Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2004-10-03 -- 1960.zenb

Eider Garaikoetxea

Ile-apaindegi baten gainean bizi den musikaria nork hil duen erabaki behar du ikus-entzuleak Kanpingags taldearen antzezlan berrian. Barakaldo Antzokian irailaren 10ean estreinatu zuten gaztelaniazko bertsioa (Por los pelos) eta euskarazkoa, urriaren 17an eramango dute oholtza gainera, Arrasaten. Umore bizia eta intriga, nor baino nor dabiltza lan honetan.
guztia irakurri

Jon Gurrutxaga


Metak diskoetxearen Kontrakalea azpizigilua izan da euskal merkatuan aukera berri hau karrikaratzeaz arduratu dena. Kaki Arkarazo teknikari zutela Garate estudioetan grabatu da Entzun. Diskoa grabatzeko musikari profesionalez eta hainbat kolaboratzailez inguratu da Afrika: Fermin Muguruza eta Kontrabandak scratch-ak, koroak eta haizeak grabatu zituzten eta Xabier Solanok trikitia, adibidez. Proiektuaren irudia eta arima kantari bizkaitarra bada ere, ondoan Ernesto Maestro eta Israel Monzoncillo izan ditu bai konposizio eta bai programazio lanetan ere. Aspalditik ezagutzen dute elkar proiektuaren bizkarrezurra osatzen duten hiru musikariak eta azken emaitza hiruren arteko elkarlanaren fruitua izan da.

Korista izatetik solista izatera

Ekuatore Gineakoak dira Afrikaren gurasoak eta txikitatik entzun izan du musika beltza: musika afrikarra, soula, reggaea, jazza... Duela 11 bat urte hasi zuen bere musika ibilbidea eta hasieratik ahotsa izan da bere instrumentua. Lehenengo pausoetatik gaurdaino korista lanak egin ditu bizkaitarrak. Ke No Falte reggae taldean hasi zen eta gero hainbat urte egin zituen Etsaiak banda lekeitiarrarekin. Fermin Muguruzak ere bere ondoan nahi izan zuen eta Brigadistak Sound System lanetik aurrera etengabe kolaboratu du berarekin. Negu Gorriak taldeko kantari ohia izan zen, hain zuzen ere, Afrika bakarlana argitaratzera animatu zuena. Musikari getxotarrak ere bazuen bakarkako lan bat kaleratzeko gogoa, baina, nahiago izan du esperientzia hartu arte besteentzat lan egitea. "Batez ere presentzian igarri dut korista eta bakarlari lanaren arteko aldea: korista moduan atzean zaude eta nahi izanez gero erlaxa zaitezke; bakarlari moduan, aldiz, aurrean zaude eta momentu oro dena ematen egon behar duzu", diosku Afrikak.

Euskal merkatuan Afrikaren proiektua alternatiba berri bat bada ere, euskal jendea horrelako musika entzuten ohitua ez dagoela onartzen du bizkaitarrak: "Zerbait berria irteten den bakoitzean ni ikusten edo entzuten saiatzen naiz, baina hemen jendea pixka bat zerratuta dago eta beraz, zaila da merkatua zabaltzea". Euskal Herrian musika gogor asko entzuten dela deritzo Afrikak eta musika jaialdietan hori agerian gelditzen dela uste du. Makro-kontzertuetan tokia badu ere, besteak beste Arantza Rock-en hartu zuen parte, bizkaitarrarentzat estiloetan oinarritutako jaialdiak antolatu beharko lirateke. Horregatik, gaur egun jorratzen duen estiloa lantzen duten talde gehiago sortzea gustatuko litzaioke.

Euskara, ingelesa eta fang-a

Hamalau urte zituela ikasi zuen Afrikak euskara. Horrela, Ke No Falte reggae taldea utzi zuenez geroztik beti euskaraz edota ingelesez kantatu izan du. Entzun-en euskara da nagusi, ingelesak eta bere gurasoen ama hizkuntzak, fang-ak, ere tokia dute ordea. Bob Marley-ren Them Belly Full (But we hungry) kantaren moldaketa da disko osoan entzun daitekeen bertsio bakarra. Ingelesez abestua, Afrikak aspalditik du gogoko mito jamaikarraren kanta: "Mezua oso zuzena da, aberats eta behartsuen arteko ezberdintasunen inguruan dihardu eta argi nuen disko bat argitaratuz gero kanta hori grabatuko nuela. Gainera, beti gustatu izan zaizkit Marley, Jimmy Cliff, Peter Tosh, Lee Perryren dub reggaea...". Ekuatore Gineako fang izeneko hizkuntza, berriz, Azala ilunagoa kantan entzun dezakegu, bai abestiaren hasieran eta bai erdialdean ere. "Etorkizunean fang hizkuntzan kanta oso bat grabatzea gustatuko litzaidake, baita ingelesez ere. Eta frantsesez, zergatik ez! Niri musika gustatzen zait, eta mezua modu ezberdinetan igorri daiteke, euskaraz, brasileraz, italieraz...", dio Afrikak.

Zuzenekoa estudioko lanean entzuten denarekiko oso fidela dela onartzen du bizkaitarrak, bestalde, aurrerantzean zenbait aldaketa egongo direla aurreratu digu. Eremu handietan zein toki txikietan aritu den arren, bizkaitarrak nahiago ditu leku txiki eta itxiak: "Giroa beroagoa da, jendea hurbilago dago eta dena errazago irteten zaizu, toki irekietan urduri jartzen naiz".

Bakarkako lehen lana, ordea, ez da Afrikak esku artean duen proiektu bakarra. Etsaiak taldea desagertu zenetik Rudo & Friends Sound System izeneko ekimenean murgildurik baita. Afrikaren esanetan "house eklektikoa" egiten du taldeak eta emanaldi dezente eskaintzen dituzte. Euskal Herrian jotzeaz gain, estatuko hainbat hiritan ere eskaini dituzte kontzertuak.
ETBko Kalera saioan
Afrika beti musika munduari loturik ezagutu dugu. Bestalde, joan zen denboraldian telebistarekin proba egin zuen Euskal Telebistako Kalera lehiaketa saioan parte hartuz. "Kasualitatez suertatu zitzaidan lana, Ibilaldiarako kanta grabatzen ari nintzela Zaramako Roberto Mosorekin egin nuen topo. ETBn lan egiten du berak eta saio berri baterako norbait ezberdina behar zuela komentatu zidan. Norbait ezberdina hemen Euskal Herrian... bada ni", diosku barre artean getxotarrak. Saioak momentuz ez du emisioan jarraituko aurtengo denboraldian. Beraz, taula gainean eta betidanik gustatu zaiona egiten ikusiko dugu Afrika: musika.

Hasier Etxeberria / David De Jorge


Osagaiak:

2 perloi edo arraingorri eder, garbi eta ezkatarik gabe
2 tipulin, pikatuak
Porru baten zuria, pikatua
2 baratxuri ale
Oliba olioa
Xorta bat brandy
6 koilarakada tomate saltsa
Litro laurdena esnegain urtu
8 arrautza, joak
Gatza eta piperbeltza

Kazola zabal batean, ur gazia isuri eta su eztian jarriko ditugu perloiak egosten, mamia hezurretatik erraz bereizten dela sumatu arte. Ura irakiten hasi eta 10 bat minutu beharko ditugu horretarako. Erre gabe maneatzeko moduan egotean papurtuko dugu arraina. Bere horretan eutsiko diogu azalari eta buruko mamia ere baliatuko dugu. Hezurrak, katuarentzat. Kazola batean, su ezti-eztian jarriko ditugu tipulinak, porrua eta baratxuriak olio pixka batean gozatzen. Barazkiak xamurtzean, 10 bat minuturen buruan, erantsiko dugu bran-dya. Murrizten utzi ondoan irauliko dugu tomate saltsa. Biraka nahasiko dugu ondoren guztia. Arrain papurtuaren txanda etorriko da gero: ongi nahasi eta berotasun horretan edukiko dugu, irakin gabe, ez lehortzeko.
Sutatik kanpora nahasiko ditugu arrautzak eta esnegaina. Gatza eta piperbeltza emango diegu ondoren. Aurrez maneaturiko jakiak erantsi eta nahasiko dugu guztia. Gatz-puntua zuzenduko dugu gero.
Molde handi bat edo bi txiki ű"plum-cake" motakoakű hartu eta, gurin urtuaz igurtzi ondoren, ogi birrinduaz hornituko ditugu barruko aldeak. Nahastura sartuko dugu ondoren. Bainu-marian edukiko ditugu moldeak 20-30 minutuan 180 gradotan, nahastura ongi mamitu arte. Labeko epea luzatuz gero, lehortuko zaigu pastela, eta mamitsu gelditu behar zaigu. Hori frogatzeko astindu txiki bat emango diegu moldeei labe barruan: ertzak tinko eta barrua dardarati agertu behar zaigu pastela. Hoztu eta gero, moldetik atera eta moztu egingo dugu pastela. Saltsa arrosan edo maionesan ongi bustirik jango dugu, ogi txigortuekin.

Pilar Iparragirre

Poema liburu tematikoa osatu duzu oraingoan. Zergatik?
Mugak eta territorioak azaldu nahi nituen, bai. Ez doi-doi territorio geografikoez, baizik eta haratago joaten diren territorio horietaz mintzatzea. Gasteiztarra naiz ni, baina gero eta gehiago kostatzen zait nongoa naizen esatea, nafarra ere banaizelako, eta liburuan hartu du horrek guztiak kolorea, muga batean bizi naizelako azken finean, eta erabiltzen dudan euskaran bertan ere sumatzen delako hori, nagoen lekuaren arabera egiten baitut modu batean edo bestean, eta jakina, hori ere bada mugaldeko kontu temoso tematikoa.

Horrek guztiak erabaki zuen poemon edukia?
Oteizak erraten zuen hutsuneak bizia sortzen duela, eta niri hala iruditzen zait. Eta liburu hau, neurri batean, nire errealitateko bi hutsune betetzera heldu da: batetik, irakurle gisa aurkitu ez nuen hura eskuartean izan dut, eta bertze alde batetik hutsune pertsonalago bat osatu du, aita beratarra eta familia guztia ere hangoa baitut, eta zenbait konturengatik harremanak aspaldi puskatu ziren; orain bost bat urte erabaki nuen hara berriz itzultzea eta harremanak berreskuratzea. Bestalde, ez da kasualitatea ere gaur egungo nire bi jarduera nagusiak mugaldeko dialektologiaz tesia egiten egotea eta mugaldeko poesia idaztea izatea.

Zer da, bada, mugaldea zuretzat?
Nire ustez oso territorio emankorra izan daiteke, bai literaturan, eta baita modu pertsonalean aberasteko ere. Baina inork ez dezala pentsa nire liburuan kostunbrismoa aurkituko duenik.

Pilar Iparragirre


Manikien galeria
Mikel Zubeldia
Euskaltzaindia, BBK
164 orrialde
10 euro

Txomin Agirre eleberri saria

Mikel Zubeldia donostiarraren Manikien galeria eleberriak irabazi zuen iaz Euskaltzaindiak eta BBK Fundazioak urtero antolatu ohi duten Txomin Agirre saria. Diktadore baten menpe urte askotan bizi izandako alegiazko estatu batean kokatu ditu egileak bere narrazioaren gertakizunak eta pertsonaiak: diktadore horren maitale izandako emakumea, bere bihotzeko kuttunari bizia kentzen diotenean katu bi, zakurra eta ume bat zaintzeko neskame gisa lanean hasi behar izaten duena; herioren bisita noiz izango beldurrez jota dabilen ferietako saltzailea; inork nola ez dakien moduan desagertu zen twist kantari famatu bat eta bere biziko erreportajea egiteko irrikitan egon bai, baina horrelako aukerarik sekula ez duen kazetari tristea.

Laneko zuzenbidearen krisia eta globalizazioa
José Manuel Hernández
Manu Robles-Arangiz Institutua
56 orrialde

Lan munduaren bilakaera azken hogeita bost urteetan

Manu Robles-Arangiz Institutuaren bidez kaleratu den Laneko zuzenbidearen krisia eta globalizazioa azterketan, frankismoaren amaieratik 2002. urtera arte lan araudiak eta lanari dagokion zuzenbideak Espania mailan izan duten bilakaera azaltzen du José Manuel Hernándezek, ondorioztatuz hogeita bost urte horiek behin-behinekotasuna, langabezia eta bazterketa besterik ez dutela ekarri. 1976ko Lan Harremanen Legetik hasi, 1980ko Langileen Estatutua berrikusi, 1982ko enpleaguari buruzko Akordio Nazionaletik 1992ko dekretutzarrera emandako maldan beherako urratsak kontuan hartu, eta geroztikako lan-merkatu gero eta malguagoa deskribatzen du, besteak beste, José Manuel Hernándezek.

Garai bateko Unanuko oiturak eta olgak
Jose Agustin Garziandia
Auspoa
231 orrialde 9 euro
8,65 euro

Nafar herri euskaldun baten isla

Jose Agustin Garziandia unanuarrak idatzitako liburua da Auspoa argitaletxeak eskaintzen digun Garai bateko Unanuko oiturak eta olgak, eta hain zuzen ere Nafarroako Ergoiena bailaran, euskararen muga-mugan, kokaturik dagoen Unanun egilea haur eta gazte zenean bizitzen ziren gorabeherak kontatzen dira, Unanuko euskara ederrean. Neska-mutikoen bihurrikeriak, katola eta momoxarroekin ospatzen zituzten inauteriak, gaztelaniaz baino irakasten ez zien eskola, haurren ahotan euskara besterik onartzen ez zuen apaiza eta hark irakatsitako dotrina, neguko gau hotzetan sutondoan bildurik entzundako ipuinak eta kantak; ogia eta sardin zaharrak jaten zituztenekoa, San Juan suak, San Migel aingerua eta San Donatoko ermita, Gabon gaua eta Urte Berria...

Txit oilo bitxia Txinatik iritsia eta urtxintxak
Mercč Arŕnega
Ibaizabal
30 orrialde
5,60 euro

Maleta eta guzti dabilen oiloa

Mercč Arŕnega katalanak sortu eta Jose Antonio Sarasolak euskaratutako Txinatik etorria den oilo bitxiaren abenturek euskal haurren artean izan zuten arrakasta ikusita, munduan barrena bere maleta bereziarekin harat-honat dabilen oilo honi gertatutako istorio gehiago kaleratzea erabaki du Ibaizabal argitaletxeak .Txit oilo bitxia Txinatik iritsia eta urtxintxak liburuxkan, neka-neka eginda dago gure oilo hori eta pinu eder baten itzalean lo kuluxka bat egitea erabakitzen du. Berehala lokartzen da, baina baita esnatu ere, zuhaitzetik erortzen zaizkion zotzak eta pinu azalak ez baitiote lotan jarraitzen uzten. Nor ote da aldrebeskeria hura egiten ari zaiona? Bat-batean, animalia txiki, jostalari eta bizkor batzuek inguratu dute oilo panpoxa: urtxintxak dira!

Euskal Herriko Historia II
Batzuen artean
Gaiak
172 orrialde
17 euro

Aro Modernotik 36ko Gerrara

Gaiak argitaletxeak plazaratu duen Euskal Herriko Historian, Historiaurretik 36ko Gerra arteko gertaera garrantzitsuenak azaltzen dira, kapitulu bakoitzean gehitu dizkioten hainbat gai eztabaidagarrirekin batera. Gure herriari bizitzea egokitu zaizkion gertaera gogoangarrien kontakizun hau bi liburutan banaturik dago. Bigarrengoak, Aro Modernotik 36ko Gerrara arte doanak Euskal Herriak XV. mende bukaeratik Frantziako Iraultza bitartean bizi zituenetatik hasi eta frankisten garaipenarekin amaia eman zitzaion 36ko Gerrara artekoak jasotzen ditu. Proposatzen diren gai eztabaidagarrien artean, hauxe bat: zergatik erabaki ote zuten EAJko buruzagiek Errepublikaren alde borrokatzea.

Luma berrien eleak
Batzuen artean
Idazle Eskola
74 orrialde
3 euro

Idazle Eskolak kaleratutako aldizkariaren lehen alea

Tere Irastortzak zuzentzen duen Idazle Eskolaren aldizkaria dugu Luma berrien eleak, idazle berrien narrazioak eta olerkiak jasotzeaz gainera, haien iritzi franko kaleratzen dituen kazeta. Bere lehen zenbakian, besteak beste, ondo idazteko egin beharrekoak gogoratzen dizkie Gotzon Garatek, Juan Luis Mugertzaren lumaren bidez, idazteko grina barruan piztuta daukaten guztiei, eta idazle gazteak aurre egin beharko dien mota askotako proxeneten berri eskaintzen du Alfredo Rodriguez Landak.

Mugaldekoak
Edu Zelaieta
EEF / Susa
78 orrialde 10 euro

Edu Zelaietaren bigarren olerki bilduma

Joseba Jaka IV. Literatur Beka eskuratu zuen Edu Zelaietak Mugaldekoak izenburuko olerki bildumaren proiektuarekin, eta Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak eta Susa argitaletxeak, koprodukzioan, kaleratua izan da bere bigarren poema liburu hau. Muga du olerkariak bertan ardatz űmugaldean bizi den jendea eta mugak zedarritzen dituzten lurraldeakű hiru atal nagusitan banatutako liburu honetan. Mugaldean du izenburu lehendabizikoak, eta mugaldekoen antzinako legea, karabineroen baimenak erosi behar izaten zituzten haien isileko joan-etorriak, gaur egun muga igarotzen saiatu behar dutenen egoeraren latzak, muga guztietan egon ohi den kontrabandoa zein mugalariak gogora ekartzen ditu hor. Urratuak da bigarrena, errealitateak guri egiten dizkigun urratuak eta guk hari eragiten dizkiogunak kontuan hartzen dituen atala. Mugak hausteko jaioak garela aldarrikatzen du bertan olerkariak, sarritan hautsi ezin izaten baditugu ere. Mugarri luzeak dator gero, poeta bere barreneko munduari begira jartzen den atala, sentsazioez zein amodio eta desamodio sentimenduez blai dauden olerkiak eskainiz.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan