Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-17 12:24:53
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-09-12 -- 1957.zenb

Jakoba Errekondo


Mendi goietako lautadetako larreetan bazkatzen dabiltza artaldeak, udako beroak edo udazkeneko hotzak belazeak gorritzen dituen arte. Gero semaforoetatik urrun ibiltzen garenon artera, beterrietara jaitsiko dituzte. Urte erdia beheetan, urte erdi zaila: erdiernalditik aurrerakoa, edoskitzaroa edo gaztagintzarako jezteko esnealdia, arkumeak hazi beharra... Artaldeari eusteko mandioak, meta-tantaiak, belar-zuloak eta plastikozko poltsa erraldoiak beteta izan behar. Aro horretan neure lantokiko leiho paretik igarotzen da egunero ardi muturbeltz adardunen taldea, zakur mutur txorrotxa eta artzainaren arteko babesean. Erdi estraperloan, gatzagi naturalarekin egindako gazten ospeari eutsi nahi eta, neguan belardietako jaten kondarrak osatzeko zerbait egin behar... Ukuilu ondoan duen sailtxo dotorean lurra jiratu eta "raygrassa" erein zuen. Ardi mokofinen gustukoa ez, ordea! Harrezkero behi-belarra deitzen dio. Gutxietsitako belarra eta lurra jiratu eta alpapa ereitea hurrengo urratsa. Alpapa kategoriako jatena, kategoria gorenekoa, alegia. Erein bai, baina ernetu ez... Konturatzerako alpapa gozoa behar zuen soroa piper-belarrak hartua, bai mardul gainera... Bere estropozuren bat izango zelakoan, berriro hazi garestia eskuratu, erein eta zain, zehar-begiratuz zelatan... Alfer alferrik! Berriz ere jai! Hor azaltzen zait, artaldearen leihoan artzaina, datorren neguaren beltza kopetan duela. Bere alpaparena azaldu eta auzokoak eraiki berria duen ukuiluaren bueltako luberrian, berriz, dotore etorria dela, dagoenerako bazka ikusgarria duela. Haziaren kalitatea, ongarritarako minda erabili edo ezarena, eta abar... argitu ondoren, alpapa haziak atzera egitearen arrazoien bila atzerago jo behar izan dugu. Alpapa lekadunen Leguminosae familiakoa da. Lekadun jende honek ezaugarri berezi bat badu: airean den nitrogenoa eskuratzen duen bakterio koadrila batekin tratua egiten du eta mantenu truke, mardul beltz hazteko nahitaezko elikagai hau eskuratzen du. Garai batean, urtetan, oilategia izana saila, eta zirina zirinaren gainean nitrogenoz lepo egon lurra eta alpapa eta bere koadrila ezin bizi. Alpapa bezalaxe indaba, ilarra, leka, baba, hirusta zuri eta gorria, pagotxa, itsabalkia... Onena arbia ereitea izango zela erabaki genuen. Lurrean gainezka dagoen nitrogenoaz ederki baliatuko da. Berandu samar bada ere, datorrena datorrela, ardiak gustura asko jango du neguminean burua eskasa izanagatik arbiaren berdea.

Jabier Agirre


Aurreko astean jorratzen hasi ginen txostenak 16 urtetik gorako Espainiako Estatuko populazioa aztertzen du, eta ikerketa horren arabera gure gizarteak duen arazo handienetako bat sedentarismoa da. Gaur egun, 5,9 milioi pertsonak eserita dihardu lanean, beraz, ez du inolako jarduera fisikorik egiten lan orduetan. Ez da hori okerrena, txostenak esan bezala, horietatik askok ez baitu apenas ariketarik egiten bere aisia-denboran ere.
Gero eta usuagoa den obesitatea û10 urteotan gaitz horren eragina %9,1etik %13,7ra igo daû "ezer ez egite" horrek azaltzen du neurri batean, baina baita elikadura desegokiak ere. Helduen artean, ia 2,3 milioik ez du frutarik jaten, 1,2 milioi dira, berriz, beren dietan berdurarik sartzen ez dutenak. Eta, aitzitik, asko ugaldu dira hestebeteak egunero kontsumitzen dituztenak (6,8 milioi pertsona), zer esanik ez, gozoak, mota batekoak nahiz bestekoak, hartzen dituztenak (11,7 milioi).
Tabakoaren kontsumoak, eta baita edari alkoholdunenak ere, behera egiteko joera du gizonezkoen artean, baina goranzko bidea hartu du emakumezkoetan. Ondorioz, nikotina zaleak gutxitu egin dira, %36,2tik %31,2 izateraino, baina hamar urteko epeaz ari garela kontuan hartzen badugu, murrizketa hori ez da aski gainerako faktore negatiboen eraginari aurre egin eta haien kaltea gainditzeko ûgaixotasun kardiobaskularren sorrera gutxitzeko, esate baterakoû.
Osasunarentzako kaltegarri diren ohituren errepasoa amaitzeko, lotan ematen ditugun orduak aztertuko ditugu. Hamar urtean zertxobait behera egin dutela ikusiko dugu: batez beste 7 ordu eta 36 minutu ziren duela 10 urte, eta orain 7 h 24' dira. Baina datu orokorra baino kezkagarriago da jakitea 1,7 milioi pertsona daudela egunean bost ordu (edo gutxiago) lo egiten dutenak. Diru-sarrera gutxi edo ertainak dituztenak, adineko pertsonak, emakumeak (etxeko andreak bereziki) eta Madril, Katalunia, Balearrak, Kanariak eta Euskal Herrian bizi diren pertsonak dira gutxien lo egiten dutenak.
Hurrengo alean arazo honen aurrean administrazioak duen jarrera.

Joxerra Aizpurua


Espazioko etxea Hego Poloan

Zaila da etorkizunean eraikuntzek zer forma izango duten jakitea, baina zientzia fikziozko filmetan proposamen batzuk azaltzen badira ere, Espazio-Agentzia Europarrak (ESA) planteatutako ideiak, errealitate bihurtzeko aukera asko du. Hain zuzen ere, Antarktikoan lanean arituko diren ikerlari alemaniarrak diseinu berriko etxeetan bizitzen lehenak izan daitezke.
Etxe hauen itxura (SpaceHouse) ontzi hegalari batena da eta karbono zuntzez indartutako plastikoa (CFRP) du oinarrizko materiala. ESAk material hau espazio-ontzietan erabiltzen du, baina etxeetan erabiltzeko ideia 1999. urtean Turkiako Izmir-en gertatu lurrikararen ondorioa da.
Nahiz eta materiala oso arina izan, Richter eskalan 7 graduko lurrikara bat jasateko gai da, baita orduko 220 kilometroko haize-boladak eta 3 metro arteko uholdeak ere.
Alemanak izan dira proiektu honetan interes handiena erakutsi dutenak, hain zuzen 2008rako Antarktikoan Neumayer III deituriko egoitza eraiki behar baitute.


Beroaldi gero eta gogorragoak

National Center for Atmospheric Research (NCAR) erakundearen arabera, Ipar Amerikan eta Europan gero eta bero-bolada bortitzagoak eta iraunkorragoak gertatuko dira.
Gerald Meehl eta Claudia Tebaldi ikerlariek igaro berri diren hamarkadak (1961-1990) eta etorriko direnak (2080-2099) alderatu zituzten, sufrezko aerosolen eta berotegi-efektua sortzen duten gasen eboluzioa aztertuz, AEBetan eta Europan. Zientzialariek erabilitako hipotesian agintariek gasen egungo isuri-kantitatea mugatzeko ez dutela ezer ere egingo aurreikusten da. Beren azterketan emaitza-gama bat eskaintzen da eredu desberdinen arabera eta gama horretan unerik kritikoenetakoa hainbat gauetan tenperaturak freskatzen ez direnean gertatzen da. Ildo horretan AEBetako hegoaldean eta mendebaldean eta Mediterraneoan gaueko tenperatura minimoak 3º hazteko aukera handia omen dago. Bero-boladak %25 haziko lirateke Chicagon eta %31 Parisen; egun Chicagon bero-boladek 5,39tik 8,85ra egun irauten badute, etorkizunean 8,5 eta 9,24 egun-tartekoak izango dira eta Parisen 8,33-12,69 tartetik 11,39-17,04 tartera igaroko dira.


Zoe robota lanerako prest

Carnegie Mellon University-ko ikerlariek diseinatu berri duten robota Txileko Atacama basamortuan frogatuko dute. Fase hau hiru urteko proiektu baten bigarrena da eta helburua egunen batean Martitzen bizia bilatzeko robot egokiak sortzeko datuak biltzea da. Proiektu hau 2003an hasi zen, Atacamara eguzki energiaz higitzen zen Hyperion robota eraman zenean. Zoe lehen robot horren eboluzio bat da eta bi hilabetetan 50 kilometro egin beharko ditu era autonomoan.
Gure planetan biziak dituen mugen inguruko aurkikuntzak egitea itxaro da eta aldi berean etorkizuneko espazio-misiotan aplikagarri izan daitekeen teknologia sortzea.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan