Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-09-19 -- 1958.zenb

Julen Zabalo ( EHUko irakaslea)

Udazken politikoa datorren urtean erabaki behar diren gai bik markatua dator Euskal Herrian: Europar Batasunaren konstituzioaren erreferenduma, bateko, eta Ibarretxeren plana, besteko. Lehenak ezkerra aktibatuko du, gehienbat; eta bigarrenak, berriz, abertzaletasuna. Gaiok aurretik datoz, eta udazkenak ez ditu erabakiko, baina jarrerak nola eta norantz gorpuzten diren erakutsiko da, ziurrenik.

Alde batetik, Europar Batasunaren konstituzioari buruzko erreferendumak deituko omen dira Espainia eta Frantziako estatuetan, bigarren honetan hain argi ez badago ere. Frantziak, deitzekotan, maiatza-ekaina aldera egingo luke, eta Espainiak, otsaila-martxoa aldera. Udazken honetan, beraz, eragile politiko eta sozialek jarrerak zehaztu beharko dituzte. Orain arte, ezkerrak kontrako balorazioa egin izan du konstituzioaz, baina gauza bat balorazio orokor bat egitea da, eta beste bat erreferendum baten aurrean zer aukera hartu erabakitzea, hemen bestelako kontu batzuk sartzen dira eta: besteek zer egingo duten, bakarrik ez geratzea, irudi publikoa, eta abar.

Euskal Herrian, alderdi estatalistek egin dute, oro har, aldeko balorazioa, nahiz eta Frantziako PS eta Espainiako IUren barruan iritzi kontrajarriak egon. Gainerako eragile sozial eta politiko nagusiek, berriz, kontrako balorazioa egin dute, salbuespen nabaria iragan hauteskundeetan Frantziako Berdeek eduki zuten sustengu abertzalea izanik. Kontrako balorazio argia egin zuten, eta egiten jarraitzen dute, Ezker Abertzaleak eta Ezker Batuak, eta ezetzaren hautua hartuko dutela dirudi. Ez du halakorik egingo, ordea, EAJk, eta EA eta ELA oso kontra agertu dira orain arte, baina ausartuko dira euren militanteei ezetza eskatzera? Interesgarria litzateke orain arte aurkako jarreran egon diren indar horiek jarrera bateratu bat garatzea kontsulta horietarako.

Beste kontsulta ûhipotetikoû batek ere erakarriko du jendearen interesa hurrengo hilabeteotan, EAEn batez ere. Ibarretxeren planaren aurrean iritzi batzuk badoaz definitzen. Esate baterako, Espainiako estatuak argi adierazi du bere ezadostasuna, baina prest omen dago estatutuen erreformari ekiteko. Ezker Abertzaleak, berriz, bat egiten du planaren hitzaurrearekin, baina plana bera partzialtzat jotzen du. Hala ere, guztiz egoki deritzo arazoa konpontzeko planak proposatzen duen tresnari, herri kontsulta urte askotan defendatu duen bidea baita. Bere lorpentzat jotzen duen bide hori, ordea, ez du Ibarretxeren planari mugatu nahi, eta eztabaida orokorra proposatzen du, denen iritziak jaso ahal izateko, eta ondoren kontsultara deitzeko.

Ezker Abertzaleak sustengua eskaintzen du plana subiranotasunaren ildotik abiatuz gero; Espainiak, plana erretiraturik, negoziazioa eskaintzen du estatutuaren erreformaren ildotik. Hortxe gakoa, EAJk, batik bat, erabaki behar duena: transferentziak ala subiranotasuna. Biak, esango luke askok, baina ez dirudi posible denik.

Zer egingo du EAJk? Mundu erdi ezkutu horretan ildo bien aldekoak omen daude. Batzuek gustura hondoratuko lukete Ibarretxeren plana transferentzia batzuren eta PSOEren laguntasunaren truke; besteek oraingoan zerbait gehiago behar dela uste dute, baina horretarako indar handiagoa behar dute. Egoera argitu bitartean, alde biek presionatzen dute, baina aparatoa bere bidea egiten ari da. Erabat eten zuen, esate baterako, ezker abertzalearen hautetsien arazoa konpontzeko bidea izan zitekeen Lizartzako eredua, eta behin eta berriro errepikatu du ez duela inolako asmorik ezker abertzalearen sustengua bilatzeko. Plana hauteskundeetan aurkezteko tresna egokia erakutsi da, baina inoiz erabaki beharko du EAJk zer egin benetan proiektu horrekin. Zalantza eta erabaki behar horiek dira udazkenean argituz joango direnak.

Iñaki Barcena

Irteera. Duela urte batzuk, seguru aski Abiadura Handiko Trenaren proiektuaren aldeko argudio berri bat emateko gogoz, Eusko Jaurlaritzako agintariren batek, egunero hiru hiriburuetako campusen arteko unibertsitarioak garraiatzeko zerbitzu berria eta erosoa izango zela plazaratu zuen.

Egitasmo honen bultzatzaileentzat gaur egun autobusez Gasteiz, Bilbo eta Donostiaren artean eskola egunetan mugitzen diren horiek Euskal Y grekoaren bezero potentzialak bihurtzea ez litzateke txarto, baina horretarako prezioak autobusaren parekoak izan beharko ziren eta Leioako campuseko ûhandiena dudarik gabeû lotura berriak jarri beharko ziren, aspalditik hauteskunde bezperatan aipatzen diren horiek, alegia. Balizko lar, sinesgarritzat jotzeko.

Unibertsitarioek, 100.000 inguru Euskal Herrian, trenaren beharra dugu, aldiz oraintxe dugun garraio sistemarekin oso gutxi dira trenaren bitartez, garraiobide ekologikoenez eta sozialki errentagarrienez hain zuzen, eskola eta fakultatera abiatzen direnak. Autobusaz aparte, automobila da nagusi euskal unibertsitarioen erabileran, gizarteko beste alorretan bezala eta Y grekoak ez du panorama hori aldatzeko betarik ematen.

Hurrengo geltokia. Pare bat aldiz unibertsitate publiko eta pribatuetako errektore jaunak, Alvaro Amann garraio sailburuaren deiari berehala positiboki erantzuteko prest egon dira, Euskal Y proiektuaren defentsan. Gizarte legitimazio faltan egonik, antza, asko baitira, bertoko gehiengo sindikala (ELA, LAB, EHNE, HIRUà) barne, AHTren inpaktu sozial eta ekologikoen aurka tren sozial baten aldeko kritika eraikitzen ari direnak, errektoreek instituzioen arteko gobernarien adostasuna antzeztu dute, kontutan hartu gabe AHTren inguruko desadostasunak eta legitimazio hutsuneak Eusko Jaurlaritzan bertan hasten direla, Intxaurraga eta Madrazoren eskutik.

Kezkagarria da benetan, EHUko kasuan bereziki errektore berriaren jokabidea, unibertsitate talde batek Y grekoaren gaineko ikerketa ekonomiko-sozial sakon baten ostean egitasmo horren aitzakiak kritikatuz garraio politikan irizpide alternatibo eta sostengarriagoak eskatu dituenean. Noren izenean eta zeren defentsan hitz egiten dute errektore jaun hauek?

Ez al dira konturatu Y proiektu hau atzerapen, gezur eta ukazioz beterik datorrela? Edo prest al daude kritika eta irregulartasun guztien gainetik Gasteizko gobernuari zerbitzu politiko interesatu bat egiteko? Proiektu publikoen eztabaida arrazionala demokraziaren funts nagusienetariko bat dugu, beraz eztabaida zein informazio libre eta publikoa premiazkoa da eta AHTren egitasmoak bere baitan akats nabarmen hori darama. EHUko errektore jaunak bere instituzioko ikerlariei entzun ote die zenbat oztopo eta zailtasun izan dituzten Y grekoaren inguruan publikoak "izan behar" diren datu eta dokumentuak eskuratzeko?

Helmuga. Unibertsitateko historiagileengandik ikasi dugu pasa den mendearen hasieran Euskal Herrian tren sare ereduzko bat zegoela. Orain baino trenbide kilometro askoz gehiago zeuzkana, halaber, automobila ekonomiaren funtsezko atala bihurtu zenetik, urtez urte geltoki eta bidaiariak galdu dituena. Une honetan, zailtasun eta traba administratibo ugariren gainetik, gobernu autonomikoak inongo aukerarik ematen ez duenean AHTren proiektuari kritika egiteko eta eztabaida publikoak bultzatu beharrean sistematikoki ukatu egiten dituenean, unibertsitarioen eginbeharra Euskal Y grekoa eta tren sozialaren arteko desadostasunak non diren eta haien irizpide zientifiko-teknikoak gizarteratzea izango litzateke, nire aburuz.

Azterketa eta ebaluazio geologikoak, energetikoak, urbanistikoak, soziologikoak, ekologikoak eta abar dira behar ditugunak eta horretantxe unibertsitarioek zer ematea baitaukate, ezerezaren truke. Hor datza unibertsitarioen aldeko erronka trenaren alde!

Xabier Barandiaran

Urte politiko hau Ibarretxeren egitasmoak markatuko du. Zapateroren gobernu berriak, PPren Espainiako aberrigintza konstituzionalak areagotutako krisiari irtenbidea eman asmoz, kataluniarren eta andaluziarren mugetan egingo dio aurre estatu ereduaren eztabaidari. Presarik gabe. Lehenengo EAEn zer gertatzen den ikusiko dute sozialistek. Espainiako subjektu konstituzionala kasik ezertan aldatu gabe, Espainiaren eredu berri bat posible dela aldarrikatuz, "Euskadi posiblea" eskaintzen ari zaio PSOE EAJri. Ibarretxek bere horretan jarraitzen du ordea, eta EAJko lidergoa duenez, ikusi egin beharko da noraino iristen den. Gauzak ondo ez doazen heinean, EAJn, estatutu berriaren planteamendua abertzale eta ez abertzaleen arteko ulermen moduren batean kokatu behar denaren ahotsak indarra hartuko du. Batek baino gehiagok Ibarretxe Planaren errebisioa eskatuko du. "Euskadi posiblea" ez onartzearen prezioa isolamentua dela argudiatuko du alderdi sozialistak. Nik uste, urruti dago oraindik estatutu berriaren izenean alderdi sozialistak lidergoa hartu dezakeen unea; EAEn benetako lidergoa hartzea eta Espainiako soberaniaren aitortza kasik uztartu ezinak direlako. Baina, ahal duten neurrian, Ibarretxek ekiniko bideari oztopoak jarriko dizkiote; ez bakarrik Madriletik baita tradizionalki euskaldunen alde egin duten kataluniarren konplizitatea bilatuz ere. Min handia egin dezake alderdi sozialistaren paretak. Pareta hori euskal abertzaleen arteko eltzea egosten duen faktoreetako bat da.

Ezker Abertzaleak legez aitortzarik ez du, baina soziologikoki duen indarra aprobetxatzen ari da bere ariketa politikoan. ETAk Espainiako estatua baldintzatzeko gaitasunik ez du. Baina EAJ baldintzatzeko aukera guztiak aprobetxatuko ditu; Nazio Eztabaidagunetik normalizazio politikoaren eskaintza garatuko da autodeterminazioaren aldeko indarrak batuz. Batasunak, Eusko Legebiltzarrean Ibarretxe plana bozkatzerako garaian, isolamendu politikoa salbatu eta autodeterminazioaren aldeko prozesu hori lideratzeko duen helburuaren interesen baitan jokatuko du. ETAren garaia agortzear dago, ezeren garantia baino gehiago guztiaren oztopo bilakatu delako. Ezker Abertzaleak Ibarretxe Planaren aurka egiteko argudioen artean Euskal Herriaren soberaniaren zatiketa aipatzen du. Baina oinarrian, beste arazo bat ere bada; Ezker Abertzaleak ez du ikusten egungo arau-bidearen baldintzetan nola lortu daitekeen Euskal Herriaren nazio eraikuntza ûhori da Aralarri egozten zaion kritika nagusiaû. ETAren borroka ordezkatu behar bada Espainiarekiko haustura estrategia jarraituko duen herri dinamika eraginkorrago bat sortzeko izan dadila. Beraz, Ezker Abertzalearen apustuak abertzaleen arteko batasunean oinarritutako gizarte mugimendu zabal batetara apuntatzen du; ezinbestean estatuarekin haustura planteatzen duen estrategiaren bidez. Oraingoz, hortik Ibarretxeren egitasmora alde handia dago. Ibarretxek, ETA hor dagoen bitartean, Ezker Abertzalearekin inolako adostasunik ez dela izango adierazi du. Baina Ezker Abertzaleari, Ibarretxeren egitasmoa estatuari desafio egiten dion neurrian zaio baliagarri; eta egiten ez dion neurrian ez. Ezker Abertzaleari ere, egungo baldintzetan, denbora politikoa agortzen ari zaio; EAJ bere lurretara eramateko dauzkan aukerak ez dira handiak. Eta erakundeetatik kanpo hotz handia egiten du.

EAJ eta Ezker Abertzalearen arteko lankidetza oztopatzen duena ez da soilik ETA, soberaniaren ikuspegi ezberdina edota euskal aberrigintza lideratzeko lehia ere bai. EAJren aberrigintza ereduaren eta Ezker Abertzalearen aberrigintza ereduaren arteko distantzia handia da oraindik. Azterketa ezberdina da EAJren baitako ikuspegi ezberdinak kontutan hartzen baditugu. EAJko sektorerik soberanistenak ere nazio eraikuntzaren prozesua, erritmo eta neurriak Ezker Abertzalearekiko ezberdin ikusten ditu. EAJko ikuspegi hau dutenek, hala ere, Ibarretxe Planaren garapena abertzaleen erdigune moduan hartuta, Ezker Abertzalearekiko lankidetzaren emaitzetan konfidantza gehiago dute indar konstituzionalistekiko lankidetzaren emaitzetan baino. Baina EAJko zuzendaritzaren gehiengoaren ikuspegia beste bat da: ez dute ikusten lan komun horren bidez egitura politiko berri bat nola osatu daitekeen indar konstituzionalistekin adostasunetara iritsi gabe; eta Ibarretxeren egitasmoa, orain planteatuta dagoen moduan, oztopo bilakatu daiteke, adostasun horretarako.

Ibarretxek, egoera polarizatu batean gizartearen babesa eskuratu zuen; erabakimena euskal hiritarren eskuetan egotearen eta jokabide demokratikoaren aldeko apustuarekin. Baina orain ûhauteskundeetara iritsi bitartean, behintzatû gizarte politikoa du aurrean. Gizarte politiko horrek bi pintza moeta egiten dizkio. Alde batetik alderdi sozialistaren eta Ezker Abertzalearen pintza; pintza horrek EAJn ere tentsioa sortu lezake ordea; batzuk Ibarretxeren oraingo egitasmoan sinesmena duten bitartean, besteek, oraingo baldintzetan, sinesmen gutxiago dute. Ibarretxek alderdian egoera konplexua badu, hirukoa osatzen duten alderdien arteko harremanek bidea ez diote erraztuko; etorkizunean lankidetza iragartzea ez da zaila; batzuei beste erremediorik geratzen ez zaielako; baina horrenbeste jokabide desleial ez da ikusi hain metro gutxitan azken urteetan.

Eszenatoki honetan, zentralitate politikoari bukaeraraino eustea ez da erraza izango. Momentuz, Ibarretxek Eusko Legebiltzarra bilakatu du eztabaida politikoaren erdigune; ez da gutxi. Agian, denok espero dugun konponbide politikoa ez dator guk nahi bezain azkar, baina etorkizunak erakutsiko du Euskal Herrian konponbide politikorik ez dagoela hiritarren erabakitzeko gaitasun eskubide demokratikoaren oinarritik kanpo. Hori demokratikoki lortzen den bitartean, auzi politikoaren eztabaida, oraindik erabat ez, baina geroz eta parametro demokratikoagoetan burutzen ari da. Horretan Ibarretxek zerikusi handia izan du.

Tere Irastortza

Iztuetak deskribatzen zuen eremua bezalakoa zen euskal literaturarena: otadi mardul, txilardi zabal, isasti handi. Gainerakoa eremu latz. Garai hartan, Txomin Agirreren Garoaren ostean euskaraz irakurri nuen hurrengo nobelak Elsa Scheleen izena zuen.

Ordurako, jakina, Txillardegik bide luzea egina zeukan. Batetik euskara ikastea erabaki zuelako. Bestetik euskaraz bizitzea erabakia zuelako. Euskal literatur historian ardatztzat hartua izan den Leturiaren egunkari ezkutua argitaratua zuen... eta hizkuntzari buruzko hamaika burutapen eta lanetara murgildua ere bazen, nik ez banekien ere. Harrez gero ere Txillardegi bide urratzaile aparta izan da.

Txillardegi idazle eta hizkuntzalari da. Hizkuntzalaritzan eta beste hainbat alorretan saiakerari euskaraz tinko heldu zion. 60-70eko hamarkadako hizkuntzalari gehienek, eta aurrekoek ere ûR.M. Azkueren Gramatika salbu, akasoû erdara erabili ohi zuten hizkuntzaz aritzeko. Txillardegiri esker ikasi genituen euskaraz euskal fonetika eta fonologiak, euskara batuari buruzko hainbat gorabehera. Berak zabaldu zituen soziolinguistikako bideak, beste hainbat bide bezala, eta bera izango zen Euskal Herrian Euskaraz lelopean, euskaltzaletasuna eta lurraldetasunaren kontzeptuen inguruan, abertzaletasunaren praxi politikoan kabitzen ez zen/den errealitate bati bidea irekitzen lehena.

Txillardegi, niretzat, idazle eta hizkuntzalari izan da. Eta oroz gain hitzeko gizona. Hizkuntza eta pentsakeraz hausnartu zuelako, batetik, eta bestetik, hitza bera ekintza bilakatzeko egindako ahaleginengatik. Hitza izan du ekinbide, euskara ekintza. Gure arteko ez balitz, honez gero, idazle engagé horien arteko zerrenda errespetagarri horietako batean sartua izango litzateke.

Hitza ekintzarekin ordezkatu nahi izan duen inguru sozio-politikoan, haatik, garesti ordainarazi nahi izan zaizkio, beti, Txillardegiri, bere hautu politikoak. Urte askoan irakurketa politizatua bakarrik eskaini izan zaio. Irakurketa politizatua: esandakoa estaltzera etorri dena, esan nahi dut, sorkuntz-lanen adiera literalena ere estali duena. Esaten zuela esaten zuela, esaten duela esaten. Batzuentzat gorriegi, besteentzat abertzaleegi. Pentsamendua askatzen asmatu ez duen gizarte honetan, beti norbere posizioak beste baten aurkakotzat bezala definitzen ohitua dagoen herri honetan, debekatua bide dago norberak ez bezala pentsatzen eta sentitzen dutenak estimatzea eta maitatzea; oñaztar eta ganboatarren artean bezala etsaigoa elur malutak baino ugariago dela sinistuta.

Baina, bere garaiak behar zuen literatura, sarri, bete-betean asmatu duen idazlea ere bada, eta ez nuke honetaz ahaztu nahi. Bere nobela bakoitzak pausaleku bat eskaini ohi zion garaiko literaturzaleari. Gerora, egia esan, etorri ziren/dira beste idazle asko, euskal literatura maite dugunon egarria asetzen laguntzen dutenak. Baina, orain bere nobelak berrirakurtzean berriro bere maisutza aldarrikatu nahi dut, ikusten baitut zein garrantzizkoa izan zen hizkuntza-sena ondo garatua zuen idazleen gidaritza euskal literatura modernoaren hasiera haietan eta harrituta geratzen naiz, nabaritzean orain dela 30-40 urte egindako hizkuntza-hautapenak ez direla inolaz ere zaharkitu.

Ez dira zaharkitu Txillardegik planteatutako hainbat galdera eta bide ere. Eta gogoan ditut 1956an Euskera Euskaltzaindiko aldizkariaren orrietan idatzitako Karta idigia hartako bi galderak. Ikur gisara diraute, oraindik ere. «Nork aztertzen ditu antziñako izkribatzalleak?» galdetzen zuen eta geroago esaten "Osakuntza andia bear du euskerak gaurko bizikeran gai izateko".

Bideak urratuak daude, baina saiatu eta erratu, erratu eta ikasi, saiatu eta asmatzen jarraitu beharrean gaude.

Horretan hainbat lanetan bete-betean asmatu izan duelako; asmatu ez badu ere ekin gabeko faltarik ez duelako, Agur eta Ohore, Jose Luis Alvarez Enparantzari, sorlan eta saioaren eremu latzenei lore eta kolore eman dien txilarrari.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan