Mikel Garcia
Hasieratik Siestarekin lan egin ostean, azken diskorako diskoetxez aldatu duzue.
MIKEL AGUIRRE: Beti lan prozesu bera jarraitzeko mekanika hartua genuen eta nekatuta ginen, aldatzeko gogoz. Ez dugu ondoegi bukatu Siestarekin, taldearen sorreran zati garrantzitsua izan direla uste baitzuten, baina gu beti izan gara talde sendoa konpainiatik at, lan harremana baino ez da izan guretzat. Orain, zorte handia izan dugu Sinnamon Records topatuta, oso ondo zaintzen gaituztelako eta guk bilatzen genuena delako: ez da soilik dirua helburu duen multinazionala eta ez da Siesta bezain txikia.
Biran ere esperientzia berria izan duzue: Et Incarnatus orkestrarekin aritu zarete. Zer moduzko esperientzia izan da?
PEDRO SAN MARTIN: Bikaina. 26 lagunekin bira egitea erronka gogorra da eta oso ondo atera zaigu. Erantzukizuna eta esfortzua handia izan da, baina jendeak erantzun egin du, halako emanaldiak eskaintzeko gauza garela erakutsi dugu eta pozgarria da hori. Ilusioa berritzea garrantzitsua da: oraingoan orkestra batekin jo dugu, hurrengoan zeinek daki...
Hala ere, zuzeneko makal samarra duzuela esan ohi dute musika adituek.
M.A.: Bai, ez gara zuzeneko taldea, badakigu, baina aurten asko hobetu dugu. Dena eman dugu eta sakrifizio handia izan da, baina merezi izan du: jendeak gozatu egin du eta kritika onak izan ditugu. Bira guztiz arrakastatsua izan da. Bartzelonan, esaterako, seigarren aldiz jo dugu urte berean eta antzoki nagusia beteta zegoen, ez zegoenn leku bat ere libre. Aurreko birekiko entzule kopurua bikoiztu dugu. Tekniko kopurua ere handiagoa izan da: zaila da 26 lagun batera mugitzea baina lortu dugu eta oso polita izan da gure istorioa besteekin partekatzea.
Laguntasunak garrantzi handia du taldean.
P.S.: Dudarik gabe. Hori gabe honek ez luke aurrera egingo.
M.A.: Gauza on eta txarren 15 urteko hartu-emanak lotura estuak sortzen ditu, ezinbestean. Mota guztietako egoerak gainditzen jakin izan dugu. Laguntasuna da gure taldeko diamantea, energia ematen diguna eta hori kanpotik sumatzen da. Talde gutxik daramatzate 15 urte, sei pertsona elkarrekin eta gainera musikatik bizi gabe. Taula gainean ez gara lau esaldirekin ikusleria pozik uzten duen ohiko taldea, natural jokatzen dugu eta funtzionatzeko berezko modua dugu, gertukoa.
Sasoi ona bizi duzue. Musikatik bizitzea gustatuko litzaizueke?
M.A.: Hori hurrengo pausoa izango litzateke, baina oso zaila ikusten dut, norberak bere familia eta laneko ardurak dituelako eta sakrifizio handia delako. Kontuak ateratzean zenbakiek esango digute musikatik bakarrik bizi gaitezkeen ala ez. Dena den, ekonomia albo batera utziz, musikalki sendotu gara, komunikabideetan azkenaldian errespetuz hartzen gaituzte eta ez hasiberriak bezala. Une hau luxua da guretzako. Musikaren mundua oso gaizki dagoela badakigu eta zorte handia izan dugu egin dugun biran eta disko berrian inbertitu duen diskoetxea topatuta.
P.S.: 15 urteren ondoren, unerik onena orain dugula ikustea ederra da, horrek bide bat egin dugula eta oraindik igotzen jarraitu dezakegula erakusten baitigu. Gauzak pixkanaka lortu ditugu eta duela zazpi urte galdetuz gero, gailurra jo genuela erantzungo genuke, Frantzian oso une goxoa bizi izan baikenuen. Beraz, karrerako une onena hau da baina oraingoz bakarrik, ea etorkizunean... Hurrengo diskorako abiapuntua sendoa da, jada ez dugu lehen bezala disko bakoitzarekin zer emateko gauza garen frogatzen ibili beharrik. Musikatik bizitzea ez da helmuga, ondorioa baizik.
Lau konpositore zarete taldean. Errazagoa ala zailagoa da hainbaten artean musika egitea?
M.A.: Egia esan, ideiak bateratu egiten ditugu eta azkenean mundu guztiak eragiten du. Ez taldeak bakarrik, baita teknikoek, moldatzaileek eta abarrek ere. Eskuz esku doa eta oso talde demokratikoa gara, egile eskubideak denonak dira eta talde solidarioa izaten saiatzen gara, lider bat izatea gerora okerragoa baita. Urte asko eman ditugu lokalean entseatzen eta batera lan egiten ikasi dugu.
Zuen estiloa zaila da definitzen.
M.A.: Berezko soinua daukagu. Ezer asmatzen ez duen popa da, baina jotzen duen jendeak eta abestiak interpretatzeko erak asko eragiten du. Zeren antza duen? Ez nuke jakingo esaten. Ez dago ezeren antzeko izateko nahirik, alderantziz: gure soinuarekiko leial izan nahi du, baina errepikatu gabe. Gero eta ezeren antza gutxiago dugu.
Eta zer adierazi nahi duzue abestien bidez?
M.A.: Bakardadean entzuteko diskoak egiten ditugu normalean. Hausnarketa eta une intimoa bilatzen duten kantuak dira; bizitzeko eta bizitza sentitzeko modu itxaropentsua eta baikorra izan nahi dute.
Benetan? Nahiko abesti tristeak dirudite.
M.A.: Ez dut uste tristeak direnik. New Order taldeak ere, adibidez, soinu tristea du, baina baikorra da. Lur jota uzten ez zaituen tristura da.
P.S.: Gauzak gaizki ateratzen direnean, txarrean hartu eta arazoetan ito zaitezke edo inflexio puntu bat bila dezakezu aurrera irteteko. Azken aukera hori da proposatu ohi duguna. Dena den, askotan abestiak taldeko kideek bizi ditugun uneen isla izaten dira.
M.A.: La Buena Vidak melodrama jorratzen du abestiak idazteko garaian; maitasuna, bikoteen harremanak eta halakoak. Hala ere, letra baikorrak dira. Lehenengo bi diskoak, esaterako, freskoak dira, ia nerabe garaikoak eta azkeneko diskotik Deja las tiendas desiertas ironikoa edo Lo que dicte el corazón abestia alaiak dira, ilusioa eta giro ona sortzen dute.
Kritikoek talde alternatibotzat zaituztete.
P.S.: Ez dut uste talde arraroa garenik. Musika asko eta oso desberdina ezagutzen dugu eta talde eskuragarria gara. Pixkanaka geroz eta zale gehiago biltzen ari gara.
M.A.: Izatekotan, guk ez beste inork ez gaituelako lagundu har gaitzakete alternatibotzat. Azkenean, lan egin dugunak eta aurrera egin dugunak gu geu izan gara. Konpainia txikiekin lan egin dugu eta gure kabuz ibili gara beti. Musikari dagokionez, ez diogu guk gure buruari etiketarik jarriko, proposamen bat luzatzen dugu eta jendeak balora dezala. Egia da kontzertuetan ez garela momentuko abeslariaren ohiko showen aldekoak, baina horrek ez du esan nahi ez dugunik ezer transmititzen, alderantziz.
P.S.: Kontzertuetan zerbait berezia bilatzen duen entzulearekin bat egiten dugu eta ez betikoaren bila doanarekin.
Nola ikusten duzue etorkizuna?
M.A.: Gauza berriak gaineratzen jarraitzea gustatuko litzaiguke. Jende interesgarriarekin disko interesgarria egin eta Ingalaterran eta Frantzian jo nahi genuke. Musikatik bizitzea da gure ametsa, baina diskoak errentagarriak diren bitartean eta musika munduan jarraitu dezakegun bitartean, pozik gaude.
Hasier Etxeberria / David De Jorge
Osagaiak:
Kg bat azukre
Botila bat cointreau
Litro laurdena ron zahar
Litro laurdena benedictine
4 laranja, puskatan
4 sagar, puskatan
4 banana, xerratan
Mahats mordo eder bat, aletua
2 udare, puskatan
4 aran, hezurrik gabe eta zurituak, puskatan
Meloi erdia, dadotan moztua
3 mertxika, zurituak eta puskatan, naturalak edo almibarrean
2 limoi oso, azalarekin, ataletan moztuak
Gehienok lanera itzuli garen honetako aldapa gorari eusteko, ez dago lagun arteko festa bat baino hoberik. Errezeta honen araberako kopuruak egundainoko oturuntza baterako dira. Bukaera hoberena opa dizuegu guztioi. Eutsi goiari! Beratzen utziko ditugu gai guztiak, betekada baino 24 ordu lehenago, lurrezko tina handi batean edo xanpaina-ontzi izugarri batean edo ahal dugun tokian nahasiak. Fruta ere bestelakoa izan daiteke, merkatuaren eta norberaren gustuen arabera, angurriak, mandarinak, kakiak, eta abarà Koadrilako lehen lagun xaharrak hartu baino lehentxeago, edabe hau erantsiko dugu: 4 botila ardo zuri ûtxakolin on bat ere izan daitekeû; 6 botila cava edo champagne brut, oso hotza; eta izotza, ugari eta koskor loditan.
Biraka nahasi, nahastea dastatu eta parrandan hasiko gara. Errezeta honek badu gauza on bat, goizeko seietarako mokoiloa kristorena da, sekulakoa, eta gosea ere berebizikoa. Jendeak hondoko fruta-puskak jango ditu, beste erremediorik gabe, ahitu egingo baitira ordurako soberan geratu diren pintxoak eta patata tortilla idorra.
Pilar Iparragirre
Zer da 'Lurtarra da begiratua?'
Positibistek zioten erreala den guztia neur daitekeela. Baina hori horrela baldin bada, zertarako behar dugu poesia? Edota, edozein gauza egiteko behar den ilusioa, nola neur daiteke? Gauzarik inportanteena ahaztu zitzaien positibistei. Haietakoren batek liburu hau leituko balu, uste dut anekdotekin geldituko litzatekeela. Niri ere kosta egiten zait zer den azaltzea: esan liteke gertakizun batzuk badaudela bertan, garai baten erretratua ere badagoela; eta hori guztia egia da, baina ez dut uste hori denik nik hemen egin dudan gauzarik inportanteena.
Zeri eman diozu zuk garrantzia, bada?
Ezeren gainetik, liburu hau subjektiboa da ûeta beraz, positibistentzako txarraû. Are gehiago, liburu hau subjektiboa da eta gainera benetakoa. Baina kontuz, horrekin ez dut esan nahi bertan kontatzen den guztia egia denik-eta!
Zer esan nahi duzu horrekin?
Nik inportantzia kontakizunei eman diet, gauzak nola jaso izan ditudanari. Hor dago espiritu erromantikoa, herriaren jakintza jasotzeko ahalegina. Baina horrek ez du esan nahi zeharo sinesten dudanik egi bakarra eta autentikoa gure aitonak esaten zituen horietan dagoenik! Kontua da hark esaten zituenak inportanteak direla sinestea, eta kontu horietan egiaren zati bat egon daitekeela, jakinda kontalari onak ûeta gure aitona kontalari oso ona izan zenû bi ezaugarri dituela: kontu bera askotan kontatzen duela, eta kontalariak berak ere bere aldetik zer edo zer jartzen duela.
Pilar Iparragirre
Lizarrako
euskara
Pello Etxaniz
Altaffaylla
170 orrialde
15 euro
Lizarraldeko euskara aztergai
Pello Etxanizek egindako lan honen izenburu zehatza Lizarrako euskara. Historia de la lengua vasca en Tierra Estella da, eta Lizarraldeko askok eta askok duten uste oker bat zuzentzera dator, euskara inoiz bertan mintzatu ez delakoan edo, izatekotan, historiaurrean izango zelakoan baitaude. Pello Etxanizek baskoien, nafarren eta euskal jendeen euskara aztertzen du lan honetan, Lizarra inguruan mintzatu ziren hizkuntzak kontuan hartuz ûerromatarren latina, frankoen okzitaniera edota gaztelaniaû. Bere helburua, honoko galdera hauei erantzutea da: Noiz desagertu zen Lizarrako euskara? Nolakoa zen? Ba al zuen batuaren antzik? Eta horretarako ez du teorietara jotzen, inork zalantzan jar ez ditzakeen agiriak eskaintzera baizik.
La radio en Alava
Avelino Amoedo Casais
Avelino Amoedo Casais, Eitb
192 orrialde
18 euro
Irratiak Araban egindako bidea eta izandako bilakaera
Avelino Amoedo Casaisen lan honetan irratiak Araban egin duen bidea aztertzen da, 1934an Radio Vitoria martxan jarri zenetik gaur arte. Hemeretzi urte itxaron beharko zuten arabarrek bertatik emititzen zuen beste irrati bat entzun ahal izateko, 1953an Radio Alava sortu zen arte, hain zuzen ere. Eta bi horiekin jarraitu zuten hirurogeita hamarreko hamarkadaren bukaeran, 1979an, maiztasun-modulatuko irrati emisoreen Plangintza Tekniko Behin-behinekoa onartu zen arte. Nolanahi ere, irrati arabarren benetako ugaritasuna laurogeiko hamarkadaren erditik aurrera ezagutu zen. 1986an, denera hamabi irrati zeuden Araban. Hamar urte beranduago, hogeita hemezortzi. Eta iaz, berriz, berrogeita zortzi.
Drakula
Bram Stoker
Gero
120 orrialde 9,50 euro
Drakula euskara errazean
Gero argitaletxearen Noski saila euskaraz literatura irakurtzen hasi nahi duten ikasle gazte eta helduei zuzendua dago. Bertan argitaratutako liburu guztiek, azken orrialdeetan, lan liburuxka bat daramate, eskaintzen den lana eta haren idazlea literaturaren barruan kokatzen eta liburua ulertzen lagungarri, eta hartaz hitz egin eta idazteko baliagarri izan daitekeena. Aitor Aranak euskaratutako Bram Stokerren Drakula XIII. mendean Transilvanian zegoen familia noble bateko seme baten benetako bizitzan oinarritua dago. Gizon ankerra izan omen zen Drakula kondea, eskualdeko neskatxak bere sexu nahietara makurraraztea oso gustuko zuena. Justiziak ez ei zuen haren aurka ezer egiten, ordea, bere aberriaren aldeko askapenean sutsu borrokatu ondoren heroi nazionala zelako.
Oihan txikiko mamuak
Jose Mari Satrustegi
Ibaizabal
55 orrialde
7,80 euro
Zortzi urtetik aurrerakoentzat
Jose Mari Satrustegik idatzi eta Aitziber Alonsok marraztutako ipuinak eskaintzen dizkie Ibaizabal argitaletxeak zortzi urtetik aurreragoko neska-mutikoei Oihan txikiko mamuak liburuan. Oihaneko animalien gorabeherak kontatzen dira bertan, azeria, otsoa edota hartzaren lagun egiteko aukera irakurleen esku jarriz, animalia horien gaiztakerien eta harrokerien berri duten era berean. Jose Mari Satrustegiren azeria maltzurra da, otsoa gosetia eta inozo samarra, eta hartza, berriz, gaztea eta inuxentea. Ipuinak dastatu ondoren, daukaten oroimen maila nolakoa den jakiten jolastu dezakete irakurleek; esate baterako, ea azeriak txori ama jan duen ala ez asmatuz, edo txerriak oporretan Benidormen ote dabiltzan ala putzuan beren buruak garbitzen.
Linterna gorria
Batzuen artean
Bihotz Bakartien Kluba
56 orrialde
Bihotz Bakartien Klubak eskainitako lanak
Literatura Eskolako ekimena da Linterna gorria, Bihotz Bakartien Klubak bultzatutako aldizkaria. Iñigo Aranbarri, Lutxo Egia, Igor Estankona, Leire Bilbao, Julen Gabiria, Lander Garro, Mitxel Sarasketa, Joseba Sarrionaindia, Maite Toledo, Anjel Erro, Juan Luis Zabala, Miren Agur Meabe, Harkaitz Cano, Jon Benito, Juanjo Olasagarre, Rikardo Arregi, Paddy Rekalde, Jon Gerediaga, Unai Elorriaga, Markos Zapiain, Josu Landa edota Iñaki Uriaren literatur ekarmenak plazaratzen ditu, edonork kopiatu, jendaurrean irakurri, lagunei oparitu, irrati libreetan hedatu edo Interneten lasai jar ditzakeela ohartaraziz. Nondik hartu diren aipatzea eskertuko lukete.
Astigar basoa
Endika Zabalza
Txalaparta
74 orrialde
10 euro
Baldorba bailaran aurkitutako bola magikoa
Bederatzi urtetik aurreragokoei zuzendutako istorioa azaltzen du Astigar basoak, Endika Zabalzak sortu eta Federiko Elizetxek marrazki politez hornitu duen liburuak. Nafarroako Baldorba bailaran bizi diren bi lagun ditu protagonista, Amaia eta Eneko. Halako egun batean gorri biziko hiruki txiki bat duen bola urdin ederrarekin egingo dute topo basoan. Oso gustukoa dute, baina laster ohartzen dira bola hori ukitzen duen guztiak kolore urdin bizia hartzen duela. Baita beraien eskuek ere!
Lurtarra da begiratua
Xabier Etxabe
Elkar
224 orrialde 14,65 euro
Atzoko mundu gogor bezain liluragarri hura
Samurtasun osoz kontatzen ditu Xabier Etxabek bere etxekoen eta haien ingurukoen bizipoz eta minak, Lurtarra da begiratua bere lehenengo liburuan, historian hain gertu egoetagatik era berean hain urrun geratu zaigun atzoko mundu gogor bezain liluragarria islatzerakoan. Hiru urte pasa ditu gazte zarauztar honek bere aitona Jexuxen oroitzapenak ardatz dauzkaten kontakizun hauek biltzen, beraien gainean dokumentatzen eta ondorioztatutakoak idazten, koadrilako lagun dituen Martin eta Xabier Etxeberria anaien konplizitatearekin. Hamaika erromeria alaitutako gizona genuen Beote baserriko Jexux soinujolea, baina dena ez da jai izaten inoren bizitzan, eta hortaz askotxo hitz egin zezaketen haren emazteak eta haurrek ere, Lurtarra da begiratuan azaltzen denez. XX. mende hasierako mozkin gutxiko familia handi baten gorabeherak, Jexuxen amaren adorea, baserrian guztiek zeukaten apusturako zaletasuna, gerrak harrapatu zituenekoa, Jexuxen aitak eta anaia gazteak lurperatu behar izan zituzten fusilatutako gazteen kasua, gerra ondorengo bizimoduaren latza, erbestera joan behar izan zuen anaiaren esperientziak...
Eider Garaikoetxea
Zalantza batekin ekin diogu euskal zinemaren historia xume hau idazteari: zer da euskal zinema? Carlos Roldan Los Vascos y el séptimo arteren egileak eman digu erantzuna: "Luze eta zabal hitz egin da honi buruz, definizioa bilatu nahian edo. Eztabaida antzua dela uste dut. Batzuek esaten dute euskaraz eginikoa dela, beste batzuek kadentzia eta erritmo jakina duena... Euskal Herrian ekoitzitakoa da euskal zinema. Hori horrela, esan daiteke euskal zinema 1998. urtetik hilda dagoela. Dena den, Medem eta Bajo Ulloak Madrilen egindako filmak ez dira euskaldunak eta hemen egindakoak bai? Ez dakit, irekiagoak izan behar gara".
Beraz, euskal zinema, industria bezala ulertuta, 80ko hamarkadan jaio zen. Euskaldunen eta zinemaren arteko harremana, ordea, ez da atzo goizekoa. Zinemaren abenturari Europako beste herrikideek abiatutako momentuan ekin zitzaion Euskal Herrian ere. Lumière anaiek 1895 aldera egin zituzten Parisen aurreneko zinema erakustaldiak. Handik urtebetera, izango zuten Biarritzeko biztanleek makina bitxi haren irudi zirraragarriak ikusteko aukera, eta denbora gutxiren buruan, berdin Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Donostian. Ez hori bakarrik, Lumière anaien pelikula eta kamera erabilita, zenbait film errodatu zen Biarritzen, Gasteizen edo Bilbon. XX. mendearen hastapena film mutuen garaia izan zen. Euskal dokumentalaren arteak ere, sasoi honetan ditu erroak. Eusko Ikusgayak izenpean, Manuel Inchaustik euskaraz, gazteleraz eta frantsesez azpi-titulatutako dokumental sorta egin zuen.
Eta soinua tupustean agertu zen. Ordura arte egindako film mutuek hutsaren hurrengo ziruditen aktoreen ahotsa eta soinuak entzun zitezkeen pelikula haien aldean. Eta hara, euskal film batean aurreneko aldiz hitza entzun zenean euskara aditu zen. Maurice Champreuxek zuzendutako Au Pays des Basques-en (1930) euskara zen nagusi. Martxa on hura, baina, 36ko Gerrak eten zuen, bortizki eten ere: euskal zinemaren arrasto eta asmo guztiak ezerezean utzi zituen. Gerora etorri zirenek ere, ez zioten mesederik egingo "euskal" etiketa zuenari. Frankismotik libro zen bederen Iparraldea. Hala, 1947an Eusko Film ekoiztetxea Bidarten zinema-estudio batzuk egiten saiatuko da, arazo ekonomikoak tarteko, baina, bertan behera geratuko da proiektua.
Sona bila, atzerrira
Euskal zinemaren historian etengabea izango den gertakariaren lehen printzak izango dira garai honetan: euskal profesionalen exodoa eta atzerrira irtetea. Kanpora joatearen adibiderik garbiena dugu Harry d'Abbadi d'Arrastena (Buenos Aires, 1897 - Montecarlo, 1968). Familia euskaldun baten magalean jaiotako zinemagileak Charlie Chaplinekin batera egin zuen lan laguntzaile artistiko A woman of Paris filman, eta zuzendari laguntzaile gisa The Gold Rush pelikulan. Bere kasa ere ibili zen zuzendari, eta bost film egin zituen. Juan de Landa ere (Mutriku, 1894-1968) Hollywoodera joan zen artista izan asmoz eta gorriak eta bi ikusi bazituen ere, aktore ezagun bilakatu zen, Buster Keaton bezalakoekin lan eginez. Martine Carolen ibilbidea ere ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula izan, Miarritzen jaiotako aktore ederra, 50eko hamarkadako sexu mitorik garrantzitsuena izan zen eta Lola Montes film bikainaren protagonista.
Atzerrira joandako zinemagileek loria zuten bitartean, Euskal Herrian ez zen giro. 50-60ko hamarkadara arte ez zen nolabaiteko "itzartzea" nabaritu. Donostiako eta Bilboko zinemaldiak jaio ziren garai honetan. Gizarte itogarri hartatik ihes egiteko asmoz, zine klubetan hazi ziren egun zuzendari ezagunak direnak: Elias Querejeta, Victor Erice, Antonio Mercero edo Eloy de la Iglesia.
«Basamortuko lorea»
"Zulo beltzaren ondoko argia" edo "basamortuko lorea" esamoldeak darabiltza Carlos Roldanek Ama Lur film dokumentala hizpide hartzeko. Izan ere, euskal zinema modernoa abiatuko zuen Fernando Larruquertek eta Nestor Basterretxeak 1968an egindako lanak. "Bi zuzendariok tematu ziren film-dokumental berezi hau egiten, euskalduna, euskaldunei buruzkoa eta publikoak ikusiko zuena. Posible zela frogatu zuten" esan digu Roldanek. Ama Lur-ek euskal ekoizpenaren oinarriak ezarri zituen. Gainera, hizkuntza zinematografiko bitxia zerabilen, bertsolarien artean oinarritutakoa. 70eko hamarkada militantzia politikoaren hamarkada izan zen; horrela azaldu digu Carlos Roldanek: "Garaiak hala eskatzen zuelako film politikoak egiten ziren. Horiek ziren balekoak ziren pelikula bakarrak. Zorroztasun horrek zuzendari bikainei eman zien bizkarra. Pio Baroja edo Larruquertek kasu, dokumental etnografikoak egin zituzten eta traidoretzat zituzten, alde batera uzten zituztelako kaleko istiluak. Baina nire ustez, egiten ari zirena iraultzailea zen oso, Francok euskal kulturarekin eta tradizioarekin zerikusia zeukan guztia ezabatu nahi zuelako". Aipatu ukitu militante hori zeukaten makina bat film labur egin ziren garai honetan, nabarmentzeko modukoak dira Ikuska izenpean euskaraz eta euskal gizartearen inguruko 20 film laburrak.
Euskal zinemaren loraldia
Euskal zinemak inoiz dir-dir egin badu, 80-90eko hamarkadetan egin du: inoiz baino film hobeak, inoizko zinemagile kopuru handiena eta aurretik ez zegoen euskal zinemaren industria agertu baitziren garai honetan. Baldintza zenbait izan zen loraldi honetarako, garrantzitsuena, erakundeen babesa. Argi eta garbi agertu digu Roldanek "Eusko Jaurlaritzaren babesa gabe ez zen euskal zinemaren urrezko arorik izango. Gainera, neurri handi batean, 90eko hamarkadan loratu ziren zinemaren profesionalak bultzada horren oinordeko izan ziren, giro positibo harekin hazi baitziren". Izan ere, euskal gobernu osatu berria itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak ematen hasi zen euskal zinema bultzatzeko. Laguntzak jasotzen aurrenekoa izan zen Imanol Uriberen Segoviako ihesa (1981). Hiru urte beranduago, 1984an, euskal zinemaren bi harribitxi estreinatu ziren: Montxo Armendarizen Tasio eta Uriberen Mikelen heriotza.
Gerora Eusko Jaurlaritzak diru-laguntzak jasotzeko gutxieneko baldintzak zehaztu zituen: kanpoko eszena guztiak Euskal Herrian errodatzea, langileen %75 bertokoak izatea eta euskaraz errodatzea edo bestela, euskarazko azpitituluak jartzea. Hortik aurrera, makina bat film egin ziren, horietako asko euskaraz: besteak beste, Hamaseigarrenean aidanez, Ander eta Yul edo Kalabaza tripontzia, marrazki bizidunen euskarazko lehen film luzea. Zinemari atxikitako era guztietako profesional franko ere, garai honetakoak dira: Imanol Arias, Martxelo Rubio edo Klara Badiola aktoreak edo Javier Aguirresarobe eta Juan Antonio Ruiz Anchia argazki zuzendariak. Carlos Roldanek badu zinemagile andana hori zergatik agertu zen azaltzeko arrazoia: "60ko hamarkadan, euskal gizartea oso estututa zegoen: errepresioa ikaragarria zen maila politiko, erlijioso eta sexualean. Eguraldiak ere bazuen eragina: goibel, euritsu... Horrek guztiak gazteak gizarte hertsi hartatik ihes egitera bultzatu zituen eta zinemak ematen zuen horretarako aukera".
90eko hamarkadak aurreko urteko martxa onari eutsi zion, zuzendari labekada berria sortu ere. Julio Medem, Alex de la Iglesia edo Juanma Bajo Ulloaren hastapenak dira hauek. Gehienek Madrilen egin zituzten egin beharrekoak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak txorrota ixteko deliberoa hartuko du, ez da diru-laguntza gehiago izango. Momentu horretan, eta horretarako propio sortutako Euskal Media erakundearen laguntzaz, gobernuak filmen ekoizpenean parte hartuko du. "Loraldia bultzatu zuen gobernu berak lurperatu zuen euskal zinema. Eusko Jaurlaritzak ekoizpenean parte hartzea ez zen hemengo ekoizleen gustuko izan, lehia desleialtzat hartu zuten. Guda giroa piztu zen, gehienak bere kasa hasi ziren lanean, eta horrela bizkarra eman zitzaien talentuzko zinemagile askori eta hainbesteko garrantzia ez zutenei, berriz, lagundu" azaldu digu Roldanek.
Krisirik latzena
"Liburua idatzi nuenean, orain bi urte, itxaronaldi egoeran geundela esan nuen, baina denbora larregi eman dugu itxaroten. Krisiak jota gaude orain, ez atzera ez aurrera" esan digu etsita Carlos Roldanek. Egia bada, gure zinemagileek zinema egiten jarraitu dutela Madrilen eta zenbait kasutan baita Hollywooden ere ûJuan A. Ruiz de Anchia David Mammet eta James Foleyren filmen argazki zuzendaria da, esaterakoû. Espainian, bestalde, errespetua diete hemengo profesionalei; Roldanen hitzetan, "euskaldun mordoa dago Madrilen, ondo lan egindakoaren bermea da euskaldunena". Baina gurean apenas da ezer. "Elkarrizketa egon behar du zinemagile eta erakundeen artean, aldatzeko borondatea behar da ezer baino lehen. Nik, dena den, ez dut borondaterik ikusten. Eusko Jaurlaritzak ez du zulotik ateratzeko ahalmenik" laburbildu digu Roldanek. Eta hauxe gaineratu: "Pena da zeren hemen profesional mordoa dago. Harrobian ez dago krisirik, bai ordea, azpiegitura arloan".