Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-09-19 -- 1958.zenb

Katixa Garate


SAren aurkako kereila artxibatua

Terrorismoaren biktimen elkarteak (AVT) duela lau hilabete Soziedad Alkoholikaren kontra jarritako kereila artxibatu du Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Explota Zerdo, Síndrome del Norte eta Stop Criminalización abestien hitzetan ETAren jarduna goraipatzea eta biktimak iraintzea egozten zion Gasteizko musika taldeari AVTk. Garzonek abestiak aztertu ditu eta adierazi du ez dagoela arrazoirik «ekintza terroristak edo terroristak goraipatzeko edo justifikatzeko asmoarekin eginak daudela ondorioztatzeko». Epailearen erabakiaren aurrean, AVTk helegitea aurkeztuko duela jakinarazi du eta Gasteizko, Cabañas de la Sagrako (Toledo), Larragako (Nafarroa) eta Madrileko udalei SAk herriotan eman behar dituen kontzertuak bertan behera utz ditzaten eskatu die.


Hil ondorengo argitarapenak

Orain hiru urte zendu zen Bitoriano Gandiaga. Baina orain jakin dugunez bazuen argitaratu gabeko eta osorik bukatutako liburu bat. Hain zuzen ere, aurten argitaratuko du Elkar argitaletxeak liburu hori Joxe Azurmendiren hitzaurrearekin. Horrez gain, milaka paper utzi zituen Gandiagak idatzita. Paper horiek arakatzen ibili da, besteak beste, Pello Zabalak eta Joxe Azurmendik berak osatutako batzordea. Paper horiekin, datorren urtean, Gandiagaren lan argitaragabeen bilduma egiteko asmoa dute. Bilduma hori gaika banatutako liburukiek osatuko dute. Aldi berean, Susak urrian plazaratuko du martxoan zendutako Andolin Eguzkitzaren poema liburu bat. Eguzkitza Arimaren ondoko ezkien artetik ibilki izeneko lana ari zen idazten hil zenean. Ezin izan zuen amaitu, baina eginak zituen poemak, gehienak amodiozkoak, bilduko ditu Susak.


Eibar doinu latinoz girotua

Latinoamerikako musika talde ugarik eman dituzte kontzertuak Eibarren azken 40 urteetan (Los Panchos, Maria Dolores Pradera, Rafael Amor, Trio Los Aucas) eta musika honek eibartar andana zaletu du. Horren isla da zaletu horiek antolatutako Eibar Hiriko I. Nazioarteko Latinoamerikar Musika Jaialdia. Irailaren 18an Los Aucas taldearen boleroez, Lunfardoren tangoaz eta Mariachi Juvenil Los Reyesen rantxerez gozatzeko parada izango da Eibarren. Sarreren bidez bildutako diruarekin Mexikoko Nochistlan hiriko hainbat musika proiektu lagunduko dituzte.



Oteizaren lanak aurki Guggenheimen

Oteiza bizirik zela Bilboko Guggenheim museoaren aurka agertu zen arren, Oteiza Fundazioak eta Guggenheim museoak lortutako akordioaren ondorioz, Oteizaren obraren atzera begirakoa zabalduko du museoak urriaren 8an. Halakoak dira bizitzaren kontraesanak. Urtarrila bitarte, museoko hirugarren solairuko areto guztiak hartuko ditu eta 140 eskultura bilduko. Gainera, oraino erakutsiak izan ez diren 43 marrazki eta collage ikus ahal izango dira. Margit Rowell arte kontserbatzailea eta Txomin Badiola artista izango dira komisarioak.


Euskal PEN Kluba ofizial

Udaberrian sortu zen Euskal PEN Klubari ofizialtasuna eman diote Norvegian, joan den astean Tromsonen burutu zen Nazioarteko PEN Klubaren Munduko Biltzarrean. Laura Mintegi Euskal PEN Klubaren lehendakaria eta Joxemari Iturralde lehendakari ordea izan ziren bertan. Hala. aspaldiko nahia erdietsi da. Izan ere, 1951n PEN Euskal Bilkura abiatu zuten hainbat idazlek (Andima Ibiñagabeitia, Txomin Peillen...) baina bizitza laburra izan zuen. 1987an beste saiakera bat egin zen eta Euskal PEN Kluba indarrean izan zen hiru urtez, baina bertan behera geratu zen egitura sendoa ez zuelako. Adierazpen askatasuna defendatzea eta erregimen zapaltzaileak pairatzen dituzten idazleak babestea du helburu Nazioarteko PEN Klubak eta bost lan batzorde ditu: idazle presoen aldekoa, itzulpengintza eta hizkuntz eskubideen batzordea, emakumeena, bakearena eta erbestean dauden idazleena. Aurrerantzean Euskal PEN Klubak horietan lan egin ahal izango du.

* * * * * * * * * * * * * * * * * * * *

Galiziar, katalan eta euskaldunen festa izango da Oñatin larunbatean. Izan ere, Gu eta gure hizkuntzak eguna antolatu dute. Goizean gaita, trikiti eta txistu doinuek alaituko dute festa eta taloak, olagarroa eta pantumaca dastatzeko aukera izango da. Arratsaldean poesia errezitaldia eskainiko dute Harkaitz Canok, Tere Irastortzak, Miquel Desclotek eta Xosé María Álvarezek Santa Ana antzokian. Saio berean, Poesía Antologia, Galeusca (2003-2004) aurkeztuko dute. Gauean emanaldi berezia izango da kiroldegiko pilotalekuan: Irakurketak, kantuak & hibridoak. Bernardo Atxagak okasiorako hautatutako testuak irakurriko ditu eta hainbat musikarik, Ruper Ordorikak eta Juan Carlos Perezek esaterako, musika eta kantuak eskainiko dituzte.

Iparraldeko ikus-entzunezko profesionalen gida paratu du Biarritz Image kultur elkarteak www.biarritz-image.org webgunean. Sareratutako orrialdearekin Plateau Image (Irudiaren Platoa) proiektuaren garapenerako bidean beste urrats bat eman nahi izan du, hala, Biarrizko Udalak sortutako elkarteak. Ikus-entzunezko proiektua da Plateau Image eta dagoeneko sortuta dagoen Film Comissiona, ikus-entzunezko heziketa zentro bat, zinema komertzial eta esperimental aretoak, Argazkiaren Etxea, Mediateka eta Dantza eta Musika Kontserbatorioa hartuko ditu. Proiektu horri buruzko informazioa, ikus-entzunezko albisteak, elkartearen berri eta Iparraldeko profesionalen gida eskaintzen du webguneak.


Hika teatroak Groau! haurrentzako ikuskizuna aurkeztuko du hilaren 19an, Durangoko San Agustin aretoan. Yolanda Arrietaren testuan oinarritutako lanak Javier Muguruzaren musika izango du lagun.

Amaia Zubiria, Petti, Xabi San Sebastian, Ortophonk, Bide Ertzean eta Oskorri Kataluniako Vic hirian urtero egiten den musika merkatuan izango dira, euskal ordezkari gisa, hilaren 16tik 19ra.

Javier Agirresarobe argazki zuzendari eibartarrak 2004ko Espainiako Zinematografia Saria jasoko du larunbatean, Zinemaldiaren baitan.

Aitzol Aramaiok lehen film luzea errodatuko du. Terminal laburrarekin makina bat sari irabazitako zinegileak Unai Elorriagaren SPrako Tranbia eramango du pantailetara.

Joxe Kruzelegi Kataolatza soinujolea zendu da, 82 urte zituela. Hamasei urtetik trikitia jotzen aritu zen eta hainbat erromeria egin zuen Juliana Zubizarretarekin batera. Aurten omenaldia egin behar zioten Kursaalean egingo den Nazioarteko Trikitixa Jaialdian.


Igor Estankonak honakoak adierazi zituen Deian: «Gero eta jende gehiagok ateratzen die probetxua kulturaren adierazpide ugariei, eta haien inguruko industria bat garatu da: kulturaren sektorea esaten diote».

Gemma Lluch ikerlari eta idazle katalana Berrian: «Uste dut euskal literatura gehiago itzultzeko apustua egin behar dela, edota gehiago erakusteko gutxienez. Beste leku batzuetan egiten duguna aberasteko lagungarri litzateke».

Juanma Bajo Ulloak esanak Nabarrari: «Zinema independenterik ez dago. Film guztiak ekoizleren batenak dira, eta ez badira, saldu egiten dira eta, azkenean, izaten bukatzen dute. (...) Ordainsari hori ordaindu ezean, edo ez duzu filmatzen edo ez duzu estreinaldirik egiten. Bietako bat».

Juanba Berasategik zera zioen HABEn: «Goazen areto alternatiboak gehitzera eta euskarazko produktuak aurkezten saiatzera».

Arantxa Iglesias Ttakunpa taldeko kidearen hitzak Gaztetxulon: «Fusioa, beste gauza batzuk ez bezala, arriskugarria izan daiteke diskoetxeentzat».

hemeroteka

1957. zenbakia | 2004-09-12
1956. zenbakia | 2004-09-05

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan