Jakoba Errekondo
Agorrilak sentonak eramaten omen ditu. Ekarri ere beti dakar zerbait, aurtengoak tomate desdetxa. "Cherry" edo gerezi tomate bixiak dastatuz juntadizoa egina dugu hiru aspaldikok etxepe itzalenean.
Ustezko osasun arau zikiratzailerik bete beharrik ez duen dolarean egindako baserriko sagardoaren txinpartak eta Nafarroako mahatsardo beltz ekologikoaren lur-gustuak prexkatuta, ez ardoek igarota ezta ur-aparretaraino gabe, historiaren mandabideetan barrena "min" hitzaren alorreko atakara iritsi ginen. Hotzildako odolkiaren gisan abandonatu eta urdintzen ari ditugun hitzen sailean dut nik. Hizkuntza atlasen basan itolarritu gabeko hizkuntza biziaren zaleon burutazioak...
Handik ordu gutxitara bueltatu zaigu garai batean Garmo, Stalin eta Komunismo eta egun Imani Ismail Samani izena duen mendia igo asmoz Tajikistan aldean ibili den herritar uztarria. Inguru haietatik datorkigu euskaldunoi ere gure egungo kulturaren zati bat: sagarra eta sagarrondoa, iparralderaxeagoko Kazakhstango Tian Shan mendietatik zabaldua omen da-eta sagarrondoa mundura.
Sagar barietate basatiak ointzat hartuta sagasti bat sortzearen asmoa belarri artean aspalditxotik dabilkidanaren jakitun, geurean sagar makatza deitzen dugunaren ale batzuk ekarri dizkidate mendi-zulo urrun haietatik, sagarraren habiatik. Geure sagar makatza sagarmina da euskara ia galdua duten lurretako erdaldunentzat ere. Garai batean sagasti guztien mentu-oina zen sagarmina eta egun ere sagasti onenak bera erabiliz sortuko liratekeela egingo nuke dema. Min hitzaren esanahi-sortari erreparatuz gero sagarmina izendatuz zer adierazi nahi izan ote zen: sagar kaxkarra, sagar onenak, sagarretan sagarra, sagarren ama... Neure ustez azken hau, benetako sagarra, sagar guztien ama. Gazi, geza, gozo, mikatz, gazi-gozo eta gezaminen ama.
Jabier Agirre
Horiexek dira Espainiako Aurrezki Kutxen Konfederazioak babestuta argitaratu berri den "Osasuna eta bizi-estiloak Espainian. Azken hamarkadan izandako aldaketen azterketa" izeneko ikerketaren datu aipagarrienetako batzuk. Gaixo kronikoen eta akutuen intzidentziak gora egin du, ohitura dietetikoak ez dira egokiak, sedentarismoa nagusitu da gure gizartean eta osasunaren alorrean egindako gastu publikoa maila bertsuan mantentzen da duela urte batzuetatik, eskariak etengabe gorantz egin duen arren.
Txostena zifraz josia dago, baina oro har esan daiteke ikerketa horrek itzal gehiago erakusten dituela argia baino. Kezkatzeko moduko datuak ugariak dira txostenaren atal gehientsuenetan: adibidez, inolako laguntza sozial eta afektiborik ez duten pertsonen kopurua oso altua da, eta horrek gaixotasunak errazten ditu. Esaterako, 3,2 milioi pertsonak ez du nork lagundurik, gaitzen bat dela medio ohean gelditu behar badu. Edo ia 7 milioi pertsona helduk ez du jasotzen inoiz edo ia inoiz gonbidapenik beste pertsona batzuekin irteteko.
Hiritarrek euren osasunaz duten pertzepzioak ere okerrera egin du. Azken ikerketan %9,6 dira beren osasuna txar edo oso txartzat jotzen duten hiritarrak, 2003. urtean iritzi hori zutenak %7,1 besterik ez ziren bitartean. Eta iritzia beti gauza subjektiboa den arren, frogatua dago gaitzen bat duela uste duen pertsona gehiagotan joango dela medikuaren kontsultara, batetik, eta gaizki daudela uste dutenen artean bizi-itxaropena murriztu egiten dela, bestetik.
Irribarre batekin amaitzeko, esan beharra dago, hala ere, ongi sentitzen direla dioten pertsonen proportzioa ere oso handia dela, %47 ingurukoa, hain zuzen ere.
Hurrengo alean jarraituko du.