Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2004-08-01 -- 1955.zenb

Mikel Asurmendi

Martin Aranburu Bilbon bizi da. Gasteizen nahiz Bilbon betetzen ditu bere lan ordu gehienak. Gu, aldiz, Donostiako EAren egoitzan bildu gara berarekin: «Nire lanean kilometro askotxo egiten dut, baina oso gustura ari naiz», esan digu. Gatazka konpontzeko ekimenetan sarritan ikusi dugu hedabideetan azkenaldian. EAko beste zenbait kideren modura, bere burua ezker abertzalekotzat ote duen galdetu diogu: «Nire moduko ezker abertzalekotzat, bai». Martxoaren 11ko ûMadrilgoû atentatuen ostean zuhurtziaz agertu zen prentsa eta hedabideen aurrean: «Ezker abertzaleko hainbat jenderekin harremana daukat eta horrek haien inpresioak eta nireak kontrastatzeko aukera ematen dit. Bere abantailak dauzka eta ûetxe barruanû bere desabantailak ere bai, nabarmenak gainera. Batzuek ez dute egoki ikusten eta horrek badu bere ordaina».

Non dago EA, eta zuk non egotea nahiko zenuke?
EAJtik jaio zen arren, bide propioa urratu nahi duen alderdia da EA. Espektro politikoaren ezkerralderako bidea egitea konplikatua da ordea, sinesgaitza batzutan. Ezker abertzalearen eremura hurbiltzera, ezkerreko espektro independentista politikoa betetzera pasatzea esan nahi dut. Gure zuzendaritzan ez da orain arte aldaketa nabarmenik izan, baina gutako hainbat kidek bide hori urratu nahi genuke. Orain bi urte baino hurbilago gaude eta hemendik bi urtera are hurbilago izango gara. Dena den, ni ez naiz bide horretan ezker abertzalearen izena neure egiteko lehian ari, ez naiz nomenklatura zale. Funtsean, herri honek bi proiektu abertzale nagusi behar ditu: eskuineko bat eta ezkerreko beste bat. Kultura ezberdinak bilduko lituzkeen azken honek ezkerrekoa eta independentista izan behar du eta EAk parte hartu behar luke.

EAn urak ez dira bare jaisten, antza. Bizkaiko zuzendaritzak Sabin Arana Bizkaiko enplegu diputatua kargutik kendu du. Zer iritzi duzu gertatutakoaz?
Lehenik, ez dut ulertzen alderdi politiko batek kargu politiko bat aldatzen duelako horrenbeste asaldatzerik. Aldaketa hauek logikotzat jo beharko lirateke, baina, dirudienez, hedabideek ez dute zertaz hitz egin edo idatzi. Bigarrenik, Sabin Arana Bizkaiko EAko zuzendaritzak izendatu zuen. Orain, berriz, zuzendaritza gazte eta berri horrek berak, Sabin Aranak ez zuela bere karguaren soslaia ondo betetzen erabaki du. Eta ez du betetzen, Sabinek EAren ezkerreko izaerari erantzuten ez diolako. Beste kide bat hobetsi dute karguan. Hori da guztia.

«Alderdiaren talde independentzia zaleak» desagerrarazi nahi dituztela esan du Sabin Aranak.
Bera sektore independentistako kidea omen da. Bizkaian sektore hori badago. Askoren harridurarako ordea, EAren azken kongresuan sektore horrek Gipuzkoako kritiko deitzen den sektorearekin bat egin zuen. Sektore hori independentista da eta Gipuzkoako sektorearekin batu zen zuzendaritzaren aurka. Zaila egiten zait bere burua independentistatzat daukan batek EAJrekiko ulermen sakon bat garatu nahi dutenekin bat egin duela ulertzea. Sabinek jakingo du zergatik hartu duen jarrera hori. Jarrera hori Bizkaiko hauteskundeetan bere sektoreak galdu zuenean hartu behar zuen, eta ez orain. EAko zuzendaritza nazionalak Gipuzkoako sektorearekin dituen diferentziak eta EAJrekiko aldeak azpimarratu nahi dituelarik, gure etxeko sektore independentista batekin amaitu nahi dugula esatea zeharo harrigarria da.


Begoña Erraztiren «demokratizazio gogorra» aipatu du Aranak, halaber.
Erraztik bere kudeaketan «gogortasuna» aplikatu duela? Bai, baina, EAn gogortasun hori behar dugu. Nik aniztasuna eta barne estrategia ezberdinak defendatzen ditut, baina ez ûalderdiaren zuzendaritza nazionalaren erabakiei uko eginezû norberak bere burutazioaren araberako estrategiak aplikatu nahi izatea.

Zer dago borroka luze honen ostean?
Zaila da azaltzen. Oso ulergaitza baita Anjeles Iztueta, Sabin Intxaurraga eta Gorka Knörr Gipuzkoako sektorearekin bat eginda ikustea. Nire ustez, kongresuan batek baino gehiagok hanka sartu zuen. Zehazki zein motiboengatik ez dakit, baina analisi politikoaren ikuspegitik Bizkaiko sektoreak hanka sartu zuen. Nik sektore horretako kide askorekin harreman ona daukat eta ideologikoki ehuneko ehunean bat egiten dut hainbat gaietan. Beraz, konplikatua egiten zait oraingo zuzendaritzaren aurkako borroka ulertzea.

Barne gorabeherak direnak direla ere, EAJtik aldenduta, ezkerreko proiektu bat gauzatzeko moduan al dago EA?
Alderdiaren gehiengoak proiektu propio bat gauzatu nahi du, EAJrenganako diferentziak ondo markatuta. Baina, horretan sinesten duen jende askok, "espainolak" datozelakoan, EAJ-EA koalizioaren beharra ere ikusten du. Ezin dute lehendakari espainolista bat onartu. Nik hori ulertu dezaket, baina horrekin puskatzeko bidea landu behar dugu. EAk ausardia gehiago behar du. Gure jendeari nahiz herritarrei EAJrekin batera ez ditugula gure helburuak errazago lortuko ulertarazi behar diegu. Herri honek EAJ oposizioan ikusi behar du. Herri eta abertzale bezala komeni zaigu.

Lehendakari espainolista baten beldurra izateaz gain, boterearen morrontzak ere eragingo du ziur aski EAren baitan.
Hori egia da, eta gogorra. Gobernu batean sartzea erraza da, baina gero konplikatua da berari uko egitea. Boterean eroso egoten da, eragiteko aukera daukazu eta hainbat egoera aldatzeko aukera ematen dizu. Baina kontuz gero, jendea ohitu egiten da gobernatzen. Guk ere boterearekiko dependentzia badugu, noski. Beraz, «espainolak» datozelako beldur horren eta botereak dakarren erosotasunaren aurka borrokatu behar dugu. Baina, hara, nik orain esandakoa duela bizpahiru urte esatea tabu zen gurean.

Bestalde, zer deritzozu Batasunak Jaurlaritzaren proposamenaren hitzaurreko hiru puntuei buruz egin duen eskaintza. Hau da, Euskal Herria, autodeterminazio eskubidea eta herri kontsultari buruzkoa.
Ezker abertzaleak bere diskurtso politikoari Nazio Eztabaidagunearen bidez eutsi ahal izan dio. Batasunak gatazka gainditzeko gakoa kontsulta izan daitekeela ikusten du, nonbait. Alderdi gisa, EA eta Batasuna aritu gara zeregin horretan, nagusiki. Batasunak EAJri kontsultaren proposamena eskaini badio, kontzeptuak balio diola dirudi. Nazio Eztabaidagunearen bidez EArekiko ate bat zabalik eduki nahi izan du eta Ibarretxe Planaren hitzaurrearen bidez beste bat EAJrekiko. Batasunaren eskaintza ateak zabalik mantentzeko ahalegin bat bezala ulertu behar da. Nik, batetik ondo ikusten dut, baina bestetik Batasunaren definizio falta ikusten dut. Batasunak ez du garbi ikusten zein bide landu behar duen gatazka konpontzeko. Ez daki zehazki EAJrengana edota PSErengana hurbildu behar ote duen. Batasunak Nazio Eztabaidagunean burutu duen lana ez dator bat orain arteko bere planteamenduarekin. Batasunak abertzaleen arteko akordioa lortu nahi zuen. Orain, aldiz, PSErekiko atea ez du itxitzat jotzen. Erabaki bat hartu behar du ordea. Abertzaleen arteko akordioa bilatu behar du edo akordio zabalago baten bila joan.

Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Batzordean alderdi eta eragileen arteko hitzarmena adostea gakoa dela diozue. Gero osatuko omen duzue alderdien arteko mahaia. Horrek baina, gutxienez, aldez aurretiko beste mahai bat eskatzen du, sukaldeko mahaia edo dena delakoa?
Hasieran aurre-mahai anitza osatu nahi izan dugu, aurrebaldintzak jarri gabe, baina ez da posible izan. Alegia, ezin dugu Lizarra-Garaziko Akordioan izan genituen akatsak errepikatu. Fase honetan kontua ez da zein alderdi garen, zer egin nahi dugun baizik. Beraz, lehenbizi, mahaiaren oinarria jarri dugu, ondoren, gainontzeko alderdiek mahaian landu beharreko puntuak adostu ditzaten. Alegia, prozedura aldatzea erabaki dugu. Mahaian eseri aurretik hainbat puntu adostu behar dugulakoan gaude.
Hasteko, alderdiei gatazkari buruzko bere kontzeptua azal dezatela eskatu nahi diegu. PPk izan ezik, denek aitortzen dute gatazka politikoa egon badagoela. Puntu horren inguruan abiatu gaizteke gatazkaren soluziobidean. Ondoren, kontsultara iristeko baldintzez hitz egin beharko dugu, eta baliteke adostasun bat lortzea. Hori posible ote den jakiteko, bakoitzaren iritzia behar dugu.

Adibidez, Elkarri-ren mahaiak zertarako balio du, orduan?
Elkarrik alderdi guztiak mahai baten inguruan bilduz gero, gurea bertan behera geratuko litzateke. Elkarriren proposamenarekin alderatuta, honek abantaila bat dauka, ordea.


Zein?
Gure proposamenaren abiapuntuan Batasuna eta EAren arteko kultura politikoaren akordioa dago. Bi aldeak mugitu gara, erdi akordio moduko bat dago. Elkarrik ez zuen hori lortu. Baina gu ez gara horregatik Elkarri ordezkatzeko ari. Elkarrirekin harreman ona dugu eta errespetuz ari gara biok. Gure lorpena ezker abertzaleak aurrera pausoak emateko borondatea agerrarazi izana da. Hainbat dogma erori da. Aurrera pauso horiek zerbait zehatzago ekarri beharko dute aurrerantzean, ordea.

Zein dira pauso horiek?
Lehena, gatazkaren konponbidea sustatzeko batzordea sortu eta eraikuntza nazionalari buruzko debatea bigarren fase baterako geratu izana. Batasunak fase hori geroko uztea onartu du, alegia. Pauso handia da hori onartu izana. Bigarrena, gatazka militarra gaindituta ere, gatazka politikoak jarraituko duela konturatu da Batasuna, gatazka politikoak ez duela ezinbestean militarra izan behar onartu du. Ezker abertzalearen baitan gatazka politikoari bide zibil eta demokratikotik aurre egin daikiokeela onartzen hasiak dira. Ez da ezer sinatu, baina filosofia hori indartu da. Eta hirugarrena, eta oso inportantea: gatazka definitzeko unean, Batasunak orain arte gatazka Frantzia eta Espainiarekin zela esan du; orain, gatazka euskaldunon artean ere badela onartzen du, euskaldun izateko modu asko dagoela eta barne konfrontazio bat badagoela. 1998ko ezker abertzalearen jarrerekiko aldaketa eta mugimendu nabarmenak eman dira. Aukera hauek ez aprobetxatzea akatsa litzateke. Nire ustez, gizarte eragileak eta gainontzeko alderdi politikoak pauso horietan guztietan erreparatzea funtsezkoa da.

Amets Arzallus

Herri batean berrogeita hamar urtetik gorakoek, ia denek, euskara baldin badakite, eta hogei urtetik beherakoek, ia inork, ez badaki, bada zerbait ez doana ongi. Transmisioa seguraz ere. Lapurdi eta Nafarroa Beherean bezala Zuberoan ere familiako euskararen transmisioa ez da beti egiten. Euskara ez da aita-ametarik haurrengana pasatzen, eta maleruski herentzian ere ezin da utzi. Beraz, 13.000 biztanleko probintzia txikian, aitatxi gehienak euskaldun zaharrak dira eta gazte gehienak frantses berriak.

Esperantza irakaskuntza omen da, ikastola. Eta egia da azken urteetan Seaska gero eta handiago, zabalago egiten ari dela Zuberoan ere. Baina etxean egin gabekorik nekez egingo da etxetik kanpo, eta lau zenbakik azkar erantzuten diote euskararen agonia ikastolen bidez luzatu nahi duten baikorrei. Zuberoan, lau irakaskuntza mota daude: murgiltze eredua ûikastolen sarea, euskarazkoaû, elebitasun eredua ûIkas-Bi deitua, euskara hein bateraino erakusten duenaû, hastapen eredua ûfrantsesa, euskara poxi bat sartzen duenaû, eta frantses eredua. Lehen mailako gazteetan, bi urtetik hamar urtera bitartekoetan, erdia hastapen ereduan hezia da, laurden bat baino gehiago frantses ereduan, %15 elebidunean, eta %8ak baizik ez du ikastolan ikasten. Bigarren mailan haurrak handiagoak dira, eta zenbakien arteko diferentziak ere bai. Ondorioz, 79 haur, horra ikastoletako esperantza zenbakitan.

Lau irakaskuntza ereduen artean, euskararen transmisioa ikastoletan baizik ez da segurtatua. Elebidunean zerbait, baina han ere mirakulu gutxi. Gainera, ikastolatik landa, bertsu eskola bat kendu, eta ez da beste haurrentzako aktibitaterik euskaraz ari denik. Ez errugbirik, ez pilotarik, ez dantzarik, ez deus. Beraz, egun 79 haur baldin badira ikastoletako esperantza, bihar arriskua dago esperantza hori emeki-emeki frantsesen artean, bakantzen, galtzen joateko, ardi beltza artaldean nola.

Zuberera baturantz

Datu kezkagarriak dira inolaz ere, baina ez dira gaur goizekoak. Badira hogei urte bederen eguraldi asmatzaileek ekaitza iragarria zutela, eta badira hogei urte baino gehiago Zuberoan euskara irakaskuntzan eta komunikabideetan sartua dela. Irakaskuntza esaten denean ikastolak dira aipagai, eta komunikabideak aipatzean aldiz, partikulazki Xiberoko Botza irratia. Horiek ziren orain hogei urte Zuberoa utzi eta Parisera abiatu ez ziren bakarretakoak.

Baina Parisera begira ez jartzeak manexei begira jartzea ekarri zuen. Manexak, Zuberoan, beste euskaldunak dira, zuberotarrak ez besteak, alegia. Ezaguna da Garruzeko merkatuan zuberotar batek beste zuberotar bati esan ziona. "Zer, merkatuan jende anitz?" "Ez, manex anitz, baina jende gutxi". Zuberotar gutxi, alegia. Baina gutxi horiek belarria erne, eta manexen hitzak ikasten hasi ziren. Irratigintzarako eta irakaskuntzarako, zuberera lexiko egokirik gabe baitzen, zuberotarrek euskara batuaren edo bederen ipar batuaren hitz asko mailegatu zituzten. Ordura arte, frantsesak eragin baldin bazuen zubereran, handik landa euskara batua bihurtu zen Zuberoako hitz iturri berria. Esan behar da, lehenagotik ere, Zuberoako idazleei esker, euskara batua Zuberoako idazkietan lekuño bat egiten hasia zela, baina batik bat 80ko hamarkadan hasi zen zuberera euskara baturantz lerratzen. Oraindik orain, lerratze eta hurbiltze fase horretan da.

Egun, beraz, Zuberoako ikastoletako ikasleek zuberera bezain bat dakite euskara batua. Ikas materialak ere, frantsesez ez diren poxiak, Ipar Euskal Herri osorako eginak dira Ikas pedagogia zentroan, eta beraz, ipar batuaz dira. Horrek denak egiten du, menturaz bihar euskaraz ariko diren 79 zuberotarrek euskara batua ere ongi jakitea. Tira, ongi, gazteen hizkuntza gaitasuna ere ez da zoratzekoa, baina ez du merezi hiztun berrien gaitasuna aztertzen hasteak, bestela ere aski datu ezkorretara iristen baita kalkulua.

Eta ezkorretan ezkorren, kalkuluaren emaitza. Pentsa daiteke hemendik hogei-hogeita bost urtera euskara oso-oso gutxi entzungo dela Zuberoan. Eta entzungo den gutxi hori, zubereratik baino hurbilago izango da ipar batutik. Beraz, bide honetan segituz zuberera galdua izanen da. Baina lasai, orduan ere jende anitz bilduko da pastorala ikustera, eta haurrek jakinen dute euskaraz kantatzen. Gora kantatuko dute aita-amekin batera: "Agian, agian, egün batez, jaikiko dira egiazko zuberotarrak...". Bai, agian.



Guardia Zibilaren material bueltatze iraingarriak

2003ko otsaileko Egunkariaren aurkako polizi operazioan Guardia Zibilak eramandako material mordoaren zati bat itzultzen ari da apurka. ARGIAri duela hilabete batzuk iritsi zitzaizkion zenbait ordenagailu eta uztailaren bukaeran beste bi kutxa handi iritsi ziren Lasarteko egoitzara, Madrildik bidalitako kamioian. Kutxen barruan, kartoizko artxibategiak zeuden eta argazki digitalak gordetzeko egurrezko CD artxibategiak, hori bai, dena hutsik, CD û10.000tik gora argazki zirenû eta dokumentaziorik gabe. Pello Zubiria, ARGIAko zuzendari ohia, Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeko kide izan zen garaiko karpetak ere bazeuden, baina denak hutsik. Enpresetako materialez gain, atxilotuen material erabat pertsonala ere ûliburuak, artxibo lanak...û bere eskuetan atxikitzen ari da Guardia Zibila.


Ibarretxe planaren indar zentripetoan konfiantza dute haren bultzatzaileek

Zalantza handiak dira Ibarretxe Planak ekarriko duen egoeraz, arrazoi desberdinengatik bada ere, alderdi gehientsuenetan. Hirukoak eta ezker abertzaleak hitzaurreari buruz dituzten negoziazioak nola bukatzen diren ikusi behar, baina, gainerakoan, alderdi bloke nagusiek beren lubakietan jarraitzen dute. Planaren indarrean sinesten dutenek argi dute honek sortuko duen dinamika politikoak alderdi eta eragile guztiak mugiaraziko dituela, eta hirukoaren baitan izan daitezkeen erresistentzia guneak ere planerantz zentripetatuko dituela.


Batasunaren ilegalizazioa Estrasburgon

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak erabaki beharko du orain Batasunak bere ilegalizazioaz jarritako helegiteari buruz. Bi hilabete iragan orduko jakingo da helegitea onartzen den ala ez, hori izango da tramitazio juridiko luzearen lehen urrats zaila. Onartzekotan, ondoren urteak pasatu beharko dira Europako auzitegiak berea ebatzi arte. Batasunako defentsaren ardatz juridikoa batez ere Giza Eskubideen Europako Ituneko zenbait artikuluren urraketan oinarritzen da: adierazpen askatasunarena, biltzeko eta elkartzeko askatasunarena eta helegite eraginkorrerako eskubidean. Batasunaren abokatuek jadanik adierazi dute beren ustez Europako auzitegiak arrazoi emango diela, eta horretarako Turkiak zenbait alderdi kurdurekin bultzatutako ilegalizazioen aurrean, auzitegiak erabilitako jurisprudentzian oinarritzen dira. Oraingoz, dena den, Batasunaren eta beste indar politikoen lasterketa irailean hasiko da, datorren urteko udaberriko EAEko hauteskunde autonomikoetan egon ahal izan dadin.


Kultur Errota urteko azken txanpan

Topaguneko 44 elkarte ari dira antolatzen aurtengo Kultur Errotako ekitaldiak. 90 ikuskizun dituzte eskaintzeko eta aurten 155 kultur emanaldi egitera iritsiko dira. Horietatik 65 Gipuzkoan, 60 Bizkaian, 16 Araban eta 14 Nafarroan egingo dituzte. 10.000 ikus-entzulek gozatu ahal izango dute eskaintza honetaz eta hori guztia egin ahal izateko 163.000 euroko aurrekontua dute. Azken sei urteotan 700 kultur emanaldi eskaini dituzte.
Kultur Errota 1998an sortu zuen Topaguneak, Euskara Elkarteen Federazioak, kulturaren bidez euskara sustatzeko asmoz.


Oarso Telebista egoitzarik gabe

Pasaia, Errenteria, Lezo eta Oiartzunen ikusten zuten Oarso Telebistak zortzi urtez egoitza izan duen lokala utzi behar izan du Udalak hala eskatuta. Oiartzungo Udalak haurtzaindegia jarriko duela jakinarazi zien Oarso Telebistako (OTB) kideei eta bertako gela bat gorde dute telebistarentzat. OTBk iazko abenduaren 31z geroztik programazioa etenda zuen nahiz eta seinalea mantendu. Oarsoaldeko Hitza sortu ondoren Oiartzualdeko Hedabideak taldeak hartu zuen bere gain OTB eta telebista berriz abian jartzeko proiektua urrirako prest izatea nahi zuten. OTBren kanala baliatu nahi dute euskarazko telebista berrirako, baina orain emititzeko egoitza aurkitu beharko dute. Oarso Telebistakoek diotenez horrek proiektua atzeratuko du.


Hizkuntza Plagintza ikastaroa

Internet bidezko graduondokoan matrikulatzeko epea irekita dago urriaren 15 arte. Eusko Ikaskuntzako Asmoz Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologia Sailak antolatu dute 2004-2005eko laugarren edizioa. Soziolinguistikaren funts teorikoak landuko dituzte datorren ikasturtean eta hautazko gaiak ere izango dira, hala nola, gazteen euskararen erabilera aztertuko dute.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan