Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 09:39:43
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-09-05 -- 1956.zenb

Napoliko museo arkeologikoa

Bernardo Atxaga


Hitzaren zentzu hertsian, museoa patetikoa da. Bere geletako batean Pompeia zenaren maketa handi bat dago, eta hura bertatik ikusten duen bisitaria harritu egiten da aurrena, eta tristatu gero: ez baitzuen hiri hura, Pompeia, hain handi eta eder imajinatzen, bere auzune, plaza, azoka, kale, anfiteatro eta kirol zelaiekin; ez baitzuen labaren estalketa hain erabat eta hain supituki gertatu izan zenik uste. Baina, bai, maketaren alboko plakatxoak ez du noski gezurrik esaten, alegia hiriak 40.000 bizilagun zituela hil zen egunean, eta heriotza ordu batetik bestera iritsi zitzaiola, jende gehiena afaltzen ari zen bitartean. "Ba honekin inpresionatzen bazara, ea zer gertatzen zaizun gorpuak ikusten dituzunean", esaten dio lagun napolitar batek bisitariari.

Gorpuak museoaren gela handi batean daude. Gehienek mugimendua adierazten dute, edo zehatzago, heriotzak etendako ekintza arrunten bat: hantxe dago kuzkurtzeko zorian hildako umearena; hantxe, mahaian eseri eta zerbait jatera zihoan gizonarena; hantxe, leihotik begira-edo zegoen andrearena. Hura guztia aurrean duela, bisitaria areago konturatzen da Pompeian zinez gertatutakoaz. Vesubioaren labak ustekabean harrapatu zituela denak, eta orain dela bi mila urte inguruko egun jakin bat ûgure aroaren 69.eko abuztuaren 24a, zehatzago esandaû betirako gelditu zela erretrataturik, bere hartan.

"Ezbehar bat, dudarik gabe, baina ezbehar zoragarria gaur bizi garenontzat ûdio lagun italiarrakû. Pompeiari esker garai hartako bizimoduaren berri zuzena eduki dezakegu. Orain badakigu nola jaten zuten, eta zer dibertimendu gustatzen zitzaizkien, zertan sinesten zuten...".

Egia da, irakasbide ona ere izan daiteke museoa. Hiriko lupanar delakoan azaldutako mosaikoei begiratu, eta ponpeiarren ohitura sexualak ezagutu ahal ditugu; Ifigenia eta bere seme-alaben aurrean, berriz, garai hartako umeen jostaketak; Musici ambulanti bezala bataiatutako irudiaren laguntzaz, Ponpeiako festa giroa. Eta mitoak eta mitoetako jainko eta heroiak ere hantxe daude behin eta berriro irudikatuta: Teseo, Diana, Perseo, Hermes, Marte...

"Ponpeia aurkitu eta lur gainera atera zutenean ûdio orain lagun italiarrakû, gauzak izugarri aldatu ziren pinturan. Mugimendu neoklasikoa erne zen".

Lagun italiarra oso jantzia dago pinturaren historian, eta areago joaten da bere azalpenetan. Bisitariaren burutazioek, ordea, beste norabide bat hartzen dute, zeren zehaztu egin baitzaio bat-batean museora sartu unetik itzul-inguruka zebilkion sentsazioa, eta museo hartan irudikaturiko munduaren ezaugarri nagusia konprenitu egin duela iruditzen baitzaio.
- Zer batasuna! -hots egiten du bere sentsazioari izena jarriz.

Halaxe da. Ponpeiako horma edo zoruetan azaldutako pertsonaiak, Teseo, Diana eta gainerakoak, garai hartako izkribuetan azaltzen diren berberak dira, eta baita, ziurrenik, orduko eskola, tenplu edota bainuetako hizketaldietan aipatuko ziren berberak ere. Eta ez da pertsonaia kontua bakarrik: narrazioak ere berberak dia alor guztietan, eta sinboloak berdin. "Metafisika guzti hori, bizitzeko tresna ona ote?", pentsatzen du bisitariak. Baietz eta ezetz iruditzen zaio: tresna ona izango zela, sehaska bat bezain segurua eta lasaigarria, baina aldi berean txarra, asfixiagarria eta mugatua.

Bisitariari arte modernoko museo batean ikusitako koadroak etortzen zaizkio gogora ûRothkorenak, Klinerenak, Fontanarenakàû, eta antzinako batasuna noraino zirtzilatu den pentsatzen du, noraino iritsi den izpiritua askatasunari buruzko ibilian. "Bai, orain libreago bizi gara ûesaten dio lagun italiarrak bere pentsamenduak asmatuzû. Baina baita galduago ere". "Galduago behintzat bai", dio bisitariak, zaindarietako bat irakurtzen ari den egunkariari kirika eginez.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan