Astekaria

 Kultura 

Argitalpenak

Irudia

Pilar Iparragirre


1961. alea
2004-10-10
alde 0    kontra 0

Ramon Labaien. Euskal Telebista, hutsean sortua

Nerea Azurmendi Zabaleta

Andoaingo Udala

38 orrialde

Rikardo Arregi Kazetaritza saria

XVI. Rikardo Arregi Kazetaritza sariaren ohorezko aipamena Ramon Labaieni eman zitzaion, duela 22 urte Euskal Irrati-Telebistaren egitasmoa abiarazi zuen talde anitzaren ordezkari gisa. 1980ean hasi zen mamitzen Euskal Irrati-Telebista aurrera atera ahal izateko asmoa, hain zuzen ere Ramon Labaien Kultura sailburu zen garaian. Andoaingo Udaleko Euskararen Normalkuntzarako Lansailak argitaratu duen liburuxka honetan, besteak beste, epaimahaiak adosturiko erabakiaren laburpena, Ramon Labaieni egindako elkarrizketa, eta Miren Azkarate, Luis A. Aranberri Amatiño, Martin Ibarbia, José Antonio Maturana, Andoni Areizaga eta Jose Oterminen historikotzat jo daitekeen erabaki hari buruzko gogoetak jasotzen dira.

Zer da bizia? Adimena eta materia

Erwin Schrödinger

Gaiak

56 orrialde

Schrödinger Nobel sariaren bi filosofia lan euskaraz

Erwin Schrödinger austriarrak P. A. M. Diracekin partitu zuen Nobel saria, 1933an, bere kuantu-mekanikaren formulazio matematikoagatik, eta teoria horren oinarrizko ekuazioa Schrödinger izenaz ezagutzen da. Baina zientzialari honek bazituen kezka filosofikoak ere, Gaiak argitaletxeak plazaratutako liburu honetan agertzen diren lan biek argi eta garbi erakusten dutenez. Zer da bizia? izenburukoan, ea biologia termodinamikako legeen mende dagoen jartzen du mahai gainean, eta lege fisikoaren determinismoak goi mailako izaki bizidunen portaerarekin itxuraz duen kontraesana ere bai. Hamar urte beranduago, Adimena eta materia lanean, ea nia eta kanpoko mundua bi gauza desberdin diren aztertu zuen.

Egia hezur

Juan Kruz Igerabide

Alberdania

95 orrialde 11 euro

Igerabideren zuhur hitzak

Alberdania argitaletxeak plazaratutako Egia hezur Juan Kruz Igerabideren bigarren aforismo liburua da, 1998an kaleratu zuen Herrenaren arrastoan lanean bide berari heldu baitzion adunarrak. Bizitzaren aurrean nork bere buruari egiten dizkion galderak, eta ustez haien erantzuna aurkitu duenean berriro sortzen zaizkion jakin nahiak ditu Juan Kruz Igerabidek gaitzat, umorea lagun, Egia hezuren. Izan ere, zeruan ere hierarkia errespetatu beharraz, han ere norbaiten mende jarraitu beharraz kexu ageri den olerkari honen aforismoetako batean irakur daitekeenez, bere buruari gogor egiten ez dionak ez du autoestimu handiagoa, eztikeria baizik. Baina beste muturrean, bere buruari gogor besterik egiten ez dionak, borroka irabazten badu, galdua da.

Ondarruko piratak

Ana Urkiza

Ibaizabal

150 orrialde

8,65 euro

Abenturaz betetako oporraldia

Ana Urkizak abentura egarri diren neska-mutikoei, bizitzako gertakizun txiki eta arruntenez ere gozatzen ikas dezaten eskaini nahi izan dien kontakizuna da Ondarruko piratak. Hamabi urte ditu Andonik, protagonista nagusiak. Oso gogo txarrez hartu du mutil horrek oporraldia Ondarrun pasa beharko duela jakitea. Han bizi den aitona gaixo dago, eta amona aspaldi hil zenez, hura zaintzera joan nahi du bere amak, batere kontuan izan gabe Andonik Ondarrun ez duela lagunik eta zeharo asper daitekeela. Baina laster ohartuko da mutikoa espero ez bezalako egun zirraragarriak igarotzeko aukera duela, Kutxi pirata eta bere mutil taldea ezagutu bezain pronto. Jokin Mitxelenaren marrazkiz hornitua dagoen narrazioan, makina bat abentura biziko ditu Andonik lagun haiekin.

Arturo. Epopeia zelta bat. 2. Arturo borrokalaria

Chàuvel, Lereculey, Simon

Jean François Sauré

56 or. / 18,50 euro

Arturori buruzko bigarren komikia

Jon Muñoz Otaegik euskaratu du David Chàuvelen gidoiarekin Jérome Lereculeyk marraztu eta Jean-Luc Simonek koloreztatutako komiki hau. Gerora Arturo erregea izatera iritsiko denaren haur eta gazte denborak kontatzen ditu bere bigarren ale honetan. Garai zailak ziren Bretainiako herriarentzat, besteek «bretoi» deitu arren beren buruei «kymry» esaten zietenentzat. Auskalo zenbat borroka egin behar izan zituzten, garai batean bezala beren uhartean jaun eta jabe, inolako etsairik gabe bizi ahal izateko esperantzan. Baina hala ere, denera zabaltzen zihoan jainko berri baten eta haren trinitatearen kulto berria, hitzaren ordez testua eta tenplu naturalaren lekuan harrizko eliza zekarrena.

Pupuan trapua

Xabier Olaso

Pamiela

94 orrialde

7,60 euro

Esna irauteko poemak eta lotarako kanta-kontuak

2001ean Auskalo! (Igarkizun eta aho-korapiloak) liburua kaleratu ondoren, haurrentzako aproposa den beste eskaintza polit batekin datorkigu Xabier Olaso oraingoan. Pupuan trapua Olasoren aurreko lana bezala Agurtzane Villatek ilustratu du eta olerkiz, kantuz eta kontuz osaturik dago. Poesia bilduma ugariren egilea dugu Xabier Olaso, eta haurrak esna irauteko hotsez eta hitzez blai dauden poesiekin eta lo gozo-gozo har dezaten propio asmatutako kontu eta kantuekin biribildu du bere azken lana.

Atxiki sekretua. Sorginen eskuliburua

Patxi Zubizarreta

Elkar

216 orrialde 20,50 euro


Inominixtante sorginen munduan egoteko

Elena Odriozolaren marrazkiz apaindurik dator Patxi Zubizarretak idatzitako Atxiki sekretua. Sorginen eskuliburua. Gure arbasoen garaietan ahoz aho kontatzen ziren istorio harrigarrien bilduma egin du egile honek ûPierre Lafitte, Azkue, J.M. Barandiaran, Julio Caro Baroja, Joxe Arratibel, Toti Martinez de Lezea edota Txema Larreak bezalakoek egindako bilketa lanetatik jasoz, haietan ageri den espirituari muzin egin gabeû, baina gaurko haurrak kontu zahar horien lilurak erraz harrapatzeko eran aurkeztu ditu. Horretarako, gaurkotua dagoen istorio baten barnean tartekatu ditu euskal elezaharrak, eta bakar-bakarrik, zaborrez inguratuta bizi den amona zahar bat hautatu du sorginen mundura garamatzan giltza gisa. Zaborrak jaisten eta enkarguak egiten laguntzen dion zazpi urteko neskatoari kontatuko dizkio emakume horrek antzina-antzinako istorioen aztarrenak, sekretua atxikitzeko agindu eta gero. Horrela ikasiko du umeak Mari eta jentilen unibertsoaren berri, kristaunasunaren eta Inkisizioaren etorrerak sorginen ûeta bestelako gizakienû munduari ekarri ziona, eta isileko beste gauza asko.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1960
 
azala1959

1961 zenbakia.
2004ko urriaren 10a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia