Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2004-10-10 -- 1961.zenb

Pilar Iparragirre

Bizitzaren filman bigarren mailako pertsonaia izatea baino gauza okerragorik ez ei dago. Hori uste dute behintzat Andoni Urzelairen Zirkulua nobelan agertzen direnetatik askok. Eta horregatik saiatzen dira gailentzen, bakoitza bere erara, famatu betierekoa bihurtu nahi lukeen psikopata hiltzailea, hura bere asmoetarako erabili nahian dabilen psikiatra, telebistako Luz roja saioko aurkezlea zein horien guztien hariak mugitzen dituen CESIDeko arduraduna. ETA eta erakunde honen inguruarekin behin betiko akabatzea nahi dute, eta horretarako guztia da zilegi, kaleetan izua barreiatzeko balio baldin badu. Tren edo hegazkin bidaia baten astunaz ahazteko erabat aproposa den intriga nobelaren osagaiak, hala ere, gehiago dira, hor ageri baitira, baita ere, Ertzaintzako zerbitzu sekretuetakoak, ETA erakundeko kideak eta gutxien espero dutenean hiltzera kondenaturik daudenak. Eta oroz gain, telebistaren mundua eta haren ikusle pasiboak. Hona hemen Zirkulua eleberriaren egileak horretaz guztiaz egin dizkigun gogoetak.

Gure artean ba omen da famatu eternala bihurtzearren edozein gauza egiteko prest dagoen asko. Zer egingo luke Andoni Urzelaik ospetsu bilakatzeko?
Ezer ez. Beno, Zirkulua liburuko pertsonaia guztietan badago zerbait izateko nahia, eta nigan ere halako zerbait egongo da, gaurko gizartean geroz eta gehiago baitago grina hori, eta iruditzen zait telebista mundutik sorrarazten dela. Ez dakidana da nahita bultzatutako gauza bat ote den edo ez, baina badago. Egungo gizartean entzutetsu ez dena, ez da ezer, zentzu batean bada ere; hau da, norberarentzat izango da, baina norberaren proiekzioa ez da ezer, ez baldin bada entzutetsua. Orain, neuk pertsonalki, ez nuke ezer egingo horrelakoa izateko.


Beraz, entzutetsu izateko inolako grinarik ez daukazu?
Ez dut uste, nahiz agian ezkutukoren bat izango dudan, idazten den puntutikà Bestela, norberarentzat idatziko luke batek. Baina ni gehiago ari nintzen ezagun unibertsala bihurtzeko grinaz.

Ospetsu bilakatzeko grina-ez grina, zuk Haginkadaka zure lehen nobelarekin Irun Hiria literatur saria irabazi zenuen 2002an. Zer nolako harrera izan zuen liburu horrek irakurleen artean?
Halako lehiaketak irabazi ondoren irtendako liburuek ez dute gero merkatuan zabalkunde normala izaten, beren argitaratzea apur bat testimoniala izan ohi da eta jende askori ez zaizkio heltzen. Behintzat, Haginkadaka nire inguruan oso jende gutxik irakurri du, eta irakurri duenari oso astuna egin zaio. Normala ere bada. Lehenengo aldiz zerbait idazten duzuenean, barrenean daukazun dena hor sartzen ahalegintzen zara, edozein zirrikitu bilatzen duzu zeure ideiak-eta botatzeko, eta ondorioz istorioak garrantzia galtzen du, eta nobela irakurtezin bat egiten duzu. Lehiaketetan beste gauza batzuk baloratuko dituzte, baina nirea bederen nobela moduan irakurtezina zen, eta nire iritziz nobela bat irakurterraza izan behar da, horretarako hartzen du irakurleak: entretenitzeko, hausnartzeko edo nahi dena, baina haren irakurketa ezin da inolaz ere oztopo izan asmo horiek lortzeko, eta Haginkadakan bazen. Oso idazkera ponposoa zuen, eta istorio bera ere gehiago zen nik zenbait gauzei buruz neuzkan ideiak botatzeko aitzakia.

Nolanahi ere, lehiaketa irabazi zenuen berarekin. Asko lagundu al zizun horrek?
Dudarik gabe. Horrelako sariak bultzada dira norberarentzat. Idaztea oso gauza indibiduala da, ziurtasun gabezia handia eduki ohi da, eta lehiaketa irabazteak gutxieneko talentua izango duzula pentsarazten dizu, eta idazten segitzeko gogoa eman.

Zuk Zirkulua osatzeari ekin zenion. Zeintzuk izan dira zure bigarren nobela honen nondik norakoak?
Narrazioaren istorioa ez daukat garbià Nik nahi nuena telebistak gizartean duen eragina kritikatzea zen, eta halako trama bat eraiki nuen hori egiteko. Banuen beste helburu bat ere, lehenengo liburuaren ondorio gisa: nola edo hala nobela entretenigarri eta erraz bat osatu nahi nuen, iruditzen zaidalako euskaraz falta direla horrelakoak, nik behintzat irakurle moduan sumatzen dut horren falta.

Zirkuluaren traman, Espainiako Estatuko polizia indarrek, psikopata hiltzaile bat eta telebista saio bat erabiliz, ETArekin behin-betiko amaitzeko plangintza izugarria jartzen dute martxan. Norbaiti ideia saltzeko ahalegina al da zeurea?
Ez, ez! Halako gauzak sarri egon direlako bururatu zitzaidan hori. Ni oso "esku beltz" zalea naiz, beti uste izan dut guretzat oso sinpleak diruditen gauzen atzean sekulako trama beltzak daudela, eta hor jardun dut, interes zehatz batzuen atzean zer egongo den jakin nahian. Eta nobelarako aukeratu nuen hipotesia ez da hain irreala ere. Apur bat erradikala eta fikziozkoa izan daiteke, baina seguru nago, ez hor planteatzen den bezalako ahalegina, baina gainontzean denok ezagutzen ditugula intoxikazio informatiboak, gerra zikinaren erabilpena eta horrelako mila gauza. Gauden munduan edozein modutan justifikatzen da gerra bat, hor dugu Iraken kasua. Beraz, ez da zaila gertatzea nik Zirkuluan agertzen dudana. Askoz gauza latzagoak ikusten ditugu egunero.

Zurean porrot egiten du plangintzak azkenean. Errealitatean gertatuko balitz, hala izango ote zen?
Ez dakit. Antzeko ahaleginak egon dira. Eta seguruenera badaude Gobernuko indarrek bultzatutako estrategiak jendea geroz eta gutxiago mugi dadin. Gizartea asko aldatu da azken hamar urte hauetan, uste dut hori nabarmena dela. Jendea askoz ere gehiago bizi zen kalean orain dela hamar urte. Gaur egun, gero eta gutxiago, etxean gelditzen da, bunkerizatuta. Eta niri iruditzen zait aldaketa hori bultzatua dagoela, maila batean bada ere. Egungo telebistako informatiboa jartzen duzu eta, bitxia da baina, ordu-erdi irauten badu hogei minutu izango dira "gertaerak" edo tankera horretako berriak eskaintzeko. Nire iritziz hori jendea beldurtzeko egiten da.


Kalera atera ez gaitezen?
Gutxienez kalea arriskuarekin lotzeko, gure inkontzientean halako zera bat sortzeko.

Eta polizia gehiagoren beharra sentitzeko?
Bai, azkenean hori kate bat da. Liburuan kontatzen den moduan, estatu batek ez baldin badu areriorik, ez dauka armadaren beharrik. Kalean ez badago arriskurik, ez da behar poliziarikà Gizartearen norabideari buruzko gogoeta txiki bat egin nahi izan dut nobelan, azalduz nola justifikatzen diren egoera polizialak, zer-nolako beldurrak sorrarazten dituzten, bai norberarengandik gertuen daudenekiko, bai mundu zabalekoekiko. Gizaki zentzu guztietan beldurtu bat lortu nahi dute.

Psikopatarena izan al da telebista eta oro har komunikabideak salatzeko espresuki aukeratu duzun papera?
Bai. Azken batean nire psikopata gizagaixo bat da. Jendea hiltzeko daukan arrazoi nagusia ez da burutik eginda dagoela, ospetsu bihurtu nahi duela baizik. Izan ere, nork ez die inbidia telebistan azaltzen diren jendilaje horiei: futbolariei, Gran Hermanon edota Crónicas Marcianasen azaltzen direnei? Denok daukagu irudipena, lanik egin gabe, primeran bizi direna. Garai batean galdetzen zenion haur bati handitzen zenean zer izan nahi zuen, eta batek erantzungo zizun suhiltzaile eta beste batek sendagile edo antzeko zer edo zer. Gaur egun, berriz ûhala erantzun zidan behin nire iloba txikiak behinik behinû: nik famatu nahi dut izatea. Erantzun izugarria iruditu zitzaidan. Susmoa dut, gainera, dirua lortzeaz harantzago doan zerbait dela. Gehiengoari inkesta bat egingo bagenio, galdetuz: zuk zer nahiago zenuke izatea, famatu diruz erdipurdi ibilita, ala zeharo anonimoa eta dirudun? Seguru nago famoso izatea aukeratuko lukeela jendeak.

Idazle askok esan ohi du idazten sufritu egin duela. Oso oker egongo al ginateke zuk Zirkulua osatzean gozatu egin duzula susmatuz?
Ez, hala da. Beno, idaztean beti sufritzen da, buruan daukazuna azaltzeko moduarekin eta beste, baina bestela oso ondo pasa dut nik nobela hau osatzen.

Hortaz, zenituen asmo guztiak bete dituzu berarekin?
Ez erabat. Berrirakurri dudanean konturatu naiz ûdauzkan akatsez gainû istorioak gorantz eta gorantz egiten duela eta momentu batean piramide baten moduan jauzi egiten dela. Bukaeran klimaxa berehala apurtzen da. Horrek badauka bere justifikazioa: nobela hau idazten ari nintzenean, martxoaren 11ko atentatuak izan ziren eta sartu zitzaidan halako zirrara! Hor nengoen ni, halako gizarte klaustrofobiko bat irudikatzen, jende guztia etxean, polizia kaleanà Atentatuak gertatu, eta pentsatu nuen, ea errealitateak aurre hartu behar dion nik asmatutakoari? Eta di-da batean eman nion amaia.

Hasier Etxeberria / David De Jorge


Osagaiak:

g erdi txipiroi, dadotan moztuak
Txipiroien tinta
8 koilarakada handi oliba olio birjina
2 tipulin handi,
pikatuak
2 baratxuri ale,
xehatuak
500 gramo arroz, ale biribilekoa
2 baso ardo zuri
1,3 litro arrain-salda edo ur
Koilarakada handi bat gazta fresko, Filadelfia motakoa
Koilarakada handi bat gurin
Koilarakada handi bat gazta birrindu, Idiazabal motakoa
Koilarakada handi bat esnegain, erdi harrotua

Uretan garbituko ditugu txipiroiak, barruko tripak atera eta tinta erretiratuz. Baso batean disolbatuko dugu tinta, ur pixka batekin. Garroak eta hegalak garbitu eta, alea freskoa bada eta larrua badu, bere horretan utziko dugu. Dado txikitan moztuko dugu txipiroia, pazientzia handiz.
Kazola batean hiru koilarakada oliba olio erantsiko ditugu. Tipulina, baratxuria eta gatz pixka bat erantsi eta su ertainean edukiko dugu guztia 15 minutuan, kolorea hartzen utzi gabe. Bitartean, su bizian ipiniko ditugu padera batean beste hiru koilarakada oliba olio eta gorritu arte salteatuko dugu bertan txipiroia. Gatza emango diogu ondoren. Prest eduki orduko, sutan eztituriko barazkiekin batean ipiniko ditugu txipiroi dadoak eta arroza. Eragin eta eragin ariko gara etengabe kazola. Gatz pixka bat emango dugu tartean. Ardo zuria eta uretan deseginiko tintak erantsi eta ahitzen utziko ditugu, guztiz lehortu arte. Orduantxe hasiko gara salda edo ur beroa eransten, pixkana-pixkana, zurezko zaliari eragiteari utzi gabe. Ura eransten badiogu, itsaski-saldaz edo arrain-salda pastilla batez indartuko dugu zaporea. Pixkana-pixkana erantsiko dugu salda 17 minutuan zehar: hondoa beti heze egongo da eta arroza beti egosten, almidoia askatu eta itxura krematsua har dezan. Sei edo zazpi aldiz erantsi beharko dugu salda, su berean eta kazolari eraginez beti.
Bukatzeko gutxi falta dela edo salda bukatu zaigunean, sua itzali eta, zaliari eragiteari utzi gabe, gazta freskoa, gurina, gazta birrindua, gainerako oliba olioa eta esnegaina erantsiko ditugu. Kazolari azken ukituak eman eta krematsu-krematsu zerbitzatuko dugu arroza. Garrantzitsua da ale biribileko arroza erabiltzea, eta lurrunduak edota ale luzekoak guztiz baztertzea, busti eta neke handia baitute egosten diren salda eta jakien mamia zurrupatzeko. Izozturiko txipiroi onak eta txibi freskoak ere ûgustu handikoak dira hauekû erabil daitezke plater honetan. Arroz hauek bereziki kontu egin eta zaindu behar dira, lana eskatzen dute, baina merezi du ahaleginak. n

Pilar Iparragirre

Zerk bultza zaitu liburu hau idaztera?
Euskaraz esan ohi da: esaten dituzten guztiak badira, baina atxiki sekretua, ez da esan behar badirenik. Estibalitzeko monastegian bizi den Joxe Arratibel ataundarrak kontatzen du, behiren bat-edo baserrira ekarri behar baldin bazuten gauez, garai batean beldurrak akabatzen egoten zirela, batere argirik ez zuen parajera irten behar zutelako. Gaur egun, berriz, haurrak batere beldurrik gabe joaten dira gauez edonora, argia dagoelako. Hau da, berarentzat oso mundu misteriotsua zen gauarena, eta gaur egun galdu du nolabait ere xarma hori. Beraz, enkantamendu berriak sortu beharrean gaude, iraultza industrial eta politikoekin antzinako mundu hura desenkantatu dugulako. Zentzu horretan sortua da liburu hau ere.

Zer egin duzu zure asmoa lortzeko?
Istorio moderno bat sortu dut, mundu desenkantatu honetan tokirik ez, eta bakar-bakarrik bizi den amona batean oinarritua. Etxetik aspaldian ez da irten, eta jendeak ez zekien hilda edo bizirik zegoen; suhiltzaileak etorri, bere etxeko atea bota eta barrura sartu direnean, han aurkitu dute, bizirik, baina zabor artean. Horrela bizi da emakume hori, ahalik eta neskatila bat ezagutzen duen arte, gauero zaborrak ateratzen lagunduko dion eta bere ipuinak entzungo dituen neskatila.

Nolakoak dira ipuin horiek?
Istorio nagusiak garapen bat du, baina istorioek ere badute berea. Bilakaera historiko batean txertatu ditut: lehendabizi Mari eta mitoen inguruko ipuinak, gero kontu zaharrak, Inkisizio garaiak...

Pilar Iparragirre

Ramon Labaien. Euskal Telebista, hutsean sortua
Nerea Azurmendi Zabaleta
Andoaingo Udala
38 orrialde

Rikardo Arregi Kazetaritza saria

XVI. Rikardo Arregi Kazetaritza sariaren ohorezko aipamena Ramon Labaieni eman zitzaion, duela 22 urte Euskal Irrati-Telebistaren egitasmoa abiarazi zuen talde anitzaren ordezkari gisa. 1980ean hasi zen mamitzen Euskal Irrati-Telebista aurrera atera ahal izateko asmoa, hain zuzen ere Ramon Labaien Kultura sailburu zen garaian. Andoaingo Udaleko Euskararen Normalkuntzarako Lansailak argitaratu duen liburuxka honetan, besteak beste, epaimahaiak adosturiko erabakiaren laburpena, Ramon Labaieni egindako elkarrizketa, eta Miren Azkarate, Luis A. Aranberri Amatiño, Martin Ibarbia, José Antonio Maturana, Andoni Areizaga eta Jose Oterminen historikotzat jo daitekeen erabaki hari buruzko gogoetak jasotzen dira.

Zer da bizia? Adimena eta materia
Erwin Schrödinger
Gaiak
56 orrialde

Schrödinger Nobel sariaren bi filosofia lan euskaraz

Erwin Schrödinger austriarrak P. A. M. Diracekin partitu zuen Nobel saria, 1933an, bere kuantu-mekanikaren formulazio matematikoagatik, eta teoria horren oinarrizko ekuazioa Schrödinger izenaz ezagutzen da. Baina zientzialari honek bazituen kezka filosofikoak ere, Gaiak argitaletxeak plazaratutako liburu honetan agertzen diren lan biek argi eta garbi erakusten dutenez. Zer da bizia? izenburukoan, ea biologia termodinamikako legeen mende dagoen jartzen du mahai gainean, eta lege fisikoaren determinismoak goi mailako izaki bizidunen portaerarekin itxuraz duen kontraesana ere bai. Hamar urte beranduago, Adimena eta materia lanean, ea nia eta kanpoko mundua bi gauza desberdin diren aztertu zuen.

Egia hezur
Juan Kruz Igerabide
Alberdania
95 orrialde 11 euro

Igerabideren zuhur hitzak

Alberdania argitaletxeak plazaratutako Egia hezur Juan Kruz Igerabideren bigarren aforismo liburua da, 1998an kaleratu zuen Herrenaren arrastoan lanean bide berari heldu baitzion adunarrak. Bizitzaren aurrean nork bere buruari egiten dizkion galderak, eta ustez haien erantzuna aurkitu duenean berriro sortzen zaizkion jakin nahiak ditu Juan Kruz Igerabidek gaitzat, umorea lagun, Egia hezuren. Izan ere, zeruan ere hierarkia errespetatu beharraz, han ere norbaiten mende jarraitu beharraz kexu ageri den olerkari honen aforismoetako batean irakur daitekeenez, bere buruari gogor egiten ez dionak ez du autoestimu handiagoa, eztikeria baizik. Baina beste muturrean, bere buruari gogor besterik egiten ez dionak, borroka irabazten badu, galdua da.

Ondarruko piratak
Ana Urkiza
Ibaizabal
150 orrialde
8,65 euro

Abenturaz betetako oporraldia

Ana Urkizak abentura egarri diren neska-mutikoei, bizitzako gertakizun txiki eta arruntenez ere gozatzen ikas dezaten eskaini nahi izan dien kontakizuna da Ondarruko piratak. Hamabi urte ditu Andonik, protagonista nagusiak. Oso gogo txarrez hartu du mutil horrek oporraldia Ondarrun pasa beharko duela jakitea. Han bizi den aitona gaixo dago, eta amona aspaldi hil zenez, hura zaintzera joan nahi du bere amak, batere kontuan izan gabe Andonik Ondarrun ez duela lagunik eta zeharo asper daitekeela. Baina laster ohartuko da mutikoa espero ez bezalako egun zirraragarriak igarotzeko aukera duela, Kutxi pirata eta bere mutil taldea ezagutu bezain pronto. Jokin Mitxelenaren marrazkiz hornitua dagoen narrazioan, makina bat abentura biziko ditu Andonik lagun haiekin.

Arturo. Epopeia zelta bat. 2. Arturo borrokalaria
Chàuvel, Lereculey, Simon
Jean François Sauré
56 or. / 18,50 euro

Arturori buruzko bigarren komikia

Jon Muñoz Otaegik euskaratu du David Chàuvelen gidoiarekin Jérome Lereculeyk marraztu eta Jean-Luc Simonek koloreztatutako komiki hau. Gerora Arturo erregea izatera iritsiko denaren haur eta gazte denborak kontatzen ditu bere bigarren ale honetan. Garai zailak ziren Bretainiako herriarentzat, besteek «bretoi» deitu arren beren buruei «kymry» esaten zietenentzat. Auskalo zenbat borroka egin behar izan zituzten, garai batean bezala beren uhartean jaun eta jabe, inolako etsairik gabe bizi ahal izateko esperantzan. Baina hala ere, denera zabaltzen zihoan jainko berri baten eta haren trinitatearen kulto berria, hitzaren ordez testua eta tenplu naturalaren lekuan harrizko eliza zekarrena.

Pupuan trapua
Xabier Olaso
Pamiela
94 orrialde
7,60 euro

Esna irauteko poemak eta lotarako kanta-kontuak

2001ean Auskalo! (Igarkizun eta aho-korapiloak) liburua kaleratu ondoren, haurrentzako aproposa den beste eskaintza polit batekin datorkigu Xabier Olaso oraingoan. Pupuan trapua Olasoren aurreko lana bezala Agurtzane Villatek ilustratu du eta olerkiz, kantuz eta kontuz osaturik dago. Poesia bilduma ugariren egilea dugu Xabier Olaso, eta haurrak esna irauteko hotsez eta hitzez blai dauden poesiekin eta lo gozo-gozo har dezaten propio asmatutako kontu eta kantuekin biribildu du bere azken lana.

Atxiki sekretua. Sorginen eskuliburua
Patxi Zubizarreta
Elkar
216 orrialde 20,50 euro

Inominixtante sorginen munduan egoteko
Elena Odriozolaren marrazkiz apaindurik dator Patxi Zubizarretak idatzitako Atxiki sekretua. Sorginen eskuliburua. Gure arbasoen garaietan ahoz aho kontatzen ziren istorio harrigarrien bilduma egin du egile honek ûPierre Lafitte, Azkue, J.M. Barandiaran, Julio Caro Baroja, Joxe Arratibel, Toti Martinez de Lezea edota Txema Larreak bezalakoek egindako bilketa lanetatik jasoz, haietan ageri den espirituari muzin egin gabeû, baina gaurko haurrak kontu zahar horien lilurak erraz harrapatzeko eran aurkeztu ditu. Horretarako, gaurkotua dagoen istorio baten barnean tartekatu ditu euskal elezaharrak, eta bakar-bakarrik, zaborrez inguratuta bizi den amona zahar bat hautatu du sorginen mundura garamatzan giltza gisa. Zaborrak jaisten eta enkarguak egiten laguntzen dion zazpi urteko neskatoari kontatuko dizkio emakume horrek antzina-antzinako istorioen aztarrenak, sekretua atxikitzeko agindu eta gero. Horrela ikasiko du umeak Mari eta jentilen unibertsoaren berri, kristaunasunaren eta Inkisizioaren etorrerak sorginen ûeta bestelako gizakienû munduari ekarri ziona, eta isileko beste gauza asko.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan