Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2004-09-19 -- 1958.zenb

Maitane Aldanondo


Erraldoi eta buruhandiak ikusteko karrikara irteten den jende gehienak ez dakien arren, bilakaera nabarmena izan duen tradizioa da. Egun, herriko festei loturik dagoen ohitura hau Aste Santuko prozesioen testuinguruan sortu zen. Zehazki, prozesio katolikoen seriotasunaz eta dotoretasunaz trufa egiteko sortu zen, kanonizazio, koroazio eta antzeko ospakizunei lotuta. Ibilbide hau ûeta beste datu ugariû jaso du Jose Luis Insausti errenteriarrak maiatzean argitaratutako Erraldoi eta buruhandiak 1919-2004 liburuan. Bertan, hamar urteko ikerketaren emaitza bildu du Errenteriako Erraldoi eta Buruhandien konpartsako kideak.

Argitalpenean aipatzen duenez, usadio honen jatorria ezezaguna da. Aztarna zaharrenak, erlijio prozesioei loturikoak, Allenger (Portugal) eta Bartzelonan agertu dira, 1263 eta 1380 urteetan hurrenez hurren. Hego Euskal Herriako lehen erreferentzia Iruñekoa da, XIV. mendekoa, 1600eko datua zehatzagoa den arren. Bizkaian aurkitutako lehena 1605ekoa da; Gipuzkoan 1622koa, Azkoitian; eta Araban 1643koa, Gasteizen.

Lehenengo erraldoietako askok mitologiako pertsonaiaren bat irudikatzen zuten, hala nola, Basajaun, jentilak, Sanson... Buruhandiak aldiz, herriko hainbat pertsonaren burla izan dira maiz; herriko mozkorra, gizajoaà irudikatzen dituzte.

Buruhandi eta erraldoiak egiteko modua asko aldatu da azken urteetan. Antzina eskuz egiten ziren, azken mendean ohikoena erraldoiak seriean egitea zen, fabriketan egiten ziren eta herriei saltzen zitzaizkien. Garai hartan, esanahi berezirik ere ez zuten. Azken urteetako joera, aldiz, herri bakoitzak bere historiarekin lotura duten erraldoi eta buruhandiak espreski diseinatu eta sortzeko eskatzea da. Insaustik dioenez "azken aldian aldaketa izan da, pertsonaia berriak herri bakoitzarekin edo bere historiarekin loturikoak dira. Horrek, herritarrak erraldoi eta buruhandiekin identifikatzea dakar".

Nafarroa indar-gune

Gipuzkoako zenbait herritan indar handia duten arren ûduela bizpahiru hilabete Tolosan egindako Topaketa da horren lekukoû, Nafarroa da ibilbide luzeena eta tradizio sendoena duen Hegoaldeko probintzia. Ez da harritzekoa, beraz, Tuterako La orden del Volatin taldeak aurten XXXI. topaketa antolatu izana, bertan indar berezia baitu ohitura honek.

Orokorrean, txistua eta dultzaina izaten dituzte bidelagun erraldoi eta buruhandien konpartsek. Hala ere, Tuterakoak, Nafarroako beste herri batzuetakoen antzera, gaita soinuak lagunduta egiten du ibilbidea eta zenbait ospakizunetan bandak ere bat egiten du. Banda eta musikariek lekuan lekuko musika jo ohi dute buruhandi eta erraldoiak laguntzeko, vals eta kalejirak nagusiki.

Dantzei dagokienez, konpartsa bakoitzak bereak izaten ditu, eta Tuterako konpartsaren arduradun Javier Castellanok azaltzen duenez, "abesti bakoitzak bere koreografia du eta koreografia horretan erraldoi bakoitzak bere dantza".

Konpartsa bat 20-30 lagunek osatzen dute; erraldoi eta buruhandi kopuruaren arabera izaten da hori. Erraldoi kopurua bikoitia izan ohi da, 2 edo 4 irudikoa; eta bi lagun behar dira bakarra mugitzeko. Buruhandiak sei inguru izaten dira. Horrez gain, lauzpasei musikarik osatutako taldea izaten da eta Nafarroan, txaranga ere maiz ikus daiteke.

Orokorrean, konpartsara iritsi berriak direnak buruhandi bezala hasten dira, eta urteak aurrera joan ahala erraldoiren bat libre gelditzen bada, berau hartzeko aukera izaten dute. Batzuetan, gurasoetatik semeetara pasatzen da erraldoi postua; aitak uztean, buruhandi zen semeak bere lekua hartzen du. Edonola ere, konpartsa batetik bestera aldatzen da antolatzeko modua. Tuterakoan, adibidez, hasiberri direnei ere erraldoiak dantzatzen irakasten diete. Castellanok aitortzen duenez, "erraldoia hartu nahi duenari, printzipioz, ez diogu trabarik jartzen; kontrakoa, geuk irakatsiko diogu, ez baitugu belaunaldi erreleborik».

Usadio zaharra gaurkotzea

Aurreko garaiekiko emandako aurrerapenek edertu egin dituzte erraldoien itxura eta dantzak, erraztu egin baitute beren mugikortasuna. Buru eta eskuak egiteko erabiltzen zen harri-kartoiaren ordez, poliesterra erabiltzen da. Horrela, bustitzean ez da pintura galtzen edo desegiten. Gorputzaren euskarri zen egurra, arinagoa den aluminioak ordezkatu du, eta zumearen ordez poliesterra erabiltzen da. Ondorioz, 44 kilotik 25era arindu da erraldoien zama, dantzatu behar dituztenen lana erraztuz.

Geroari begira, Insaustik luze iraungo dutela aurreikusten du:"Erraldoi eta buruhandiek etorkizun oparoa dute. Ugaritzen joan dira eta geroz eta herri gehiagok berezko konpartsa du. Gainera, haurrak dauden bitartean jarraituko dute, asko maite baitituzte".

Ainara Gurrutxaga

Izarren odola lan berria estreinatu du Biarritz baletak Maitaldia jaialdiaren baitan. Thierry Malandain koreografoak Ovidioren Metamorfosiak eta Ipar Poloari buruzko ikerketa bat uztartuz osatu du ikuskaria.
guztia irakurri

Hasier Etxeberria / David De Jorge

Osagaiak:

Kg erdia arroz zuri, egosia
300 g hegaluze, kontserbakoa eta xukatua
250 g tomate saltsa hotz
250 g maionesa hotz
6 pikillo piper, zerrendatan moztuta
2 eskukada oliba beltz eta berde, hezurrik gabe

Uretan egosiko dugu arroza, gatz, olio pixar bat eta baratxuri ale batzuekin, 15 bat minutuan. Xukatu eta uretan pasatuko dugu, almidoia kendu eta freskatzeko, eta egoste-puntuari euts diezaion. Aluminio edo film paperaz estaliko dugu plum-cake motako molde eder bat. Arroz geruza bat hedatuko dugu haren hondoan, eta hegaluze papurtuz hornituriko beste bat haren gainean ûeskuz zanpatuko dugu hegaluze papurtua, harro ez dadinû. Beste geruza trinko bat gaineratuko dugu ondoren, arroza oraingoan ere, eta hegaluzearen txanda izango da hurren. Txandaka beteko dugu beraz moldea, eta arrozarena izango da ageriko geruza. Ongi estutu behar ditugu geruzak, moldea kendu ostean jakia trinko ager dadin. 2 orduz edukiko dugu moldea hozkailuan, ongi tapatua, usainik ez hartzeko. Haien ostean, pastela aurkeztuko dugun erretiluan kenduko diogu moldea jakiari.
Maionesaz estaliko dugu ondoren oso-osorik, eta etxeko haurren laguntzaz, ongi pasa dezaten, pikillo zerrendez eta bitan zatituriko olibez apainduko dugu pastela.
Entsalada batekin aurkeztuko dugu pastela. On egin!

Pilar Iparragirre

Nola hartu zuen bizia zure ipuin honek?
Nik normalean beharrean aurkitzen naizenean idazten ditut ipuinak. Txotxongiloaren bidez zerbait antzezteko asmotan baldin bagabiltza, testuren bat sortu behar izaten dugu, eta niri egokitzen zait hori egitea. Horrela jaio dira ia-ia nire liburu guztiak. Baina badira beste era batera sortu ditudanak ere, nire inguruan gertatutako zerbaitek haiek idaztera bultzatzen nauenean, eta horrela jaioa da Zatoz lehenbailehen! ipuina

Zerk bultza zintuen hauxe idaztera?
Oso maiz joan ohi naiz eskolaz eskola txotxongilo lanak aurkeztera eta orain dela bizpahiru urte arte hemengo haurrek osatzen zuten ikusleria, gure artean etorkinik ez zegoelako, baina gaur egun ezberdina da. Herrialde askotatik datoz honantz umeak bere gurasoekin batera, baina baita adoptaturik ere. Nork ez du ezagutzen Txinara edo ez dakit nora haur baten bila joan den bikoteren bat? Guztiz arrunta den adopzioaren fenomeno hori, ordea, oraindik ez dago oso ondo islatua haur literaturan. Bada, horri buruz hitz egiten du nire liburu honek.

Gainerako gairik ere azaltzen duzu bertan...
Bai. Izan ere, zortzi-hamar urteko haurrek badakite nola jaiotzen den ume bat, baina ez dute informazio gehiegirik. Denek dakite ume hori amatxoren tripa barruan dagoela jaio aurretik, eta beraiek ere horrela egondakoak direla, baina batzuetan hor bukatzen da beren informazio guztia. Eta liburu honek horri buruz hitz egiteko aukera ematen die bai gurasoei, bai irakasleei.

Josu Iztueta


Grezia europar herrialde bisitatuenetakoa da baina era berean ezezaguna. Aurtengo Olinpiar Jokoek ia mundu osoa Atenasera begira jarri dute eta handik bidalitako irudiak eta kronikak bazter guztietara iritsi dira. Olinpiar Jokoak ez dira, noski, berdin bizitzen gure planetako mutur batean edo bestean, han bertan edo atzerrian, lagun batek parte hartzen duenean edo kirolariak anonimo direnean... Kontuak kontu Olinpiar espiritua dela eta 4.000 milioi pertsonek kirola izan dute hizpide aurreko asteetan, munduko populazioaren erdia baino gehiago den kopuru horrek telebistaz jarraitu ditu(gu). Egun aktualitatea beste gai batzuetara itzuli da berehala. Antzinako historian izan duen protagonismoa berreskuratu du Greziak eta aro modernoetara egokitzen jakin du. Klase guztietako iritziak jaso ditugu bertan. Orrialdeok ez dute kirol kronika izan nahi baina kirol izerdia badarie.

Herri eta harri

Mediterraneo Itsasoak beste itsaso batzuk biltzen ditu bere baitan, eta horietakoak diren Joniko eta Egeo izenekoen artean kokatzen da Grezia. Greziako zati kontinentalak hartzen du eremu handiena baina irlak dira turismo irudi erakargarrienak. Hamar milioi lagun pasatxo biztanle ditu eta beste hainbeste turista jasotzen du urtero. Aurten ere antzeko kopurura iritsiko da baina beste modu batean banatuta. Ondorio hori atera dugu, behintzat, Atenaseko zurrunbilotik kanpo lasai-lasai ibili garenok.

Hemendik begiratuta, guretik aztertuta, beti ikusten nuen nik Grezia "Turkiatik gertu dagoen Portugal antzeko herrialde bat" bezala ûezjakintasunetik egindako azterketak izaten dira horiekû.

Duela hogei urte lehenbizikoz bisitatutakoan, eta duela hamar urte egon nintzenean ez nuen Grezia berdina ikusi. Ordutik hona beste hamar urte igaro dira eta oso bestelakoa sumatu dut Grezia. Bost mila urteko historia aberatsa duen herrialde hau, hainbait gauzetan gehiago aldatuko zen azken bi hamarkadetan, aurreko 4.980 urtetan baino. Tira, ziurrenik tarte labur horretan neroni ere aldatuko nintzen eta pertzepzio kontua izan liteke.

Norbaiti monumentuak, tenpluak, monasterioak, gazteluak, gotorlekuak, eskulturak eta era guztietako harri klaseak gustatzen bazaizkio badu Grezian non entretenitua. Nahiko komeri izango du Partenon, Delfos, Meteora, Mizenas, Korinto, Kariatideak, Propileo eta abar luze bat kronologikoki kokatzen eta arretaz begiratu beharko dio mapari, Esparta hiritik joandako gerlariak Atenas nondik eraso zuten edo Termopilasko gudan pertsiarrak nola uxatu zituzten ulertzeko.

Greziak, gainera, badu beste ezaugarri bat: hizkuntza. Herri bateko hizkera ulertzen ez dudanean atzerritar sentitzen naiz, baina horretaz gain idazkera (hizkiak) ere arrotza zaidanean "kanpokoago" sentitzen dut neure burua. Urte batzuk lehenago jaio eta apaiz bidetik jo zutenak latina eta grekoa ikasitakoak dira, beste letratako hainbat karrera aukeratutakoak ere zertxobait bai. Zientzien munduan murgiltzea erabaki genuenok, berriz, "Geografia", "Antropomorfo", "Poliedro", "Espeleologia", "Hipopotamo" edo "Mikroskopio" bezalako hitzak aipatutakoan, ez genekien grekoz ari ginenik. Eta greziar izen propioak marka ezagun bihurtu direnean hitzetik hortzera erabili izan ditugu, hala zirela enteratu ere egin gabe. Esate baterako Olympus argazki kamara, Zeus bizikleta, Nike zapatilak, Pegaso autobusa, eta abar.

Olinpo mendia

Eguzkiarekin lotzen ditugu Mediterraneo bazterrean dauden herrialdeak, ur epel eta gardenak eransten dizkiogu irudi horri eta hondartzan etzanda imajinatzen dugu geure burua. Bai, hori (ere) egin liteke Grezian, ehunka irla sakabanaturik dituen lurralde honek milaka kilometroko kostaldea eskaintzen du. Bidaiariok postal bat buruan dugula joaten gara hor zehar eta gero espero ez genuena aurkitzen dugu askotan. Hori da Grezian gerta dakigukeena. Ustearen aurka, Grezia oso menditsua da, ez du hiru mila metrotik gorako tontorrik baina asko dira bi mila metro baino gehiagoko gailurrak eta hori gutxi balitz, elurra ere izaten dute neguan ûbadaude dozena bat eski estazioû.

Olimpo mendikatera joateko Atenasetik Tesalonikara doan errepide nagusia hartu behar da eta Litohoro herrian atera. Berez Parke Nazionala da paraje hau eta itsasotik 20 kilometrora altxatzen da Greziako mendi altuena den Mytikas (2.917m). Badira igotzeko beste bide batzuk baina ezagunena Spilios Agapitos aterpetxetik igarotzen da, hantxe pasatzen da gaua (2.100m) eta hurrengo goizean ekiten zaio gorako bideari. Leku zoragarria da, haraino iristeko bideak merezi du, nahiz eta tontor asmorik izan ez. Guretzat Agapitos ez zen hain zorioneko suertatu, gaueko batzuen zurrungak, goizaldeko beste batzuen kakeriak eta geroxeagoko norbaiten botagurak bederatzi laguneko "espedizioa" hirukoan utzi baitzuen.

Greziar mitologian Olimpo mendiak garrantzi handia izan du. Zeus jainkoen aita zen eta hemen zuen bere bizilekua. Taldeko osasun egoerari begiratuta zerbait gaizki egiteagatik zigortu nahi gintuela pentsatzera iritsi ginen baina Helio, Afrodita, Apolo, Hera, Artemisa eta gainontzekoak ez ziren bidean inondik inora ageri.

Skala (2866m) tontorra zapaldu genuenean ohartu ginen falta zitzaizkigun 50 metroak igotzeko beste hainbeste jaitsi eta gero 100 metro gora egin beharko genuenaz. Zati horretan bidea tente jartzen da, bi hankaz gain bi eskuak eta burua tentuz ibiltzea komeni da: ezkerrera 400 metroko zuloa eta eskuinera beste hainbesteko amildegia dago. Aterpetik urtero 6.500 lagun inguru pasatzen zela kontatu ziguten, honaino iristean, ordea, erdiak atzera egiten omen du. Goizeko hamarrak ziren eta ez zebilen jende askorik, isiltasunean bihotz taupadak barrutik eta haize txistua kanpotik besterik ez genuen entzuten. Zeus eta gainontzeko jainko-jainkosak ez ziren aztoratu gu tarteka "mekauendioska" aritu ginelako.

Maratoi autentikoa

Gustu gehienak asetzeko adina ikusmira izan da XXXVIII. Olinpiar Joko hauetan. Horien artean Maratoiak sortu zuen, beharbada, ikusmin handiena, Maratongo zelaietan hasi eta Panathinaikos estadioan bukatuko zelako, K.a 490 urtean Filipides soldadu greziarrak egin zuen bezala. Historia-legenda hori oinarri hartuta antolatu zen lehen maratoia, 1986an. Aro Modernoko lehen Olinpiar Jokoetarako Panathinaikos estadioa eraiki zuten eta han zuen amaiera 40 kilometroko lasterketa ibilbideak. Spiridon Louis, Marussiko artzaina bezala ezaguna zen korrikalaria suertatu zen irabazle 2:55:19 denborarekin. 1908an Londresko Olinpiar Jokoetan distantzia britainiarren kapritxora egokitu zuten, 42,192 kilometrora eta geroztik neurri hori da ofiziala.

1985eko udazkena zen. Etxetik irten eta garai bateko Jugoslavian hamar egun pasatuta sartu ginen Greziara. Atenaseko kaleetan paseatzen genbiltzala, adineko atzerritar jendea txandalez jantzita ikusten hasi ginen, eta kuriositateak bultzatuta haietako bati galdetzera ausartu ginen: «Ohhh yessssss Tomorrow is the autentical annual marathon!» Edo antzeko zerbait erantzun zigun... Angelek eta biok ez genuen dudarik egin: huraxe zen Maratongo maratoi historikoa korritzeko aukera!
Entrenamendurik gabe eta geneuzkan zapatilak jantzita azaldu ginen estadiora goizean goiz. Handik irteerara autobusez eraman gintuzten. Izena eman eta kakeria sartu dena bat izan zen, korrika hasi aurretik izerditan geunden, 10. kilometroan gustura, 20.ean nekatuta, 30.ean gosetuta eta 40.ean lehertuta... Panathinaikos estadiora iristeko sei eskailerak ahal bezala igo eta helmuga bistan genuen. Pozik geunden... eta bizirik. Filipides soldadua Atenasera iritsi bezain laster, Maratongo borroka irabazi zutela esanda hil zen bertan. Geu ere akaso akabatuta geunden 25. kilometroan bidetik atera eta gozotegi batean sartuta hiruna pastel jan izan ez bagenitu. Biharamunean Egiptora joateko ferria hartu behar genuen eta autobusa Pireoko kaian ontziratu genuen. 30 ordu behar zituen ferriak Alexandriara iristeko eta horiexek behar izan genituen guk gorputza errekuperatzeko!

Pilar Iparragirre

Oihan nabarra
Luis Garde Iriarte
Euskaltzaindia, BBK
70 orrialde
4 euro

Felipe Arrese Beitia saria

Euskaltzaindiak eta BBK-k urtero antolatu ohi duten Felipe Arrese Beitia deitutako olerki saria Luis Garde Iriarte iruñearraren lehen poema bilduma argitaratuak, Oihan nabarrak irabazi zuen iaz . Hiru atal nagusitan banatu du olerkariak bere bizi bidaia malkartsu honen joan-etorria. Harrizko oihanean dabil hasieran, «gerra prest dago, etsaia baino ez dugu asmatu behar», aldarrikatzen den paraje ankerrean, gaur begi bat alargun geratu zaiola eta negartsu dabilela adierazi nahirik. Hareazko oihanean zehar abiatzen da gero, norabiderik gabeko bidean, infernua gogoan, minen eremuak zeharkatuz, harrizkoa ez den zerbaitekin topo egiten duen umeaz oroituz. Eta saihesbideak aukeratzen ditu azkenean, euri guztiak euri berbera direla jakinik.

Tantak 31
Batzuen artean
Euskal Herriko Unibertsitatearen argitalpen zerbitzua
124 orrialde
7,81 euro

Eskola porrota Espainian eta murrizteko proposamenak

Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza aldizkariaren 31. zenbakian, Espainiako eskola porrota aztertzen du Alvaro Marchesik eta porrot hori murrizteko hamasei proposamen aurkeztu. Karlos Santiago Etxeberria eta Jose Francisco Lukas Mujika, berriz, ikerketa bat egin behar denean maiz sortzen den arazo bat ekiditeko era eskaintzera datoz, egin nahi den lanaren proiektua nola burutu behar den, eta burutzeko orduan oso kontuan izan behar diren oinarrizko arauen berri emanez. J. M. Magantok eta I. Bartauk, bestalde, Gurasoen prestakuntza, familia, eskola eta Komunitatearen arteko harremanak dauzkate gaitzat, eta Irene López-Goñik Donibaneko Juan Huarteren ikuspegi pedagogikoa.

Ikastetxe sorginduko misterioa
Ulises Cabal
Ibaizabal
151orrialde 8,65 euro

Hamar urtetik aurrerakoentzat

Ulises Cabalek idatzi, Aitor Aranak euskaratu eta Gabriel Hernández Waltak marraztutako misterio ukitua duen kontakizun hau Salamancan dago kokatua. Haraino doa hain zuzen ere Ulises Cabal izena duen liburu-saltzaile jakituna, bertako Bracamonteko Markesa ikastetxean irakasle daukan lagunaren deiari erantzunez. Detektibea ere bada gazte hori, misterio ilun eta ezkutuak argitzea oso gustukoa du, eta horrelako bati aurre egin beharrean izango da oraingo honetan ere, ikastetxe horretan mamu bat dabilen susmoa sorrarazten dabilena nor den jakin nahi badu behintzat. Pozoitzeko saiakera, guztien bazkarira arratoia botatzen duen esku ezkutua, gas jario hilgarria eta beste tranpa hilgarri askotxo aurkituko ditu bidean, baina berak ez du sekula amore emango.

Bat Soziolinguistika aldizkaria
Batzuen artean
sei
156 orrialde
10 euro

Lanbide heziketa eta euskara

Euskal Soziolinguistika Institutua Sortzenek plazaratzen duen Bat aldizkariaren 51. zenbakian Lanbide heziketa eta euskara izenburutzat duen dosierra landu dute, besteak beste, honako gai hauek aurkeztuz: Euskal Autonomia Erkidegoan arazoa nola dagoen, Lanbide Heziketaren euskal adarrak azken urteotan ikasmaterialgintzaren ikuspegitik izan dituen aurrerapenak, Ipar Euskal Herrian martxan jarri duten Hezkuntek proiektuaren aurkezpena, lan-mundua berreuskalduntzeko oinarrizko urratsa den Goazen egitasmoaren nondik-norakoak, Lanbide Heziketa euskaratzeko borrokaz LABek eta STEE-EILASek diotena, eta Lanbide Heziketako zentro hainbaten esperientziak, ematen den heziketaren kalitatea hizkuntza normalkuntzaren ikuspegitik neurtuz.

Autoeraketa Globalitatean
Batzuen artean
Lanki Ikertegia
35 orrialde

Autoeraketa ekonomikoaren kokapena gaur

Gogoeta eta eztabaidarako aproposa izango delakoan plazaratu dute Lanki Ikertegikoek beren koadernoen sailari hasiera ematen dion alea: Autoeraketa Globalitatean. Autoeraketa ekonomikoaren kokapena egungo munduan izenburua duena. Testu trinko samarra du, abstrakzio maila baten bila joan direlako, batetik, eta berau labur azaldu nahi izan dutelako, bestetik. Ukitzen dituzten gaien artean, Continuun izaera eta gamak, erantzunen dibertsitatea, demokraziaren paradigmak, autoeraketaren gizarte-proiektuaren norabidea, gizabanakoaren eta komunitatearen arteko oreka artikulatzeko potentziala, garapenerako tresna izatekoa, eta interkooperaziorako potentziala daude.

Betizuok jolasteko!
Bazuen artean
EITB, Ibaizabal
24 orrialde
5,49 euro

Bospasei urteko neska-mutikoei eskainitako lana

Ibaizabal argitaletxeak Baleuko ekoizpen etxearekin eta EITBrekin elkarlanean plazaratutako bilduma dugu BetiZu paperak. Oraingoan aurkezten dugun liburuxka bospasei urte dituzten neska-mutikoei zuzendua dago, eta euskal telebistako Betizu programan oso ezagun egin diren pertsonaiak dauzka protagonista: Betizu, Eme-U, Betisuis, unibertsolariak.... Hala, haurrek beraiekin jolastu eta aldian-aldian irudiak marraztu ditzakete. Koloreak, zenbakiak eta beste ezberdintzen ikasteko oso aproposa.

Zatoz
lehenbailehen!
Enkarni Genua, Jesús Lucas
Erein
47 orrialde
8 euro

Anek ume txiki bat ekartzea nahi du

Erein argitaletxeak zortzi-hamar urte bitarteko haurrei begira daukan Mandolina sailean plazaratutako Zatoz lehenbailehen! kontakizuna Enkarni Genuak sortu eta Jesús Lucasek marraztutakoa da. Kosta ahala kosta ahizpa edo anaia txiki bat ekartzea nahi lukeen neskato baten gorabeherak azaltzen ditu. Ikasgelako mutilik harroputzenari bere gurasoek urtebetetzerako ume txiki bat ekartzea agindu diotela entzun orduko, etxean eskaera bera egitea erabakitzen du Anek. Ama agertzen zaio aurrena, eta hari eskatzen dio, aurretik lasai egoteko azpimarratuz, umea ekartzeagatik ez lukeela lan gehiagorik izango. Ane prest baitago hura zaintzeko, haur-oihala ere aldatuko lioke! Hori entzutean, ama sutan jarriko zaio, ordea, eta airean bidaliko du Ane bere burua zaintzera eta gela txukuntxera. Halaz guztiz, esperantza ez du guztiz galdu neskatoak, beharbada txintxoa bada, ekarriko diote umea! Baina bere izeba kutunari uste duena agertzen dionean, sutan jartzen dena bestea da, eta mundu guztia bere kontra dagoela irudituko zaio Aneri... Harik eta ahizpa txiki bat ekartzeko paperak osatu beharraren kontua bere gurasoei entzuten dien arte.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan