Astekaria

 Bestelakoak 

Aberri Egunerako baietz!

Irudia

Jesus Mari Ariznabarreta


1956. alea
2004-09-05
alde 0    kontra 0

Irailaren 12an sei urte beteko dira Lizarra-Garaziko akordioa sinatu zenetik. Krisialdia etorri zenean, batzuk porrot hitza erabiltzen hasi ziren bitartean, beste askok argi adierazi genuen hortik aurrera garai berria zabaltzen zela euskal politikagintzan. Ordura arte gatazkaren sustraian dauden gakoak saihestu eta ondoriozko fenomenoen azterketa hutsean geratzen ziren sektore politiko gehienak. Baina, ondoren, adierazpenaren edukian zehazten diren gakoak eztabaida politikoaren ardatz bilakatu dira eta, egun, euskal jendartearen gehiengo oso zabalak bat egiten du gatazkaren konponbiderako planteatzen duen giltzarriarekin: "Euskal Herriak hitza eta erabakia izan behar du".

Sei urteok ez dira alferrik pasatu eta indar politiko guztiak saiatu dira bere proposamena gauzatzen eta saltzen, ziklo politiko berrian bere proiektuak baldintza abantailatsuetan kokatzeko. Horrexegatik eraso dute Estatuek era hain bortitzean Euskal Herria eta ahalegindu dira ilegalizazioen bitartez joko-eremu politikotik kanpo uzten gatazkaren konponbide prozesuan hain paper garrantzitsua duen Ezker Abertzalea. Erasoei indartsu erantzun izanak eta ilegalizazio eta errepresioaren gainetik Ezker Abertzaleak bere protagonismo politikoa galdu ez izanak, gauzak bere tokian jartzen ditu eta Lizarra-Garazi adierazpeneko beste giltzarri demokratiko bat indartzen du, hots, "proiektu guztiak erdiesteko baldintza berberetan kokatu behar direla".

Gatazkaren konponbidean pausoak emateko baldintzak sortzen ari dira eta irizpide eta proposamenak mahai gainean jartzeko eta adostasunen bila hasteko garaia da. Ez da gauza erraza, jakina, baina alde guztietatik zuhurtziaz eta borondate onez jokatuz gero pausoak eman daitezke eta, zentzu horretan, sortu berria den Nazio Garapenerako Biltzarraren barnean osatu den Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Batzordearen asmoa lan hori bideratu eta baldintzak sortzea da. Ez gara proiektu politiko desberdinei buruzko adostasun edo paktuez ari, gatazkaren sustraietara jo eta oinarri-oinarrizko kode demokratikoa eta gatazka gainditzeko giltzarriak finkatzeaz baizik.

Euskal Herria aintzat hartu eta euskal herritarroi hitza eta erabaki ahalmena onartzea da funtsezko giltzarria, hots, autodeterminazio eskubidea aitortu eta gauzapen prozesua bideratzea. Eta, besterik asmatzen ez den bitartean, herritarrok geure hitza eta erabakia agertzeko modua galdeketa da, beraz, herri galdeketa konponbide prozesurako ezinbesteko tresnatzat onartzea beste oinarrizko giltzarri bat da. Hauekin batera lurraldetasuna dago, hau da, euskal herritar guztiei erabakitzeko ahalmena onartzea, beraz, Euskal Herria bere osotasunean aintzat hartu eta lurralde guztietako eragile politiko sindikal eta sozialei, inolako bazterketarik gabe, bere proposamenak mahairatzeko eta prozesuan parte hartzeko aukera eskaintzea, eta lurralde guztietako herritarrei galdeketan parte hartzeko eskubidea onartzea.

Giltzarri bakun hauen inguruko adostasuna lortzeko baldintzak daudela uste dut, zeren, oinarrizko kode demokratiko baten barnean egonik guztiz onargarriak izan beharko lukete bere burua demokratatzat agertzen duten guztientzat; abertzaleak zein nazionalista espainiar edo frantziarrak izan; ezkerrekoak zein eskuinekoak izan. Benetako test demokratikoa mundu guztiarentzat. Kontua da, adostasun hori pauso erabakigarria izango litzatekeela ondoren prozesuaren gauzapena zehazteko: galdeketaren edukia, bideratzeko era, epeak, lurralde desberdinen errealitatea nola izan kontutan eta abar luzea.

Indar politiko guztiek diote bere proposamenak prest dituztela, beraz, udazken-negu honetan aukera bikaina dago proposamenok mahai gainean jarri eta aipatutako ariketari ekiteko. Tartean bakoitzak jakingo du zer egin behar duen prozesua laguntzeko eta ez oztopatzeko. Ea Aberri Egunerako inoiz baino akordio zabalagoa adosteko gai garen. Ni neu, ziur nago baietz.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1955
 
azala1954

1956 zenbakia.
2004ko irailaren 05a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza