Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-10-17 -- 1962.zenb

Mikel Irizar


Aste gutxi barru bilduko dira lehen aldiz euskarazko kazetariak kongresuan. Euskalduna hautatu da bilgune, eta horrek ondo adierazten du biltzarrari eman nahi zaion solemnitatea. Eta helburu hartu da sektorearen liburu zuria erditzea, hau ere ez kontu makala. Sektorearen periferiatik, hemen doaz hausnarketa batzuk.

Amarauna versus koadrikula
Gaur egun, aipatzen denean «komunikazio sarea» automatikoki datorkigu koadrikularen irudia, erregularra, berdina edozein puntutan. Eta irudi hau aplikatzen badiogu munduaren antolaketari, emaitza litzateke milaka milioi puntu berdin, koadrikulan lotuta, abiada itzelak hutsean utzita distantzia, parean direla urrunekoa eta hurbilekoa. Oinarrian koadrikula lukeen munduak, azalean luke uniformetasuna.

Bada sarearen beste irudi bat, amarauna, armiarmaren sarea. Amarauneko puntu guztiak ez dira berdinak, sareak berak azaltzen ditu hurbiltasunak eta lehentasunak. Amaraunaren araberako munduan, ez dago uniformetasunik, mailakatu egin daitezke harremanak hurbiltasunaren arabera. Amaraunaren irudia, eta honen araberako mundu antolaketa, mesedegarriak dira identitate arazoak dituzten komunitateentzat.

Euskarazko komunikazioaren zeregina
Hedabideak baldin badira gorputz sozialaren zainak, komunikazioa da odola, gorputza elikatu, berotu, eta indartzen duena. Bera bakarrik nahikoa ez bada ere, ezinbestekoa da elkarren berri izatea elkarkide izateko, komunitate sentimendua atxikitzeko. Kontrako aldera, nahikoa da komunikazioa kutsatzea gorputz soziala gaixoarazteko. Ez dira alferrik estatu kolpeak beti hasten hedabideak kontrolpean hartzearekin. Handik sartuko da odolean anestesia, loak har dezan gorputz soziala.

Euskarazko komunikazioak hori luke zeregin nagusi: euskararen komunitatea sendotzea, suspertzea. Lehenik eta behin, eman behar digu elkarren berri, estali behar ditu ondo amaraunaren lehen zirkuluak, hor baitaude gure egunerokoa betetzen duten osagaien bi herenak. Eta bigarren, lotu behar gaitu munduarekin, nola amaraunaren hari erradialek lotzen duten erdigunea urruneko puntuekin. Hau bi aldetara: mundua gureganatuz eta gu munduratuz. Behar dugu munduaren ikuspegi gurea, gure parametroekin eraikia. Eta behar dugu munduak jaso dezan gure berri zuzena, gutaz jakiteko aukera egon dadin bitartekaririk gabe. Euskarazko hedabideak betetzen ariko dira dagokien zeregina lortzen duten heinean barneko nahiz kanpoko erreferentzialtasuna.

Egitura versus esparru
Euskaraz ari diren hedabideen sektorea izendatzeko erabiltzen da «Euskarazko komunikazioaren esparrua», baina «esparru» da bakarrik zelai, paraje mugatu, agertoki, plaza. Esparruan daudenak jardun daitezke bakarka, elkarrekin, elkarri bizkar emanez edo elkarren kontra. Esparruak berez ez du lankidetza adierazten, eta euskarazko hedabideen artean ez da preziso lankidetza sumatzen. Aldiz, uste dut lankidetza hori beharrezkoa duela euskararen komunitateak, gure komunitatearen biziraupenerako lehentasun osoa duela komunikazio egitura indartsuak, hau da, egitura bateratuak.

Mila aldiz eta beste hainbeste kolorez marraztu da etorkizuneko mundu hiperkomunikatua, eta dagoeneko hasia da bistaratzen. Komunikaziozko uholde horrek ezabatu egin lezake tresna egokirik ez duen komunitatea. Eta tresna egokiak dira tresna propioak, beregainak. Euskaldunon kasuan, bizirauteko tresnak dira nagusiki gutaz eta bereziki euskaraz arituko direnak, elkar hartuta egitura bateratuan. Egitura honen diseinuak eta harantz eramango duen bideak beharko dute, ezer baino gehiago, sektorearen adostasuna. Eragile guztiek jarri beharko dute, bakoitzaren helburuen gainetik, helburu komuna: euskararen komunitatea sendotzea eta bihurtzea gure gizartearen bizkarrezurra.

Izan bedi Euskaldunako kongresua ibilbide honen abiapuntua.

Kike Diez de Ultzurrun

Tantaka iritsi ziren. Lehendabizi, Palacios eskuin muturreko kontseilaria, Nafarroako Parlamentuak bi aldiz gaitzetsia, Euskalerria Irratiari baimena ukatu ziona. Gero, Iturbe zinegotzi sozialista ohia, UPNk ederki saritua. Ondotik, Opus Deiko Unibertsitateko goi ordezkari bat UGTko beste kide goren batekin solas ederrean. Haien atzetik, Diario de Navarrako kazetari, iritzi emaile, eragile larderiatsu horietako bat eta, jarraian, Merkataritza Ganberako burua. Gainaren gaina Iruñean modan dagoen jatetxean bazkariz bilduta.

Horra Nafarroa ia goitik behera mendean hartua duen sarearen talde eragilea, Nafarroari buruzko erabaki potolo-potoloak hartzen dituena. Konparazio batera, mahai horretan erabaki zuten euskarari ateak ixtea, Lizarberen ordez Chivite paratzea, erromatarren aztarnak txikitzea, Euskal Jai xehatzeaà Indarrean dabiltza, azken mende laurden honetan sasoi betean ibili diren bezala. Sarekide asko dituzte, gainera. Gero eta gehiago. Batzuk konbentzimendu osoz arrimatzen zaizkie. Beste batzuk abaguneak bultzatuta, ikazkinarekin beltz eta errotazainarekin zuri jokatzen dutenak. Ez baita erraza sareari aurre egitea, oso lanabes eraginkorrak baititu jendea otzanarazi eta haren erranetara makurrarazteko. Bestela, galdetu enpresa aunitzi, dirulaguntza jaso ala ez euskara ez erabiltzeari lotua dagoenean. Alde horretatik, zerrenda bat ba omen dute Industria Departamentuan: euskararen aldeko sentiberatasuna dutenak daude hartan sartuak.

Erran bezala, sarekideak aunitz eta plantakoak dira, arlo honetakoak eta hartakoak. Luze joko luke guztien aipamena egiteak, baina hona hemen mordo bat: Nafarroan entzun, ikus eta irakurtzen diren gaztelaniazko komunikabide gehien-gehienak. Beti berberak agertzen dira, Del Burgo, Barcina eta Fernando Sebastian. Azken hori Iruñeko artzapezpikua da, gizon buruargia, sareari zerbitzu ezin hobea eman diona; UGT, CCOO eta UAGN sindikatuak; Nafarroako Aurrezki Kutxa eta bere Fundazioa ûkutxako zuzendariak meritu bakarra zuen kargu horretarako: katalanaren kontra gogor jardun izana Bartzelonan bizi izandako urteetanû; Nafarroako Gobernuak eratutako sozietate publiko guztiak; FCC multinazionala; Pilota eta Futbol Federazioak; Porland eskubaloi eta Osasuna futbol taldeetako zuzendaritza taldeak; unibertsitate pribatua eta berriki Opus Deik zabaldu duen CIMA medikuntza ikerketarako zentroa, pentsamendu erlijioso estuak erabat baldintzatua; eta gizartean dauden era askotako elkarte, mugimendu, erakundeakà gazte jendea ere erruz. Ikusi besterik ez baitago zenbat eta zenbat zinegotzi gazte dituen UPNk han eta hemen. Etorkizuna lantzen ari dira eta lurra ederki arotu dute.

Zabaltzen duten mezua ez da batere korapilatsua, argia eta zuzena baizik: Foru Komunitatea Espainian, oparotasuna, Indurain, kalderetea eta patxarana. Eta azkenaldi honetan, zementua eta prehistoria. Kito. Aski dute. Oso abilak izan dira, gainera, Sanferminak, zapi gorria, jotak, Oteiza, Hemingway, iragana eta beste gauza aunitz bahitzen eta bahetzen. Gure herrialdearen izena eta izana neurri gabe puztu dute, nazkatzeraino kasik, baina jendeak, oro har, dena irensten du eta men egiten die. Jakina, mezu horretan ez da inola ere ageri sare-kideak elkarren artean lotzen dituen itsasgarria, diru gosea, alegia. Noizbehinka, sarekide bat edo beste sakrifikatu behar izaten dute, itxura egiteko, noski. Horregatik, urkamendira eraman zituzten Roldan, Urralburu eta koadrila hura eta, horregatik, berriki gorriak ikusi ditu UPNko alkate ohi Galipienzok. Baina, sareak, korapiloak, matazak bere horretan dirau den mendrenik laxatu gabe, moteldu gabe. Noiz arte?

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan