Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-12-01 16:35:12
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Zientzia eta teknologia

2004-09-19 -- 1958.zenb

Jakoba Errekondo


Sekula gorritzen ez den belazerik bada. Itsasoa. Hego haize zakarrenak jo ta su ta gar astinduagatik, ez da lehortzen. Nola lehortuko da, bada, ura nahiz izan gesala? Beti berde, beti urdin, beti beltz belazea. Horrelako larrean gustura bazkatzen da artaldea. Ardia ugaria izan ohi da itsasoan, haizeak altxatako olatuen mutturrak haize berak hautsi eta apartzen ditu, zuri; horra hor artaldea. Itsasoa ez da, ordea, bat, belaze bat; Bermeon kasu, ardiak arkakusoak izaki, itsasoan bekerekeak.

Belazeak luberritu ere egiten dira, soro edo baratzetarako. Estropada sasoi honetan traineruen besabeak eta arraunek ubera zabalak irekitzen dituzte. Ontzietako txaranbelen bozinek eta urgildutako arraunlarien kolpeek haizearen ardi, bekereke, arkazte, ahari, xaxardi eta behinardiak uxatzen dituzte. Belazea baratze bihurtua. Arraunak ura bultzatzerakoan egiten du azaburua eta errenketan azaburuak landatuz ubera. Beranduko aza jendea landatzen da orain eta presakako lanean arraunlarien matrailak eta musuak hori-gorritzen dira.

Estropada garai gorena da aza-pipilak landatzekoa. Abuztuan hasi eta irailaren amaia artekoa. Goizekoak, tartekoak eta hemendik aurrera jarritakoak negu hondarrean edo udaberrian jango diren aza zuriak, azalore edo peilak, Bruselazak, lisoak, kizkurrak, txinatarrak, aza gorriak, buru-azak, bazka-azak. Bada, arraunlarien lanaren emaitzaren zain ezin egongo gara, eta badaezpada "oreina larrean eta pertza laratzean": azak baratzean.

Jabier Agirre


Gure osasuna maila guztietan aztertzen duen Espainiako txostenaren hainbat alderdi aipatu dizkizuet azken bi asteotan: hiritarrak bere osasun-egoeraren inguruan duen iritzia ûsubjektiboa izan arren, kontuan hartzeko modukoaû ikusi genuen batetik, eta gure bizi-ohitura kaltegarriek osasunean duten eragina, bestetik. Hiritarrari egotz dakizkiokeen alderdi negatiboak aipatu ondoren, administrazioaren jokamoldea jorratu nahi nuke gaurkoan. Eta benetan diotsuet, ez dela batere txalotzeko jokamoldea, ezta gutxiagorik ere.

Ospitaletako itxarote-zerrendak zertxobait hobetu dira, %25,5etik %23,3ra pasatu baitira eta prozedura kirurgikoek izan ohi duten atzerapeneko denbora 7,1 hiletik 6,5 hilabetera gutxitu da. Baina zerbitzu horiek hobera egin duten arren, osasun publikoak ez ditu herritarren espektatibak asetzen. Nola azaldu daiteke osasun-prestazioek orokorrean izan duten beherakada? Osasun-zerbitzuetan egindako gastu publikoak bere hartan jarraitzea da arrazoietako bat. Txostenaren arabera, 2000. urtean osasunean egindako gastu publikoa Barne Produktu Gordinaren %6,5 besterik ez zen izan. Indize hau Europako Batasuneko hamabost herrialdeetako baxuenetakoa da ûGrezia, Finlandia eta Irlandan bakarrik gastatzen du administrazioak hemen baino gutxiago biztanle bakoitzekoû.

Osasun-zerbitzuak ez dira behar bezala erabiltzen, horrela, ospitaletako larrialdi-zerbitzuen erabilera gehiegizko jotzen du txostenak. Izan ere, zerbitzu horiek orain urte batzuk baino %12,6 gehiago erabili ziren 2003. urtean, 9,4 milioi pertsona ûaztertutako biztanleriaren %26,7û joan baitzen era horretako kontsultetara.

Azpimarratzekoa da gaixotasun akutu eta kronikoak, eta baita etxeko nahiz errepideko istripuak zenbat ugaritu diren. Zahartzeari lotutako gaitzak albora utzita, emakumeek gizonezkoek baino hezurretako, bizkarreko edo giltzaduretako min handiagoa eta depresio, insomnio, zorabio eta neke handiagoa izaten dute, horretarako itxurazko arrazoirik ez dagoen arren.

Joxerra Aizpurua



Plutonio estatubatuarra Erresuma Batuko lurretan

1950eko hamarkadan AEBetako Nevadan egindako saiakera nuklearrek Europako mendebaldea poluitu dute. Rothamsted Research-eko ikerlari ingeles talde batek saiakera hauen arrastoak aurkitu dituzte Erresuma Batuko lurretan. Aurkitutako kantitateak oso txikiak izan dira eta antza denez, ez dute inongo arriskurik sortuko ingurumenean.
Aurkikuntza hau orain 160 urte sortutako dinamikan kokatu behar da. Izan ere, 1843. urtean Rothamsted domeinuko nagusia zen John Bennet Lawes jaunak kimikari bat kontratatu zuen ongarriek bertako lurretan eragiten zituzten ondorioak ezagutu asmoz. Garai hartatik gaurdaino ikerketa ugari egin da eta urteen poderioz espezialdu egin dira ingurumenaren aldaketan, poluzioan eta Txernobilen antzeko enpresa-istripuen ikerketan.
Azken ikerketen ondorioek ez dute hautsik harrotu, baina hurrengo saiakera nuklearrak iragartzean ziur urrutiko herrialdeek ere arreta handiagoa jarriko dutela.


Pintura herdoilgaitzak

Ohio State Universityko ingeniariek pintura berria asmatu dute hainbat substantzia berezi erantsita. Pintura honi esker metalak ez herdoiltzeaz gain, abioi, urontzi edo zubi bat noiz birpintatu behar den jakin ahal izango dute. Pintura berria guztiz garatu gabe badago ere, lehen proben arabera, ingurumena hainbeste errespetatzen ez duten beste pinturek adina babesten du herdoiletik.
Pintura berri honek buztinezko partikula txikiak ditu eta hauek dira herdoila eragiten duten substantziak harrapatzen dituztenak. Gehiago garatu ahala, mantenimenduko adituek jakiterik izango dute gainazal bat noiz birpintatu behar den berriro eta horretarako X izpien sistema arrunt bat baino ez dute erabili behar izango.
Pinturaren pigmentuak zerioa du. Zerioa herdoilaren aurkako elementua da eta X izpien sistemek detektatu egiten dute. Egun zerioa hainbat gailutan erabiltzen da, labeetan adibidez, baina era pasiboan. Hau da, labeek zerioa askatzen dute agortu arte eta kitto. Zientzialariek zerioa herdoilak erasotzen duenean bakarrik askatzea lortu nahi dute, beste era batera esanda, askapen adimentsua lortu nahi dute.
Kloruroa da metaletako herdoil gehienen erantzule nagusia eta ura ere bai. Izan ere honek gatza, sodio kloruroa, izaten baitu. Pintura gastatzen denean kloruroak metal-gainazala erasotzen du eta denbora igaro ahala arazo larriak eragin ditzake ibilgailu edo zubien moduko egitura kritikoetan. Herdoilaren aurka egiteko pigmentu berriak kloruroa xurgatu eta zerioa askatzen du eta honek babes-pelikula sortzen du pintura ez dagoen lekuetan.
Egindako probetan metalezko piezak pintura berriarekin estali eta gogor arraskatu zituzten desgastea simulatzeko. Ondoren ur gaziko laino pean kokatu zituzten eta 1.000 ordu igaro ondoren, oraindik ez zen herdoildu. Pintura komertzialek ere 1.000 orduko froga hau gainditzen dute, baina horretarako kromatoak erabiltzen dituzte eta hauek edateko urarekin nahastuz gero, kaltegarri dira gizakientzat.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan