Josemari Velez De Mendizabal
Mila urtetan zehar, giza bizitza zerbaitetaz nabarmendu bada, gizakiak lur azaletik gaizkia ezabatzeko burutu ahalegin jarraikiarengatik izan da. Porrota ere halakoa gertatu da, izanaren eta izan beharko lukeenaren artean diferentzia nabaria eman baita beti. Eta gurpil ero baten antzera, gizarteak iluntasuna ezagutu du argitasunerako egitura eraikitzen ari zela pentsatu duen bakoitzean. Aro, erregimen, nolakotasun eta baldintza guztiak berdintsuak gertatu zaizkio gizadiari bere ezintasunean. Duintasunaren aldeko apustua egin ahal izan duen arren, teorian behintzat, gizakiaren garapen integralari dagokion gutxieneko oinarrian bertan egin du txirrista gizarte zibilizatuak.
Udako oporrak garai egokia suertatzen dira nolabaiteko deskonexioa eragiteko, urte osoan zehar munduko edozein izkinatatik ailegatzen zaigun iluntasunari begira. Balazta jartzen diogu ohiko erritmoari, balazta artifiziala, noski, horma garai baten moduan eraikia, non bere babespean kokatzen dugu geure burua, errealitateari bizkar emanez. Normalean gaizkiaren erasoari aurre egiteko gai ez banaiz, zergatik segitu behar dut etsipena ongarrituz, teorikoki suspertze fisikoari lagungarri gerta dakiokeen unean egonda? Nolanahi ere, beti da zirrikituren bat kanpo presioa helarazten diguna. Oporretan ere, beraz, hankamotz.
Inoiz idatzi dut historia ziklikoa gerta daitekeela. Oxfordeko H. A. L. Fisher irakasleak aspaldi zioen gauza berdintsua, historian erritmo, zentzu eta aukera erregularrak igar daitezkeela azpimarratuz. Bada, aurrekoarekin kontraesanetan sar naitekeen arren, armonia horiek niri askotan zeharo egiten didate ihes, eta ezin dut ikusi porrot bat beste baten atzean baino. Historiako orrialdeetan garapena hizki handiz idatzita badago ere, garapena ez da naturaren legea, eta belaunaldi batean irabazitakoa samur gal daiteke hurrengoan. Giza ideiek bortizkeriara eta suntsipenera eraman gaitzakete. Eta, zoritxarrez, eraman egiten gaituzte, erraz froga daitekeen eran. Baina, beste behin ere adierazi nuen moduan, historiak darakuskigun gauza bakarra zera da, historiak ez diola inori ezer erakusten.
Nioen moduan, ordea, oporretan gure erritmoa aldaraz badezakegu ere munduak hogeita lau ordu ematen ditu bere ardatzaren inguruan bira osoa burutu bitartean. Eta giza kontzientzia zein jarduna beti bezain iratzarria egon ohi dira tarte horretan. Historia gizaki bakar baten borondatez egiten ez den moduan, geure nahia -lasaitasun erosiari buruzkoa- urrun aurki daiteke munduko protagonismotik. Eta zehazkizun txikiek ûsarritan ikusezinekû gertaera historikoak eragin ditzaketen bezalatsu, oporretako eszenatokia bere faltsukerian azal dakiguke, aise asko.
Gizadiak oreka bilatu nahi izan duela? Horixe idatzi dut artikulu honen hasieran. Baina kasu askotan ûbeti ez esatearrenû zientzia garapena moralaren atzetik joan delako mentalitatea azkarrago ibili ohi da moralitatea baino eta, batez ere XX. eta XXI.ean, zibilizazioa dirdiratsuagoa ageri zaigu kultura baino. Poeta hark zioen moduan, bitarteko hobeak ditugu helburu ez hobeago baterako. Garbi? Eta zibilizazio horrek auzo globala sortarazi du baina ez, zoritxarrez, kulturak jaioaraz zezakeen anaiartekotasuna. Auzo globalean gero eta ezezagunagoak, gero eta etsaiagoak. Nahiz eta oporretan egon.
Joxe Mari Auzmendi
Euskal herritarrok bermatuta al daukagu euskararen ezagutza? Galdera horrek erantzun zeharo kontrajarria jasoko du segun eta nor den erantzulea.
Batzuek, azkeneko hamarkadetan euskaraz irakasten eta ikasten eman den aurrerapena izugarria izan dela-eta, egindako galderari baiezkoa erantzungo diote. Beste batzuek, aldiz, Euskal Herrian bizi diren guztiei ez zaiela euskara ikasteko aukera eskaintzen-eta, galdera berari ezezkoarekin erantzungo diote. Galdera berak nola jaso ditzake hain kontrako erantzunak?
Datuetara joz, derrigorrezko ikasketak bukatutakoan ikasleen erdiak lortzen du euskararen maila nahikoa harremanak, ikasketak eta abar normaltasunez izateko. Hau da, 15 edo 16 urteko gaztetxoen artean %50ak ezagutzen du euskara bere bizitzan normaltasunez erabiltzeko moduan.
Euskal Hezkuntzan urrats garrantzitsuak eman dira, baina gehiago eman behar dira, jarraitu egin behar da.
Egungo estatuen osaketa gertatu zenean eta eskolatzea orokortzen hasi, Iparraldean frantsesez eta Hegoaldean gaztelaniaz eskolatu behar izan genuen euskaldunok. Estatuen jarrera itxi haren aurrean Sabino Aranak euskal nazionalismoa errebindikatu zuen, eskakizun hura euskaldunon arrazan oinarritzen zelarik, nagusiki.
Espainiako guda zibilaren aurretik euskarazko irakaskuntza zabaltzeko ahalegintxoren bat egin bazen ere, 60ko hamarkadan hasi zen hezkuntzaren benetako euskalduntzea. Aranismoaren arrazaren defentsa gaindituz, ikastolek euskara eta euskal kultura hedatu zituzten, eta horrekin batera Euskal Herria modu praktikoan ikusten lagundu zuten. Izan ere, 60ko eta 70eko hamarkadetan Euskal Herri osoan joan ziren zabaltzen ikastolak eta horrek euskal lurraldetasuna hizkuntzaren ikuspegitik ageriago utzi zuen.
Hurrengo hamarkadetan ikastolek ereindako irakaskuntza euskaldunaren hazia zabaltzen joan zen gainontzeko eskoletara, eta horrek guztiak lortu ditu goian aipatutako euskalduntze datuak. Urrats handiak eman badira ere, horrek adierazten diguna da derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan ikasleen erdiak bakarrik ezagutzen duela euskara. Adin horretarako, gure ustez, euskara ongi ezagutzea bermatu beharra dago, norberak askatasunez erabaki dezan erabili, ez erabili, noiz, non eta abar; ezagutzen ez duenak ezin baitu erabaki.
Aztertzeko beste arloa edukiarena da. Garrantzi handikoak dira horren inguruan egiten ari diren ikerketak, hausnarketak eta proposamenak. Testu liburuek, orokorrean, gutxi aipatzen dute Euskal Herria; hala erakutsi dute liburu horien gainean egin diren ikerketek. Ikuspegi politikoa da nagusitzen dena, ikuspegi kulturala, soziala edo soziokulturala baztertzen diren bitartean. Horrek guztiak atentzio berezia eskatzen du gure aldetik, eta egoera normalizatzeko bidean urrats berriak ematera gonbidatu.
Ez dezagun ahaztu Euskal Unibertsitatearen esparrua. Euskaraz ikasi ahal izateko ahaleginak egiten ari dira hainbat unibertsitatetan, eta bide batez, pixkanaka, euskal unibertsitatea gauzatzen joateko. Oraindik ere, hutsune handiak daude ikasketen eskaintzan, egituraketanà eta egoera normalizatzeko urrats berriak eman behar direla dakusagu.
Eta zer esan erabiltzen ditugun hitzei buruz? Hitz berak hainbat esanahi hartzen ditu askotan. Zertaz ari gara Euskal Hezkuntza Sistemari buruz ari garenean? Ona litzateke gure artean esanahiak adostea hobeto uler gaitezen.
Emandako eta eman beharreko urrats batzuk aipatu badira ere, batek garrantzi berezia du. Ikastolek, ikastetxe taldeek, gurasoek, langileek, ikasleek eta abarrek Herri bezala jokatzeko agertzen duten nahia. Gogo horri behar bezala erantzun nahiko bagenio, urrats berriak eman beharko genituzke. Horretarako, egoki izan liteke Herri ikuspegia dugun guztiok elkartu eta asmo hori gorpuzten jarraitzeko urrats berriak adostea, Euskal Herriak Herri gisa bere hezkuntza gara dezan. Ez al litzateke izango munduari egin diezaiokegun ekarpen kulturalik aberatsena?
Jokin Bildarratz
Aurtengo oporretan Pirinioetako gailurra egin dut. Lehen eguzki printzekin Mahoma pasoa gainditu ondoren isiltasuna eta harmonia dira nagusi zeru ondoan. Dena sumatzen da hemen beharrezkoa: egunsentia, hotza, haizea, harkaitz soil eta erraldoiak, denborari beldurrik ez dion glaziarra, gorputza babesten duten jantzi beroak, edozein modutara igo diren bi pertsonaà Hau da gure Euskal Herriak behar duen harmonia, doinu egokia izateko nota guztiak behar baitira; ezin da ezer eta inor kanpoan utzi, bestela etena sumatzen da. Hainbat pertsona eta talderen ahuleziarekin jende asko oso eroso bizi da, alderantzizko egoera ere ematen delarik, alegia, hainbat jendek eta hainbat talde politikok ez dutela euren burutan ardurarik onartzen hainbat arazo konpondu behar denean.
Mendi hauetara joateko material ona behar da. Alderdi politiko guztiek bi material mota nagusi behar dituzte beraien eguneroko lanerako: oinarri soziala eta ideologikoa. Esate baterako momentu honetan ezker abertzaleak duen arazoetako bat, eta edonola konpondu behar duena, galdu duen oinarri teoriko ideologikoa sortzea da. Beraiek zuten planteamendu teoriko asko irentsita geratu delako ûgutxienez formalkiû beste alderdi politikoen artean. Egoera hau ez da txarra, politika demokratikoaren dinamismoaren adierazgarri baizik.
Gailurrera iritsi baino lehen, granpoiak jantzi, gorputza sokarekin ongi babestu eta bata bestearen atzetik ginela zeharkatu genuen glaziarra. Hainbeste jendek zapaldutako gorputz zuriak baina, goiz honetan guri ireki dizkigu zauriak. Ur lasterrak, harri hots izugarriekin, daramatza zainetan, odola irakiten duela dirudi. Horrela dago gure gizartea, mugituta, denok egin nahi dugu zerbait, denok dauzkagu ideiak eta irtenbideak egosten gure buruetan, baina heldutasuna falta zaigu gure parean dauden begiengan konfiantza izateko, begietara so egin eta han gardentasuna ikusteko.
Izotz zati honetan gindoazela, irrist egin dut. Ez da ezer izan, nekeak eta beldurrak eragindako irrista, hala ere, taldeak ongi eutsi dio erorketari. Hori da beharrezko legea lan guztietan, taldean lana egitea, elkarrengan konfiantza izatea, taldeak ematen baitu ziurtasuna eta oreka.
Glaziarrera iritsi baino lehen bizitza pil-pilean sumatu dugu alde guztietatik, altuera ezberdinetara moldatutako landareek, usainez eta kolorez bete dizkigute zentzuak; mugitzen direnean ikusi ditugu marmotak, tximeletak, harrapariak, helikoptero zaratatsua; bakoitza dago bere lekuan, dagokion inguruan. Gizartean ere partidu, pertsona guztiak behar dugu gure lekua, gure ingurua, eta igoera zail honetan, helburu eta jarrera berdintsuak ditugunok estabilitate marko batetan hartu behar ditugu gure erronkak, demokratikoa den eusko elkartasuna lortuz.
Naturaren oreka ere urratzen da batzuetan, izugarrizko zuhaitz eta landare pila dago txikituta, elur-jauzien ondorioz; okerragoa izan omen zitekeen gainera, elur hautsezkoa izan balitz. Honela hausten dute sarritan muturreko jarduerek gizarteak bizi duen oreka.
Guzti hau ikusteko eta bizitzeko, aterpeko zeremoniarekin goizean jaiki, ilunpetan arakatu, hotza arnastu eta bakoitzaren isiltasuna entzuten aldapa gora abiatu gara denon artean janaria eta arropa banatu ondoren. Gure herriaren konponbidea eta elkarrizketa ere lortzeko, bakoitzak berea jarri behar du.
Benetan, Bake planaren gailurra harrapatzeko taldean joan beharko gara gora, elkarren bihotz taupadak entzuten, ekaitzak eta erauntsiak bidean ditugula. Guzti hau beti ideia baten barruan: inongo gizarterik ez da izango izan nahi ez duen zerbait; horretarako gauzak garbi izan behar dira, konplexu gutxi, baina arestian esan dudan moduan, mendi zail bat ez da igotzen bakoitza bere aldetik joanda, kordada on bat behar da; ondo aukeratu bide lagunak, kordada ahal den zabalena izan dadila, jakinda XXI. mendeko politika gizartearengan gertuen dagoen politikarena izango dela.
Aitor Zuberogoitia
Bere benetako esangura mozorrotzeko apropos eraikitako mintzoari deitu ohi zaio doublespeak ûberbeta bikoitza, euskarazû. Eufemismoak, bistan denez, berbeta-mota honen ageri-ageriko adibideak dira. George Orwellen 1984 eleberri eder bezain gordinarekin lotu ohi da doublespeak terminoa, jatorria bertan daukalakoan. Ez da horrela ordea. Are: berba hori agertu ere ez da egiten nobela guztian; Orwellek, hori bai, jite bereko newspeak, oldspeak, duckspeak edota doublethink hitzak paratu zituen 1948an burututako 1984 eleberrian. Nobelak zein terminook izaniko arrakastaren haritik sortu zen, 1950eko hamarraldian jada, doublespeak kontzeptua.
Kontzeptu hori eta Eusko Jaurlaritzaren kanpaina bat etorri zaizkit gogora Bilboko Aste Nagusian antimilitaristek kalean emaniko papera irakurri ostean. Hara zer zioen, batetik, Jaurlaritzaren kanpainaren leloak: Giza eskubide guztiak guztiontzat. Bestetik, aldiz, esaldiok irakurri ahal izan ditut, besteak beste, antimilitaristen testuan: EAEn 1.429 milioi eurokoa da gastu militarra, eta 60.000 milioi eurokoak industria militarraren etekinak; erkidego berean, bestalde, 3,92 milioi eurokoa da eguneroko gastu militarra; bertako zergadun bakoitzak, azkenik, 680,11 euro bideratzen ditu urtero gerra-industriara.
Datuok Giza eskubide guztiak guztiontzat kanpainarekin lotzea demagogikoa dela esango dit norbaitek. Ekar dezagun, beraz, datu gehiago mahai gainera: 2003ko uztailean Vasco Press-ek zabaldutako informazioaren arabera, 2002an Espainian egindako armen %99 Hego Euskal Herrian egin ziren ûEAEn batez ere, eta diru publikoz lagunduta kasu askotan; ez esan gero gutxien-gutxienean bitxia ez denik: gerraren aurkako kale-agerraldietan parte hartu izan duen gobernu berberak gerra-industria diruz laguntzen duû; armagintzaren arlo horretan gainera, Eusko Jaurlaritzak bete-betean hartzen du parte aurtengo otsailaz geroztik, ITPren akzioen %5,3 baitauka Euskadiko Garatze Kapitalaren Baltzuaren (SOCADE) bidez. ITP da, hain zuzen, Eurofighter Typhoon hegazkina ûetorkizunean Europako Batasunaren ehiza-hegazkin bonbaketaria izango denaren behin betiko ereduaû garatu eta eraikitzeaz arduratuko den partzuergoko kideetako bat. Eta Jaurlaritzak "arrazoi estrategikoak" argudiatu ditu ITPn esku hartzeko... Giza eskubide guztiak, norentzat, hortaz? Etorkizun ûzoritxarrezû hurbilean Eurofighter-ek botatako goxokiak jasoko dituztenentzat ere balio ote du leloak?
Eta arma astun zein arinak ûadibide soil bat: Israelgo armadak palestinarrak egurtzeko darabilen armategiaren puska eder-eder bat gurean eginikoa dela gogorarazi digu aurten bertan Amnesty International-ekû eta gerra-hegazkinak egitearekin nahikoa ez nonbait eta militarizazioa beste alor batera ere hedatu gura dute orain. Izan ere, ontziola militarrak batzeko Espainiako Gobernuak sortu duen talde berrian Sestaoko Naval sartzeko exijitu du Gasteizko Legebiltzarrak, EAJ, EA eta EBren aldeko botoei eta PP zein Sozialista Abertzaleen abstentzioari esker ûalderdi horietako batzuek ez al daukate bada euren burua antimilitaristatzat? Eta non dira indarkeria datorren lekutik datorrela salatzen dutenak?û ... Eta kasu, ez baita nire asmoa Navaleko beharginen egoera latza aintzat hartzeke arinkeriatan jardutea; haatik, mundua gehiago militarizatzea ezin da izan irtenbidea, are gutxiago benetako borondaterik izanez gero beste bide batzuk urra daitezkeela jakinda ûOrbea bera, konparazio batean, arma-lantegi izan zen bizikleta-fabrika bihurtu baino lehenû.
Esan ditzagun gauzak argi, beraz, doublespeakak eta 1984n ageri ziren Gerra bakea da lazgarri haiek behingoz bazter utzita: gerra ez da bakea, baina negozioa da, eta gauza jakina da negozioak ezinbesteko direla gure Euskadik aurrera egin dezan. Aurrera doan herria baita gurea. Edo, guztiok elkar uler dezagun, un país en marcha... militar, horixe baietz.