Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2004-10-10 -- 1961.zenb

Mikel Asurmendi


Espainiako Auzitegi Nazionalak Udalbiltzako 21 kideren aurka egindako auzipetze autoan dago Lander Etxebarria, urriaren 6an deklaratzera deitua. 2003ko apirilean, Bilboko udalean ûSozialista Abertzaleak taldearenû zinegotzia zelarik, Baltasar Garzon epailearen aginduz atxilotua izan zen. Talde honek udalean egin zuen lanaren balorazioa egin digu abiapuntuan: «Balorazioa gazi-gozoa da. Iñaki Azkuna alkatearen gobernuari, gure taldearen proposamenez gain, hainbat sektoreren ûauzoetako herritarrenak, berezikiû proposamenak helarazi genizkion. Guk, gobernuaren aurrekontuen aurka izan arren, akordio batera heltzeko prestutasuna azaldu genion Azkunari. Ez zuen ezertxo ere aintzakotzat hartu, ordea». Egungo udalari buruz duen iritzia eman digu jarraian: «Alkateak aurreko legealdiko jarrera larderiatsuarekin segitzen du. Ez dezagun ahaztu, udal hau 2003ko hauteskunde antidemokratikoen ostean gauzatu zela. Espainiako Estatuaren erabaki faxistek indar politiko garrantzitsua ûherri plataformen bidez aurkeztuaû legez kanpo utzi zuen. Azkunak talde horrek udaletxean parte hartzea errefusatu du behin eta berriro. Gainerakoan, Azkuna politikaren handinahikeria burutzen ari da. Gizarte politikan atzera egin du distira ematen dioten ekimenetan inbertitzeko, PSOEren laguntza lortzeko amore eman du gizarte gaietan bereziki».

Urtebetea pasa zenuen Aranjuezeko espetxean. Zer izan zen esperientzia hura?

Espetxea ez da toki gomendagarria inorentzat. Euskal preso politikoen kolektiboaren aurkako dispertsio eta neurri bereziak direla medio, espetxeko egoera gogorra da. Segurtasunaren aitzakian miaketa zorrotzak daude, debekuak eta abar. Nik zortea izan nuen egoera «normal»ean izan nintzelako. Preso asko isolamenduan egoten dira urte bat baino gehiago ere. Presoen arteko harremanetan ûkaleko pertsonen harremanetan bezalaû gorabeherak daude, baina elkartasunak balio handia du neurri antidemokratikoei aurre egiteko. Estatuak preso politikorik ez dagoela dio, baina politika berezia darama hauen aurka. Elkartasuna da neurri hauei aurre egiteko modua. Nik barnean nahiz kanpoan elkartasuna jaso nuen eta elkartasuna inoiz baino hobeto baloratzen ikasi dut.

Udalbiltzako 21 kideen auzipetze autoan zaude. Zer deritzozu autoa?

Garzonek Udalbiltza eta ETAren artean egiten duen loturak ez du inongo logikarik, ETA finantzatzeko Udalbiltza erabili dugula esateak ez du funtsik. Gure jarduera publikoa da, gure dokumentuak agerian daude. Garzonen helburua Udalbiltzak Euskal Herriaren antolaketa propioa eta burujabea lortzeko jarraitu nahi duen bidea moztea da. Espainiako Estatuaren helburua herri hau bere buruaren jabe izatera eraman dezakeen edozein bide etetea da. Orain gu kriminalizatzen saiatzen ari da. Ez gara bakarrak. Lehenago hori bera egin du Euskaldunon Egunkariarekin, Ikastolekin eta abarrekin. Baina, horiek horrela izanda ere, estatuak ûGarzonen eskutikû asmo hori ezingo luke gauzatu sektore batzuek ûEAJren inplikazioarekin, berezikiû ez balute kriminalizaziorako bidea erraztu. Adibidez, ETBk Udalbiltzako kide atxilotuen aurka burutu zuen informazioa gogoratu besterik ez dago. Egun, maila apalagoan bada ere, ETBren informazio politikak ûomisioz bada ereû ezker abertzalea kriminalizatzen segitzen du. Jokabide horrek Espainiako Estatuaren ekintzak erraztu ditu, eta zilegiak balira bezala ikusiak izaten dira. Hedabide ahaltsuek Udalbiltzaren jarduera zilegia ez balitz bezala azaltzen dute oraindik ere.

Udalbiltza bakarra da, egun bi dinamika omen dituen arren. Zer da hori?

Udalbiltzak ibilbide bati ekin zion eta hilabete batzuk pasa ondoren ibilbide horretan ikuspegi bi zeudela egiaztatu genuen. Ikuspegi edo dinamika horietako batetik Udalbiltzaren sorrerako printzipioak ez zirela garatu nahi ohartu ginen. Guk ûezker abertzaleko hautetsiak deituakû printzipioak aurrera eramatea erabaki genuen, Udalbiltza ez baitzen sortu itxurak egiteko eta hozkailuan sartzeko. Gure dinamikarekin ados egotea eztabaidagarria izan daiteke, baina ezin esan zilegia ez denik.

Bilboko Euskalduna jauregian orain bost urte sortu zen Udalbiltza. Nola azalduko zenuke orain arteko bere ibilbidea?

Hasteko, lehen etapako ilusioa azpimarratuko nuke. Erakunde nazional bat eraikitzeak Euskal Herria nazio ikuspegitik eraiki daitekeela erakutsi duelako, eragozpen politiko eta egiturazko askorekin topo egingo genuela jakinda ere. Gero, bigarren etapan, frustrazioa etorri zen. Alderdi politikoen arteko liskarrek zinegotzien arteko lana normaltasunez garatzea eragotzi zuten. EAJ eta EAko zinegotziek ez zuten Udalbiltzaren ibilbidea modu normalizatuan garatu nahi eta 2000. urtean, aurrekontu plana onartu zenean, gelditu zen.
Azken eta hirugarren etapan, Udalbiltzaren gaineko debekua ezarri arte, zapuzketa guztien gainetik, ilusioa berpiztu zen eta Udalbiltza lanean hasi zen berriro ere. Eta une hura azpimarratzekoa da, 2001etik aurrera, zailtasun guztien gainetik, Udalbiltzaren egitasmoak gauzatzen hasi baitziren. Eta paradoxikoki, geldirik geratu zen EAJ eta EAko sektoreak ere Udalbiltza bultzatu zuen. Zoritxarrez, Garzonek erakundearen ibilbidea moztu zuen. Orain, zailtasun egoera muturrekoan gaude. Batasuna alderdiaren eta herri plataformen debekuarekin zaildu egin da udalerrien erakundetzea, baita Udalbiltzaren bi dinamikak bateratzea ere. Hala ere, nik aukerak ikusten ditut, itxaropentsua naiz.

Udalbiltzaren "indarrak bildu eta herri gisa jokatzera" deitu du Loren Arkotxa presidenteak. Ez al dira ohiko hitzak?

Ez da mezu berria, ezta Udalbiltzaren hautetsiei egin zaien deialdi berria ere. Baina, dei horrekin berriz ere ûtestuinguru politiko berri batean gaude etaû aukera berriak izan daitezkeela eta Udalbiltza bultzatzearen beharra azpimarratu nahi da. Eta ez hori bakarrik, nahiz eta debekuaren ûUdalbiltzaren nahiz Batasuna edo plataformen debekuenû itzalpean egon, eskaintza zintzo egin du Loren Arkotxak. Alegia, ez gaude legalki onartuak baina gure borondate eta ahalmen guztia jarri nahi dugu proiektua bultzatzeko.

Beste dinamikakoek unea ez dela egokia nazio eraikuntza garatzeko edota ez dela indar aski pentsa dezakete, agian.

Bai. Joseba Egibarrek orain gutxi aditzera eman du "erreferenduma ezin dela lurralde guztietan egin". Hau da, sektore horien iritziz, nazio eraikuntza EAEn bakarrik bultzatu daiteke. Nafarroan eta Iparraldean ez, antza. Bada, Udalbitzak nazio eraikuntza lurralde guztietan bultzatu daitekeela erakutsi du. Hautetsi batzuk azaldu dezaketen ahultasun horren aurrean hau esan behar dugu: ez da erraza, baina guztiok gure indarrak mahai gainean jartzen baditugu asko aurreratu daiteke. Gero bidean desberdintasunak izango direla? Ados. Adibidez, sektore hauetako hainbatek Garzonek hartutako kriminalizazio bidea salatu du. Eskertzekoa da. Baina, horretaz gainera, funtsean balio duena beren ahalmen eta jarduera guztiak Udalbiltzak garatzen segi dezan mahai gainean jartzea da. Beste dinamikakoen konpromiso eza da, tamalez, bi dinamikak aldentzen dituena.

Udalbiltzaren esperientziatik nola ikusten duzu une politikoa?

Hainbat aukera ikusten dut une honetan. Eragile politiko batzuek ûbatez ere ezker abertzaleko sektoreekû, herri honek erabakitzeko duen eskubidearen aldeko ekimenak bultzatzeko une aproposa dela argi eta garbi ikusten du. Egia da, ekimen horiek ulertzeko modu ezberdinak daude. Udalbiltzaren esperientziaren ikuspegitik erabakitzeko eskubidea Euskal Herria osoan landu beharra ikusten dut. Jakina, aldi berean zaila ikusten dut, Espainiako Estatuak Euskal Herriaren nazio eraikuntza eta ezker abertzalea ûneurri juridiko-politikoekinû zanpatzeko bidean jarraitzeko asmoa duelako. Bien bitartean, indar abertzaleek une politiko honetan jarrera eta interes ezberdinak dituzte. Horrek, Euskal Herriaren eskubideak bermatzeko unean, egoera politikoa zailtzen du. EAJk ez du garbi ikusten burujabetasunerako prozesu bat gara daitekeenik. Aldiz, PSOErekin itun berria sinatu lezake EAE mailan, baina horrek ez luke Euskal Herriaren erabakitasun eskubidea onartzea ekarriko.

Nazio Garapenerako Biltzarra osatu da. Zer ekar dezake ekimen horrek?

Ekimena interesgarria izateaz gain behar-beharrezkoa da. Udalbiltza nazioa egituratzeko ekimena izan bada orain arte, aurrerantzean, biltzar hau ezinbestekoa izango da nazio eraikuntzako lanetan ari diren pertsonak eta eragileak bildu dituelako. Biltzar hau hausnarketa eta proposamen politikoaren bidean ari da. Ilusioa berpizteko aukerak eskaintzen ditu, ez da gutxi. Euskaldunoi Euskal Herria ezin dela nazio gisara eraikitzen ahal sinetsarazi digute, Euskal Herria ideia mailan baino ezin dela nazioa izan, alegia. Eta hori ez da egia eta oso kaltegarria da gainera. Ideia hori Euskal Herria etorkizunean ikusi nahi ez dutenek sarrarazi digute: alderdi espainolistek, sasi autonomiaren defendatzaileekà Nazio Garapenerako Biltzarra ideia hori ezezteko ekimen berebizikoa izan daiteke.

Ezintasunak badaude abertzaleen artean ere.

Udalbiltzaren etorkizunaz ari garenean, badirudi Garzonek sinesmen gehiago duela Udalbiltzan, bertan ari diren batzuek baino. Zenbaitetan, estatuen dinamika uniformatzailetik ihes egin ezin izanaren konplexua dugu. Udalbiltzako bi dinamikako kideen aldetik zalantzak, mesfidantzak eta gutxiesteak izaten dira, estatuak berriz garbi dauka Udalbiltzan ahalmena dagoela, egurra gogor ematen saiatzen baita. Horra gure ezintasunaren eta ahalmenaren froga aldi berean.

Baten batek pentsa dezake ETA dela ezintasunaren kasua, estatuaren errepresioaren beldur egon daiteke...

Udalbiltza ETArekin lotzea gezurra eta amarrua da. Agian, batzuek pentsatzen dute errepresioa datorrela ETA dagoelako. Hori pentsatzea zilegia da eta errespetatzen dut. Baina, arazoaren funtsa estatuak herri ukatu batek bere erabakien jabe izatea ez onartzea da. Egoera horren aurrean, guztion elkartasunez askoz ere zailago izango da herri hau geldiaraztea. Zer moduz espetxean galdetu didazu hasieran? Errepresioaren aurrean jarrera ezberdinak izanik ere, elkartasuna dagoela esan dizut. Euskal Herrian elkartasun dinamikak sortu direnean estatuak ez du horren ausart jokatu. Beraz, nazio eraikuntzaren bidean antolatzeko gauza bagara, erabakitasunez ari bagara, estatuari Euskal Herriaren erabakitasuna onartzea beste erremediorik ez zaio geratuko.

Unai Brea


Ordutegi estuen menpe bizi gara, eta ez dugu astirik nahi genukeen guztia egiteko. Helduen euskalduntzeak ere igarri ditu azken urteetan gure bizimoduak nozitutako aldaketak, eta irtenbideak bilatu behar izan ditu lanagatik, edo auskalo zergatik, betidaniko eskola arruntetara joateko aukerarik ez dutenentzat. Halaxe hasi gara orain urte batzuk guztiz arrotz zitzaizkigun hitzak entzuten: autoikaskuntza, e-learning, online irakaskuntzaà Sarritan, kontzeptu horien arteko mugak lausoturik agertzen zaizkigu, eta ez dugu garbi non hasi eta non bukatzen den bakoitza.

Irakaslea eta ikasleak leku eta une jakinean elkartzen diren eskola tradizionala ez den guztiari autoikaskuntza esan dakioke. Askotan, teknologiaren aroan bizi garelako beharbada, Internetekin eta ordenagailuekin lotzen dugu hezkuntza mota hori, baina ez du zertan hala izan. Andoni Tolosa AEK-ko autoikaskuntza arduradunaren iritziz, "ikasleak berak antolatzen duen eta bakarrik diharduen ikas-prozesua da autoikaskuntza". Izenak berak dioena, azken batean. "Ordenagailurik gabe ere egin daiteke, eta izatez guk eskola tradizionaletako material berak ûliburuak, fotokopiakàû erabiltzen ditugu", azpimarratu du Tolosak, "baina egia da informatikak asko errazten duela bakarkako lan hori".

Erratzeko beldurrik gabe esan daiteke gaur egun euskara irakasteko bide hau jorratzen duten guztiek informatika-euskarriren bat eskaintzen dutela. Gehienetan, gainera, euskarri hori da metodoaren oinarria. Jokin Azkue HABEko zuzendari nagusiaren hitzek argi utzi dute: "Autoikaskuntza zentro batek, homologazioa lortzeko, ikaslearen ikas prozesu osoa garatuko duen software bat behar du besteak beste, hutsetik hasi eta EGAra arte gutxienik".

Gaur egun hainbat programa informatiko daude euskara bakarka ikasteko, horietako batzuk HABEk berak sortuak. Hala dira, esaterako, AEK-k darabiltzan Boga eta Hezinet. Zelangura, Andoni Tolosak halako programek daukaten malgutasun eskasa salatzen du: "Ariketen erdia asmatu duzu eta beste erdia huts egin, esaten dizu programak. Eta zer? Horrek ez dio aukerarik ematen ikasleari bere interpretazioa egiteko. Guk halako euskarriak erabiltzen ditugu, baina guretzat tresna hutsa dira. Beharbada ondo daude batzuentzat, EGAko ikasleentzat adibidez. Horiek ariketa asko egin behar dituzte, eta emaitzak ezagutu. Hori egiteko programa informatikoak badaude, eta batzuk txukunak, ez dut ukatuko, baina euskal hiztunak sortzea ez da hain erraza".

Irakasle birtuala

Bai&by 1998an sortu zen, Didaktiker taldearen eskutik. Gaur egun, euskara eta ingelesa autoikaskuntza bidez irakasten dute. "Ez dugu besterik eskaintzen, ez daukagu eskola tradizionalik", dio Entzi Zubiri Didaktikerreko zuzendariak. Izan ere, ez zuten autoikaskuntzaren aldeko apustua egin ikasleari malgutasuna eskaintzeko, hezkuntza mota hori eraginkorragoa dela uste zutelako baizik. "Didaktiker 1991n sortu genuen euskararen irakaskuntzan genbiltzan hainbat lagunek, porrot itzela zegoela ikusten genuelako", azaldu du Zubirik. "Ikasle onek ikasi egiten dute baina txarrek ez, taldearen erritmoari eusteko arazo handiak dauzkatelako. Eta adimen artifizialaren bidetik jo genuen, guztiz beharrezkotzat jo genuelako ikasle bakoitzak tratamendu pertsonalizatua edukitzea".

Adimen artifiziala da, beraz, Didaktikerrek eskaintzen duen irakaskuntzaren ardatza. 1991n sortu zuten Ikastxip izeneko lehen eredua, eta apurka-apurka gaur erabiltzen duten sistemaraino ailegatu dira. Zubirik dioenez, "guk erabiltzen dugun programa irakasle birtuala da. Gure ustez, informatikak egin dezakeen ekarpena ez da bakarrik aldiberekotasunean lan egiteko aukera (Internet bidez eta abar), adimen artifiziala baizik. Askotan, autoikaskuntzak ikaslea oso bakarrik dagoelako huts egiten du. Irakasle birtuala edukita, hori saihetsi daiteke. Alegia, ikas prosezuaren jarraipena egiten duen eta ikasteko estrategiak diseinatzen dakien programa informatikoa"ren bidez. Didaktikerreko zuzendariaren berbetan, irakasle birtualak ikasle bakoitzaren beharrak ezagutzeko gaitasuna dauka, eta horren araberako ikasgaiak moldatzekoa ere bai, ikaslea okerren dabilen arloetan lan handiagoa eginaraziz.

Izaskun Larrieta Bai&by-ko zuzendariaren iritziz, ezin da konparaziorik egin betiko irakaskuntzaren eta autoikaskuntzaren artean, bakoitzaren arrakastari dagokionez behinik behin: "Autoikaskuntzak urte gutxiegi darama oraindik indarrean". Alabaina, Bai&byko ikasleek joan den ikasturtean lortutako emaitzak oso onak izan direla adierazi du. "Eta ordu gutxiagorekin gainera. Bakarkako lana trinkoagoa da beti". Entzi Zubirik dioskunez, HABEk ezarrita dauka 2.300 ordu behar direla euskalduntzeko. "Gurean 1.500 ordu baino gutxiago da".

Emaitzak eskola arruntean baino hobeak

Bai&by-koak ez dira autoikaskuntzaren aldarria egiten duten bakarrak. AEK-ko Andoni Tolosak ere irakaskuntza tradizionalak baino emaitza hobeak ematen dituela dio: "Gu behartuta hasi ginen autoikaskuntza eskaintzen, euskaltegietan taldeak osatzeko arazoak geneuzkalako. Gaur egun hamabost euskaltegitan eskaintzen dugu autoikaskuntza, eta emaitzak beti dira eskola arruntetan baino hobeak. Autoikaskuntzak dauzkan balore berriak irakaskuntzan, oro har, txertatzen jakin beharko genuke. Batez ere irakaskuntza ikasle bakoitzaren neurrira egokitzeko aukera".

Laudorio sorta ederraren ostean, pentsa liteke autoikaskuntzak ez duela akatsik, baina ez da hala. Batetik, ikaslearen borondate handia behar da. Bestetik, mintzamena lantzeko aukera gutxi ematen du. Horregatik, autoikaskuntza eskaintzen duten zentro guztiek mintza-saioak eta tutoretzak edukitzen dituzte. Are gehiago, homologazioa nahi duten autoikaskuntza zentroek "bermatu egin beharko dute mintza-saioak eskaintzen dituztela, hizkuntz-trebetasun guztiak era orekatuan lantzen direla ziurtatze aldera", HABEko zuzendari Jokin Azkuek esan digunez.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan