Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 09:39:43
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-10-10 -- 1961.zenb

Katixa Garate






Saltsa Euskadi sarietako izendapenetan

Azaroaren 23an banatuko dira Euskadi Literatura sariak eta dagoeneko jakinarazi dituzte finalistak. Euskara arloko sarietan polemika piztu da. Bost liburu finalista hautatu ditu epaimahaiak (Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea, Felipe Juaristiren Airezko emakumeak, Jokin Muñozen Bizia lo, Jon Alonsoren Hodei Berdeak eta Xabier Montoiaren Denboraren izerdia). Alonsok eta Montoiak uko egin diote izendapenari, sariaren hautagai izateko haren oinarriak onartuz agiri bat sinatu beharra zeukatelako. Idazleok ez dute egoki ikusten hori egitea, beraiek ez baitira sarira aurkeztu. Iaz gauza bera gertatu zen itzulpen sarietan. Koldo Izagirre finalista izendatu zuten eta idazleak uko egin zion agiria izenpetzeari. Aurtengorako oinarri horiek berrikustea eskatu zuen iazko itzulpengintza epaimahaiak, baina oinarrien araua aldatzerik ez zegoela esan zuen Arturo Garcia Fiel Kultura Sortu eta Zabaltzeko Zuzendaritzako teknikariak.


Holandarrak Euskal Herria ezagutzeko gogoz

Komunikabideek Euskal Herriaz ematen duten irudi negatiboari aurre egin nahian, euskal kulturari eta Euskal Herriari eskainitako egitarau oparoa antolatu du urrirako Amsterdamgo Melkweg kultur zentroak. Euskal zinema erakutsiko dute hil osoan, Au Pays des Basquesetik hasi eta Julio Medemen Euskal pilotaraino. Urriaren 9a egun berezia izango da. Film labur andana eskainiko dituzte eta euskal kirolari buruzko hainbat saio ere bai. Euskal sukaldaritza dastatu ahal izango da, eta bertsolariak eta txalapartarien emanaldiak izango dira. Behatokiko abokatu Julen Arzuagak eta Berriako ordezkari Gurutze Jauregik hitzaldia eskainiko dute eta gauean Fermin Muguruza eta Kontxakantxa Sound System, Inoren Eroni, Anari eta Gailuren kontzertuaren txanda izango da.


Artisauen bilkura Ordizian

Gipuzkoako artisauen lanak sustatzea eta euren arazo eta erronkei buruz hitz egiteko foroa izatea du helburu urriaren 8tik 12ra Ordizian egingo den Artisaualdiak. Askotariko artisau lanak ikusi ahal izango dira Ordiziako Udalak eta Gipuzkoako Artisauen Elkarteak, Gabiltzak, aurten zazpigarren aldiz antolatuko dituzten jardunaldietan. Berrogeita hamabi artisauk jarriko dituzte postuak: berrogei gipuzkoarrek, sei bizkaitarrek eta best sei nafarrek. Hitzaldi bat izango da Artisauaren formakuntza: beharrak eta aukerak Gipuzkoan goiburupean eta Debako Eskulangintzarako Irakaskuntzarako zentroari esker ona emango diote Gipuzkoako artisauek, heziketa arloan egindako lanagatik.


Abante! kulturgunea zabalik Bilbon

Zazpikaleetan eta Bilbon oro har euskalgintza eta kulturgintza lantzeko eta sustatzeko asmoz zabaldu du Hor dago Abante! konpartsak Abante! kulturgunea. Kultur elkarte egitura du eta 50 bazkide ditu, baina ehunera zabaldu nahi dute bazkide kopurua, parte-hartzea handitzearren. Haien asmoa hiru hilabetean behin lau bat kultur ekitaldi antolatzea da: kontzertuak, bertso afariak, erakusketak, ikastaroak... Horrezaz gain, bulego, bilera toki, gastronomia zentro... moduan erabili nahi dute Barrenkaleko 12. zenbakian dagoen kulturgunea. Bazkideekin bakarrik sartu daiteke egoitzan, baina kultur ekitaldietara edozein joan daiteke.


Euskal kulturarekiko atxikimendua aztergai

Euskal Kultur Erakundeak Iparraldean kultur emanaldiak antolatzen dituenean, arazoak izaten ditu ikusleak biltzeko. Musika emanaldiak arrakastatsuak izaten dira, baina antzerki eta olerki ikusgarriekin ez da gauza bera gertatzen. Herritarren gogoen araberako ekitaldiak antolatu ahal izateko, inkesta bat egingo du urrian eta azaroan Eusko Ikaskuntzarekin batera. Xedea euskal herritarrek euskal kulturarekiko duten atxekimendua eta beren nortasun kolektiboa aztertzea da. Hartara, 4.100 herritarren iritzia bilduko dute. 45 galdera egingo dizkiote Iparraldeko 1.600 herritarri, EAEko 1.500 laguni eta Nafarroako 1.000 biztanleri. Bestalde, azterketa kualitatiboa egingo dute 24 herritarrekin. Hamabiko bi taldeetan banatuta, lau orduz kulturarekiko duten jarrera eta itxaropenaz hitz egingo dute. Inkestaren emaitzak 2005eko uda eta udazkena artean jakinaraziko dituzte eta horiek eskuetan, Batekmila biurteko egitasmoa gauzatuko du EKEk, euskal kultura balioetsi dadin eta euskal nahiz atzerriko ikusleriari zabaltzeko. Guztia, non gauden jakin eta norabidea markatzeko.


Haurrak idazle

Lantzen ez denak etorkizun gutxi izaten du, berezko talentua ohiz kanpokoa ez bada behintzat. Irudimena landu eta gaztetxoei istorioak asmatzen laguntzeko, sortu du Elhuyar fundazioak Zeu Idazle!, sei eta hamabi urte arteko haurrei zuzendutako CD-ROMa. Istorioak idazteaz gain, irudiekin osatzeko aukera izango dute gaztetxoek, Zeu Idazle!k eskaintzen dituen elementu hainbat aukeratuz. Laguntza atalaren bidez, testuetan lexiko, sintaxi, gramatika eta ortografia egokia erabiltzen trebatu ahal izango dira.


CDak kopiatzeko denda

Copyplay enpresak Bilbon ireki duen dendan, CDak kopiatzeko makinak jarri ditu bezeroen eskura. Hala, bezeroak euro bat eta kopiatu nahi duen CD sartzen ditu makinan, eta CD originalaren edukia erabili gabeko beste CD batean gordetzen du makinak. Bestalde, bideoak eta binilozko diskoak CD eta DVDan gordetzeko zerbitzua eskaintzen du. Azken hau motelagoa da eta orduka ordaintzen da. Sektore berean jarduten duen Yourmusic enpresak Bilbon denda zabaltzeko asmoa duela jakinarazi du. Bezeroak aukeratzen dituen abestiekin CDak osatzeko zerbitzua eskaintzen du honek.


Zinemetako pirateriarekin amaitzeko

José María Toledo eta José Rada errioxarrek zinema aretoetan filmeen kopia piratak egitea saihesten duen tresna aurkeztu zuten Donostiako Zinemaldian. Karina Anticopia izeneko gailuak argi igorle aztoratzaile batzuk ditu. Zineman gaudela, ohartezinak dira gure begientzat, baina bideo kameretan grabatutako kopia ikusterakoan, filma ezin da ondo ikusi.


Juan Txillida Ameztoik erakusketa paratu du Bilboko Epelde & Mardaras galerian. Pinturatik eskulturara egin du jauzi azken urteetan eta erdibidean dauden obrak, pintura itxurakoak batzuk eta eskultura formakoak besteak, jarri ditu Bilbon.

Bikoteatroak, Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek alegia, lan berria estreinatuko dute urriaren 16an Bilboko areatzan: Bernardo Atxagaren Lezio berri bat ostrukari buruz.

Manu Gojenola bizkaitar albokariak Albokaren alde batzuk liburua osatu du. Herri Musikaren Txokoak sortutako Herri Musika Bildumako bigarren liburua da Gojenolak idatzitakoa.

Captain Nemo taldeak lehenengo diskoa atera berri du Metak diskoetxearekin: Korrontearen kontra, urpekari bat. Diskoko punk, rock eta hardcore abestiak Tolosako Bonberenean grabatu dituzte.

Xabi Borda gazte azpeitiarrak estraineko poema liburua argitaratu du Susa argitaletxearekin: Birika zatiak. Bere lanak Literatuzta aldizkarian plazaratu izan ditu.

Daniel Calparsoro bere filmografiako seigarren pelikula filmatzen ari da: Ausentes. Ariadna Gil eta Jordii Mollá dira aktore nagusiak.

Susana Koska aktore eta zuzendari donostiarrak Mujeres en pie de guerra dokumentala estreinatuko du urriaren 22an. Frankismoaren aurka borroka egindako sei emakumeren bizipenak jasotzen ditu zinema lanak.


Nagore Amondarainek hitzok izkiriatu zituen Berrian: «Idazleak hasi edo hezi egiten diren da betiko galdera. Baina musikari batek kontserbatorioaren beharra izatea tresna hori ikasteko ez du inork zalantzan jartzen».

Jorge Gimenezek zera zioen Kulturaren Euskal Planaz Garan: «Plana parte-hartzean oinarrituta eratu da, baina horren kudeaketak ere, plana bera baino garrantzitsuagoa izan daitekeenak, parte-hartzean oinarritua izan behar du».

Jorgeren (Lobo Eléctrico musika taldea) adierazpenak Galtzaundin: «Jendeak beti esaten du lehen gauza gehiago zeudela, baina nik uste orain toki gehiago daudela zuzenean jotzeko, erraztasun handiagoa diskoak argitaratzeko...».

Koldo Almandozek esanak Berrian: «Edozein txosna edo taberna alternatibotan katxiak 6-7 eurotan ordaintzen ditugunean, edota Iñurrategi itxura ematen digun markako mendi arropan gastatzen ditugunak gastatuta edo asteburuak eskiatzen (...) edo drogan gastatzen duguna kontuan hartuta... zinea, edo antzerkia edo liburuak garestiak direla esatea... pose aurrerakoia izan beharrean kulturaren aurrean jarrera guztiz erreakzionarioa dela iruditzen zait».

hemeroteka

1960. zenbakia | 2004-10-03
1959. zenbakia | 2004-09-26

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan