Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2004-08-01 -- 1955.zenb

Mikel Asurmendi

Paris, 1972. Euskal literatura garaikidea irakasten du Paueko Unibertsitatean, bertako irakasle titularra izaki. La Naissance de l'écrivan basque /Euskal idazlearen sorrera lanaren egilea da, Bernardo Atxagaren obraren azterketa.Eleberrigile gisa Beterriko liburua saria lortu du (1997) Gauak eta hiriak nobelarekin. Hurrenez hurren Elkar eta Erein argitaletxeen eskutik plazaratua. Gaztelaniaz Las Relaciones imperfectas (Hiru) izenburuarekin kaleratua.
guztia irakurri

Ainara Gurrutxaga


Larunbat arratsalde lasai bat. Jendea kale bazter batean pilatzen hasi da roulotte zahar baten inguruan. Zer egiten du kalearen erdian? Bi gizon irten dira bertatik etxeko bata jantzita. Bizileku berriaren maizterrarengandik ihesi, gurpildun etxea mugitzeko laguntza eskatzen diote jendeari. Trapu Zaharra konpainiakoak dira, El pisito lan berrian.

Beste herri batean, kolorez betetako triziklo erraldoi bat jarri da martxan, inguruan bederatzi bufoi bihurri dituela. Zuzenean jotako musika erritmoak berehala sortzen du festa giroa. Jendeak aho zabalik begiratzen die karriketako farola, eskultura eta kotxeetan saltoka dabiltzan pertsonaiei. Hortzmuga konpainia bizkaitarreko kideak dira euren 12K lan berrian.

Beltzez jantzitako hamar pertsonaia misteriotsu dira, beste leku batean, plazan dagoen jendearen harridura piztuko dutenak. Onddo-kapelua buruan jantzita eta maleta eskuan dutela, denak galtzada elkarrekin gurutzatzen dute, edo elkarrekin eseri, denek batera agurtu. Inori zuzenduta ez dauden testuak jaurtitzen dituzte noizbehinka. Gaitzerdiren Urbe da, Leioako Umore Azokan euskal ikuskizun onenaren saria jaso berri duen antzezlana.

Euskal konpainiek plazaratu dituzten lanetako batzuk dira hauek, baina badira, uda honetan kaleetan ikusi ahal izango ditugun beste hainbat ikuskizun ere: TEN-Pinpilinpauxa nafarren Zakarrontzietako abentura, Markeliñeren DSO, Adosen Antzar zopa, Kalez kaleren Zanga, Pikor arabarren Al fondo a la derecha, LaRessistens kolektibo sortu berriaren Bräkala, Deabru Beltzak taldeak munduan zehar aurkeztu duen Les Tambours de feu edo Gorringok haurrentzako atondutako Munduko arrautzik handiena, besteen artean. Hainbat proposamen dakarte guztiek, istant batez antzoki bilakatutako plaza, karrika, espaloi edo parkeetara.

Kalea, azken lur askea

Kaleak ez du ia mugarik. Bertan edozein adierazpide artistikok bere txokoa izan dezake: malabarrak, musikak, zirkoak, margoak, dantzak, pirotekniak... Guztietatik edaten dute kalean gauzatzen diren arte eszenikoek. Horregatik, adituek, nahiago dute kale antzerki deitu beharrean, kaleko arteak deitzea, adierazpiderik ez baztertzeko.

Dudarik gabe, sortzeko ematen duen askatasuna dela medio, euskal konpainientzat kaleak gero eta erakarpen handiagoa du. Santi Ugalderen hitzetan ûTrapu Zaharra beteranoaren zuzendariaû kaleak xarma ukaezina du: "Kalean bizitza asko dago. Gelditzen den espazio libre bakarrenetarikoa izateaz gain, gauza berriak esperimentatzeko tartea ematen du oraindik. Aretoko antzerkia zurbilagoa da, batez ere gaur egungo egoerari begiratzen badiogu".

Azken urteetan, kale antzerkia soilik lantzen duten taldeez gain, normalean aretoetan aritzen diren talde askok ere, uda parterako kale ikuskizunak prestatzen hasi dira. Era berean, ugaldu egin dira kale antzerki ikuskizunak programatzen dituzten jaialdiak. Ibilbide sendoa duten Lekeitioko, Bilboko edo Zarauzko jaialdiez gain, areto-ikuskizunetako zenbait jaialdik kaleko ikuskizunak eskaintzeari ekin dio. Ezin ahaztu herrietako festek ere kale antzerkiarentzat duten garrantzia. Beraz esan daiteke, konpainiek gero eta aukera zabalagoa dutela euren lanak erakusteko.

Baina zer da kalea? Kalea ez da espazio fisiko soila. Kalea mikro-gizarte baten isla ere bada, oso heterogeneoa den gizartearen isla. Kalean gauzatzen diren adierazpen artistikoek, hortaz, gizarte txiki horretan txertatu beharra izaten dute. Horixe defendatzen du, bederen, Michel Crespinek Instantáneas de lo efímero liburuan: "Kaleko artistak hautatzen duen jokalekua, espazio fisiko berri bat izateaz gain, espazio sozial bat ere bada. Belaunaldi asko biltzeaz gain, sozialki eta kulturalki zeharo anitza den espazio kolektiboa da, herriaren gune publikoa. Artistikoki bertan murgildu nahi izateak, eremu hori konpartitzea esan nahi du". Kaleko arteek, honenbestez, herrietan murgildu eta euren proposamenak luzatzen dituzte, bertako biztanleen erritmoa eta izaera errespetatuz. Horixe da, Trapu Zaharrak lanean daramatzan hogei urteetan egin duen hautua: "Jende artean nahastea da kontua, ezer aldatu edo hautsi nahi izan gabe. Niretzat oso garrantzitsua da kalearen erritmoa ez haustea, horregatik gure lanak ibiltariak izaten dira, ez dugu espaziorik markatzen, ez diogu ikusleari non jarri behar duen esaten", dio konpainiako zuzendariak.

Kalitatea hobetuz

Azken hamarkadan Euskal Herrian kale antzerkiak pauso garrantzitsuak eman ditu, hein handi batean, parte hartzaileen formazio maila ere aldatu delako: "Kale antzerkia beti izan da oso formazio gutxikoa. Azken urteetan, ordea, lanketa handiagoa egin da aktoreen lana hobetzeko, kontakizunen egituretan... badago efektismoan babesten denik, baina oro har maila asko igo da", baieztatzen du Kepa Ibarrak. Iritzi berekoa da TEN-Pinpilinpauxa taldeko zuzendari Anjel Sagües. Honen aburuz, esperientzia da kalitatearen giltzarria: "Lehen urteetan itsu-itsuan aritzen ginen. Orain ordea, 25 urteko esperientziarekin, ofizioa egin dugu. Honenbestez, planteatzen ditugun lanek kalitate handiagoa dute, istorioak zehatzagoak dira eta hizkuntza garbiagoa. Uste dut, hala ere, oraindik ofizio asko falta dela hemen".

Gaur egun, kalean aritzen diren antzerkilari gehienak autodidaktak dira, gainontzekoek atzerrian egin behar izan dituzte ikasketak. Egoerak halaxe jarraituko du gainera, gurean formazio aukerarik ez dagoen bitartean.

Bestalde, kontuan hartu behar da kale antzerkiak bizirik irauteko, eta emankorra izaten jarraitzeko, konpainien esfortzuaz gain, erakunde publikoen babesa ezinbestekoa duela. Gaur egun, gainera, kale gehienen giltza politikarien esku dago, kalean aritzeko baimenak direla medio. Antzerkigile eta politikarien arteko harremana, ez da beti erraza izaten: "Askotan erabili egiten gaituzte", onartzen du Ugaldek, "Turistentzat erakargarriak bagara lasai uzten gaituzte edo jaialdi bateko telonero izatera gonbidatzen. Traba pixka bat egiten badiegu, ordea, segituan eskatzen dizkigute paperak, eta kontraturik ez baduzu ospa egin behar. Alde horretatik, garai gogorragoak ezagutu izan ditugu baina baita gaur egun baino askeagoak ere".

Kaleak basamortu bilakatzen ari zaizkigun garai hauetan, kale antzerkiak eremu publikoak berreskuratzearen aldeko apustua egiten du. Trapu Zaharrako zuzendariak genero honen aldeko aldarri garbia egiten du: "Kalea errebindikatzen jarraitu behar dugu, ez gaitzaten zentro komertzial handi horietan ukuiluratu. Ez dezagun euren gaztelu komertzialen aurrean jardun. Kaleak libre izaten jarraitu behar du".

Hasier Etxeberria / David De Jorge

Osagaiak:

Kilo bat mugurdi (franbuesa)
Kalitate oneko ardo beltza, 375 cl
Limoi baten zukua
Ur hotz-hotza, 1,7 litro
300 gramo azukre

Irabiagailuan osagai guztiak sartu. Minutu batez dena xehatu eta nahastura iragazki batetik pasaraziko dugu. Edaria botiletan sartu eta hozkailuan freskatzen utzi. Hotz-hotza edan behar da.

Pilar Iparragirre

Erraza al da irakurle gaztetxoentzat idaztea?
Ni behintzat oso gustura sentitzen naiz momentu honetan adin honetako umeentzat idazten. Garai batean, nerabezaro aurrean-edo kokatzen direnentzat idazten aritu nintzen gehienbat, baina orain geroz eta gusturago sentitzen naiz zazpi-zortzi urteko mugan, principio de realidad delako muga bitxi horretan kokatzen diren haurrentzat idazten. Errealitatea-fantasia borrokan noraino bereganatu, ez bereganatu, principio de realidad hori ez dakitenentzat idazten. Niretzat oso adin interesgarria da.

Istorioari buruz zer diozu?
Bidaia dago liburuan, bidaia fantastikotik-eta baduen bidaia; fantasia eta errealitatea, biak azaltzen dira. Bestetik, guregana datozen etorkinen mundu berri horri egindako begirada bat ere ageri da istorioan. Eta hirugarrenik, alaitasuna ere badu, nire ustez. Umeei alaitasuna eta poza ematen badiegu, zerbait oso ederra ematen diegulakoan nago, eta horretan saiatu, behintzat, saiatu naiz.

Musikaria izateaz gain, idazlea ere bazaitugu, beraz?
Idatzi ere egiten duen musikaria naiz ni. Denborarik gehiena musikari eskaintzen diot, baina jarraitu nahi nuke istorio batzuk idazten. Umeak tankeetan ezkutu gisa erabilita ikusten ditugun garai hauetan, niri Saramago etortzen zait gogora, aipatu zuenean ez garela inozoak, badakigula okerrena eta hoberena daramatzagula gure baitan, baina guk onenaren alde egiten dugula apustua. Nik bat egiten dut horrekin, eta nahi nuke jarraitu umeei istorioak eta poza eskaintzen.

Pilar Iparragirre

Spam poemak
Castillo Suarez
Elkar
108 orrialde
10,80 euro

Castillo Suarezen azkengo poemak

Iban Zalduak idatzitako hitzaurrearekin kaleratu ditu Castillo Suarezek Spam poemak, inork eskatu gabe idatzi eta bidaltzen dizkigun olerkiak. Bost zatitan banatua dago liburua: Hasmentakoa ûOlerki usaina. Damu usaina dioen huraû, Arrotzen erretratuei begira nago ûedo besteen errealitateak poetari iradokitzen dionaû, Aldizkari atzeratuak ûoroitzapenak berbizitzeaz ari zaigunaû, Inurriak irentsi ûmunduaren desatsegin mingarria azaltzen duenaû eta Hondarrekoak ûliburuari amaia ematen dion poema luzeaû. Maitasuna ageri da Castillo Suarezen poemotan, desamodiotik, bestearen jarrera politikoak ematen dion minetik eta bi pertsonen arteko harremanen zailtasunetik deiadarka edo umore tantaz ari den amodio gartsua.

Xaho. El genio de Zuberoa
Joseph Zabalo
Txalaparta
192 orrialde
13,50 euro

Agosti Xaho, lehendabiziko euskal nazionalista

Joseph Zabalo abateak idatzitako Agosti Xaho zuberotarraren biografia honetan lehen lerroetatik hasita argi eta garbi uzten da Atharratzen sortutako gizon hau izan zela, Sabino Arana baino berrogeita hamar urte aurretik, euskal nazionalismo modernoak izan duen lehendabiziko aldarrikatzailea. Aitorren mitoaren sortzailea homosexuala, errepublikazale amorratua, antiklerikala, esoteriazalea, jakobinoa, karlisten lagun Don Carlosi uko egiten zion arren, herri xehearen alde eta dirudunen kontra etengabe egiten zuen politikaria, armak batere gogoko ez bazituen ere hiru duelutan parte hartutako gizona, kazetari sutsua, filosofo polemikoa, idazlea, hizkuntzalaria, folklorearen aztertzailea eta historiagilea izan zen, gutxienez.

Frankenstein
Mary Shelley
Gero
132 orrialde 10 euro

Euskaraz erraz irakurtzeko eran

Gero argitaletxearen Noski saila euskaraz literatura irakurtzen hasi nahi dutenei eskainia dago. Aitor Aranak euskaratu duen Mary Shelley idazlearen Frankenstein euskaltegiko 10. urratsetik gorako ikasleentzat prestatu dute, eskoletako B ereduko ikasleek ere erabil dezaketen arren, Bigarren Hezkuntzan batik bat. Mary Shelley idazleak sortutako Frankenstein honek baditu aldeak filmatan erakutsi izan digutenarekin, Victor Frankenstein doktoreak gero hainbeste gorrotatuko duen bere izaki itsusi eta beldurgarria pizten duen unearen deskribapena, adibidez. Maitasuna eta adiskidetasuna nahi baina zoritxarra eta bakardade erabatekoa besterik aurkitu ez zuen munstroaren istorioa eta bere buruari su ematen dion arte egiten dituen hilketa guztiena kontatzen dira bertan.

Zugan pentsatuko dut
Gloria Llobet
Elkar
155 orrialde
9,75 euro

Gazteentzako amodio nobela

Gloria Llobet idazle katalanak sortutako amodio istorio hau Antton Olanok euskaratua izan da. Bartzelonako senide urrun batzuen etxera hilabete bat pasatzera datorren neskato frantses baten eta bere lehengusu-lehengusinaren arteko harremanen berri ematen du narrazioak. Hasiera batean gazte katalanek ez dute batere ondo hartuko ustez beren oporrak izorratzera datorren neska. Eskerrak han dagoela izeba Marta, gazte horien ama jatorra, bestela gazte atzerritarrak negar batean pasako baitzuen hainbeste ilusioz itxaron duen egonaldia-eta. Baina poliki-poliki hiru gazteak elkar ezagutzen hasiko dira, eta neska katalanak bere lehengusina frantsesean inoiz izan ez duen adiskiderik onena bezala, bere nebak bihotza lapurtuko dion pertsona aurkitu du harengan.

Euskal Herriko XV. Eskolarteko bertsolari txapelketa. 2003
Batzuen artean
Ikastolen Elkartea
90 orrialde

2003ko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa

Euskal Herriko eskolarteko txapelketetan parte hartzaile izandako Fredi Paiaren hitzekin ematen dio hasiera Ikastolen Elkarteak 2003ko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finala eskaintzen duen liburu honi. Hamabi urterekin Lesakan hasi eta hemezortzirekin Mungian amaitu zuen bere ibilaldia hitzaurrearen egileak. Eta hain zuzen ere adin tarte horietan zeuden 2003ko ekainaren 21ean Mungian kantatu zuten gaztetxoak. Ordukoan entzun ahal izan ziren bertso guztiak aurkituko ditu irakurleak hemen. Txikien mailan, Hodei Iruretagoiena txapeldun eta Maialen Valverde bigarren suertatu ziren, eta nagusien mailan Beñat Gaztelumendi txapeldun eta Xumai Murua bigarren.

Carros de Foc
Núria Garcia i Quera
Sua
95 orrialde
16 euro

Aigüestorteseko parke nazionaleko zeharkaldia

Carros de foc deritza Aigüestortes eta Estany de Sant Mauriciko parke nazionalean zehar, bertako aterpeetan lo eginez, egin daitezkeen hamaika ibilaldien berri eskaintzen duen gida honek bereziki proposatzen duen zeharkaldia. Núria García i Querak osatutako lan honek Pallars, Ribagorça Goia eta Val dÆAranen artean dagoen lurralde zoragarria primeran ezagutzeko parada eskaintzen du. Eta inor gal ez dadin, Miguel Angulok 1:50.000an eginiko mapa ere badarama berarekin, gainera.

Asteburu bat tren zaharrean
Jabier Muguruza, Manu Ortega
Erein
34 orrialde 8 euro

Jabier Muguruzaren istorio fantastikoa

Jabier Muguruzak idatzi eta Manu Ortegak marraztutako kontakizuna da Asteburu bat tren zaharrean, Erein argitaletxeak zortzi-hamar bat urteko irakurleei begira antolatu duen Mandolina sailan plazaratutako liburuxka. Istorioko kontalariak tren zahar-zahar batean bizi diren bi ikaskide ditu. Urrutitik etorri ziren hona, eta hemengook baino beltzaranagoak dira, baina bestela, gu bezalakoxeak. Haur horien gurasoek ez zeukaten diru nahikorik etxe bat erosteko, eta bizitzeko leku bat behar zuten, jakina. Orduan, galdezka ibili ziren herrian barna, eta azkenean norbaitek esan zien herri ondoko soro nagusian bazegoela tren zahar bat, aspalditik han abandonatua. Joan zen familia osoa hara, trena ikusi eta bi bagoi txukundu zituzten eta bertan jarri ziren bizitzen. Herrian denetarik entzun zen kanpotarren erabakia jakitean, batik bat erokeria hutsa zela. Baina kontalaria bezalako haurrei inbidia pixka bat ere ematen zien jende hark. Zer izango zen tren batean bizitzea? Horri buruz mila galdera egin eta gero, kontalariak suertea izan zuen, bere ikaskide beltzaranek asteburua tren zaharrean pasatzera gonbidatu zutelako, eta han barruan bizitzea izan zuelako.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan