Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-08 16:30:26
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-10-03 -- 1960.zenb

Katixa Garate



Kultur ikastaroak NUPen

Oparoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoak aurtengo ikasturterako prestatu duen kultur ikastaro sorta. Urteroko argazkigintza, pintura, antzerki, dantza, sukaldaritza eta zinema ikastaroei operari, euskarazko literaturari eta pop musikaren historiari buruzkoak gehituko zaizkie. Opera oberta ikastaroa programa esperimentala da eta Espainiako Estatuko eta nazioarteko 32 unibertsitatek abiatu dute. Ikastaroaren baitan, Bartzelonako Liceu antzokian emango dituzten bost opera erretransmitituko dituzte unibertsitatean. Ikastaro hauetan parte hartzeko NUPeko langile, ikasle edo ikasle ohi izan behar da.


Gasteizko antzerki jaialdia abian

Hogeita lau ikuskizun jasoko ditu aurten Gasteizko XXIX. Antzerki Jaialdiak, azaroaren 11 bitartean. Ia hilabete eta erdiz, Gasteizko Printzipal antzokiak estreinaldi eta emanaldi ugari eskainiko ditu. Ados teatroak El Decamerón aurkeztuko du, Ur antzerki taldeak La tempestad, eta Tanttakaren Paradero desconocido eta Taun Taunen Galtzerdia ez dira faltako. Els Joglarsen El retablo de las maravillas, Los Ulen talde andaluzaren El mundo de los simples, Teloncillo Teatroren Cúentame un cuento eta beste hamabi lan ikusi ahal izango dira. Tamalez, bakarra euskaraz.


Mintegia puntako argazkilariekin Bilbon

Kaleko argazkilaritzan eta argazkilaritza narratiboan sakontzeko egokiera izango da urriaren 4tik 15era Bilbo Arten. Bruce Gildenek hogei urte eman ditu New Yorkeko eta munduko hainbat hiritako kaleei erretratuak ateratzen eta Bilboko kaleak eta bilbotarrak abiapuntu hartuta, ikastaroa eskainiko du urriaren 4tik 8ra. Alex Majoli Magnun agentziako kideak argazkilaritza dokumentalean eta gerrakoan eskarmentu handia du eta urriaren 11tik 15era bere esperientzia partekatuko du Bilbo Arten, parte-hartzaileak argazkigintza narratibo pertsonalera hurbiltzearren.


Elektronikaren seigarren aldia

Musika elektronikoak hartuko ditu urriaren 8tik 10era Donostiako Gasteszena aretoa, Okendo kultur etxea eta Arteleku. Seigarren aldiz egingo den jaialdi honek bertako (Donostiako Placida ye-ye eta Bilboko Begoña) nahiz Alemania, Erresuma Batua, Portugal edo AEBetako (Rhythm King and her friends, Heidi Mortenson) artistak gonbidatu ditu okasiorako. Gainera, larunbatean Donostia Elektronikoa lehiaketaren laugarren edizioko irabazleek kontzertua eskainiko dute Okendon (Tüsuri, Punk in the Atic, Phoebus...).


Kulturaren Euskal Plana aurkeztu zaio gizarteari

Hiru urtetan zehar landu den Kulturaren Euskal Plana Eusko Legebiltzarrera bidali du jada Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak. Asteartean aurkeztu zen jende aurrean eta estrategikotzat jo zuen Jaurlaritzak. 2007 urtera arteko ekintzak finkatuta ditu eta 2015era bitarteko jarraibideak jasotzen ditu. Kultur ondarea, artearen sorkuntza eta adierazpena, eta kultur industria atalak biltzen dituen Plana gauzatzeko Kulturaren Euskal Behatokia sortuko eta Euskal Kulturaren Kontseilua eta Kontseiluko Batzorde Iraunkorra berregituratuko ditu Jaurlaritzak. Gobernu Batzordeak 2004rako ekintza zerrenda onartu du jada eta 1.335.430 euroko aurrekontua finkatu du horretarako. Besteak beste, lan hauek egingo ditu aurten: kultura politikei buruzko nazioarteko biltzarra, literatura aldizkari baterako bideragarritasun azterketa eta euskarazko lanak itzultzeko diru laguntzak aztertzea. Ilusioa piztu du Planak, baina baita polemika ere. Planaren aplikazioak ere biak ekarriko ditu.

* * * * * * * * * * * * * * * * * * * *

Portugaleteko Bizkaia Zubia, Alberto de Palaciok XIX. mendearen bukaeran diseinaturiko zubia, Unescoren Munduko Ondarearen zerrendan sartzeko hautagaia da. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Aldundiak zerrenda horretarako proposatu zuten ekainean zubi esekia Santiagon (Galizia) eta Espainiako Kultura Ministerioko Ondare Historikoaren Kontseiluak onartu egin zuen. Unescok Bizkaia Zubia zerrendan sartuko balu, hori litzateke Munduko Ondasunen zerrendako Euskal Herriko lehen eraikina. Zerrenda horretaitk %3 bada bakarrik industri ondare eta Bizkaiko Zubia onartuz gero, ondare mota horren garrantzia nabarmenduko litzateke. Unescok aurki Ondare inmaterialaren zerrenda irekiko du eta Eusko Jaurlaritzak bertsolaritza eta euskal dantzak proposatuko ditu zerrenda horretarako hautagai gisa.

Bertso lurra berritzen. Ez da beti erraza izaten ohiturei eustea, eta batzuetan galdu egiten dira. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak hori saihetsiko du, Euskadiko Kutxarekin elkarlanean, abiatu duen Luberri programarekin. Urritik martxora bitarte, azken urteotan hainbat herritan galdu diren ohiko bertso saio ugari berreskuratuko ditu. Hogeita hamar bertso saio antolatuko dituzte eta horretarako, tokian tokiko bertsozaleak izango dituzte lagun.


Juan Antonio Urbeltzek eta Santiago Yanizek Euskal Herria eta Festa liburua plazaratu dute Elkar argitaletxearen eskutik. Urbeltz arduratu da testuaz eta Yaniz liburuan agertzen diren irudiez. Bilboko Euskal Museoak erakusketa zabaldu du liburuaren edukiekin.

Luis Peña Gantxegik Espainiako Arkitektoen Elkargoak banatzen duen Arkitekturaren Urrezko Domina jaso du, bere ibilbide luze eta oparoaren errekonozimendu gisa.

Edurne Elizondok Itoitz. Porlanezko gezurra argitaratu du Txalapartarekin. Hogei urteko borrokaren kronika osatu du kazetari beratarrak.

Mikel Markez kantautore errenteriarrak zazpigarren diskoa kaleratu du: Erabil nazazu. Markezek autoekoitzi duen lanak hainbat euskal poeta garaikideren poesiak musikaz jantzi ditu.

Filgi Claveriek Seaskako lehendakaritza utzi du eta Biarrizko Maitaldiaren programazio arduraduna izango da aurrerantzean.

Tahures Zurdos talde nafarra desegin egin da. Ostegunean (irailak 30) emango du azken kontzertua Madrilen.


Angel Uranga pintoreak Zabaliken: «Jendeak zerbait hautematen du margolana ikusten duenean, baina esanahi osoa deskodetzeko artistak bere hitzekin lagundu behar dio. Gisa horretan, jendeak ikusi eta ulertu egiten du kontatu nahi diozuna».

Txan magoak esanak Berriari: «Gizarteak berak baino gehiago, instituzioek baztertzen dute magia, nire ustez. Arte eszenikoetan oso motel egiten dute lan, eta horien barruan magia bazterrekoa da».

Sebastian Lizasok zera adierazi zion Garari: «Bertsoak asko ematen du, baina asko ematen badiozu. Asko eman dit niri; toki eta jende ugari ezagutzeko aukera, besteak beste. Baina asko eman diot nik ere, asteburu asko, ordu asko... dedikazio handia izan da».

Miguel Zugazak zera zioen El Diario Vascon: «Euskadi museo esperientzien laborategi bihurtu da (...). Mundu guztiak du interesa Europako eskualde txiki honetan gertatzen ari denarekiko».

Pablo Maloren hitzok jaso zituen Berriak: «Zineman ez litzateke eskale baten moduan laguntza eskean ibili behar».

hemeroteka

1959. zenbakia | 2004-09-26
1958. zenbakia | 2004-09-19

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan