Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-10-10 -- 1961.zenb

Jakoba Errekondo

Hostazuri (Sorbus aria) bat dut bizilagun. Duela sei bat urte landatu genuen neuk lan egiten dudan leihoaren parean eta egunero ikusten dugu elkar. Harri eta porlanezko zoruan, espaloietan egiten diren zulo edo alkorke horietako batean bizi da. Juxtu antzera, beraz: ura eta elikagaiak tamainan hartzeko aukera du eta ondorioz, lorealdi bikainak eta fruitu andanak ematen ditu urtero, bera noiznahi ihartuko dela uste duenez, bera bezalakoak sortuz espezieari eusteko aukerak ugaritu nahi ditu fruitu eta hazi asko emanez. Ondoan dituen xarma (Carpinus betulus) eta astigar zorrotza (Acer platanoides) alde ederrean bizi eta hazten ari dira, porlanez inguratutako zulo batean beharrean lur puska ederrean landatuta baitaude...
Hostazuriaren generoko landareak, Sorbus-tarrak, gogoko ditut oso: otsalizarra (Sorbus aucuparia), maspila (Sorbus torminalis)... Baso eta mendietan gero eta gutxiago ageri dira eta porlan artean gutxi landatzen dira. Genero hau arrosazeoen familiakoa da, sagarrondoa, gereziondoa eta abar luzearekin batera, eta hauen antzera fruitu jangarriak dituzte. Aspaldi du euskaldunok ez ditugula jaten, baina bere garaian udazkeneko elikagai ona zen. Neure leiho ondoan dagoen hostazuria fruituz mukuru da oraintxe, distiratsu erakargarri gorri... jalea, marmelada edo dultzea egin nahiz hartzituz alkohol edangarria bihurtzeko pronto daude, jateko deika. Janez gero dagoeneko helduak dituen haziak nora edo hara barreiatuko direla bai baitaki. Garai batean arotz eta tornularien kutixia zen hostazuriaren zura. Egungoek ez dute ezta izenez ere ezagutzen, Errusiakoak, Indonesiakoak edo Brasilgo zurak etxekoagoak dituzte. Zura fina du eta, bai tornuan bai eskuz, kirtenak, koilarak... pieza bereziak egiteko erabili izan da.
Ezagutuz gozatu eta fruituak baliatu nahi badituzu pinu, ler, pago edo haritz landaketa intentsiboak iritsi ez diren mendi muturretara edo errekondoetara jo, karea nahiz buztina dagoen lurretan topatuko duzu. Haizea dabilen egunetan errazago, hostopeko tapiz zuria erakusten baitu, urrutira nabarmen zilarrezko azalduz. Ni bizilagunak eskaintzen dizkidanak biltzera noa, eta urtero legez bere eskuzabaltasuna gogotik eskertuko diot...

Jabier Agirre


Hiritar gehienak (%32) "oso gogobeteta" edo "nahiko gogobeteta" (%54) omen daude euren sexu-harremanekin. «Gutxi" edo "batere ez" gozatzen ez dutela diotenak berriz, hurrenez hurren, %11 eta %3 dira. Horixe da "Hiritarra sexuaren aurrean: egiak, errealitateak eta mitoak" izeneko txostenaren ondorioetako bat.
Txosten horretan Espainiako estatuko 25 urtetik 45era bitarteko gizon-emakumeen joera sexualak aztertzen dira, hiritarrei egindako 1.200 elkarrizketa baino gehiagoren bidez. Espainiako Sexologiako Elkarteen Federazioak (FESS) plazaratutako ikerketaren arabera, inkestatutakoen erdiak baino gehiagok (%51k) astean bizpahiru aldiz omen ditu sexu-harremanak, %20k astean behin, eta %12k dioenez, egunero. Emakumeen artean %34 "oso pozik" omen dago bere sexu-harremanekin, baina gizonetan %29 besterik ez dira hori diotenak.
FESS elkarteko presidentea den Antonio Casaubón-en esanetan, "geure gizartean irrika produktibista dago sexuaren inguruan, eta itxura batean plazer asko eta orgasmo asko eragin beharra dago". Horregatik, gero eta gehiago omen dira "buruko mina duten gizonezkoak", hau da, harreman sexualei aurre ez egiteko aitzakiak jartzen dituzten gizonen portzentajea, bere bikotekidea gustura utziko ez duen beldurrez. Euren sexu-harremanen maiztasuna ez handitzeko aipatutako arrazoien artean denbora-falta (%18), lana (%15) eta nekea (%9) dira inkestaren arabera. Gizonezko askok beste jarduera batzuk jartzen dituzte sexuaren aurretik, gimnasiora joatea, esaterako.

Joxerra Aizpurua


Arrainen kutsadura neurtu nahian

Iragarki askotan plazaratzen dira arrainak dituen onurak osasunarentzat. Azken aldian, batez ere azido graso polisaturatuak dira gehien azpimarratzen direnak, baina ingurumenaren poluzio gero eta handiagoak ikerlariak kezkatu ditu. Hau dela eta, Frantziako lau itsasertzetan arrantzatutako arrainaren egoera aztertu nahi dute, beruna, merkurioa eta kadmioa bezalako metal astunen maila neurtzeko. Burutuko den lanaren izenburua "Asko kontsumitzen diren itsas produktuen nutrizio-onuren eta metal astunen eraginaren ebaluazioa" da eta urrian hasiko da. Bertan, arrantza komertzialaz gain norbanakoen arrantza ere aztertuko da eta Elikagaien osasun-segurtasunerako agentzia frantsesak (Afssa) eta Ikerketa Agronomikorako Institutu Na- zionalak (INRA) zuzenduko dute. Ikertuko diren lau lekuak Lorient, Toulon, Le Havre eta La Rochelleko portuak eta hauengandik 20 kilometroko perimetroko ingurua izango dira. Aleatorioki hautatutako pertsonei itsas produktuekiko dituzten ohiturei buruz galdetu ondoren, analisi biologikoak egingo zaizkie arestian aipatu berun, merkurio eta kadmio maila ezagutzeko. Azkenik, elikatzeko erabiltzen diren itsas produktuen kalitate nutrizionala eta kutsadura-maila ebaluatuko da. Behin-betiko emaitzak 2005eko udazkenean izatea espero da.
Hainbat estatutako osasun arduradunek, arrain batzuen merkurio-maila handia dela eta, arrain kontsumoa mugatzea aholkatu dute, batez ere, gazteen eta haurdun dauden emakumeen kasuan. Beraz, ikerketaren emaitzaren zain geratuko gara.


Barra kodea izakiak katalogatzeko

Orain gutxi, izakiak katalogatzeko sistema posible baten berri eman genuen eta baita abisatu ere gai horren inguruko berriak etenik gabe sortuko zirela, batez ere zientzialarien arteko eztabaida bizi-bizia delako.
Aste honetan beste eztabaida baten berri eman nahi dugu: posible izango al da egunen batean txori, igel edota tximeleta bat barra-kode batekin katalogatzea?
Biziaren Barra-kodeketarako Elkarteak baietz uste du, izakiak barra-kode genetikoarekin katalogatzea posible delakoan daude. Horretarako cytochrome c oxydase I (COI) deituriko genea aukeratu dute. Aipatu genea mitokondrioetan kokatzen da eta badirudi nahikoa dela espezieak bereizi ahal izateko.
Arestian aipatu elkarteak bi azterketa argitaratu ditu beren asmoak baieztatzeko. Azterketa horietako batean 260 txori-espezie aztertu dira eta bestean Astraptes fulgerator tximeleta-espezieko 480 espezimen aztertu dira. Azken kasu honetan espezimenak heldutasunera ailegatzean 10 espezietan biltzen dira.
Azterketen ondorioek ez dituzte konbentzitu zientzialari gehienak eta are gehiago, azken hauek ez dute uste gene bat bakarra nahikoa izan daitekeenik espezieak bereizi ahal izateko.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan