Jakoba Errekondo
Belar txarrak edo belar gaiztoak... beti bezala: ezin gure definizio antropomorfikoetatik alde egin! Landutako lur sailetan geuk jarritako landareez gain bertan sortu edota hazten diren landareei deitzen zaie belar txar edo gaizto. Oker, arerioen paisaia buruan. Asko bai, baina denak ez dira belarrak eta txarra edo gaiztoa gizakia izango da, inoiz ez landarea... Landareez komunikatzean ere subjektibotasuna hobe: zeure patata sailean tomate landare bat belar txarra izango da baita neure tomatetzan patata landarea ere.
Baratzea duenak badu belar txarren berri. Lore eta barazki artean uztaoa, pasmo belarra, barrabasa edo ziabelar latzak enbarazu egiten dute. Erabat naturaren kontra ari gara: geuk jarritako horiek bakarrik ikusi nahi ditugu, txukun-txukun ilara zuzen-zuzenetan soildutako sailean. Gure kuxidadea, txukuntasuna, zuzena... kontzeptu erabat artifizial eta atzeratuak dira. Itxurakeriak utzi eta etorkizunean soilik pentsatzen du naturak. Lurra soildua dagoen tokian laster ernetuko dira landare berriak. Landarerik gabe lurra galduko litzateke eta lurrarekin bat etorkizuna. Belar txarrak, beraz, onak dira.
Landare artean belarrik ez ikusi nahiz gero, hona bi aukera: hauen lana betetzen duen zerbait jarri edo sortu ahala kendu. Azienda beltz, larri edo xeheari bezala etxekotutako landareei ere azpiak jarri behar: inorkinak ûlasto, ira edo dena delakoaû lurrari eutsi egingo dio landarepean eta bertan sor daitezkeen belar txarrak erauztea ikaragarri errazten du. Sortu ahala kentzeak lan gehiago dakar: eskuz kentzea da errazena, baina zenbait sailetan amaierarik gabekoa. Jorraia dantzatzea beste aukera, maiz aldeko baino etxekalteago dena: aitzurrak haziak hedatu eta ernetzen laguntzea eta zatitutako sustrai batetik landare asko sortzea dakarke.
Lan deseroso honetan lagundu asmoz lagun bat baino gehiago herbizida naturalen aukera zabaltzeko saioetan ari da: ozpina û%5 azido azetikoa duenaû, artoaren glutena, xaboietako gantz-azidoen potasio-gatzak, eugenola ûiltze landarearen olioaû, kakahuete esentziak...
Baratzea estrategia guztiekin jorratzea onena: azpiak jarriz, eskuz edo jorraiaz jorratuz... eta landareak lagunak balira bezala iraindu beharrean, zeure lurraren etorkizunaren zaindari gisa tratatuz.
Jabier Agirre
Malaria edo paludismoaren agente eragilea gizakiei transmititzen digun Anopheles gambiae izeneko eltxoaren hiru gene identifikatu berri dituzte ikertzaileek. Eta itxura batean hutsala dirudien aurkikuntza horrek errotik alda dezake gaixotasun hori borrokatzeko estrategia. Osasunaren Munduko Erakundearen arabera, urtero milioi bat pertsona baino gehiago hiltzen da gaitz horrekin, beraz, ez da harritzekoa zientzialariak oso kezkatuta egotea malaria edo paludismoarekin, eta laborategiek baliabide ugari bideratzea gaixotasun horren kontrako borrokara.
Gaitza eragiten duen parasitoa Plasmodium falciparum izenarekin ezagutzen da, eta duela urte eta erdi bere kode genetikoa deszifratu ondoren, ikerketa-lerro nagusia eltxoaren sistema immunologikoa aztertzera bideratu zen. Zientzialariek jakin nahi zuten ea zergatik espezie bereko eltxoen artean batzuek bakarrik transmititzen duten parasitoa ûeta horrekin gaitzaû, eta beste eltxo batzuek ez. Susmoa zen zalantza horren gakoa intsektuaren geneetan zegoela, eta ikerketak frogatu du susmoa zuzena zela.
Gene horietako bik immunitatea ematen diote eltxoari, parasitoaren erasoaren aurrean. Eta gene horiek kodetzen dituzten proteinak aztertuz, ikertzaileek zera ikusi dute: eltxoaren immunitate-sistema gai dela, bere kabuz, infekzio horretatik babesteko. Ikerketaren asmoa zera litzateke: defentsa natural horiek indartuz, parasitoa/eltxoa zikloa blokeatzea. Horrela, gizakiei gaixotasuna ez transmititzea lortuko genuke.
Science aldizkari ospetsuan argitaratu den aurkikuntza horrek bide berri ugari ireki du. Baina, hala ere, Europako Biologia Molekularreko Laborategian egindako ikerketak beste gauza bitxi bat frogatu du: eltxoaren beste bi proteinek erabat kontrako eginkizuna dute, parasitoa babestu egiten baitute, honek eltxoaren sistema fisiologikoa inbaditzen duenean. Beraz, itxaropenari ate batzuk irekitzen zaizkion bitartean, beste kasu batzuetan zalantza berriak agertzen zaizkigu. Ikusi egin beharko, hortik zer ateratzen den.
Joxerra Aizpurua
Ozeanoek xurgatzen duten CO2-ak kaltea eragiten ote du?
Itsasoek Lurrean produzitzen den CO2ren zati handi bat xurgatzen dute. 1800. urtetik gaur arte gizakiak isuritako CO2ren erdia baino gehiago xurgatu dutela dago kalkulatuta eta horregatik, negutegi-efektua ez da hain bortitza izan. Hala ere, Science aldizkarian Christopher Sabine, Richard Feely eta lagunek argitara eman berri duten artikuluak plazaratu ditu itsasoak CO2 xurgatzeagatik ordaindu dezakeen prezioaren inguruko burutazioak. 1800. urtean CO2ren kontzentrazioa Lurraren atmosferan 280 ppm-koa ûmilioiko parteakû zen eta gaur egun 380 ppm-koa da. Atmosfera eta itsasoaren arteko oreka lortzeko itsasoak xurgatu egin behar izan du CO2a eta itsasoan bizi den hainbat izakiren kimika eraldatu dela uste da. Planktona osatzen duten hainbat izakik, foraminiferoak kasu, kaltzio karbonatozko hezurdura du. CO2ren kontzentrazioa handitzen bada, hezurdura sortzeko karbonatozko ioien produkzioa txikitu egiten da. Ondorioz, itsas hondoan karbonatozko ioien kantitatea ahula denez, hezurdurak deuseztatu eta itsas hondoan hondakin gisa metatzen dira. Ikerlarien arabera, itsasoaren azidotasuna handitzeak gero eta gehiago oztopatzen du mikroorganismoek hezurdura eratzea. Beraz, gero eta mikroorganismo gehiago desagertu daiteke. Zer ondorio ekarriko dituen ez dakite oraindik, baina ziur daude espezie askorengan eragina izan dezakeenaz.
Buztin birtuala
Ukimen birtuala lortzeko tresna berri bat garatu dute Buffalo Unibertsitateko Virtual Reality Lab-eko ikerlariek. Sistema honekin, buztina edo beste material moldagarriekin egiten dena errepikatzen du ordenadore batek, buztin birtualarekin. Emaitza hiru dimentsioko irudi elektroniko bat da eta ondoren, CAD/CAMeko ûordenadorez lagundutako diseinuaû programa batekin eraldatu egin daiteke. Ikerketa honen buru den Thenkurussi Kesavadas-en arabera, produktu diseinatzaileek, eta zergatik ez, artistek, eskura izango dituzten tresnekin objektu birtualak aldatu, itxuratu edo manipulatzeko aukera izango dute, mundu errealean eskulturekin edo buztinarekin lan egingo balute bezala. Buztina lantzeko ModelGlove deituriko eskularrua erabiltzen da eta honek behatzek buztinaren gainean egiten duten presioa neurtzen du. Datu honekin batera eskuaren kokagunea eta behatzak higitzeko abiadura on-line bidaltzen zaizkio ordenadoreari. Monitorean buztin birtuala azaltzen da pieza errealaren ezaugarriak erakutsiz. Honela, azkar samar diseinatu daitezke piezen prototipoak eta gero diseinu programa baten bidez hobetu. Oraingoz eskularruak ukimen-sentsore bakar bat du, hatz erakuslearen muturrean, baina laster hatz guztien muturrean eta esku-azpian kokatuko dira sentsoreak eta honela ekintza konplexuagoak kontrolatzerik izango da.