Mattin Irigoien
Azken inkesta soziolinguistikoek erakusten digutena da erregularki: euskararen erabilera edo ezagutzaren piramidea adin klaseka, Iparralde demonio honetan, buruz behera dabilela. Bizitza aktibotik kanpo diren adinezkoetan %40az petik dira oraino darabiltenak, 16 urtekoentzat %11etan garelarik. Hogei urte barne, hizkuntzaren ikuspegitik ematen zaion definiziotik euskaldun diren herritarren gaurko %60a beste aldera joana izanen da. Edo ia. Eta sortuko diren belaunaldietan, sortze-tasa apalaren kausaz batetik, eta ehuneko euskalduntze apalagoen ondorioz, beherakadak jarraikiko du.
Ez gara jadanik euskarazko gaitasuna duten jende kopuruetaz mintzatzen ahal hemen. Hauek itoak dira euskarazko zerbait erabil dezaketenen multzo handiago batean, zeinen ahalak, komunikazio arruntaz mintzatzean, oso murritzak diren.
Aurten ere eskola sartze bat egin da. Nonbait han sartze hori lehen aldiz egin dutenen 10etarik 8k ez dute euskara badenik ere jakinen. Ez dira euskaldun sentituko, oso azaletik biziko duten gauza da.
Beti, nonbait han lehenbiziko aldiz eskolako bidea hartu dutenen %20-25ak euskararekin peu ou prou topo eginen du. Ez dakit A ereduan zenbait ordu euskaraz dituztenak zenbaki horretan direnez. Hasteko, B eredukoak dira multzo handiena, izan estatu ala eliztar eskolakoak. D ereduarentzat, aldiz, ikastolen sarea dugu, nahiz entzuten hasten garen eliztar eskoletan ama-eskolei mugatu esperientzia bat abiatzen dela. B ereduan, salbuespenak salbuespen, gorago deskribatu inguramenarekin, euskara ez da haurraren komunikazio tresna gisa txertatzen ahal. Aipa dezagun, beraz, D eredua. Nik ditudan azken datuetan, ikastolen sareak adin klaseko %5a du eskolatzen. Euskara mailari doakionez, aldiz, ez da daturik agertzen, baina sendi da euskara maila apala dela, bederen ingurumen erdaldunetan. Eta nola liteke bestela? Kopuru horiekin babes minimorik ezin da eraiki eta naturala da indar berdinarekin inguramen euskaldunean fruituak izan ditzakeenak, kasik hutsala izatea bestelako inguramenean. Kopuru horiekin, ez du ikastolak euskarazko gaitasuna segurtatzen ahal.
Bizkitartean, jendearen nahikeria aipa dezakegu, gehiengoa euskararen alde baitugu. BAMen haur ttipien burrasoen %56ak bere haurrak euskara ikas dezan desiratzen du. Nahikeria horiek ez direla gero zenbakietan ikusten esplikatzeko, administrazioaren kontrako jarrera aipa genezake, baina aitor dezagun ere desira hauek zinezko nahikeria izatera heltzeko ez dela behar den kontzientziarik, bestela zerbait harro bailiteke engoitik.
Bazen "Euskal Herri 2010" eta laino horien artetik sortu antolakuntza eskeman bozkatu neurrietan bat, zioena 2010a artean haur adin-klaseko %40 elebidun -B eta D- ereduetan eskolatzera heldu behar zela. Ai ai ai, hori miraria!
Deus guti aldatu da 1997az geroz. Orain HPEP (Hizkuntz Politikarako Erakunde Publikoa, delako GIP) horrekin, ez da gisa honetako helbururik aipu, non ez den delako "eskaera soziala" famatu hori, erran nahi baita sustut-sustut ez direla jendeak behartu behar -euskara ikastera bistan dena, euskara ez ikastera hori bai-.
Ematen du pareta bat dugula eraikitzeko ûberreuskalduntzeaû, eta horretarako lan dezakegun materiala harri mokor bakar baten heinekoa dela: D eredua.
Azken aldian gai honetaz zerbait agertu da gure kazetatxoetan. Euskalgintzak bultzatu beharreko eskaeraz da solasa: etorri da garaia eskaera sozialaren tranpa horretarik ateratzeko, eta euskararen irakaskuntza eskola guzietara orokortzeko eskaera bultzatzeko ûderrigortzea ez da ondo saltzenû. Denak hemen bizi garenez, denek behar dugu euskara ikasi ûgure haurrek bederenû. Gainera, "ofizialtasunaren" eskaera orain politiko denek aho-mihiz onartzen dutelarik, horretan gelditzen bagara, kontzeptua bera sentsuz husturik gelditzekotan da, ez baitu jadanik jarrera linguizidoak eta aldeko jarrerak bereizteko balio.
Gauza bat argi da hemen. Hemendik hogei urtera, nahikariaren politika honekin segituz, erran nahi baita, nahi dutenek baizik ez ukanez harremana euskararekin, euskaldunen kopurua %20aren petik izanen da, 5ari hurbil gainera. Kasik hila, hila ez errateko. Bestalde, koherentziak berak eskatzen du, ofizialtasuna edo legeztatzea denek aipatzen dutenean, nahikeria edo eskaera soziala baizik aipatzen ez duen politika bat salatzea.
Beharrezkoa da, ene iduriko, eskaintzaren orokortzearen debate hau plazaratzea, ofizialtasunarena plazaratu zen bezala duela zenbait urte, urrats bat gehiago baita ber sentsuan. Naski inposatzen zaigun. Taktikoki, "oro-euskararen-alde" ilusio hori kraskatu behar baita, eta bakoitza berriz kokatzera behartu. Estrategikoki, aldiz, gure ildoa hortik baitoa, hori baita ofizialtasuna finean hobekien irudikatzen duen neurria edozein herritarrentzat. Azkenik hola baita euskaldunen kopurua goitiaraziko aiseenik, sekula, estatuaren ahulezia baten ondorioz, puntu hori lor bageneza.
Bihar, euskaldunen herririk izan behar bada hemen, euskaradunak ditugu behar oroz gainetik eta kopuruan. Kopurua denean, mailaz ere mintza gintezke.
Bixente Serrano Izko
Utikan Etika! Hitz egin dezagun, ordea, etika anitzez. Nor zara zu, hil nahi zaituenari etikarik eza leporatzeko? Egon seguru, etika batek mugitzen du hil nahi zaituen hori. Eta zure etikak mugituko zaitu erasotzailea hil nahi izatera. "Ez hil inor" funtsezko agindu hori mintzo: ziur al zaude etika guztien puntu komun gutxieneko bat dela? Alta, "Batzuetan, inor hil behar dugu" bertze hori ez ote da etika ia guztien puntu komun ia bakarra? Gehien betetzen dena bai behintzat. Etengabe hausten da "Ez hil inor" agindua, bekatuan erori gabe. Are gehiago erranen nuke nik: ustezko kontsensu zabaleneko "Ez hil inor" horrexek bultzatzen gaituela zenbaitetan inor hiltzera, horra. Horren muturreko adierazle, aho bilorik gabe Bushek eta enparauek mahairatu duten "gerra prebentiboaren printzipioa". Haien etikan dago hori.
Gure pentsaera judu-kristauan, Biblia du iturburu "Ez hil inor" horrek. Baina zein da "inor" Bibliako hizkeran, zein zen "nor" judutasunean? Ene buru soila ere oilo-larrua egiteko modukoa da Israel Shahak-en idazkien irakurketa. Judua izanik bera, judu ortodoxoen kontrako zigor intelektualik zorrotzena dugu Shahak. Horra, ba, agindu horren erranahi zehatza: ortodoxia juduak "ægizakiÆ (adam) hitzak æjuduÆ erran nahi duela dio". "Inor" dena, gizakia da. "Ez hil inor" horrek, "Ez hil gizakirik (judurik)" erran nahi du. Jentilak ez ziren inor, palestinarrak ez dira inor: inoren, judu (gizaki) baten bizitza arriskuan jarriko ez badu, hil egin behar du juduak jentila ûpalestinarra, gaurû; hots, gizakia ez dena. Eta ez pentsa soilik juduen bitxikeria denik. Kultura orotan, hizkuntza orotan, herrikideak bakarrik, herri-hizkuntzaz egiten zutenak bakarrik ziren hiztun, gizaki. Bertzeak, barbaro, erdaldun, inor ez. Erne: "Ez hil inor" aginduak ez du inor ez dena babesten. Etika oso bat dugu hor. Adibidez, gerra edo katastrofe humanitarioen burugabekeria semantikoen azpitik susma dezakegun etika lazgarria.
Gatozen etxera. ETAren arazoa ez da etikarik eza. Ez bere jaiotzan, oraindik hil ez zuenean; ez gero, hil egiten hasi zenean; ez eta terrorismoaren estrategian sartu zenetik hona ere. Areago, ETAren etika ez dago uste bezain urrun bertze etika askotatik. Alta, zer gerta ere zuk zeuk hiltzen hasteko agintzen dizuten bertze etika horietatik hurbilegi jarri zen aspaldi. Horra bere arazo etiko/politikoa. Hasieran, askapen etikaren eremuan mugitzen zen. Arazoak arazo, erroreak errore, bekatuak bekatu, eremu etiko horretan iraun zuen luze. Baina, dinamika armatuak eragin zituen deabruzko urlasterrek eramaten utzita, jauzi bat egin zuen bertze eremu etiko batera, etika makiaveliko batera, terrorismoaren bidetik abiatu zenean. 1998ko su-etena eta EHren sorrera izan ziren etika horretatik atera beharraren frogarik argiena. Eta aurtengo M-11koa frogarik izulaborrigarriena.
Ulertzen hasi al da ETA? Orain gutxi, ekintza "apalagoak", odol isuria saihestu nahi duten ekintzetan hasi da. Jatorrizko espiritura itzuli nahia? Baina balio ote du horrek dagoeneko? Garai haietan hiztun izan zitezkeen bonbak, hitz hutsekin erran ezin zena adierazten zuten nonbait. Gaur hitzez adierazi ezin daitekeen zer adieraz dezakete horrelako ekintzek?
Bertzelakoa du xedea: bere itzala eszenatokian luzatu nahi du ETAk, edozein unetan sartzeko prest begi bistatik kanpo fokuen aurreko gorpu opakoak daudela oroitaraziz. Tira, gorpuak sartu... eta zer? Errefusapena baizik lortu ez zueneko makiavelikotasuna berpiztu...? Horren zain dago bertze aktore asko, joko makiaveliko horretatik atera zituzten etekinak biderkatzeko irrikan. Ez, "gure" Makiavelok protagonizatu egin zituen bere eszenak. Eszenak protagonizatu... eta uxatu ikuslegoa. Ezin du berragertu eszenatokira. Ilunpeak oroitarazten ditu ETAren itzalaren luzapen horrek.
Iñaki Berezibar ( tabernaria)
O Enriqueta! Enriqueta maitia. Begibakarraren ausardiaz baliaturik, garai latzak, gaiztoak, larriak, garai ilunak bizitzea egokitu zaizuela azken urteotan esaten nizun aurreko batean. Eta oker nengoen. Ezjakinaren atrebentziaz oldarturik, sasoi maltzurrak, tenore aldrebesak zirela zuontzat erran nizun. Zuontzat, Araba, Araba espainola, bihotzean soilik ez, tripetan ere sentitzen duzuenontzat, arabartasuna erlijio bilakatu zaizuenontzat. Eta tronpatua nintzen.
Zilegi bekit, Enriqueta, txoko honetatik barkamena eskatzea. Lerro xume hauek zuriztapenetarako erabiltzea. Zilegi bekit, Enriqueta, ahalketurik, lotsaturik, natorkizulako.
Baina ez nintzen ni konfunditurik zegoen bakarra. Espainolak izanik ere, gizaki arruntak direnentzat azken hauteskunde ondorengo egunak tragikoak izan ziren. Jakin badakit, Enriqueta maitia, inork ez duela esan lasterketak erraza izan behar zuenik, inork ez du ukatu Arabako nazionalista espainolok zeregin makala zenutenik, dema txikia zenik, lana samurra. Baina guztiek ez dute zuk duzun adorea, gogoa, kemena. Ez daude zu bezala egurrik sendoenaz, altzairurik arinenaz eginak. Zure mireslerik fidelenak, jarraitzailerik sutsuenak, dizipulurik apalenak ere, erdietsiriko emaitza kaxkarrek etsipenera zeramatzaten, tristurara, agoniara. Eta etsitzen hasiak ziren.
Eta hona hemen zoriontasun eternorako atea irekitzen dien giltza, poz amaigabera daraman eskailera, neurri gabeko alaitasuna ekarriko dien berria: Enriqueta Lehendakari.
Zure bizitza osoa gidatu duen gizartea zerbitzatzeko nahiak eta hiritarron aginduetara egoteko gogoak bultzaturik, Lehendakari izateko prest azaldu zara. Zu, Enriqueta maitia, arabarren artean arabarrena, arabarren batasunaren aitzindari, hiritarron zerbitzari, irakasleen eredu, hezkuntzan ikono, jakindurian dagerrotipo, herrigintzan ikasbide. Garai ilunotan zugan soilik aurkitu ahal dute arabarrek aterpe, gasteiztarrek abaro, Araban sinesten dutenek babes. Enriqueta Lehendakari.
Ahalegin handiak egin dituzue azken urteotan arabartasun benetakoa lantzeko, lurralde jipoitu honen biharko oparoa jorratzeko, benetako historian oinarrituriko etorkizun berria eraikitzeko. Baina, jakin badakit, ahalegin handi hori alferrikakoa izaten ote zen beldurrak atximurkatzen zizkiela barrenak Arabako espainolei, ostikatzen ziela gogoa Arabako espainiar zaleoi.
Eta horra non agertu zaren zu, negargura amaigabe horri bukaera emateko prest, afera larria konpontzeko gertu: Enriqueta Lehendakari.
Alferrik dabil Alfonso azken hilabeteotan zuok irekitako bidetik urratsak ematen. Alferrik ekarriko ditu Espainiako armadako hegazkinak Gasteizko zeruan txiribitoak egitera. Alferrik kaleratuko ditu ehunka irakasle eta alferrik polizia gehiago hartuko. Alferrik. Arabako espainol zintzoak soberan daki zein izan den horrelakoetan aitzindari, nor izan den horretan profeta: zeu, Enriqueta maitia, zeu Enriqueta Lehendakari.
Zuk soilik narotu ahal duzu Araban maspildu samar dabilen espainolismoa. Zu zara kikildurik dabilen nazionalismoa hausterretatik ateratzeko gauza den bakarra. Zuk eta ez beste inork du demak eskatzen duen inkernua. Zuk baino ezin duzu ieldu zazkardian irantzirik dabilen konstituzionalismoa. Enriqueta Lehendakari.
Ardor guerrero vibre en nuestras voces / y de amor patrio henchido el corazón / entonemos el himno Sacrosanto / del deber, de la Patria y del Honor íHonor! / De los que amor y vida te consagran / escucha España, la canción guerrera / canción que brota de almas que son tuyas / de labios que han besado tu Bandera. / De pechos que esperaron anhelantes / besar la cruz aquella / que formaban la enseña de la Patria / y el arma con que habían de defenderla.
Besarkada bat Enriqueta maitia, Enriqueta Lehendakari, laster batean idatziko dizut berriro. Muxu bat.
Jon Kortazar
Adiskide bati esan nion literaturaren inguruko kritikaz idazti behar nuela artikulu hau burutzeko asmoz, eta bat-batean erantzun zidan ea Babelian (El Pais) kritiko batek Bernardo Atxagaren nobelari buruz idatzi zuenaz zerbait esan behar ote nuen.
Bada ez, zuzenean behintzat, lehenagotik ari nintzaiolako gaiari bueltak ematen, baina sumatzen dut lehenago edo beranduago agertu beharko duela gai horrek ere. Hala eta guztiz ere, gure artean ere bada jendea erabiltzen dugun "faire play" honen aurrean kaña gehiago eskatzen ari dena, baina ondoren zer gertatzen den ikusten duenean, izutu egiten dena.
Bada ez, nik beste zerbaitez hitz egin nahi nuen. Gure artean dugun begiko izateko tasuna horretaz hitz egin ere. Egia da, nonbait, ez dela inorengatik kritika txarrik irakurtzen gure aldizkari eta egunkarietan, eta, ondorioz ateratzen dugun erabakia denak onak direla. Nik ez dut horrelako ondoriorik ateratzen, kritikaren ahuleziaz pentsatzen dut, lanari ematen diogun arreta gutxiaz, batzuetan. Baina badakit dena ez dela ona, eta memoriak asko laguntzen duela galdu zena eta mantendu duguna desberdintzen. Harritzekoa da zein arin igarotzen diren nobedadeak gure aurretik, zein arin doazen liburu denden apaletatik.
Esan diote merkatuak agintzen duela gaur. Eta merkatuarekin batera editoreak, eta saileko zuzendariak... Merkatuak ere baditu bere izen eta abizenak, edo bere karguak. Baina arintasunaren aurrean, merkatuaren aurrean gutxi dezake irakurleak, eta horixe naiz ni, irakurketaren gustua publiko egitera atrebentzia agertzen dudana. Dena dago ondo, jarrera horren etsairik handiena da memoria, eta liburuak zein gutxi geratzen zaizkigun esku artean konturatzea. Urteak pasa dira liburu hura agertu zenetik? Ez, hilabeteak besterik ez, uda pasatu da, eta lehenengo uzta hartatik ûliburu eguna dela medio sortu den lehen uzta hartatik, gero esango dute gu ez garela omenaldi zale!û oso gutxi geratzen da esku artean. Eta Durangorako Azokara doan aldaparako prestatu behar dugu.
Bueno, guzti hau bidean etorri da, zeren nik liburu bat aipatu nahi nuke: La crítica literaria en la prensa deitu dute, eta asko estimatzen ditudan lagunek hartu dute parte bertan, bere lanari ûegunero irakurtzen denari prentsan iritzi emateari deitzen diote lanaû buruzko hausnarketak agertu dituzte gaur egun prentsan ari direnek.
Hitz xume bi azpimarratu nahi nituzke liburu horren ondorioetatik.
Lehen hitz xumea zera da: aldiak aldatu egin dira literaturarako, beraz neurri berean aldatu dira kritikarako. Telebistaren eta ikuskizun medioen indarra pean, aldizkari batean idazten denak izan lezake eraginik edo bat ere ez, segun, ez dago neurririk. Baina XX. mendearen hasieran paper bat betetzen zuen kritikak eta gaur egun beste bat, xumeagoa, agian. Garai haietan gizarte talde baten gustu kontuak zuzendu behar omen zituen kritikak, beste hitz batzuekin esateko gizarte talde horren abiapuntu ideologikoak indartu eta bultzatu, aldekoak indartu eta aurkariak baztertu. Gogorra zen beraz erabiltzen zuten hiztegia. Hala ere, gaur egun, kritikaren zeregina besteren bat izan liteke, batez ere "bestetasunaren" ulermena nagusitzen denean. Baina, agian, gertatu den aldaketarik nabarmenena publikoaren alorrean gertatu da. Ez dakit horrela den, baina badirudi kritikaren hartzaileak ez direla gaur gizarteko zati batekoak, baizik eta idazleak eta kritikoak eurak, beraz, kritikaren esparrua itxi egin dela.
Bigarren hitz xumea bestelakoa da. Eta uste dut azkenean bukatuko dudala nire adiskideak nahi zuen gaiaz. Garbi dago Bastoko Soteaz mozorrotuz, jipoia zabaltzera agertzen den kritikoak ez duela etorkizun handirik. Kritikoak jakin beharko luke errespetua izaten, onartzen idazleak borondate onenarekin egin duela, aldi luze batez, lan. Eta hori onartzetik hasteak txukuntasuna emango dio lanari.