanen dituela beste alderdi politikoekin onartua du ABk. Galdera ezin baztertua: norekin? Orain arte eskuineko indarrekin egin ditu aliantza gehienak, ezker aldean bere burua kokatzen duelarik. Bihar norekin? Berdeekin egin duten esperientziak emaitza aipagarririk ez dio eman. Logikak nahi luke sozialistekin loturak egitea. Oraingoz ez dira ez, hurrenik ere asmo horiekin.

Burujabetasunaren aldeko hautua aldarrikatua du ABk. Baina gai horren inguruan guti entzuten dira autodeterminazioaren eskubidearen haritik, euskal departamenduari bai edo ez galderaren inguruko erreferenduma aipatua izan zen garai batean. Nehork aldarrikatzen ez duena orainokoan. Hegoaldeari begira jarri da AB. Hain gogor kritikatu ondoan, Eusko Jaurlaritza eta EAJren politika ikuskatuz Ibarretxeren planarekin.

Europar hauteskundeek arnasa berria eman badiote HZren emaitzaren bidez Batasunari, gazteriaren artean bere protagonismoaren hedatzen saiatzen ari bada beti, eraginkortasun eta indar ahula dauka Iparraldeko aktualitatean baztertua geldituz. Gainera sinesgarritasun eskasarekin oraingoz bederen .

Villepin barne ministroaren bisita urriaren hondarreko edo dena den urte hondarreko iragarria da. Eskuak hutsik ez bada etorriko lurra ala hizkuntzari begira bereziki, oinarrizko euskal gizartearen galderei ez die erantzunik ekarriko. Hegoaldetik lehendakariaren proposamenaren inguruan sortuko den eztabaidaren haizeak, hats berri bat ekar diezaieke Iparraldeko indar politikoei, eta bereziki abertzaleei.

Joxemari Iturralde

Osatu da eta martxan jarri da, azkenean, Euskal PEN Kluba. Talde hau osatzeko lehen saioa duela berrogeita hamar bat urte izan zen, Andima Ibiñagabeitia, Jokin Zaitegi, Jon Mirande, Federiko Krutwig, Txomin Peillen eta beste zenbait idazle tartean zirela. Erakunde hark, ordea, eta zoritxarrez, ez zuen aurrerapausorik egin. Bigarren ahalegin bat egin zen, 1987an, baina honek ere huts egin zuen. Orain dela gutxi, esan bezala, eratu da Euskal PEN Kluba, apirilean, eta duela hilabete onartua izan da mundu guztian, Basque PEN Center izenaz, Norvegian ospatu den munduko batzar nagusian. Beraz, euskal taldea lanean da dagoeneko Laura Mintegiren lehendakaritzapean. PEN erakundea 1921ean osatu zen Londresen eta gaur egun 150 zentro daude munduan zehar 100 bat herritan barreiatuta, 15.000 bat kide dauzkalarik. Jakina denez, "pen" hitzak "luma" esan nahi du ingelesez baina, horrezaz gain, PEN izena akronimo bat da poetak, editoreak eta narraziogileak hartzen dituena ûzehazkiago esanda: Poets, Playwrigths, Essayists, Editors and Novelistsû. Hauetako edozein izan daiteke "penkide". Idazleen arteko lankidetza eta harremana bultzatzeko asmoz sortu zen eta adierazpen-askatasunaren alde lan egiteko, edozein delarik kideen hizkuntza, arraza, kolorea eta pentsamendu politikoa. Erakundearen barruan hainbeste lan-talde eta komisio daude, esate baterako, beren iritzien edo idatzitakoarengatik preso dauden idazleen aldeko batzordea, itzulpen eta hizkuntza eskubideen aldekoa, bakearen aldeko idazleena, emakume idazleena, idazle atzerriratuen aldeko programa, larrialdietarako PEN fondoa...

Jakin beharra dago PEN foro irekia dela ûez dela sindikatu bat eta ezta literatura-agentzia bat ereû, politikoki independentea eta gobernuz kanpoko erakundea. PEN International-ek zera adierazten du: a) Literaturak ez du mugarik ezagutzen eta jende arteko erabilera komuna izan behar du politikazko eta nazioarteko istiluen gainetik; b) Egoera guztietan, eta gerra-garaian batez ere, arte-lanek gizateria osoaren ondare direnez, ez lukete grina nazional edo politikoen kalterik jasan behar; c) PENeko kideek uneoro erabili beharko lukete beren esku duten eragina nazioek elkar ulertu eta errespeta dezaten, ahal duten guztia egitera konprometitzen dira arraza, klase eta nazio-mailako gorrotoak desagerrarazteko, eta mundu bakarrean bakean biziko den gizateria idealaren alde egiteko; d) PENek nazio bakoitzaren barruan eta nazio guztien artean pentsamenduaren oztopo gabeko transmisioaren printzipioa bultzatzen du, eta adierazpen-askatasuna edozein eratan murrizteari aurka egitera konprometitzen dira beren kideak dagokien herrialdean eta komunitatean, baita mundu osoan zehar ere, ahal den neurrian. PENek prentsa askea aldarrikatzen du eta zentsura arbitrarioaren aurka dago bake-garaian. Uste du ondo antolaturiko ordena politiko eta ekonomikorantz munduak egin behar duen aurrerapenerako gobernu, administrazio eta erakundeen kritika askea ezinbestekoa dela. Eta askatasunak norberaren borondatezko neurritasuna eskatzen duenez, kideak prentsa askearen gaitz hauen aurka jardutera konprometitzen dira, hots, argitalpen gezurtien, berariazko faltsukeriaren eta helburu politiko edo pertsonalengatik egitateak desitxuratzearen aurka. Idazle, editore eta itzultzaile gaitu guztiak izan daitezke PENeko kide, helburu hauek onartzen badituzte, zeinahi nazionalitate, hizkuntza, arraza, kolore edo erlijioetakoak direla ere.

Nik, hemendik, PENkide izateko gonbitea luzatu nahi diet euskaraz idazten duten guztiei, ados baldin badaude orain arte idatzi dudanarekin, komeni baitzaigu euskaldunok ere, behingoz, talde osatu bat egin dezagun, eta kanpoaldean euskal literatura (eta euskara) ûEtxeparek aspaldi nahi izan zuen moduraû ezagunago izan dadin. Hala biz.

Jexux Mari Irazu

Asier orain dela bi egun sortu da mundura Euskal Herriko ospitale publiko batean. Bi egun bai, eta dagoeneko ezagutu behar izan ditu bere arima eta izerdia zupatu nahiko dizkioten hiru mamuak. Ospitale publiko batean jaio da ûoso ondo atendituta, dena esateraû, baina, Eliza, bankuak eta prentsa gelako aterik jo ere egin gabe sartu dira barrura. Ez dakit nork eta zein eskubiderekin esanda, Asier oraindik paperik gabeko etorkin bat besterik ez baita mundu honetan. Lehenbizi Eliza etorri zaio Asierri, jaio eta oso ordu gutxira. Eskumuinak bezala, zerua ere merke dago nonbait. Lurrekoa kenduta, zerua ez dakit zer den, baina, bakea gauza ederra da ba besteri emateko ere. Elizak jakin beharko luke hori, eta Osakidetzak zer esanik ez. Asier jaio-berriaren bigarren mamua prentsa edo prentsako batzuk izan ziren. Izena kendu nahi zioten hurrengo egunean beren orri eta uhinetan barrena zabaltzeko, hala egin ezean erabat jaio ez balitz bezala. Eta hirugarren mamua ûbenetan gainera mamuaû, bankuak. Aurrezki kutxa bat Asierren kasuan. Aurreko biek bezala, hark ere ez du Asierren gelako aterik jo, ezta txandarik hartu ere. Bi eguneko umeari libreta zabaltzea eskaini diote, 12 eurorekin gainera, eta aurrezki kutxaren logotipoa duen babero polit bat eman diote opari. Asier behin bakarrik jaio da eta, jakina, berria egin zaio hiru mamuren bisita. Gero jakin du berria ez baizik aspaldiko kontua dela. Noiz artekoa, ordea?

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan