Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-17 12:24:53
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-10-03 -- 1960.zenb

Jakoba Errekondo


Uztaren zoramenarekin batera udan bete-betean hazi diren landareetatik hurrengo urterako landare berriak sortzeko sasoiaren amaiera dator. Bi era ditugu urtez urte landareak etengabe ugaltzeko: hazia eta kimua. Bi aukerak antzekoak baino bai desberdinak! Haziak ereinez gero hazia hazi duen landare ama nor den badakigu, baina haren lorea ernaltzera etorri zen polen alea barreiatu zuen aitaren berririk ez eta jaioko den landarea bien hibridoa izaki, nolakoa izango den ez dakigu: ama ezagunaren antzekoa, ezkutuko aitaren antzekoa edo tipo berri-berri bat. Kimua erabiliz gero, ordea, nahasketa sexualik izan ez denez, kimua kendu diogun landarearen ezaugarri berdin-berdinak izango dituen landarea sortuko da, klon bat alegia. Kimua moztu eta adaxka gisa landatzean, kimuak eman dituen landare ama klonatzen ari gara.

Haziak baliatzera, fruituak heldu direnean bildu eta haziak kendu. Ereiteko bada aukera parea: bildu ordurako erein edo jaso eta neguaren bukaeran lurrean sar. Negukoa aukeratuz gero bi eratara jaso daitezke: hare, legar edo hondar heze artean edo bere horretan; batera edo bestera, etxe barru beroegietan sartu gabe kanpoan eduki haziak. Udaberrian ernetzeko neguko hotza jasana izan behar du bestela oraindik udazkenean dagoela pentsatu eta ez da ernetuko.

Kimuak adar mutturrekoak bezala sustraietakoak balia daitezke. Lurpeko azken hauek loditutako zatiei kendutakoak izan ohi dira: lirioak, kalak... Adar mutturretakoak erabiltzera, sustraiak garatzea sustatzen duten hormonek asko lagunduko dute. Geranio, begonia eta kimuak urtsuak dituzten landareetan ez dira beharrezkoak, erraz itsasten baitira. Kimuak zurtuta dituzten landareetan, aldiz, itsaste hori zailxeagoa da. Hauetan kimua ebakitzerakoan egindako zauria hormonatan busti eta sustrai berriak errazago haziko dira. Landatutako kimu hauek udazkenean itsasteko eta inolako adeirik ekarri gabe datorren neguan toki babesean eduki beharko dira. Udaberrian zain berriak goiz emango ditu eta konturatzerako izerdi berriaz mardul lotsagabe adeigabe etorriko da belaunaldi berria.

Jabier Agirre


14 urtetik 18ra bitarteko gazteen %3,1ek kokaina kontsumitzen dutela diote Espainiako Estatuan, ia ohituraz, eta beste %7,4ak aitortzen duenez, behin edo behin kontsumitu izan dute, Drogazaletasunaren Kontrako Laguntzarako Fundazioaren (FAD) zuzendari den Ignacio Calderon-ek adierazi bezala. Baina zifra horiek ikaragarriak izanik ere, adituarentzat gauzarik kezkagarriena zera da: gazteen %37k ez diola inolako arriskurik ikusten droga hori inoiz hartzeari. Horregatik, FAD elkarteak aspaldiko iragarki bat berreskuratu du, jada 1992. urtean telebistan erabili izan zena, kokainaren kontsumoaren kontrako kanpainari ekiteko.

Dagoeneko Espainiako telebistako kate guztietan ikusteko aukera izan duzun ekimen honen mezua "Zentzuz jokatu, eta paso egin kokari" da, eta irudiak benetan zirraragarriak dira: gazte baten sudurzuloetatik zuzenean garunera sartzen den harra, hain zuzen ere. FADen arabera, iragarki hori oso ondo gogoratzen zuen hamabi urte geroago biztanleriaren %66ak.

Igaro berri dugun uda garaia oso arriskutsua da drogen kontsumorako. Aisia eta olgeta, oporrekin estu-estu lotuak daudenak, aitzakia ezin hobea izaten dira gazteenak drogak kontsumitzen hasteko. Ikasleen %37k ez dute ezagutzen behin edo behin kokaina kontsumitzeak zer-nolako ondorioak ekar ditzakeen. Ezjakintasun horri aurre egiteko informazio egokia nonahi, baina batez ere gazteen artean, hedatzea ezinbestekoa da. FAD erakundeak badu informazioa eta orientazioa emateko telefono zerbitzu bat, eta uda partean jasotzen dituzte ia urte osoko deien erdiak, kokaina izanik, kezkarik handiena eragiten duen substantzia, heroina, kannabisa edo alkoholaren gainetik.

Joxerra Aizpurua


Erizain birtuala

Egunen batean ordenadoreak adieraziko digu noiz hartu behar dugun medikazio bat ala bestea, edo noiz joan behar dugun medikuarengana. Hauxe da Houston-eko unibertsitatean (AEB) jorratzen ari diren ikerketa baten helburua.
College of Natural Sciences and Mathematics-eko kide den Ioannis Pavlidis, ATHEMOS (Automatic Thermal Monitoring System) programaren diseinuaren arduraduna da. Programa honen bidez, osasunaren kontrol jarraitua egin nahi da gaixoaren gorputza ukitu gabe. Besteak beste, odol-zirkulazioa, pultsua eta arnasketa erritmoa neurtzen ditu.
Sistemaren elementurik garrantzitsuena irudi termikoen kamera bat da eta honek, programa informatiko konplexu bat duen ordenadore bati lotutako periferiko gisa funtzionatzen du. Aurpegitik ateratzen den beroan oinarrituz, hainbat informazio fisiologiko atera daiteke. Adibidez, antsietate-sintomak bero periorbitalak ûbegiaren inguruko odol-fluxuak sortzen duen beroakû adierazten du. ATHEMOS sistema, hasieran gaixotasun kronikoak dituztenen artean izan daiteke erabilgarriena, beraiek behar baitute gehien osasuna etengabe kontrolatzea.


Belar transgenikoen hedapena

Genetikoki eraldatutako graminearen polenak 21 kilometrorainoko bidaia egin dezake. Hori da behintzat AEBetako PNAS erakundearen ikerketak dioena. Hedapen hau da orain arte frogatutako zabalena eta horrek AEBetako golf-zelaietan belar transgenikoa landatzeko dagoen asmoa oztopa dezake.
Azterketa Oregonen egin da eta Ingurumenaren Babeserako Agentziakoa den Lidia Watrup-ek zuzendutako taldeak burutu du. Bertan frogatu dutenez, GM agrostidaren polenak 21 kilometrora dagoen beste graminea bat polinizatu du eta beste hainbat espezie basati ere bai, 14 kilometroko erradioan.
Ikertzaileek azpimarratu dutenez, belar hau oso erraz ugaltzen da era asexualean eta hori izan daiteke lortutako diseminazio-errekorraren arrazoi nagusietako bat.
Monsanto eta Scotts enpresak izan dira Round Up herbizidarekiko erresistente den Agrostis stoloniferaren transgenikoa sortu dutenak, baina une honetan produktuaren merkaturatzea etenda dago AEBetako Nekazaritza Sailak azterketa osagarri bat eskatu baitu edozein erabaki hartu aurretik. Aldeko eta aurkakoen eztabaida hasi da jada, baina landare transgeniko batek hain hedadura zabala lortzea inork gutxik espero zuenez, transgenikoen inguruko eztabaidak beste maila bat har dezake.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan