Katixa Garate
Antzerki klasikoa Erriberrin
Gure aretoetara gutxitan heltzen den antzerki klasikoa ikusteko parada izango da abuztuaren 6tik 22ra artean Erriberrin egingo den Antzerki Klasikoaren Jaialdian. Moliére, Anton Chéjov eta Francisco Zorrillaren antzezlanak ikusi ahal izango dira Nafarroako herrian. Shakespeare gustuko duenak, berriz, hiru obra izango ditu aukeran: Julio Cesar, Hamlet eta Noche de Reyes. Bosgarren edizio honetan, urtero bezala, haurrentzako saioa ere izango da eta Julio Michelek zuzendutako Retablillo de Cristobitas obra aurkeztuko dute.
Balentziaga museoa eraikitzen
Hitzarmena lotu du Balentziaga Fundazioak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, museoa finantzatzeko. Eraikina handitzeko aurrekontua 12.020.000 eurokoa da eta horietatik 2.164.000 jarriko ditu Aldundiak. Baita urteko funtzionamendu gastuetarako 320.000 euro ere. Getariako museoak bi urte barru irekiko ditu ateak, baina dagoeneko jostunaren lanetako batzuk ikusgai daude Balentziaga Fundazioaren erakusketa aretoan. Llanzoleko markesarentzat egin zituen 19 soinekoak eta 22 kapelak, alegia. Maitasun bereziz egindako lana da, Llanzoleko markesa Balentziagaren musa eta lagun mina baitzen.
Poesia bonben ordez
Abuztuaren 14an Gernika bonbardatuko dute, bigarren aldiz. 1937ko apirilaren 26an Alemaniako Aire Armadak egindako erasoa gogoratuz, Txileko eta Euskal Herriko poetek 80 poema jaurtiko dituzte, 100.000 aletan, hegazkinetatik. Txileko Casagrande taldearen ekimen honen helburua da jendeak olerkiak jaso, irakurri, trukatu eta etxera eraman ditzala. Lehendik ere horrelako beste bi bonbardaketa literario egin dituzte, bata Txileko Santiagon eta bigarrena Kroaziako Drubovnin. Eusko Jaurlaritzak lagundu du proiektua bideratzen, eta Euskal Idazleen Elkarteak itzuliko ditu txiletarren poemak euskarara, eta euskaldunena gaztelaniara.
Folk doinuek hartuko dute Getxo
irailaren 1etik 4ra artean egingo da Getxoko Folk Jaialdiaren XX. ekitaldia. Irailaren 1ean Ibon Koteronek albokari astindu ederra emango dio. Airea izeneko azken diskoko kantuak aurkeztuko ditu, Europako eta Afrikako soinuak aireratuz. Bigarren egunean soinu bretoiak eta magrebtarrak bat egiten dituen Thalweg taldea arituko da. Irailaren 3an, 30 urteko ibilbidea duen Touré Kunda talde senegaldarra arituko da. Jaialdiko azken egunean, Quebeceko La Volée D'Castors taldeak soinu tradizionalen eta gaurkoen konbinazioak gure belarrietara gerturatuko ditu.
Eszenarako artea, eszenatik at
Antzerki taldeek euren lanak agertzeko gune egokiagoak lortu dituzte azken urteetan eta horrek eszenografia garatuagoak sortzeko aukera eman du. Askotan izenez ez dira ezagunak eszenografoak, baina euren lana ûoharkabean sarriû ikusten dugu taula gainean. Haien lana ezagutarazteko asmoa du Donostiako Tirikitauki galeriak atondu duen funcion erakusketak. Arantza Gabino, Iñigo Altolaguirre, Ramón Ruiz Cabestany, Fernando Bernués eta Iñaki Gonzalez Gurpegi artisten lanak paratu dituzte. Oraingoan euren lanak dira funtzioko protagonistak eta espazio eszenikoa erabat betetzen dutenak.
* * * * * * * * * *
Maitasunak eta arteak bat egiten dute Bilboko Juan Manuel Lumbrerasek zabaldu berri duen Por amor al arte (Musu truk) erakusketan. Izan ere, maitasunak lotzen ditu erakusketan parte hartu duten hogeita hamaika euskal artistak. Bikoteak, aita eta seme-alabak, anai-arrebak... denetarik da: Eduardo eta Pedro Chillida, Virginia eta Iñaki García Erguin, Paloma Eraña eta Txupi Sanz, Lide Kaltzada eta Jorge Llanos... Irailaren 15era arte daude ikusgai artiston pintura, eskultura, argazki, zeramika nahiz instalazioak.
Legez kanpoko kultura trafikoaren aurka kanpaina bat abiatu du Bernako Adierazpena GKE suitzarrak. Urtero 20.000 hilobitan egiten dira lapurketak eta Latinoamerikako eremu arkeologikoetan eta kultuzkoetan ehunka tresna eta bitxi lapurtzen dituzte, kasu batzuk aipatzearren. Bernako Adierazpenak hainbat neurri jarri ditu martxan: arriskuan dauden herrietara doazen turistentzako txartel batzuk sortu ditu legezko erosketak egiteko, erositako bitxien jatorri agiria eta ordainagiria ekarri beharko dute bidaiatik bueltatzean... Ildo beretik, Museoen Nazioarteko Batzordeak arriskuan dauden ondare kulturalen zerrenda plazaratu du.
Juanma Bajo Ulloak Fragil bere azken filma aurkeztu du Valentziako Cinema del Mediterrani jaialdian. Valentzian aurkeztutako bertsioa ez da aretoetan erakutsiko den bera, Bajo Ulloak ez baititu bukatu oraindik filmaren muntaketa lanak.
Hasier Larretxeak poeta arraioztarrak Bazaudete? olerki liburuxka kaleratu du, Juan Angel Perotxenaren ilustrazioekin lagunduta. Iruña Hiria poesia saria eta NUPeko literatur sari bi jasotakoa da Larretxea.
Pablo Sorozabal musikagilearen La tabernera del puerto zarzuela taularatuko du Auream produkzio etxeak Euskalduna Jauregian, abuztuaren 14, 15 eta 16an.
Ixone Sadaba artista gazteak Clip Art izeneko erakusketa paratu du Bilboko Marzana galerian. Freehandekin egindako marrazkiek egoera dramatikoak irudikatzen dituzte, pertsonaia errealetatik abiatuta.
Takolo, Pirritx eta Porrotx pailazoen azken lana dugu errodatu berri duten Gaueko loreak filma. Hik Hasi elkarteak ekoitzitako filmaren gidoia Maialen Lujanbiok idatzi du. Agustin Mujika Takolok taldea utziko duela jakinarazi du berriki.
Gatuzain argitaletxeak bost urte bete ditu. Egoitza Baionan duen argitaletxea zubi lana egiteko asmoz jaio zen, euskaldunak ez direnei Euskal Herria ezagutarazteko batetik eta eta euskaldunei munduko beste idazleak gerturatzeko.
Juan Plazaola arte historialariak zera zioen Berrian: «Ondoan inposatzen den estatu handi bat dagoenean, erlijioa, kultura, hezkuntza... ulertzeko modua inposatzen direnean, herri txikiagoen artean ere menpekotasuna agerikoa da. Euskal Herrian ere, menpekotasun egoera oso indartsua izan denean, artearen duintasuna, kalitatea eta kopurua jaitsi egin da, nahiz eta beti egon diren salbuespenak».
Patri Urkizuk hitzok adierazi zizkion Deiari: «Nire ustez oraindik badago desoreka nabarmena: oro har gehiegi azpimarratu dira oraingo egileak eta ahantzi samarrak ditugu gure tradizioa aberastu eta landu dutenak, egoera askoz zailagoan gainera».
Anjel Alkainek esanak Administrazioa Euskarazi: «Aktore lanetan ari garenok espabilatu egin behar dugu. Interesa sorraraziko duen antzerkia egin behar da; nik ez dut egin nahi batere komunikatzen ez duen antzerkirik».
Txema Murugarrenek honako adierazpenak egin zizkion Garari: «Penagarria da egun euskal produktua zein gaizki saltzen eta promozionatzen den gure herrian bertan».