ETAren aurkako polizi talde bateratuak ofizialak dira dagoeneko
Frantziak eta Espainiak terrorismo islamiarraren aurkako polizi ikerketarako lan talde bateratuak eratu dituztela eta, Espainian batez ere jatorri islamiarreko talde armatuen aurka aritzeko direla zabaldu da. Frantziako komunikabideetan, ordea, argi geratu da taldeok ETAren aurka ere jardungo dutela. Aspaldi ari dira elkarlanean Espainia eta Frantziako poliziak, baina oraingoan lan hori guztiz ofizialdua geratu da.
Caballitoko langileak 11 hilabete greban
Datorren irailaren 30ean Pferd-Ruggeberg-Caballitoko langileek 11 hilabete beteko dituzte greban. Joan den astera arte mobilizazioetan eten bat egina zuten, enpresako zuzendaritzari beren negoziazio borondatea erakusteko eta bitartekaritzaren bat abian jartzeko borondatearekin, baina enpresak ez du onartu halakorik. Hitzarmen kolektiboaren negoziaketak piztu zuen greba eta harrezkero 115 langilek greban jarraitzen dute eta 76 lanean dira; beste 30 lan hitzarmen horretatik kanpo dira. Grebalarien ustez, adar jotzearekin erantzun die enpresako zuzendaritzak eta mobilizazioak iragarri dituzte.
EAJrekiko koaliziorako ateak ireki ditu EAk
Elkartasun Egunean iragarri zuen EAk maiatzeko EAEko hauteskunde autonomikoetara EAJrekin koalizioan joateko aukera zabalik zegoela. Orain iragarri eta datozen hilabeteetan, ohiko tira-biren ondoren, koalizioa nola gauzatzen den ikusiko da.
Euskaldunarena saihesteko ahaleginak
Sestaoko ontzioletako langileek berriz utzi dituzte irudi eta emaitza gogorrak hilabete gutxi arte ontziek protagonismo nagusia izan ohi duten lan eremuan. Aste hau eta etorriko diren ondorengoak ez dira errazagoak izango, areago Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko lehendakariaren agindu hutsalak noraino helduko diren antzeman ondoren: 1982an bere alderdikideek sortu behar zituzten 800.000 lanpostu haiek bezain urrun seguruenik. Hauteskunde usain agerikoa utzi zuen aginduak, baina Ibaizabalen Ibar Ezkerrean behintzat, jokaldia bere aurkako gezi zorrotza bilaka dakioke. Bitartean, ontzioletako langileak beren lan etorkizun beltzarekiko arreta erakarri nahian dabiltza, eta lortu ere lortu dute, langile asko direlako, zalantzarik gabe, erabilitako bitartekoengatik eta Euskaldunako langileen borroka egunak oso gogoan dituelako 35 urtetik gorako edozein euskal herritarrek.
Posta Zerbitzuari isuna Katalunian
Uztailean jakin zuen Espainiako Sociedad Estatal de Correos y Telégrafos S. A. enpresak Kataluniako Gobernuak 30.000 euroko isuna jarri ziola. Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailak 70 salaketa jaso zituen Kataluniako 800 bulegoetatik 20tan egindako hizkuntz eskubideen urraketaren ondoren. Katalanaren Legea 1998an jarri zen abian eta orduz geroztik Gobernuak hizkuntz eskubideak urratzeagatik jarritako isunik handiena da. Bederatzi enpresari jarri die isuna, guztira 43.216 eurokoa, Correos-ena barne.
IKAk 15 urte
Aurten bete ditu hamabost urte Nafarroako eta Arabako IKA euskaltegi sareak, 1989an sortu baitzen euskalduntze alfabetatzearen egitasmoarekin. Urtemugari lotuta, datorren urtarrilean erakusketa antolatuko dute euskaltegi sarearen hamabost urteko ibilbidea azaltzeko. Dagoeneko ikasturte berrirako dena prest dute urrian hasiko baitira eskolak ematen. Bestalde, IKAk web gune berria jarri du abian Interneten (www.ikanet.net) .
Seaska Parisa begira
Bordeleko errektorearekin bildu dira Seaskako arduradunak, baina ez dira oso kontent atera bilkuratik. Seaskarako baliabide gehiago eskuratzea Frantziako hezkuntza nazionalaren dimentsioan kokatu behar dela erantzun die eta eskualde guztien artean bermatu behar dela berdintasuna. Beraz, zeharo itxita ez dagoen ate bakarra Hezkuntza Ministerioarena da. Erronka horri heldu beharko dio Seaskak izendatu berri duen lehendakari berriak, Ixabel Xarritonek. Lan arrazoiak direla medio Filgi Claveriek kargua utzi du.
Xabier Letona
40 urte baino gehiago ari zara politikaren lehen lerroetan. Jubilazioaren garaia da orain?
Ez, utzi dudana egituretan neukan ardura da. Alderdian lanean jarraitzen dut, bai aholkularitza kontuetan eta baita Nafarroa Bai-n (NB) aritzearen enkarguarekin.
NBBko lehendakari jarraitzeko aukera izan bazenu, jarraituko zenukeen?
Ez, ni izan nintzen NBBko lehendakaritzarako hautagaia proposatu nuena eta argi nuen ez nuela jarraituko, adinagatik eta jadanik hiru agintalditan egon naizelako karguan eta estatutuen aldetik ere ez zelako zuzena.
Zu Joseba Egibarren alde lerrokatu zara eta Nafarroan galtzaile atera zarete. Horrenbeste urte Nafarroako EAJ gidatzen eta gero hori ateratzea... galtzaile sentimendurik ba al duzu?
Ez, inondik ere ez. Gure pentsamoldea hor dago, EAJk duen lerro politikoan. Batetik Ibarretxe Plana, eta hori, agidanez, bizi-bizi dago. Bestetik, guk ezker abertzalearekiko hurbiltzea eta elkarrizketa defenditzen genuen. Nik argi dut ezker abertzalearekin akordioak gauzatu behar ditugula, jakin arren oztopo eta arazo ugari ditugula tartean; Lizarra-Garazin sinesten dut bete-betean. Beraz, tesi horiek ez dira baztertu, 2000ko ponentzia politikoa bizirik dago. Bazegoen bide hori baztertzea, azken lau urteetan gauza asko gertatu dira eta, baina ez, 2004an Arzalluzek idatzitako ponentzia hor dago. Beste kontu bat da alderdian erritmo desberdinak egon omen daitezkeela eta halakoak. Ikusiko dugu.
EAJren baitan azken hilabeteetan zabaldutako zauriez asko hitz egin da. Zuk nola bizi izan duzu?
Ez dago esaten den beste zauri. Ez nuke zauriez hitz egingo, gehiago hitz egingo nuke utzitako erreminaz. Jakina, ardura karguetara heltzen zarenean, zure konfiantzako pertsonez inguratzen zara, hori normala da, nik ere berdin egin nuen NBBko lehendakaritzara iritsi nintzenean.
Zurekin ARGIAn egindako azken elkarrizketa 2001ekoa da. Hala dio tituluak: "EAJk, EAk, Aralarrek eta Batzarrek koalizioa egin beharko lukete".
Bada, dagoeneko egina dago. Ni pozarren. Sarri esaten da politika gauzagarria den hori gauzatzearen artea dela eta niri politikaren nahiko ikusmolde atzerakoia iruditzen zait. Gehiago iruditzen zait hor nonbait irakurri izan dudan hau: beharrezkoa dena posible egitearen artea da.
Nafarroa Bai-ren erronka nagusia hiru urtera izango diren foru hauteskundeei begira dago. Aipatuko al zenizkidake hori gauzatzeko hiruzpalau klabe?
Guretzat horren azpian dagoen filosofia da garrantzitsuena. EAJn oso aspaldi esaten genuen Nafarroan abertzaleek lan egiteko beste era bat topatu behar zutela eta azkenean lortu da.
Alderdi nahiko desberdinak zaudete NBn. Oraindik hiru urtez iraun eta foru hauteskundeetara indarrez heltzeko izan daiteke hori oztopo?
Hor beti ateratzen da eskuina eta ezkerraren kontua. Zer da ezkerrekoa izatea eta zer eskuinekoa? Nik banaketa halako moldeetan egin baino, gobernu erantzukizunak dituztenen eta ez dituztenen arteko banaketa egingo nuke. Gobernuan ez zaudenean beste era batera hitz egin dezakezu.
Aralar eta Batzarre dira beren ezkertiartasunarena desberdintasun ezaugarri gisa gehien azpimarratzen dutenak.
Bai, eta normala da egitea, baina ez dutelako gobernu erantzukizunik. Behin Ezker Batukoren bat EAJri eskuineko alderdi izatea leporatzen ari zitzaion eta Ibarretxek zera erantzun zion: «Aizue, esadazue gobernu erantzukizunak dituzuen tokietan zuen ustez egindako gauzarik aurrerakoiena zein den, Eusko Jaurlaritzan gauza bera egiteko prest gaude eta». IUren erantzunaren zain gaude oraindik.
Adibide bat: Europako Konstituzioaren erreferenduma dela eta, Aralarrek eta Batzarrek ezezkoa eskatuko dute, eta, oraindik erabaki gabe badago ere, EAk eta EAJk abstentzioa seguruenik.
Baina, haien ezetza eta gure abstentzio kritikoaren artean ez dago halako desberdintasunik eta, beraz, ez da elkarlanean aritzeko oztoporik. Bestelakoa litzateke, batzuk ezezkoaren alde eta besteak baiezkoaren alde arituko balira. Azken finean, desberdintasuna azpimarratuz ez goaz inora, eta gainera, ez dago elkarlanean aritzea oztopatzen digun sakoneko desberdintasunik.
Lau alderdi dauden lekuan, lidergo kontuak ere hor dira. Lidergoa eraman nahian Aralar eta EAren ahaleginak ere sumatzen dira eta azken hilabeteetan lehia gogorra izan da bien artean.
Bai, biek nahi dute NBren lidergoa, eta normala da gainera, beraien nagusitasuna NBn eztabaidaezina baita. Horrek sortu izan ditu arazoak, baina arazo horiek dagokien mailan jarri behar dira. Konpontzen ari den arazo bat da, eta azken Europako hauteskundeak lagungarri izan ziren: EAk eutsi egin zion bereari eta Aralarrek ez zituen lortu esperotako emaitzak eta, beraz, pixka bat apaldu behar izan du. Horrez gain, NBn ere independenteen multzoa oso garrantzitsua da eta izan diren arazoetan baretze lan garrantzitsua egin dute.
Batasuna koalizioan ez egotea izan al daiteke oztopo NBren indartzean?
Niri gustatuko litzaidake Batasuna gurekin egotea, baina biolentzia politikoaren arazoa hor dago eta hori gainditzen ez den artean ez dut ikusten elkarlanerako tarterik, nahiz eta batzuek horretarako gogo handia dugun. Zanga handi bat dugu tartean, eta elkarrengana joan ahal izateko batzuk zangara lurra botatzen aritzen bagara eta besteak lurra ateratzen, bada, ez dago zanga lurrez betetzerik.
Ez al da posible zanga hori alde bietatik betetzen hastea, horretarako ETAk su-etenik ezinbestean eman gabe?
Hitz egin nahi dena hitz egin liteke, baina akordioetara heltzeko zangak desagertu egin behar du. Alde bakoitzak badaki zer egin behar duen. Ni prest nago egin behar dena egiteko.
Lehen aipatutako 2001eko elkarrizketaren beste pasarte batean erratu egin zinen, legealdi honetan herri kontsulta bat izango zela aipatzen zenuen segurtasunez. Oraingoan behintzat ez da egongo.
Eta zergatik ez da egongo? Nik uste dut baietz.
Datorren maiatza aurretik?
Agian bai.
Ez da egongo.
Ez nuke ezezko borobilik emango, baina bistan da, zailtasun asko daude.
Kontsulta hori egiten bada, posible ote litzateke Euskal Herri osoan egitea, edo gutxienez Hego Euskal Herrian, nahiz eta Iparraldean eta Nafarroan zentzu sinbolikoa lukeen?
Kontsultaz ari naizenean ni EAEri buruz ari naiz. Ez dut uste alor horretan Nafarroan eta Iparraldean ezer seriorik egin daitekeenik, ez da errealista. Gustatuko litzaidake Euskal Herri osoan egin ahal izatea, baina ezin da. Beraz, aurrera egin dezakeenak egin dezala. Nik argi dut, Santa Klara uharteko independentzia lortuko bagenu, bada aurrera horrekin, gero gainerakoak erakartzeko.
Orain EAJk indar guztiak norabide berean jarri beharko ditu. ARGIAn, uztailean egindako elkarrizketan Arzalluzek zioen EAJn bazirela Ibarretxe Planaren aurkako sektoreak.
Bai, posible da, baina esandakoa ñabartu egingo nuke eta baieztapena orokortu. Hau da, batzuen ustez Ibarretxe Planak arazoak eta zailtasunak ekarriko ditu. Ez zaie arrazoirik falta, batez ere ikusita Gobernu zentrala erabiltzen ari den mehatxu politika. Beraz, horren aurrean ez nau harritzen batzuk beldurtzea. Bere garaian Gobernu britainiarrak argi adierazi zuen Ipar Irlandan ez zuela interesik eta bertako populazioak erabaki behar zuela bere etorkizuna. Hemen ere Espainiako Gobernuak halakorik egingo balu, Ibarretxe Planak, edo independentziak berak ere, botoen %51 baino, botoen %60 edo %70 lortuko lukeela ziur naiz. Guk lortu behar dugu populazioak ez sinestea Espainiako Gobernuaren ahoberokeriak.
Espainiako Gobernua ahoberokeriatan ez dela aritzen ikusteko adibide asko dago historian zehar, eta gaur egun ere bai.
Egia da. Ahoberokeriatan, Europatik aterako garela eta halakoekin ibiltzen da. Gaur egun ez luke armadarik eta halakorik aterako, hori oso zatarra delako, baina beste bide batzuk ditu. Jende asko beldurtzen da horrekin.
Hiru hilabete barru Eusko Legebiltzarrean bozkatuko da Ibarretxe Plana. Zuen alderdian ere kinielak daude Sozialista Abertzaleen (SA) taldeak egingo duenaz. Zer egingo du zure ustez?
Baiezkoa eman behar dio, derrigorrez, eta Plana onartu egingo da, herri honetan sinesten dugunok, gure artean desberdintasun handiak izan arren, sinesten ez dutenak baino gehiago garelako.
Ez dakit nola egingo den bozketa, baina posible da SAren abstentzioarekin proposamenaren hitzaurrea aurrera ateratzea eta Estatutuaren erreformaren zati osoari ezezkoa ematea.
SAk denari baiezkoa emango diola uste dut.
Nafarroari zer ekarri diezaioke Ibarretxe Planaren onarpenak?
Egunerokoan ez du gauza handirik ekarriko, baina herri ikuspegitik eragina izango du, UPNk nahi ala ez.
Venezuelan zazpi bat urte pasatu zenituen, bi egonalditan. Nola ikusten duzu hango egoera.
AD, COPEI eta gisakoen politikak ezagutu ditut, eta sufritu ere bai; beraz, Hugo Chavezenak porrot egiten badu, herrialde horrentzat hondamendia izango da. Chavezen garaipena, hori da gaur egun Venezuelak duen esperantza bakarra.
Zure alderdikide Iñaki Anasagastik guztiz kontrako iritzia du.
Bai, guztiz desberdina da. Zera galdetuko nioke Anasagastiri: "Beraz, Carlos Andres Perez, ezta?". Azken hau edo bera moduko bat, edo Chavez, egungo Venezuelan ez dago beste alternatibarik».
Daniel Udalaitz
Azken urte hauetan, modan jarri dira enpresa eta instituzio publiko zein pribatuen auditoretzak, enpresa auditatzaile franko sortu baitituzte. Asko eta asko nazioartekoak dira. Zer da auditoretza bat? Enpresa baten edo beste edozein entitate publiko edo pribaturen egiaztapen bat da, ofizialki aitortutako kontabilitateko aditu batek edo auditoreen merkatuan kaudimena duen enpresa batek egiten duena. Zein helbururekin egiten da? Kontua da iritzi profesional bat eratzea, ebazteko ea diru-kontuek taxuz adierazten duten ondarearen, egoera finantzarioaren eta entitateak urte ekonomiko jakin batean lorturiko emaitzen irudi fidela. Auditorearen iritzi profesionala positiboa edo garbia izan daiteke, erabat konforme agertzen bada kontuen edukiarekin. "Erresalbu" batzuk ere adieraz ditzake, baldin oro har ados badago kontuekin, salbu puntu jakin batzuetan. Edo eman dezake iritzi negatiboa, kontu horiekin ados agertzen ez bada. Auditoretzen arlo honetan ere gertatu izan dira zenbait iruzur edo irregulartasun, datuak manipulatu dituzten enpresa nahiz auditoreen konplizitate eta inplikazioekin. Kasu batzuk oso sonatuak izan dira nazioarteko enpresetan.
Alderdi Politikoen Legearen eraginez, udaletan zinegotzi gabe geratu diren ezker abertzaleko hautetsiek beren eserlekuak aldarrikatuko dituzte hilaren bukaeran herrietan egingo diren udal bilkuretan parte hartuz. EAJ, EA, EB eta Aralarri, ilegalizazioaren ondorioz eskuratutako zinegotzien dimisioa eskatuko diete.
Datorren igandean, hilak 26, Alderdi Eguna berezia ospatuko du EAJk. Xabier Arzalluz ez da hizlari nagusien artean izango eta zuzendaritza berriaren hautaketak ekarritako liskarren ondorengo lehen Alderdi Eguna egingo da. Datozen hauteskundeak eta Ibarretxe Planaren inguruan trinkotzearen aldeko mezua nagusituko da.
Datorren larunbatean, urriaren 2an, Elkarrik elkarrizketaren aldeko manifestazio deia egin du Donostian. Bertan, alderdi politikoei abendu aurretik haien arteko elkarrizketa prozesu ofiziala irekitzeko eskatuko die.