Jakoba Errekondo
Udarak bere amaiera piztua du. Hilabetetan metatutako berdea piztu eta lehertu da: kolore-festa uztaren mihisean margotua ageri da, fruitu eta hazietan, mardul; baita ikusi nahi ez duenarentzat ere. Zeruko liluraren ilusio optikoa eskuera, benetako ortzadarra. Eguzkiaren koloreen ordena zorrotza hotza, naturak bere berezko anabasan barreiatuz hankaz gora jarri eta gu berotzen eta berotu ahala erotzen gaitu. Geure munduan urtean bitan urtu eta paisaian sakabanatzen da ortzadar ukiezina: orain uztan eta neguaren adioan.
Neguak bere onenak eman eta bere zigorraren zemaia hutsaren hurrengoa dela jabetzen direnean landareak lilietan lehertuko dira. Erotu eta berotuko gara orduan ere. Eromena beti apeta; gogoko, dotore, zaporetsu eta atsegina egin dezakegu eta gozatu... Eskua zabaldu eta hortxe izango duzu ortzadarra, ekar itzazu liliak zeurera.
Oraintxe da hurrengo ortzadar hari habia emango dieten landareak aldatzeko garaia, lurrean bertan bezala lorontzietan. Basabitxiloreak, bitxiloreak, pentsamentuak, bioletak, San Jose loreak... dira ohikoenak. Kolore-festa hura anabasa zoroa bihurtu nahi baduzu landare hauen azpian kolore bizietako loreak garatuko dituzten erraboilak sartu: idi-bihotz edo tulipan deigarria, hiazinto mozkortzailea, nartziso berekoia, azafrai jende bihurria, garatzearen poderioz loretzarra hur-hurren jarriko dizun baratzuria, Muscari ubela, eguerdilili pertxenta, Chionodoxa elurretako loria, eszila fina... Erraboila hauek loretan dauden bioleta eta abarren artean hosto finak luzatu eta gero lore are deigarriagoak zabalduko dituzte, haien gainean. Kolore mahuka! Ortzadarraren zoramena zeure! Aurrea hartu eta gozamena antolatzeko garaia da.
Jabier Agirre
Ipar Carolinako Wake Forest unibertsitateko ikerlariek egin duten ikerketa baten arabera ûbertako Dermatologia Elkartearen egunkarian argitaratuaû, eguzkia hartzeak adikzio fisikoa eragin dezake. Zientzialari amerikarrek uste dute eguzkiaren izpi ultramoreek odolean substantzia kimikoak askatzen dituztela, eta gai horiek aldartea "bizitu" eta ongizate-sentsazioa ematen diotela pertsonari. Txostengileen arabera, eguzki-izpiek ematen duten ongizateak azalduko luke zergatik pertsona askok larruazaleko minbiziaren arriskuari muzin egin eta behar baino denbora gehiago ematen duten eguzkipean.
Ikerketak 16-34 urte bitarteko 140 pertsona aztertu zituen, astean bitan eguzkia hartzeko ohitura zutenak. Boluntario bakoitzak 15 minutuz eguzki izpi ultramoreak hartzen zituen aurrena, eta ondoren, izpi ultramorerik gabeko eguzki-oheetan beste 15 minutuko saioa egiten zuen. Zientzialariek ez zieten esaten boluntarioei zein ohetan hartzen zituzten izpi ultramoreak. Eta egun batzuen ondotik, erabili nahi zituzten eguzki-oheak beraiek aukeratzeko eskatu zieten boluntarioei: % 94ek izpi ultramoreak igortzen zituzten oheak aukeratu zituzten, "haietan hobeto sentitzen zirelako, eta erlaxatzen laguntzen zietelako".
Ikertzaileek sumatu zuten beltzarantzearekin batera, gorputzak endorfinak askatzen dituela odol-korrontean. Endorfina horiek berak dira ariketa fisiko gogorreko saio baten ondotik izaten den ongizate-sentsazioa eragiten duten substantziak. Eguzkia sarri hartzen duten pertsonek, beraz, endorfinek eragindako gogobetetasun-sentimendu horrekiko adikzioa edo mendetasuna garatzea bide horretatik ulertu behar da.
Joxerra Aizpurua
Zikloiak kontrolatu nahian
Meteorologi aurreikuspenak egitea eta jendea lekuz higitzea dira orain arte zikloien aurka erabiltzen diren tresnarik eraginkorrenak. Zikloiak urtero errepikatzen dira eta gainera ondorioak oso larriak dira gehienetan. Horregatik, urtero hainbat ideia plazaratzen dira zikloien eragina txikitzeko. Hona hemen deigarrien egin zaizkigunetatik batzuk: Itsas ertzean haizagailu erraldoiak jartzea, zikloiak itsasorantz desbideratzeko; edo itsasora zikloiaren indarra ahulduko duen substantzia berezi bat botatzea; edo zikloia xurgatzea, hauts xurgatzaile bat erabiliz... Baina ideia guztiak ez dira txiste tankerakoak izan. 1960tik 1983ra arte AEBek Stormfury izeneko proiektua finantzatu zuten zikloien ibilbidea oztopatzeko. Ideiaren oinarria hauxe zen: zilar ioduroak ura likidotzen duenez, abioietatik zikloien begira zilar ioduroa botatzea, laino-murruak sortzeko eta honela zikloiaren ibilbidea oztopatzeko.
Lau zikloitan egin zuten proba, Esther (1961), Beulah (1963), Debbie (1969) eta Ginger (1971) izenekoetan, eta hasieran arrakasta izan zuela pentsatu bazuten ere, gero konturatu ziren laino-murruak naturalki sortzen direla intentsitate handiko zikloietan.
Hau dela eta 1983. urtean Stormfury proiektua bertan behera utzi zuten eta une honetan zikloien fisika ulertzea da ikerlarien helburu nagusia, inoiz hori ongi ulertzen badute soluziobideak ere hurbilago egon baitaitezke.
Ikasi genuen izakien sailkapena zalantzan
Carl von Linné suediarrak finkatu zituen XVIII. mendean gaurko taxonomiaren oinarriak eta egun izaki guztiak Linné sailkapenaren arabera antolatzen dira. Baina hainbat ikerlarik zalantzan jarri du hori ote den sailkatzeko biderik egokiena eta PhyloCode izeneko sistema libreagoa proposatu berri dute. Linnéren sailkapenaren arabera izaki bakoitza generoarekin (homo) eta espeziearekin (sapiens) sailkatzen da hierarkia batean. Hierarkia honen goialdean familia (hominidoak), ordena (primateak), klasea (ugaztunak) eta goi-muturrean phyluma (bizkar-kordadunak) daude. Sistema hau morfologia aztertzean datza, ez genetika. PhyloCoderen bultzatzaileen arabera Linnéren sistemak denbora asko galduarazten du espezie berriak sailkatzeko, beraz, sistema errazagoa proposatzen dute. Espezie-izena baino ez litzateke beharko eta taxonomistak askatasuna izango luke hierarkiaren elementuak izendatzeko. Dena den, taxonomista askok errefusatu du proposamen hau. Biodibertsitatearen defendatzaileek ahalik eta espezie eta barietate gehien katalogatu nahi dituztenez, edozein aldaketa inbentariatzeko prozesua atzeratuko lukeelakoan daude eta gauzak dauden bezala lagatzea eskatzen dute. Zientzialarien eztabaidak luze joko duenez, ez da espero bi mende iraun duen izendatze-sistema urte gutxitan aldatzea.