Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-10-03 -- 1960.zenb

Agurtzane Intxaurraga ( antzerkilaria)

Duela urte batzuk imajina ezina zena, azken hauetan salbuespen izateari utzi eta egia bihurtu da. Telebistaren eraginez batez ere, "arlo artistikoa" delakoak, itzelezko bultzada izan du. Telebistaren barne produkzioaren igoerak, eragin zuzena izan du honetan eta lehen existitzen ez ziren figura berriak indarra hartuz joan dira eguneroko lanean. Aktore, gidoilari, aktore zuzendari eta abarrez ari natzaizue.

Antzerkiari dagokionez ere, kanpoko merkatuak eragindako lehiakortasunak, taldeen funtzionamendua errotik aldatu eta egun, ekoizpenik txikiena ere, talde artistiko eta tekniko zabalaz osatzen da. Besteak beste, produkzio burua, banatzailea, eszenografoa, argi diseinatzailea, egilea, musikaria, zuzendaria... Aldaketa onerako izan da. Nahiz eta batzuetan, adibidez, trukean taldeek euren ekoizpenak askatasunez erabakitzeko aukera galdu duten, baina, bestalde, emaitzak hor daude, denon begi bistan. Eta uka ezina da azken urte hauetan euskal antzerkiak ireki duen merkatua estatu eta baita atzerrian ere. Amaitu da Euskal Herriko bazterretan soilik aritzea. Eta horren guztiaren atzean, arestian esan bezala, talde profesional handi baten ekina dago. Fitxa tekniko eta artistikoa osatzen duten guztiena, alegia. Beraz, esatea dugu arte eszenikoak profesionalizatuz joan direla, marka guztiak hautsiz. Gogoratu bestela duela urte batzuk Tanttaka gipuzkoar taldearen Florido Pensil-ek lortutako arrakasta, mila eta laurehun emanaldi baino gehiago eginez. Markeliñe bizkaitarra egun oraindik DSO lanarekin munduan zehar betetzen ari den birarekin... Telebista arloan, Goenkalek ezarri duenarekin, hamaika urtez gure telebistako leihatila zeharkatuz bertako istorioak gureak ere eginez. Bi mila kapitulu.

Beraz, logika erabiliz, edozeinek esatea du arte eszenikoen familia garai onean murgilduta dagoela, herri honetan behinik behin... Badu, ordea, gure herriak familia honekiko zor handi bat: goi mailako arte eszenikoetako eskola ofizial bat. Noizko?

Urteak dira Eusko Jaurlaritzako Arte dramatiko Zerbitzua ûAntzerti delakoaû zendu, itxi edo desagertu egin zela.

Hura ixteak ez zuen berririk ekarri, ez instituzioen aldetik bederen. Egun daudenek, Bilboko Artebi, Barakaldoko Bai eta Nafarroako ENT, sarri askotan, instituzio beraien trabak gaindituz egin dute aurrera, edo okerrago oraindik, beste batzutan euren ezikusiak desagertzera eraman ditu, ateak ixtera. Horren adibide nagusietako bat Basauriko eskola. Beraz, daudenak meritu handiz daude hor eta bertan erakusten dutenek esker txaloak baino ez dituzte merezi. Hala ere, horrek ez gaitu asetzen. Ez da nahikoa. Gure profesio zabalak gehiago behar du behingoz, normalizazio baten barruan sartzeko eta harik eta prestaketa zabalena eta era berean espezializatuena emateko eta bideratzeko. Une hauetan profesional gisa lanean ari garenok ere, non birziklatu izateko eta azkenik, gu denon elkargunea bihurtzeko. Eskola ofizial bat dramaturgia, zuzendaritza, interpretazioa eta eszenografia espezializazioekin. Nahikoa urte badaramagu ekinez ikasten, bada garaia ere ikasiz aurrera ekiteko, ala ez?

Hilabete honetako hogeita zortzian egingo dute publiko duela hiru urte Ibarretxe Lehendakariak iragarri zuen Kulturaren Euskal Planaren lehen zirriborroa. Besteak beste eta antzerkiari dagokionez, bertan aurreikusita dago hezkuntzaren barnean kokatuta legokeen eskola ofizial baten beharra. Bejondeiola eraiki eta martxan ikusiko dugun egunari!

Edorta Arana

Eusko Jaurlaritzari, aldundiei eta udalei bost axola zaizkie hedabide lokalak. Zelan bost, bat bera ere ez! Lehen pentsatzen nuen beraien "kontrolpean" ez zeudelako ez zituztela babesten. Orain, iritziz aldatuta nago eta benetan sinisten dut axolagabekeria dela zergatia. Ez dituzte aintzakotzat hartzen. Ez daude kontra, kia, hori baino mingarriagoa den jarrera dute: berdin zaie zertan dabiltzan, zer dioten, zelako asmoak dituzten, bizirik ote diren kezka ez zaie burutik pasatzen.

Esandakoa, hemengo erakundeei ez zaizkie piperrik inporta ez aldizkariak, ezta irrati-telebista lokalak ere. Ume aroan gertatzen den bezala, "txikiekin" ez dute jolastu nahi. Hori bai, hedabide "handien" atzetik hor ibiltzen dira arreta-eske.

Medioekiko, eta bereziki emisio-eremu txikikoekiko, miopia politiko honen adierazgarri dira erakundeengandik soma daitezkeen bi jarrera: kopia-politika hutsez aritzea eta estrategiaren eta taktikaren esangurak nahastea.

Hartu edozein adibide, prentsa idatzikoa zein irrati-telebistakoa, eta fija zaitez norainokoa den mimetikoa hemengo erakunde politiko eta berauen atzetik nagusi den alderdiaren politika. Trantsizioa deiturikoaren garaian, egunkariak sortu zituzten beste batzuei "aurre egin" guran. Irrati-telebistagintza publikoan ere, eredu berri eta sustraitua eduki beharrean TVEren bertsio eskasa eraiki zuten eta gero, telebistagintza pribatua etorri zenean, Tele 5en eta Antena 3ren audientzia datuekin egiten zuten amets. Besteen joko-arauez legitimazioa bilatzen zuten, antza.

Inoiz, daukagun panorama mediatikoarekin kezkatu egin direnean, Vocento edo Prisa erraldoi mediatikoekin "adiskidetu" gura izan dute, bi hauen administrazio kontseilukoen irribarrea eraginez.

Epe laburreko etekin soziala ûelektorala gehienetanû eta inoiz bere etxean sartzen utziko ez dion hedabidearen faborea bilatzen dute gure erakunde publikoek, goikoek eta behekoek.

Herri zatitu honen erakundetzean osasuna, hezkuntza, polizia eta akaso diru-bilketak hartu bide dira oinarri modura eta horietan aritu dira jo eta su. Baina kale egin dute estrategikoa den egituraketa mediatikoa eraikitzerakoan.

Giza mugimenduek eta euskararen aldeko taldeek hartu izan dute epe luzeko lanaren ardura eta horretan dihardute gaur egun ere. Erakundeek ez.

Eta orain, haize finaren hotsa zirudiena burrundara bihurtu da eta gainera etorri zaigun tren geldiezina dela konturatu dira. Egunkari, irrati eta telebista kontsumoari, baina baita ere enpresa-egiturari eta jabetzari dagokionez, berezko jarduna galdu duen herri bat gara.

Zein desberdinak diren katalanak. Telebistagintza lokalaren kasuan fijatzen bagara, hedabide lokalak herrigintzaren oinarri-oinarrian jarri dituzte. Espainiako Estatuaren telebistagintza lokalaren legea onartu aurretik ere, tokian tokiko telebisten sarea egina zuten, irakaskuntza sistemarekin sintonian katalanez aritzen dena, ikus-entzunezko egitura enpresariala sortua dute eta lokaltasunaren definizioan informazio eta komunikazio tresna propioak izatea, berezko erreferentzialtasun kulturala eta historikoa eta edukiak markatu eta kuotak ezartzeko arautegia adostua dute.

Katalanek komunikazio lokalaren inplikazio estrategikoaz ohartu ziren, aspaldi. Hemen, hausnarketarik gabe, boteprontoan, Madrildik datorren legeak izan ditzakeen zirrikituak aprobetxatu behar direla diote eta, ausardia faltan, talde mediatiko erraldoiak haserretu ez daitezen lizentziak banatuko dituzte. Hau zuretzat, hau niretzat.

Hori bai, populazio gutxiko eta publizitate merkatu urriko eremuetan legeztatuko dute euskaraz aritzen den kanalen bat, barne produkzioa landuko duena eta gertutasunaren balio komunikatiboa zer den dakiena. Azken horiek irakurriko dituzte lerro hauek, agintariek ez.

Xabier Oleaga

Ikasturte politikoa nahaspilatuta dator. Alderdi eta erakunde politikoetako eledunen diskurtsoek eboluzio handiagoa izan dute azken bi urteetan, aurreko hamar urteetan baino. Ukatu gabe ETAren su-eten garaian eman ziren aldaketak, eman ziren esparruetan, eta aitortuta ordukoan dagoela oraingoen jatorria. Iritzi horretakoa naiz behintzat.

Eztabaida politikoaren epizentroa, hala ere, Ibarretxeren egitasmoan dago. Ezin diote meritu hori ukatu etsairik amorratuenek ere. Gauza bat da, baina, eztabaidaren muina bihurtzea eta beste bat etorkizuna ziurtatuta izatea. Begira, bestela, Ezker Abertzalearen kasua. Gaurko eztabaida politikoaren gidoia berak jarri du. Urteetan bakardade gordinean ere aldarrikatu behar izan du eta egun nagusi da. Ordez, Ezker Abertzale organikoa inoizkorik ahulen dago eta soziologikoa inoiz baino nora eza handienean.

Egoera honetan EAJk badu epe baterako etxeko lana eginda. PPrengandik inor gutxik espero du ezer berririk, gutxiago ezer berri eraldagarririk. Ezker Abertzalearen jardunetik, EArenetik eta PSOErenetik, bakoitza bere mailan, etor daitezke etorkizunerako aldagaiak.

Ezker Abertzaleak konpromiso sakonak hartu ditu, bultzatu egin ditu, estrategia politiko-militarra jasan ezingo luketen proiektuetan, jakinik horrela dela. Hala ikusten dut nik Nazio Garapen Biltzarra, esate baterako. Beraz, argi dago zerbait berri, sakonki berria, espero daitekeela. Gero, egia da, baita ere, "malgutasuna" eta "pragmatismoa" hitzak garrantzi handia hartzen ari direla azken egunetan eledun kualifikatuenen ahoetan eta onartu beharko da hizkera horrek arretaren eragina lortzen dutela, nahiz eta oraindik ez den nabarmen geratzen hitz horiek
Ezker Abertzalearen ageriko diskurtsora inkorporatuta zer esan nahi duten.
Badakigu zer adierazi nahi duten beste alderdi guztien ahotan, onerako zein txarrerako, bakoitzaren kaleidoskopioaren arabera, baina ez Ezker Abertzalearenean. Horrek adierazi nahi ez badu ere Ezker Abertzaleak ez duenik malgutasunerako edo pragmatismorako gaitasunik. Besteen adinakoa edo handiagoa, kasuan kasu.

Baina, esate baterako, hurrengo hauteskundeetan ere ordezkaritzarik gabe geratzeko asmotan ikusten ditut, ilegalizazioaren hesia gainditzeko inolako saio sinesgarririk egin gabe.

Ulertzen ez dudana da Madrilgo Gobernuari ETArekin hitz egiteko gomendatzen dion alderdi batek, EAJk kasu, nola ez duen Ezker Abertzalearekin joan-etorri emankor bat lantzen, jakinik Ibarretxe lehendakariaren egitasmoaren inguruan, gainera, adostasunak lortzeko aukerak egon daitezkeela.

Beste alderdi batera jota, EAren haritik espero dudan aldagairik garrantzitsuena erabaki batean laburbiltzen da. Hautatu egin beharko du, edo EAJren altzoan jarraitu, edo jeltzaleetatik ezkerrera dagoen tarte abertzale zabala Ezker Abertzalearekin batera osatzen egokituko litzaiokeen goi mailako erantzukizunari eutsi. Baionako foroan kide dituen Aralar, AB, Zutik eta Batzarre ez lirateke geratuko esparru horretatik kanpo.

PSOE geratzen zaigu. Moncloan dagoen PSOE inkognita bat da. Oraindik ez da PPren trenbidetik atera eta ez du erakusten ateratzeko asmorik ere, ez behintzat Euskal Herriari dagokionean. Zapaterori ezustekoak eman zion Moncloarako sarrera, baina egun gutxira Espainiako tropak atera egin zituen Iraketik. Zein da Patxi Lopezen eskaintza datozkion hauteskundeei begira, PPren estrategiapean egositako ilegalizazioa, Ezker Abertzalearena?

Nafarroako eta EAEko PSOE, bestalde, estatu guztian zehar nortasun sustrairik gabeenak ikusten ditut dauden gizarteekiko. Begiratu eta erkatu, bestela, PSC-PSOErekin. Madrilgo erabakien sarbide hutsa, horretara mugatzen da euren papera. Ikusi, bestela, Navaleko kasuaren aurrean egokitzen zaien paper tristea.

Estatutu zaharra gainditu beharra eta bertako hiritarren hitza errespetatzearen aldeko esaldiak ere ugari dira, baina konpromisorako politikarik gabe, oraingoz.

Laburbilduta, ildo zaharrei oraindik falta zaie amaitzeko.

Arantxa Iturbe


Dublindarrak nobela irakurtzen hasi naizen egunean piztu dut telebista botatzen dizuten edozer ikusteko sofan esertzen zaren ordutsu horretan. Hasitako film bat. James Joyceren bizitzaz. James Joyceren hasiera mixerableei buruzkoa. Jim ûhala deitzen dio Norakû Dublindarrak saldu ezinik zebilenekoa. Txarra, filma. Bi pentsamendu printza: bat, telebistako programatzaileei bost axola nire irakurketak, beraz, kasualitateak existitzen du ûgauza jakina, bestalde, baina eguneroko detaile txikiekin frogatzen dira teoriarik sakonenakû; bi, eskerrak literatura lan bat irakurtzeko orduan, film bat ikusterakoan, koadro batekin gozatzerakoan, antzezlan batean murgiltzen garenean ez dugun kontuan hartzen egilea nor den eta batez ere, nolakoa den. Eskerrak heldutasunak laguntzen duen egilea eta bere obra bereizten. Bestela akabo gure bizitzan eragina izan duten hainbat eta hainbat ûobra, jakinaû. Ze, telefilme kaxkarrean Jimek Norari ze tratu ematen dion ikusita, Jim zeinen neurotiko-paranoiko-egozentriko-mixerablea den ikusita, Dublindarrak albo batera uzteko tentazioarekin oheratu naiz. Biharamunean beste jarrera batekin esnatuko naizelakoan.

- Ez da egia. Ez da egia egilea eta bere obra bereizten ikasi dugunik. Loak hartu ezinda, ezkerretara begira egilea eta bere obra bereizi ezinak direla sinistu dut. Bata besteari lotuta doazela. Eta badirela egile nazkagarriak, nazkagarriak izateagatik merezi ez duen obra sortu dutenak. Obrak merezi zezakeela ere onartzeko prest, beti ere egilea beste bat balu. Eskuinetara begira, egilea eta obra bereizi beharraz konbentzitu naiz. Obra zoragarriek ez dute egile nazkagarriaren erruz gutxiestea merezi.

Ahozpez hartu nau loak. Beraz, ez dakit ze komeni den. Erabakitzea komeni ote den ere ez.

- Ezin dut apartatu Ramon San Pedroren irudia burutik. Bardemek ez dio tokirik kendu nire garunean. Sentsazioetan ere ez. Arrastoa utzi zidan San Pedrori telebistan egin zioten elkarrizketa luze batek. Arrastoa utzi zidan gizon haren serenitateak. Arrastoa utzi zidan hain logikoa zirudien eskaera batek erantzunik ez izateak. Apenas jarraitu nuen haren heriotzaren inguruko berririk. Nahi zuen eta egin zuen. Bejondeiola. Hizketan ikusten dut oraindik. Hain zentzudun. Eta orain hizketan entzuten ditut beste batzuk. Hain zentzu gutxirekin. Bi pentsamendu printza: bat, telebistan agertzen den guztia ez da hutsala. Ez telebistan agertu hutsagatik, bederen. Bi, bizi zenean telebistan agertu zenean baino zeresan gehiago ematen ari da hil ondoren zineman berpiztu ondoren. Galdera: arteak hausnarketarako ate gehiago zabaltzen dituelako ote? Amenabarren marketing sailekoek abildade aparta dutelako akaso? Edo helburu bakarra kontra aritzea dutenek edozein aitzakia dutelako ona kontra aritzeko?

- Amuak jarri ditu zeluloidean Koldo Almandozek. Era guztietakoak. Badira amu-psikologikoak, amu-sexualak, amu-tentsiodunak, amu-ikarazkoak eta baita amu-amuak ere. Beste bost laburrekin batera eskaini dituzte Amuak Zinemaldian. Kimuak, euskal film laburren bildumaren barruan. Eusko Jaurlaritzak euskal film laburrak munduan zehar paseatu eta erakusteko sortutako plataforma horren barruan. Almandoz bera bada nahikoa amu, aurretik laburretan ze arrantza klase egiteko gai den erakutsi duenagatik. Emanalditik irtendakoan bi pentsamendu printza eta galdera parea: bat, amurik onena jarri diguna, Amuak da bildumako seietan erakargarriena. Bera da filmena eta bera da laburrena. Bi, euskal film laburrek, filmetik eta laburretik izatea nahikoa dute itxuraz, euskal proportzio txiki batekin, Kimuak programaren barruan sartzeko. Galdera parea: Zinegile baten arbasoek euskal zonalde honetan etxebizitza izatea nahikoa proportzio al da zinegileak egiten duena zonalde honetan kokatua izateko? Eta, euskal zinemagintza zer den galdetzen hasi behar ote dugu gizaldi berria ume koxkortzen hasi den honetan?

- Zinemaldiari eskerrak eman beharko genizkioke sarien garrantziaz ematen digun lezioagatik. Sari bat da, gauza bat, lehendik ezeren faltarik ez-eta, guri faborea egiteagatik Donostian bueltaxka bat eman, bapo jan, hotel eroso batean gaua pasa, bizpahiru aldiz eskua jaso, galdera atseginen bat edo beste erantzun, kamara bati edo besteri irribarrerik zabalena eskaini eta hori guztia borondate on edo txarrarekin egiteagatik, bere katxearen araberako soldata kobratu ondoren, maletan etxera bueltan emango duzun zera pisudun bat, egunen batean akaso, paperek mahai gainetik ihes egin ez dezaten balioko dizuna, eta hautsak kentzeko orduan nahikoa lan emango dizuna. Pentsamendu printza: Donostia saria jasotzen dutenek ez dute seguruenik hautsik kendu beharrik izango. Galdera: edo bai?

Jon Alonso


Bere euskarazko lanak gazteleraz edo frantsesaz jarri dituen edozein idazlek -gero eta gehiago, zorionez-, badaki zertaz ari naizen: proba gogorra gertatzen da, denek ezagutzen baitugu, gutxi-asko, sakon eta zuzen agian ez baina bai gertutik, helburu-hizkuntza. "Ezagutu" bakarrik ez; gehienek horietako hizkuntza batean jaso dugu gure prestakuntza literario gehiena.

Adibide sinple eta erraz batez saiatuko naiz. Demagun euskal idazleak, bere testuan, hamaika aldiz idatzi duela "kontua da neska etorri zela" bezalako esaldi arrunt bat. Nola itzuli behar da "kontua da" hori? Demagun itzultzaileak esaldia guztiz kolokiala dela irizten diola, eta "La cosa es que la chica vino" itzultzen duela. Ez dut uste inork bainarik jar dezakeenik. Arazoak gero datoz, testua irakurritakoan; zeren, itzultzaileak "la cosa es que" itzuli badu "kontua da" agertzen den bakoitzean, irakurketa gehienak erdaraz egin dituen idazleari testua eskuetatik eroriko baitzaio luze gabe. Eta orduan hasi beharko du testua nolabait birmoldatzen, zuzentzen. Eta, "la cosa es que" ez ezik, idatzi beharko du, "la cuestión es que", "sucedió que", "la clave", "el asunto"... edo/eta beste hainbat. Adibide erraz bat esan dut. Gauza korapilotsuagoa izaten da, baina bide honetatik doa, ez gutxitan.

Orduan itzultzaileak, batzuetan, asaldatzen dira eta hauxe aurpegiratzen diote idazleari: "aizu, zuk ez duzu euskaraz hori idatzi". Eta partez arrazoia dute. Partez. Zeren idazleok baitakigu gure irakurle hala ere gutxi horientzat oso erosoa dela "kontua da" bezalako formula erraz hori; funtzionala da, ez du trabarik sortzen, irakurketa errazten du. Jakin ere badakigu bestelako formulak ere erabil genitzakeela: "afera da", "gertatu zena izan zen", "kontua da ezen"... edo/eta beste hainbat. Baina, jakina, "afera" erabiliz gero gure irakurle hala ere gutxi horiei ûgiputz edo bizkaitarrak, gehienakû, hitza trabatuko zaie, arrotz sentituko dute; "gertatu zena izan zen" motako bat erabiliz gero laster akusatuko gaitu norbaitek kalkoak erabiltzeaz eta erdararen morroi izateaz; "ezen" bezalako partikula inofentsibo bat sartuz gero, pedanteak izateaz... eta abar.

Gure erdarazko itzulpenak, askotan, jatorrizko testuaren gainetik daudela esan liteke, beharbada; baina gure euskal irakurleak ûgutxi, alabainaû agian konturatzen ez badira ere, askoz ere irakurle konpetenteagoak dira erdaraz, haiek ere, euskaraz baino. Euskal irakurle arruntak ûeta urriakû aise onar dezake ûbaita esan ere!û "sentía un dolor en el espacio intercostal que interesaba el aparato gástrico" bat, esaterako; baina saiatu, saiatu hori bera euskaraz idazten, eta liburua aurpegira botako dizu.

Gauzak honela, euskal idazleak lau bide hauetako bat hartzen du bere lan bat erdarara pasatu behar duenean: a) erdal itzulpenaz ez arduratzea, gaztelania edo frantsesa ez baleki bezala, itzultzailearen esku utzirik erantzukizun guztia; b) testua berrirakurri, orraztu eta zuzentzea, erdararen maila literarioa kontuan harturik baina beren obra, funtsean, errespetatuz; c) liburua berridaztea, esaldiak, paragrafoak eta are kapituluak kenduz edo gaineratuz; d) zuzenean erdaraz idazten hastea.

Nire iritzirako, a) sailekoen itzulpenak gehienetan penagarri geratzen dira pareko erdarazko jatorrizko batekin alderatuz gero ûeta ez, edo ez beti, itzultzailearen erruzû; b) sailekoenek buruko eta sabeleko min dezente ematen diete bai itzultzaileari baita egileari ere; c) bidetik doazenenak ûalegia, liburua bi aldiz idazten dutenenakû ez dira itzulpenak, bertsioak baizik, ez dute itzulpen izenik merezi eta are debekatuta egon beharko luke itzulpentzat pasatu nahi izatea ere; d) bidetik abiatzen direnek men egiten dute hizkuntza nagusiaren aurrean.

Kolore guztietako adibideak daude. Interesgarria litzateke horri buruzko eztabaidarik edukitzea. Eztabaidak luze jo lezake; izan ere, egia da Greenwich ez dela meridiano bakarra, baina egia da, baita ere, gu bete-betean harrapatzen gaituena dela.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan