Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-08 16:30:26
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-09-12 -- 1957.zenb

Katixa Garate


Euskal literaturaren atzerriko itzulia

gero eta ekimen gehiago dago euskal literatur lanak beste hizkuntzetara itzultzeko. Azkena Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak Zaragozako Tarazonako Itzultzaile Etxearekin abiatu duen itzulpen mintegia. Helburu bi ditu: jatorrizko hizkuntzatik, euskaratik alegia, euskal literatur lanak beste hizkuntzetara itzultzea ûaskotan gaztelaniatik abiatuta itzuli baitiraû eta euskal literatura atzerrian ezagutaraztea. Aurtengoan Pello Lizarralderen Un ange passe - isilaldietan liburuari hasiera ematen dion Un ange passe ipuina itzuliko dute finlandiera, daniera, errusiera eta eta frantses hizkuntzetara oraingoan. Astelehenetik Tarazonan daude idazlea bera, Pello Lizarralde, eta 7 itzultzaile. Jatorrizko ipuina eta lau itzulpenak Cuadernos de Tarazona bilduman argitaratuko dira. Argitalpenaren 2.000 ale banatuko dira atzerriko enbaxada, idazle elkarte eta liburu azoka hainbatetan.


Magoen bilkura Gasteizen

Magia trukuak bertatik bertara ikusteko aukera izango da irailaren 16tik 19ra Gasteizen. Ikusleentzako hamaika saio izango da. Jean Philippe mago frantsesak globoekin truku ugari egingo ditu haurrentzako saioan. Kartak erabiliko dituzte Carlos Vaquerak eta Miguel Gómezek ikusleak liluratzeko. Merpinek besoa puskatu edo begia aterako ditu jendaurrean eta Jammes Dimmarek usoekin egingo du saioa. Emanaldiez gain, hainbat konferentzia eta hitzalditan parte hartuko dute Gasteizen bilduko diren 300dik gora mago profesional eta zaletuek.


Kaleko musikarien txanda

Herri Jaietako doinuak, bertakoak nahiz atzerrikoak, izango dira protagonista Erandio, Sestao, Leioa, Basauri eta Zornotzan egingo den Musikale jaialdiaren bederatzigarren urtean. Fanfarreak, jazz, funky edota soul doinuak, afrikar erritmoak... gustu guztietarako emanaldiak izango dira, irailaren 17-19 bitartean. Besteren artean, Bilboko gaiteroek, Frantziako Samu et Les Costards laukoteak, Eskoziako Clann An Drummak edota Andaluziako El Combo Crónicok umorea eta musika lagun, Bizkaiko bost herrietako kaleak dantzaraziko dituzte.


Zigilu berria Hondarribin

Musika talde berriek zail izaten dute disko bat grabatzea. Berriak izan ez arren, diskoetxeen merkatuan barneratzeko trabak dituztenek ere antzeko ibiltzen dira. «Zuk zeuk egin» aldarria bere eginda eta zailtasun gehien duten talde horiei babesa ematearren, Psilocybina diskoetxea sortu du Psilocybe Hondarribiko musika taldeen elkarteak. Hasteko, diskoetxe berriaren eta taldeen artean ordainduko dituzte diskoaren grabaketa gastuak, nahiz eta aurrerago Psilocybeko kideek jarritako diruarekin finantzatuko dituen Psilocybinak diskoen grabaketa gastuak. Berme legala eskainiko du eta diskoen banaketaz arduratuko da. Hondarribiko elkarteak duen eraikinean estudio bat jarriko dute aurki eta azaroan lanean hasiko dira Blood Seekersen maketarekin, Zuraren diskoarekin eta Psilocyberen X. urteurrenaren kontzertuko DVDarekin.


Badator Zinemaldia

Urteroko zitari hutsik egin gabe, irailaren 17tik 25era egingo da Donostiako Nazioarteko Zinemaldia. Sail ofizialean, Zabaltegin eta Horizontes Latinosen eskainiko diren filmez gain, hiru atzera begirako izango dira. Anthony Manni eskainiko zaio bat eta Woody Alleni bigarrena. Allenek jasoko du, hain zuzen ere, aurtengo Donostia errekonozimendu saria, Annette Bening eta Jeff Bridgesekin batera. Incorrects goiburupean, gizarte ordenari kritika egin dioten filmak eskainiko dituzte (Ivan Zuluetaren Arrebato, Buñuelen LÆAge dÆOr, Todd Solondzen Happiness...) hirugarren atzera begirako interesgarrian. Euskal Zinemaren Egunean (irailak 21), besteak beste, Glup animazio filma, El Coche de Pedales, Gracia Querejetaren Héctor proiektatuko dituzte. Aurtengo Ama Lur saria Luis de Pablo musika konpositoreari emango diote eta Alicia Produce ekoiztetxeak jasoko du urteko ekoizpen ausartenaren IBAIA saria Euskal pilota, larrua harriaren kontra filmagatik. Euskarazko laburmetraia onenak BERRIA saria jasoko du egun berean. Ea aurki euskarazko film onenaren saria sortzeko aukerak dauden.
* * * * * * * * * * * *

Antzinako musikaz gozatzeko proposamen ugari ditugu egunotan. Larunbata arte Lizarrako eta Gasteizko Antzinako Musikaren Asteek kontzertu eta hitzaldiak eskainiko dituzte. Irailaren 4tik, larunbatero eta 25era arte, kontzertuak izango dira Zumarragako Antioko XXI. Musikaldian, non XII. mendetik XX. menderarteko musika intrepretatuko duten. Irailaren 14ra arte Musika Itsasaldearen 45. ekitaldia egingo da Lapurdin. 13 kontzertu izango dira guztira eta XVIII. mendeko konposizioak izango dira nagusi.

Arrasateko agiri historikoak kaltetuta. Udako oporraldian Arrasateko udal artxiboa itxita zegoela, testu historiko andana hondatu zituen 40 zentimetroraino igo zen urak. Oraindik ez dakite udal arduradunek ura nola sartu zen bertara. Hondamendia handia izan da, XIII. mendetik XIX. mendera arteko dokumentu baliotsu ugari zeuden-eta bertan. Alfontso X.a Jakintsuak 1360an emandako hiri agiria nahiz Arrasatek Gipuzkoako korrejidorearekin zituen zorrak kitatuak zeudela jakinarazten zuena. Blai dauden dokumentuak izoztu egin dituzte, lizundu ez daitezen eta hain bustiak ez daudenak lehortzeko ahaleginak egiten ari da Udala. Halakoak saihesteko, artxiboaren kudeaketarako eta segurtasunerako protokoloa abiatuko du.

Film usaintsuak ikusi ahal izango dituzte datorren urtean Vienako Imax aretora doazen ikusleek. Filmak hiru dimentsiotan eskaintzeaz gainera, efektu usaintsuak egingo dituzte konputagailu bitartez.


Erramun Martikorena kantariak agertokiak utziko dituela adierazi du. Azaroaren 11n emango du azken kontzertua Bartzelonan. Familiarekin eta laborantzan denbora gehiago emango du hemendik aurrera.

Bambulo, Mikel Valverdek marraztu eta Bernardo Atxagak sortutako txakurra oinarri duen 26 ataleko animaziozko telesaila prestatzen ari dira Dibulitoon Studio, Lotura Films eta Marlou Films ekoiztetxeak, EITBren laguntzaz.

Kepa Junkera trikitilariak folklore disko onenaren Grammy Latino saria eskuratu du K zuzeneko diskoagatik. Iaz ere izendatua izan zen Junkera sari honetarako eta aurtengoan bere egin du saria.

Blamik erakusketa paratu du Donostiako Arteko galerian. Marrazkiak, graffitiak eta objektu bereziak ikus daitezke urriaren 10a bitarte. LeviÆs eta Loreak Mendian-entzat egin du lan Jose Antonio Iglesias Blamik.

Kanpingags antzerki taldeak Por los pelos estreinatuko du Barakaldon, irailaren 10ean. Pere Planellak zuzenduko du û1987an obra bera zuzendu zuen beste talde batekinû eta Ainhoa Aierbe eta Joseba Apaolaza izango dira taula gainean, besteak beste.

Karmele Jaio kazetariak hil honetan argitaratuko du bere lehen liburua Elkar argitaletxearekin: Hamabost zauri. Hamabost narrazio urbano eta errealistez osatua dago.

Joxi Ubedak (Bide Ertzean) esanak Deiari: «Arrakasta baino, kezkatzen nauena da ez ote garen fase batean sartu non euskal musika agian ez den, gure garaian izan zen bezela, erreferentzi bat gazteentzat. Iruditzen zait euskal gazteria gure garaian baino gehiago kultura masiboan ari dela murgiltzen».

Mikel Jauregi Vienako Operako dantzaria El Paísen: «Koreografiari errespetu handia diot. Mundu guztiak sortu egin nahi duen unean bizi gara eta zabor ugari dago. Egunen batean koreografiak egitera iristen banaiz, sentitzen dudalako izango da, ideia bat izan eta egiteko beharra dudalako».

Alfonso Sastrek hauxe zioen Artezen: «Ez dakit kritika gaixo dagoen, baina bai inori ez zaizkiola interesatzen kritikariek egunkarietan esaten dituztenak. Eta hori ez da ona dramaren bizitasunarentzat».

Eriz magoak adierazpenok egin zizkion Berriari: «Euskal Herrian gehien bat umeentzako programatzen dira magia ekitaldiak. Hori nire ustez akats bat da. Izan ere, magia gehiago da helduentzako zerbait».

hemeroteka

1956. zenbakia | 2004-09-05
1955. zenbakia | 2004-08-01

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan