Ismael Manterola
Arte Plastikoen alorrean lan egiten dudanez eta 3 hilabetetik behin aldizkari honetan idaztea egokitzen zaidanez, gurean dagoen arte gertaera nagusienari buruz idaztera behartuta nagoela iruditzen zait.
Donostian erakusgai dagoen Europako Arte Garaikideko Manifesta 5. biurtekoak Gipuzkoako hiriburua eta Pasaia erakusketez bete du. Uda baino lehen oso jende gutxik zekien zer zen Manifesta eta uste dut, Euskal Herriko biztanle gehienek berdin-berdin jarraitzen dutela. Zaila da azaltzea Manifesta zer den eta antolatzaileek ahalegin gutxi egin dute bere burua jendearen aurrean azaltzeko. Behin baino gehiagotan beste tokitan idatzi badut ere, errepikatu egingo dut: hiriko agintariek Manifesta Donostiako proiektu kultural zehatza bultzatzeko erabili nahi dute. Susmoa besterik ez da, baina ez naiz politikoez fio eta susmagarri diren gauza asko daude Manifesta izeneko ekimenaren atzean. Adibidez, arduradunaren aukeraketa, aurreko lau ekitalditan esparru publikoan lan egin duen norbait izan da eta aurtengoan galeria pribatu baten zuzendaria izan da. Bestetik zabaldu arte izan den informazio falta eta zabaltze ekitaldiaren, beste zerbait ez esateagatik, berezitasuna. Gainera zabaldu eta egun gutxira Donostiako alkateak Tabacalera eraikuntzaren bisita gidatua egin zuen Gipuzkoako egunkari salduenean. Kasualitatea?
Donostiako agintariak eta gero Gipuzkoako eta Euskal Herriko administrazioak aspalditik ari dira Donostiak arte zentro handi baten beharra duela aipatzen. Ez dakite zergatik eta zertarako, ez dakite oso garbi zer, baina azpiegitura handiaren beharrak txandakatu behar dira hiriaren izena zabaltzeko eta, ziur asko, batzuen patrikak gizentzeko. Kursaalen oihartzuna isiltzen ari den heinean beste zerbaiten beharra du Kontxako hiriak, eta "kulturarekin" duen "ohiko" lotura ez galtzeko arte edo gaur egun gehiago saltzen duen "irudiaren kulturarekin" harremana duen zerbait bultzatu behar da. Nik uste dut azkenean hala dela, "irudiaren kulturan" bizi gara eta kanpoko itxurak barne hutsak ezkutatzen dituela, Tabacalerarekin gertatzen den bezala.
Baina Manifestarekin jarraitu nahi dut, beste behin ere Tabacalerari buruz idatzi nuelako iritzi sail honetan. Atzean dituen asmoak alde batera lagata, erakusketa ugari ikus ditzakegu Manifesta izeneko nahaste-borraste horretan. S. Telmo Museoan, Koldo Mitxelenan, Kursaalen, Pasaiako Ziriza etxean eta interbentzio zehatz batzuek Pasaiako Ondartxo ontziola zaharrean, Trintxerpe eta Herrera arteko topoko pasagunean eta Donostiako Aquarium azpian.
Erakusketa dotoreak eta txukunak direla idatzi dut Berriako kritiketan eta hala dela iruditzen zait, ondo antolatuta eta muntaia lan ona egin dute. Baina beste zerbait ere esan dut, edukiei buruz, hutsak iruditu baitzaizkit. Ez dut esango ez dagoela ezer interesgarririk eta ez dut esango, Hasier Etxeberriak abuztuaren hasieran aldizkari honetan idatzi zuen bezala, ez zaidala ezer gustatu, edertasunaren aldetik ezerk ez didala inpresiorik egin alegia, baina Hasierrekin nago zahartzen ari naizela eta gero eta exijentzi maila altuagoa dudala, horregatik arteak bete behar duen zereginetako bat interesa piztea dela iruditzen zait eta ez dut sentsazio hori piztu didan gauza handirik topatu.
Nik ez nuke esango lanak zatarrak direnik edo plazer mistiko baten iturri izan behar direnik, horren errudun merkatua eginda, ezta gaur egun intelektualizazio gehiegizkoa dagoenik ere, azkenean Pizkundeak artea esku lanetatik "askatu" zuenetik eta buru ariketa ere bazela erabaki zuenetik, artearen bide logikoa izan da intelektualizazioa. Hala ere, ados nago Hasierrekin aukeraketa arduradunak ûcurator edo komisario deituû aireportuetan bizi direnaren ustearekin eta horregatik zaila dute tokian tokiko egoera aztertzea eta ezagutzea ûbatez ere ingurukoei galdetzen ez badieû. Nik ez dakit zein den Ukrainako artearen egoera, baina Euskal Herrikoa eta Espainiakoa ezagutzen dut eta iruditzen zait Gioni eta Kuzma ez direla bulegotik gehiegi mugitu. Ez daukat ezer Manifestan dauden euskal artisten aurka, alderantziz, beste tokitakoen maila dute eta gainera asko interesatzen zaizkit, batez ere Asier Mendizabal eta Iñaki Garmendia, Europako artista gazteen pare edozein biurteko edo Manifestan parte hartzeko gai ikusten ditut. Zalantzan jarri nahi dudana arduradunen lana da. Artisten aukeraketak tailerren bisitak, elkarrizketak eta asko mugitzea eskatzen du eta ez dakit horrelakorik egin duten. Hala ere, beraien Manifesta da eta emaitzari begiratu beharko diogu balantzea egiteko.
Juan Mari Arregi
Euskal Herrian gertatutako errekonbertsio industrialek, batik bat ontzigintzako eta siderurgiako sektoreetakoek, bi gauza erakusten dituzte bereziki. Lehenik eta behin, euskaldunok ez dugula subiranotasun politikorik ûondorioz, subiranotasun ekonomikorik ere ezû, eta gure sektore estrategikoei buruzko erabakiak Bruselatik ezartzen dizkigutela, Madrildik edo Paristik barrena. Bigarrenik, aipatu errekonbertsioek hamar milaka lanpostu zuzenen eta zeharkakoen galera ekarri dutela azkeneko hamarkadetan. Oraingoan, alde batera utziko dugu lehenbiziko alderdi hori, beste analisi batzuetan komentatu izan dugunez gero, eta bigarrenean zentratuko gara. Egungo egunean, berriro ere, eta Zapateroren Bilboko promesak promes, ontzigintzako sektoreko beste errekonbertsio baten atarian gaude, eta gerta dakiguke beste milaka lanpostu zuzen galtzea. Zuzenean erasandako pertsonen egoera, dena dela, pribilegiozkoa izan da eta izango, baldin errekonbertsioak edo itxierak zeharka hartzen dituen pertsonen egoerarekin konparatzen badugu, hau da, plantillako pertsonak enpresa lagungarrietako langileekin edo beren enpresa edo negozio txikiak ixtera behartuekin alderatzen baditugu.
Ildo horretan, ontzigintzako eta siderurgiako errekonbertsioak edo enpresa publikoetakoak ûhala nola, BWkoaû nozitu dituzten pertsonak ez dira gelditu bi urteko langabezian eta gero gerokoak itxaroten. Ez. Alde batetik, indemnizazioa jaso dute, eta, bestetik, harik eta behin betiko erretiratu bitartean, bermatu egin zaie ohiko diru-sarrera gehiena kobratzea. Adibide bat jartze arren, hel diezaiogun BW kasuari, orain artekoetan azkenekoari. Aldez aurretik erretiratzen direnek û250 baino gehiagoû oinarri arautzailearen %76ko errenta garantizatua jasoko dute, zeinetan soldata finkoa, soldata bariablea eta soldataren osagarriak sartzen baitira, urteko maximoa 32.137 eurotan ezarria dela. Aipatu errenta urtero berrituko zaie urte bakoitzeko KPI benetakoarekin, 2004. urtean hasita behin betiko erretiroko adinera heldu bitartean. Errekonbertsioaren barruko langileek, bestalde, 74.000 eta 92.000 euro bitarteko zenbatekoak kobratuko dituzte indemnizazio gisa. Kontuak horrela, Sestaoko Naval ontziolaren errekonbertsioak edo itxierak ere antzeko egoera ekar dezake zuzenean hartzen dituen pertsonentzat. Ondorioz, nahiz eta tartean mobilizazio asko eta erradikalak egin, oso zaila da era horretako errekonbertsioen barruko langileek amu tentagarri horri ez men egitea. Eta, jakina, horren jakitun dira administrazioko, enpresetako eta sindikatuetako arduradunak, zeinen kezka nagusia, jeneralean, ez baita ontziolaren edo enpresaren itxiera edo neurriratzea ûhori jana izaten duteû, baizik eta trukean prestazio ekonomiko eta sozial onenak lortzea.
Beraz, nor kaltetzen dute benetan era horretako errekonbertsioek? BW edo Navala errekonbertitzearen edo ixtearen ondorioz, bistan da, badira plantillako 2.000 eta piku pertsonak baino kalte handiagoa jasaten dutenak, nahiz eta multzo horrek ere berea nozitu. Kaltetuenak, ezbairik gabe, beste bost mila lagun dira, zeharka Sestaoko Naval ontziolatik bizi direnak, ontziolarentzat lan egiten dutelako. Enpresa lagungarrien arloko pertsonak dira. Lagun-multzo horrek ez dauka Navaleko edo BWko plantillakoek jasotzen dituzten aldez aurreko erretiroak eta indemnizazioak izateko eskubiderik. Kasurik onenean, eta betiere nahikoa kotizatu badute, langabeziko bi urte egokituko zaizkie eskubidez. Eta kito. Ez indemnizaziorik, ez aldez aurreko erretirorik. Bidegabea bezain erreala.
Administrazioek, hortaz, kontuan hartu beharko lituzkete horrelako egoerak, hain injustizia eta ezberdintasun erradikala, neurri batean bederen, arintzen saiatzeko. Pertsona batzuek eta besteek ûenpresa publikoetakoek eta pribatuetakoek, handietakoek nahiz txikietakoekû berdin kotizatu dute. Jakin, badakigu, enpresa handietako plantillek mobilizatzeko ahalmen itzela dutela... Besteak beste, arrazoi horregatik izaten da nahiago haiek dirutan pribilegiatzea egunero kalean ikustea baino. Zer gertatuko litzateke enpresa txikietako langileek, mobilizatzeko ahalmen gutxiago duten horiek, sozialki lehergarriak diren jokamoldeak hartuko balituzte? Administrazioek ondo hausnartu beharko lukete puntu hori. Erakunde horiek diote ez dutela onartzen biolentziarik eta presiorik, baina presio baten agindura jokatzen dute. Hain zuzen ere, herrialde... bateko bizimodu soziala eta politikoa geldiarazteko gai diren plantilla handien presioari egiten diote men, eta konparaziozko bidegabekeria egiten dute errekonbertsioen barruko gainerako langile horiekin. Modu horretan, ez ote dira ari enpresa txikietako plantillak biolentzia eta presio handiagoa baliatzera bultzatzen?
Gogoeta horren bidez, ez gara ari planteatzen lanpostu zuzenen galera behar bezala eta dirutan ez konpentsatzea. Bakar-bakarrik, beste era bateko formulak defendatzen ditugu, bide eman dezaketenak pertsona kaltetuenek ere, nola baitira enpresa lagungarri txikietakoak, orain baino tratamendu egokiago eta duinago bat izateko. Berdin kotizatuta, ez da bidezkoa pertsona batzuek aldez aurretik erretiratuta edo langabezian bost urtez edo are hamabost urtez egoteko modua izatea eta horrez gainera indemnizazio on bat eskuratzea eta beste batzuk, gehien jota, bi urteko langabeziarekin bakarrik geratzea.