Kontrastearen haritik, lau bitxikeria
Urretxuko Udalak, PSE-EE, EA, EAJ eta legez kanpoko ezker abertzaleko Herribide plataformak, Baltasar Garzon medio espetxean diren Joseba Garmendia eta Miren Josu Aranburu zinegotzi ohien errugabetasun printzipioaren aldeko idazki bat adostu dute; bertan, Garmendiaren berehalako askatasuna eskatu dute. EAJk eta EAk gidatzen duten Eskoriatzako udalak beren elkartasuna adierazi zion Saliesen atxilotutako Soledad Iparragirreren familiari, jasan zezakeen tratuagatik ardura agertu eta Ertzaintza herriko manifestazio baketsuetan ez dela agertu behar azpimarratu. Bizkaiko PSE-EEko Jose Antonio Pastorrek, aldiz, Radio Euskadin egindako elkarrizketan Enrique Rodriguez Galindo espetxetik atera den unea eta moduarekiko desadostasuna agertu zuen. Halaber, PSOEren Gobernuaren menpeko den SEPIk La Navaleko ontzioletarako prestatu duen irtenbidearekin ados ez dagoela jakinarazi zuen. Laugarren egoera bitxia Gasteizko EHUko Filologia eta Historia-Geografia Fakultatean eman zen, halakoez Euskal Herria josita badago ere, azpimarratzea merezi duena: Andolin Eguzkitza omentzeko mahai-inguru berean ziren hizlari Miren Azkarate eta Beatriz Fernandez. Lehena Eusko Jaurlaritzako Kultura kontseilaria eta gobernuko bozeramailea; bigarrena, aipatu fakultateko irakaslea da eta duela hiru aste Fresneseko espetxean atxilotua izan eta 48 ordu pasatu behar izan zuen komisaldegian, biluzketak eta uzki arakatze umiliagarriak jasanez, senar presoari legamia eraman eta poliziak estupefazienteak sartzea leporatu ondoren.
Lan gatazkak puri-purian
Gasteizko Caballito enpresako langileek urtebete egingo dute greban urriaren bukaeran; Basauriko udal eraikuntzez arduratzen diren langile emakumeek dagoeneko bederatzi hilabete daramate greban, garbiketaren kontrata duen enpresari soldata duinagoa eta udaletxeari bitartekaritza eskatuz. Arazoa enpresa eta langileen artekoa dela zehaztu du alkateak. Udalak garbiketa lanak bermatzeko lanpostu deialdia egiteko asmoa agertu du, eta emakume grebalariek hori beren soldata igoera baino askoz garestiagoa dela azpimarratu dute. Gasteizko udalaren haur eskoletan ere irailean hasi zuten greba irakasleek eta alde bien posizioak daudenean jarraitzekotan, luze jo dezake.
Eragile politikoen erantzukina
Galdera eta interpretazio ugari egin dira ETAren aurkako azken sarekadaz, euskal gizartean bizi den gatazkaz dauden ikuspegien adinakoak eta gehiago. Denboraren iraganak argituko ditu batzuk, besteetan bakoitzak bere interpretazioarekin jarraituko du. Poztu dira poztu beharrekoak, batzuk beste batzuk baino gehiago; eta tristetu beharrekoak tristetu dira, horien artean ETArekin ados ez diren asko ere bai. Gatazka politiko eta bortitza elkarrizketaren bidetik bakarrik konpon daitekeela zinez sinesten dutenek, polizi bideetatik konponbiderik ez dela izango ondo dakite. Baina konponbideak ere mota askotakoak izan daitezke, eta bakoitzak bere eredura gehien hurbiltzen den konponbidea bilatu nahi du, eta horretan bai eragin dezakete halako kolpeek; ETAren jardunak ere eragin dezaketen bezala. Egia da konponbide bat bilatzen ari den sentipena zabaldu dela gizarteko zenbait gunetan. Eta operazio honek sentipen hori areagotu egin du. Desio sakon eta hedatu hori hamaikagarrenez ez zapuztea da eragile politiko dagokien erantzukizuna.
Mikrofonoa utzi du Laxaro Azkunek
Laxaro Azkune Herri Irratian hasi zen esatari lanetan 1983an. 21 urtez irratigintzan aritu eta gero, azken emisioa egin zuen urriaren 6an. Orain, Jesusen Lagundiaren enpresan hasiko da itzultzaile lanak egiten. Berak argitu duenez, aldaketa latza izango dau hau, jendaurreko lana utzi eta isilpekoa egingo baitu hemendik aurrera. Herri Irratitik Jesusen Lagundirako aldaketa horren arrazoiak agertu ditu: batetik, zuzendaritzak berak orain arte egindako lanak beste langileren baten esku uztea hobetsi izana eta bestetik, diru arazoak direla medio enpresa egiten ari den berrantolaketa. Garai eder bat bukatu dela dio azpeitiar esatariak eta berriari ekingo diola, euskara, euskal kultura eta Euskal Herria buru eta bihotzean dituela, orain arte bezala.
Bosgarren Hitza
Goierriko Hitza da bosgarren Hitza. Orain arte Tolosaldean, Oarsoaldean, Urola-Kostan eta Lea-Artibain dute eguneroko prentsa euskaraz eta bosgarrenak Beasain, Legazpi, Zumarraga eta Ordizia harrapatuko ditu, besteak beste. Euskarazko Komunikazio Taldea SAko Bertako Hedabideak enpresa eta Goierritarra eta Zintzo Mintzo euskara elkarteak dira proiektuaren hiru partaideak. 10.000 aleko tirada izango du 8 orriko Hitzak eta hamar langilek osatzen du lantaldea.
Euskarazko Nortasun Agiria aztergai
Espainiako Kongresuak nortasun agiria, pasaportea eta gidabaimena euskaraz, katalanez eta galizieraz izateko aukera egon dadin legea berrikustea onartu du. PP alderdia izan da aurkako botoa eman duen bakarra.
Euskararen kalitatea
Eusko jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeak Kike Amonarriz, Andoni Egaña eta Joxerra Gartziari eskatu zien euskararen kalitatea aztertzeko. Emaitza, «Euskararen kalitatea: zertaz ari garen, zergatik eta zertarako» ikerketa, aurkeztu berri dute. Zenbait gai nabarmendu dituzte Egañak, Amonarrizek eta Gartziak: lege babesaren beharra, belaunaldi berriei euskararen transmisioa bermatzea eta hizkuntz normalizaziorako jarrera zibiko eta politikoa garatzea.
Bonaparterenak aldatu nahian
Bonaparte Printzeak hegoaldeko goi-nafarrerari euskalki deitu zion, baina Hego-nafarrera liburuaren egileak, Iñaki Caminok, hego-nafarrera nafarreraren azpieuskalkitzat du. Gesalaztik Iruñerria bitarte Aezkoara heltzen den hizkera da hego-nafarrera. Liburuan hizkeren eta gizataldeen arteko lotura historikoak ageri dira, beti ere, oinarritzat hizkuntza ezaugarrien hedadura geografikoa hartuz.
Daniel Udalaitz
Herritarrok egin behar izaten ditugun hainbat operaziotarako, abala behar izaten dugu; esate baterako, entitate finantzarioen kredituak lortzeko. Zer da abala? Abala hirugarren alde baten berme komertziala da. Abalatuak efektu edo kredituren bat epearen barruan ordaintzeko edota beste obligazioren bat betetzeko konpromisoa betetzen ez badu, abal emaileak erantzun beharko du. Abala efektuaren (kreditua...) atzealdean eginiko sinaduraren bitartez ematen da, harekin batera "abalerako ona" aipamena jarrita, "endosu" soil batekin nahastua gerta ez dadin. Orobat eman daiteke aparteko dokumentu baten bitartez. Abalagatik, abal-emaileak hainbesteko interes bat jasotzen du ordainsari gisa, abalaturiko zenbatekoaren ehuneko hainbestean adierazten dena. Hala ere, familia edo adiskide arteko abalak ere izaten dira, eta halakoetan ez da zertan ezarri era horretako interesik. Abalen barruan, badira batzuk Altxor Publikoaren Abalak esaten zaienak, eta estatuak erakunde publikoei eta sozietate estatalei maileguetarako (baita atzerrian jaulkiak badira ere) ematen dizkien bermeak dira. Espainiako gobernuaren kasuan, aurrekontuetako urtealdi bakoitzerako, muga maximo bat dauka ezarria estatuak abalatu beharreko kredituetarako.
Jaime Mayor Oreja PPko Barne Ministroa zenean Cayetano Gonzalez bere komunikazio arduradunak El Mundon idatzia: '"Bere janzkera eta hizkera medio, unibertsitateko irakasle itxura zuen". Horixe erantzun zidan 1999ko maiatzean Jose Maria Aznar lehendakariak ETAren zuzendaritzarekin hitz egitera bidali zituen hiru pertsonetako bati, elkarrizketan parte hartu zuten etakideek zer itxura zuten kuriosidade logikoz galdetu nionean. Bilerara Antzarekin joan zen Belen Gonzalez Peñalbari buruz galdetzean, beste hiru partaideetako batek halako arintasunez erantzun zuen "oso erakargarria" iruditu zitzaiola'.
Kurtso hasieran zalaparta handia izan zen Ibarretxe lehendakariak Jose Luis Rodriguez Zapaterok antolatu behar zuen autonomien konferentziara joango zen ala ez erabakitzeke zuelako. Orain jakin da autonomien egoerari buruzko Senatuko eztabaida abenduan edo urtarrilean izan daitekeela, eta ondoren burutuko litzateke autonomien konferentzia hori. Eusko Jaurlaritzak aditzera eman izan du han izango dela, baldin eta horrek Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuaren bitariko harremana bere horretan mantenduko balitz, bestela ez.