Astekaria

 Zientzia eta teknologia 

Hostazuriaren gorria

Jakoba Errekondo

Jakoba Errekondo


1961. alea
2004-10-10
alde 0    kontra 0

Hostazuri (Sorbus aria) bat dut bizilagun. Duela sei bat urte landatu genuen neuk lan egiten dudan leihoaren parean eta egunero ikusten dugu elkar. Harri eta porlanezko zoruan, espaloietan egiten diren zulo edo alkorke horietako batean bizi da. Juxtu antzera, beraz: ura eta elikagaiak tamainan hartzeko aukera du eta ondorioz, lorealdi bikainak eta fruitu andanak ematen ditu urtero, bera noiznahi ihartuko dela uste duenez, bera bezalakoak sortuz espezieari eusteko aukerak ugaritu nahi ditu fruitu eta hazi asko emanez. Ondoan dituen xarma (Carpinus betulus) eta astigar zorrotza (Acer platanoides) alde ederrean bizi eta hazten ari dira, porlanez inguratutako zulo batean beharrean lur puska ederrean landatuta baitaude...

Hostazuriaren generoko landareak, Sorbus-tarrak, gogoko ditut oso: otsalizarra (Sorbus aucuparia), maspila (Sorbus torminalis)... Baso eta mendietan gero eta gutxiago ageri dira eta porlan artean gutxi landatzen dira. Genero hau arrosazeoen familiakoa da, sagarrondoa, gereziondoa eta abar luzearekin batera, eta hauen antzera fruitu jangarriak dituzte. Aspaldi du euskaldunok ez ditugula jaten, baina bere garaian udazkeneko elikagai ona zen. Neure leiho ondoan dagoen hostazuria fruituz mukuru da oraintxe, distiratsu erakargarri gorri... jalea, marmelada edo dultzea egin nahiz hartzituz alkohol edangarria bihurtzeko pronto daude, jateko deika. Janez gero dagoeneko helduak dituen haziak nora edo hara barreiatuko direla bai baitaki. Garai batean arotz eta tornularien kutixia zen hostazuriaren zura. Egungoek ez dute ezta izenez ere ezagutzen, Errusiakoak, Indonesiakoak edo Brasilgo zurak etxekoagoak dituzte. Zura fina du eta, bai tornuan bai eskuz, kirtenak, koilarak... pieza bereziak egiteko erabili izan da.

Ezagutuz gozatu eta fruituak baliatu nahi badituzu pinu, ler, pago edo haritz landaketa intentsiboak iritsi ez diren mendi muturretara edo errekondoetara jo, karea nahiz buztina dagoen lurretan topatuko duzu. Haizea dabilen egunetan errazago, hostopeko tapiz zuria erakusten baitu, urrutira nabarmen zilarrezko azalduz. Ni bizilagunak eskaintzen dizkidanak biltzera noa, eta urtero legez bere eskuzabaltasuna gogotik eskertuko diot...

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1960
 
azala1959

1961 zenbakia.
2004ko urriaren 10a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza